Errepresioa garaitzeko eta eskubide demokratikoak defendatzeko: Greba Orokorra!

Kataluniako herriak erabakitzeko eskubidea dauka!

Kataluniako herriak duen erabakitzeko eskubidea eragozteko, PPren gobernuak errepresio masiboa erabiltzea erabaki du, eskubide demokratikoak gogor zapaldu dituen errukirik gabeko ofentsiba polizial eta judizialaren baitan. Diktadura frankista gogora ekartzen duen operazio batean, Guardia Zibilak urriaren 1eko erreferenduma antolatzen parte hartu duten Generalitateko 14 kargu atxilotu ditu. Ekintza autoritario horren berri izan eta berehala, milaka gazte eta langilek hartu genituen Bartzelonako eta beste hainbat hiritako kaleak, errepresioari erantzuna emateko eta Kataluniako herriaren askatasuna eta erabakitzeko eskubidea defendatzeko.

Eskubideen eta askatasunaren aurkako aurrekaririk gabeko erasoa

Inprentetan eta egoitzetan indarrez sartu eta propaganda ebastea, zentsura informatibo masiboa inposatzea, kartelak jartzeagatik gazteak atxilotzea, ehunka alkate kartzela zigorraz mehatxatzea, Govern-aren egoitzak erregistratzea eta CUPen egoitzara indarrez sartzeko saiakera, erabakitze eskubidearen aldeko ekimenak debekatzea Madrilen, Gasteizen, Gijonen, Generalitataren finantzetan eskua sartzea Gobernu zentralak, milaka polizia bidaltzea Kataluniara herritarrak izutzeko eta de facto salbuespen egoera indarrean jartzea... hori da PPk, estatu aparatuak, Ciudadanos alderdiak eta PSOEko zuzendaritzak duen errezeta; Kataluniako herriak Estatu espainiarrarekin izan nahi duen harremanaz eta independentziarako eskubideaz erabakitzeko duen bozkatzeko eskubidea urratu nahi dute.

Katalunian ikusi duguna Estatutaren eta Governaren indargabetzea izan da; horrela beren funtzio politiko nagusiak ezerezean geratu dira. Pozik daude PP eta bere aliatuak, burgesia espainiarraren komunikabideen laguntzarekin: azkenean legea eta zuzenbide estatua bete dira, eta “demokrazia” nagusitu da. Demokrazia zer den erakutsi nahi digu ustelkeria kasuz betea dagoen alderdiak, hezkuntzan eta osasunean murrizketa basatiak egin dituen alderdiak, bankariei 100.000 milioi euro oparitu dizkien alderdiak, etxetik kaleratzen gaituen alderdiak, prekarietatera eta soldata baxuetara kondenatu gaituen alderdiak, Maroko eta Saudi Arabiako erregimenak babesten dituen alderdiak, inperialismoaren esku hartze militarrak babesten dituen alderdiak.

Langile klasearen eta gazteriaren mobilizazio masibo batekin erantzun behar da: Kataluniako herriarekiko elkartasuna Estatu osoan

Ezker Iraultzaileak eta Ikasle Sindikatuak erabateko babesa ematen diegu Kataluniako eta estatu osoko mobilizazioei, baina Gobernu zentralaren eraso autoritarioa menderatu nahi badugu, beharrezkoa da borrokatzen duen ezkerrak, gizarte mugimenduek eta klaseko sindikatuek (CUP, ERC, Catalunya en Comú, Intesindical, CCOO, UGT, CGT...) erantzun ahalik eta indartsuena antolatzen hastea, eta hori Kataluniako bizi ekonomiko eta soziala 24 orduz geldituko duen greba orokorra antolatuta lor daiteke. Dagoeneko Ikasle Sindikatuak irailaren 28rako Ikasle Greba orokorra deitu du Katalunian eta Euskal Herrian, borroka eguna Estatu mailan, eta langileei dei egin die Kataluniako bizi ekonomiko eta soziala geldiarazteko.

Greba hori Euskal Herrira zabaldu behar dugu eta Ezker Abertzaleak, Ahal Duguk eta euskal gehiengo sindikalak (LAB,ELA) eta Euskal Herriko sindikatu guztiek deitu behar dute, herri katalanarekin elkartasunean eta gure erabakitzeko eskubidea defenatzeko. Borroka horrek lotuta egon behar du, estatu osoko gazte eta langileen mobilizazio deialdiekin. Gainera, inflexio puntu bat izan behar du borrokatzen duen ezkerrak prozesuaren gidaritza hartzeko eta autodeterminazio eskubidearen defentsa murrizketa sozialen aurkako programarekin uztartzeko. Ezaugarri horiek lituzkeen mobilizazioa litzateke PP eta bere politika frankistak garaitzeko eta Eusko Jaurlaritzatik EAJ eta Governetik eta PDeCAT eskuin katalanista kanporatzeko bide eraginkorrena.

Errepublika sozialista katalanaren alde

Urriaren 1eko Kataluniako erreferendumak agerian utzi du EAJk eta euskal burgesiak auzi nazionalarekiko duten diskurtso hipokrita. Aurrekontuen itunarekin, EAJ Rajoyren gobernuaren aliatu nagusi bilakatu da, eta langile klasearen eta eskubide demokratikoen aurkako erasoentzako eta Kataluniako erreferenduma abian jartzea eragozteko kanpaina errepresiborako egonkortasuna eskaini dio. Erabat propagandistikoak diren keinu batzuk egiteaz gain, EAJk ez du PPrekin duen harremana eten. Errepresio moderatuagoa eskatzen dio bozkak galdu gabe babesten jarrai dezan. EAJren adierazpenak Governaren ekimenak eredugarriak ez direla esateko eta erreferendumak bermerik ez duela esateko izan dira. Argi dago zein aldetan dagoen.

EAJk eta PPk bezala, Convergenciak eta PDeCATek politika kapitalista berberak aplikatu dituzte: murrizketak, langile eta gazteen aurkako erasoak eta Mozal Legearekin borrokak erreprimitzea. Hori dela eta, langile klasearen eta gazteen zati handi bat herabe agertu da Kataluniaren eskubide demokratikoen aldeko borrokan. Baina erreakzioaren ekimenek eta komunikabideetan jaurtikitako gertakarien manipulazio higuingarriak zabaldu nahi duenaren aurka, errealitatea bestelakoa da: A9ko galdeketan bozkatu ez zuten edo Diadan parte hartu ez zuten milioika gazte eta langilek ez dute erabakitze eskubidearen aurkako jarrerarik. Horietako gehienak PPk ordezkatzen duen guztiaren aurka mobilizatu dira: murrizketak, etxe kaleratzeak, ustelkeria... Erreferendumagatik orain arte gauza bera egin ez badute, “Procésaren” gidaritza Puigdemonten eta Masen esku dagoelako izan da, Palau kasukoen eta % 3aren ustelkeria tramaren berdinak.

Oraintxe bertan baldintza bikainak daude mobilizatzen eta kalean erreferenduma babesten ari diren milioika pertsonak batzeko. Errepresioaren aurka borrokatu nahi dute baina ez dira fio PDeCATez. Estatuko, Euskal Herriko eta Kataluniako ezkerreko agintariek eta klaseko sindikatuek greba orokorrerako deia egin eta langile klasea eta sektore xumeak erabakitzeko eskubidearen alde eta PPren eta estatuaren errepresioaren aurka mobilizatuko balituzte, Katalunian bertan eta hortik kanpo, PDeCATenagandik bereiziz —CUPek berehala egin beharko luke hori, eskuin katalanistarekin duen ituna hautsiz— eta borroka hori murrizketen aurkako, lanpostu duinen aldeko, osasun eta hezkuntza publikoaren aldeko borrokarekin elkartuko balute, errepresioa garaitzeaz gain, ezkerreko gobernuei eta Kataluniako errepublika sozialistari ateak irekitzeko aukera zabalduko litzake. Burgesiaren eskutik, berdin dio katalana edo euskalduna izan, ez da posible Kataluniaren askatasun nazional eta soziala lortzea.

Ezker Iraultzailetik eta Ikasle Sindikatutik Euskal Herriko gazte eta langileei dei egiten diegu, Kataluniako herriarekiko elkartasunez, PPren eta Estatuaren kolpe autoritario honen aurka eta erabakitze eskubidearen eta U1ean bozkatzearen alde gogor borroka egin dezagun, Kataluniako errepublika sozialistaren alde: murrizketarik eta etxe kaleratzerik gabekoa, lanpostu duinak bermatuko dituena eta aberastasuna gehiengoaren zerbitzura jartzeko banka eta enpresa handiak nazionalizatuko dituena.

Kataluniako errepublika sozialista horrek Euskal Herriko, estatu osoko eta Europa osoko langileen babesa lortuko luke (etsai berbera baitugu, burgesia, eta eraso berberak jasaten baitituzte), eta aukera irekiko luke munduko herri zapalduen askapenerako eta gizartearen eraldaketa sozialerako.

Errepresioaren aurka eta sozialismoaren alde!

Antola zaitez Ezker Iraultzailean!

Antola zaitez Ikasle Sindikatuan!