Felipe VI.a erregeak Paiportara egin duen bisitak, Pedro Sanchez eta Mazon alboan zituela, milaka herritarren haserrea piztu du, eta “hiltzaileak” oihukatuz egin diete harrera kaltetuek. Bisita hori probokazio hutsa izan da, ibilgailu ofizial pila bat eta ehunka polizia bertaratuz, Mazonen Generalitateak milaka boluntarioei kaltetutako guneetara joatea debekatzeko agindua eman ostean, bolondres hauek erreskate eta garbiketa lanetan ematen ari ziren laguntza oztopatuz.

Hondamendia gertatu zenetik ia astebete igaro ostean, desagertutakoen kopuruak zentsuratzen diren bitartean 200 hildako ofizial baino gehiagorekin; urik, janaririk, argindarrik edo osasun zerbitzurik gabe; eta poliziak, UMEk edo instituzioek aste osoan kaltetutako eremuak zapaldu ere egin ez dituztelarik, egoera apokaliptiko horren erantzule direnen bisita aurkezten da orain: 78ko erregimen kapitalistaren ordezkari gorenak. Eta haserrea indar geldiezinez piztu da.

Bai PSOEren bai PPren hurbileko komunikabide askotan, sumindura guzti hori egun horretarako lekualdatutako nazien eta eskuin muturreko taldeen agitazioaren ondorio gisa aurkeztu nahi izan dute. Bada asmo oneko jendea, kontakizun hori errepikatzen ari dena, baina kontua da ikuspegi horrekin ezkutatu egin nahi dela amorruaren sakontasuna, eta herritarrak benetan haserre daudela instituzio hauekin, Gobernuetatik hasi eta monarkiaraino, erabat abandonaturik utzi baitituzte.

Paiportak, Chivak eta kaltetutako herri guztiek behetik baino ez dute izan elkartasuna, beren burua antolatu duten milaka gazte, langile eta bizilagunen ekintza zuzenaren bidez. Bolondres hauek ez dute zalantzarik izan lanari ekiteko eta kaltetutako guneetara joateko lokatzez betetzeko. Elkartasun hori geldiarazten saiatu dira Mazon, Pedro Sanchez eta instituzioak, euren utzikeria agerian gera ez zedin.

Milioika lagunek herriaren haserrea zuzenean ikusi ondoren, eta Chivara bisita bertan behera utzi ondoren, komunikabideek narratiba manipulatzaile bat kontatzen dute. Erregea goraipatuz, Felipe VI.a, herrialde honetako enpresari handiekin erabat loturik dagoena: Joan Roig, Patricia Botin edo Florentino Perez bezalakoekin, tragediaren egunean langileei alde egiten utzi ez zietenekin, hauek heriotzera kondenatuz, eta urbanismo basati batez baliatuz uholde arriskudun eremuetan eraikiz aberastu zirenekin.

Gaur egun badakigu Jucarreko Konfederazio Hidrografikoak plan zehatzak aurkeztu zituela bizi izan duguna bezalako uholdeak saihesteko, baina plan horiek kajoian gorde zirela. Edo badakigu Murtziako PPk mapetatik uholde arriskua duten eremuen erreferentzia kentzeko exijitu zuela, “bestela ezin izango zelako inon eraiki”.

Tragedia guztiz ekidin zitekeen, baina Mazonen, PPren eta Voxen Generalitateak, Pedro Sanchezen Gobernuak, eta erakunde guztiek, Koroa barne, arduragabekeria kriminal eta ankerra erakutsi dute. Eta hori guztia euren lehentasun bakarra kapitalisten negozioak direlako gertatzen da, aberasten jarraitzeko planeta suntsitzen ari diren negozio berak.

Valentziako hondamendia 78ko erregimenaren eta haren erakunde guztien usteltzearen frogarik nabarmenena da. Kapitalismo anker baten sostengua den erregimena, heriotza eta suntsiketa guzti honen azken kausa.

Gaur Felipe VI.a erregearen, Pedro Sanchezen eta Mazonen aurka piztu den haserrea da behar dugun matxinada oihua. Haiek dira hondamendi honen erantzuleak, eta ordaindu egin behar dute horregatik. Baina hori kaleetan mobilizatuz bakarrik izango da posible, geure indarretan konfiantza izanez, eta ez instituzionaltasun erabat ustelduan.

Antolatu egin behar dugu, biktimei elkartasuna eta laguntza ematen jarraitu, eta Mazon eta bere Govern-a desagerrarazi, haren ezgaitasuna baita milaka familia langileren aurkako krimen kolektiboaren arrazoia. Berehala eman behar dute dimisioa, eta epaituak izan behar dute.

Eta argi esan behar da, halaber, Pedro Sanchezen Gobernua ez dagoela langile klasearen alde, honek ez diela gure behar eta interesei erantzuten. Gobernu hau askoz kezkatuago dago plutokraten agenda ekonomiko eta politikoa jarraitzeaz, eta bere politikek eskuina eta eskuin muturra hauspotzen dute. Aldaketa klimatikoa ukatzen duen eskuin mutur bat, tragedia honekin jada demagogia egiten ari dena bere nagusien, kapitalisten, krimenak estaltzeko.

Azaroaren 9an, larunbata, manifestazioa deitu dute Valentzian. Mazon eta bere Gobernuaren aurka, baina baita Pedro Sanchezen Gobernuaren aurka ere, eta tragedia honen erantzule diren 78ko erregimeneko instituzio horien guztien aurka. Jendetsua izan behar du honek. Datorren larunbatean, denok kalera! Herriak bakarrik salbatzen du herria!

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.