Dagoeneko 200 hildako baino gehiago eta dozenaka desagertu baieztatu dituzte Valentzian, eta badira biktimak Albaceten eta Cuencan ere. Datozen orduetan zifra horiek are gehiago handituko direla aurreikusten da. Gainera, milaka pertsonek kalbario izugarria pasatu zuten ordu luzez, lantokietan edo ibilgailuetan harrapatuta, etxeetatik ihes eginaz euren buruak salbatzeko. Hondamendia neurri handian ekidin zitekeen, baina PPren Generalitateko Gobernuaren murrizketa basatiek eta enpresen diru-goseak esponentzialki handitu dute triskantza.
Urriak 29an, eguerdiko ordu batean, Carlos Mazon Generalitateko presidenteak lasaitasun mezua bidaltzeko zinismoa izan zuen. Denboralearen okerrena igaro zela jada eta arratsaldeko seietan bere intentsitatea jaitsiko zela adierazi zuen. Milaka langile, industrialdeetan, merkataritza-guneetan, autoetan, etxebizitzetan harrapatuta, larriminez amesgaizto ikaragarria bizitzen hasi ziren unea zen.
Carlos Mazon bezalako lotsagabe erreakzionario batek horrela jokatu ahal izateak eta berehala dimititu ez izanak eskuinaren lotsagabekeria berresten du. Langile klasearen aurkako krimenetan inpuneak direla uste dute. Eta, gainera, pentsatzen dute denok ergel hutsak garela eta ez dugula ulertzen zergatik deskontrolatu den egoera, panorama gerra suntsitzaile baten parekoa denean.
Larrialdi zerbitzuen kolapsoa eta aurreikuspen eta planifikazio falta PPren Gobernu madarikatu honen eta Parlamentean dituen Voxeko aliatuen ardura dira. Milaka milioi euro oparitzen dizkiete euren lagun enpresariei, etxebizitzen espekulatzaileei, … eta murrizketa basatiak inposatzen dituzte egoera hau aurreikusi eta konpondu beharko zuketen zerbitzu publikoen aurka.
Egun batzuk lehenago denboraleak eragin zitzakeen ondorio latzak ezagutu arren, ez Generalitateak ezta PSOE eta Sumarren Gobernu Zentralak ere, esan beharra dago, ez zuten prebentzio neurri izpirik hartu. Are gehiago, Pedro Sanchezen gobernuak “larrialdi nazionala” deklaratzea baloratu zuen, baina aukera baztertu zuen “eskumen autonomikoak errespetatzeko”. Ez adarrik jo! Miserable galantak! Arriskua berehalakoa zenean etxetik ez irteteko ohartarazi ere ez. Betikoak, langileak, ordaintzen ari garen jarrera arduragabe eta kriminala da hau.
Guk jartzen ditugu hildakoak
“Gaua luzea izango da”, adierazi zuen Mazonek komunikabideen aurrean. Infernua izan da Generalitateak eta erakunde publikoek modu izugarrian abandonatu dituzten guztientzat. Irudiak beldurgarriak dira: uholdeek eramandako gorpuen ondoan beren etxeetan harrapatuta dauden pertsonak, haurrak eta mendekotasuna duten pertsonak dituzten familiak uholde hauei aurre egin nahian, urez gainezka dauden egoitzetan izututa dauden adinekoak.
Denboralearen lehen orduetan, larritasuna agerikoa zenean, arduradun politikoek ezertxo ere egin gabe jarraitu zuten. Ez protokolo serio bat, ezta baliabideen mobilizazio irmo bat ere. Ezer ez. Gaueko zortzietan telefono bidezko alerta bat besterik ez, jada zer egin handirik ez zegoenean. Are eskandalagarriagoa, alerta hori Jucarreko Konfederazio Hidrografikoak jada amildegiak gainezka zeudela eta Albaida ibaiak “ur-goraldi nabarmena” zuela iragarri zuenetik zortzi ordu baino gehiagora zabaldu zen.
Bizitzak normaltasunez jarraitu zuen, milaka pertsonak euren lanpostuetan jarraitzen zuten bitartean, etxera itzultzeko aukerarik izango ez zutela jakin gabe, edo hori egiteko euren osotasun fisikoa edo bizitza ere arriskuan jarri beharko zutela jakin gabe.
Egia esan, tragedia honen ondorioak minimizatu zitezkeen neurri egokiekin. Hasteko, ekoizpen-jarduera eta eskolak geldiaraziz, eta egoerari aurre egiteko beharrezko larrialdi talde eta baliabide guztiak martxan jarriz.
Baina ez da borondate politiko falta bakarrik. Egoera lazki larritu duen faktore bat Valentziako larrialdi zerbitzuen prekaritatea da. Urtez urteko murrizketen ondorioz, zerbitzu publikoak suntsituta geratu dira. Volkswageneko enpresariei diru-laguntzetan 90 milioi baino gehiago oparitzen zizkien bitartean, Mazonek “txiringito” deitu zion Valentziako Larrialdi Unitateari, hura desegin izana ospatuz. Amorrua sutan jartzen duten adierazpenak dira.
Errudun dira Mazon eta PP. Baina ez haiek bakarrik. Erantzukizuna Gobernu zentralarena ere bada.
Berehalako arriskua ikusita, zergatik ez zuen segituan ekin? Ezkerrekoa dela dioen Gobernu baten betebeharra langileen alde jartzea da, ez enpresarien eta eskuin ustelenaren alde. Sindikatuena ere bai, produkzio-jarduera baldintzarik gabe eta berehala gelditzea exijituz eta geldiaraziz, jarduera horri eusteak zekarren arrisku larriagatik. Baina ez zen horrelakorik gertatu. Berriro ere langile klasea erabat umezurtz geratu da.
Herriak bakarrik salba dezake herria
Klase elkartasuna eta langileen ekintza zuzena aurrera egiten ari dira kaosa, basakeria, Generalitatea kontrolatzen duen eskuinaren gelditasuna, Gobernu zentrala zuzentzen duen ezker otzan horren eta burokrazia sindikalaren konplizitatea, nagusi diren une hauetan.
Suhiltzaileak harrapatuta dauden pertsonak salbatzeko beren bizia jokoan jarriz, bizilagunak beren ekimenez trafikoa geldituz eta bide seguruetara bideratuz, larrialdi-telefonoen kolapsoaren aurrean sare sozialen bidez bizitzak salbatzeko laguntza-deiei erantzuten ari diren jendetzak... halako irudiek geure indarrak baino ezin ditugula aintzat hartu erakusten dute.
Hori da une hauetako hipokresia instituzionala biluzten duen inspirazio miresgarria.
Sentitzen dugun mina eta atsekabea eskuetan hartuz altxatu egin behar gara, erantzukizunak exijituz, benetako neurriak har daitezen. Aski da, inpunitate honek amaitu behar du. Baita erkidegoko eta estatuko gobernu arduradunek euren axolagabekeria elkarren artean estaltzen aritzeak ere. Inor kontsolatzen ez duten erregearen aieneak irain lotsagarria dira hainbeste galdu dutenentzat.
Enpresarioen zikoizkeriak ere amaitu behar du. Denok arriskuan jarriz eta gure jendearen bizitzarekiko erabateko mespretxua erakutsiz, milaka langile lanean jarraitzera behartu zituzten Mercadonaren, Ikearen eta beste hainbat eta hainbat enpresaren jabeen zikoizkeria babesteari utzi behar zaio. Enpresaburuak hildako hauen erantzule zuzenak dira.
Utikan gezurrak eta hitz merkeak. Gobernu zentralari bere oinarri sozialarekin lotura minimo bat geratzen bazaio, beharrezko diren milioi guztiak bideratu behar ditu oraindik harrapatuta daudenak erreskatatzeko, kaltetutako azpiegiturak eta eragindako hondamendi guztia konpontzeko. Eta diru hori Valentziako kapitalista horien eta gure esplotazioaren zein bizitzen kontura aberasten diren gainerako kapitalisten poltsikoetatik atera behar da. Onar dezatela orain larrialdi eta erreskate sozialerako pakete bat, eta finantza dadila Roig zein Valentziako eta gainerako herrialdeko oligarkia osoari jarririko zerga zuzen batekin.
Kaleetan exijitu beharreko aldarrikapena da hau, borrokaren eta mobilizazioaren bidez. Langileon eta gazteon erantzun handi bat bultzatu behar dugu, herri osoarena, pribatizatutako zerbitzuak titulartasun publikora itzul daitezen, baliabide masiboak larrialdi zerbitzuetara eta suntsitutako etxe, azpiegitura eta espazioak zaharberritzera bideratzeko, lanpostu guztiak mantentzen direla bermatuz. Eta kapitalismoak garamatzan hondamendi klimatikoa salatu behar da, jakina.
Altxa beharreko mobilizazioan Mazonen eta Govern osoaren berehalako dimisioa ere lehen planoan jarri behar da, haien arduragabekeriengatik eta egoera honetara eraman gaituen politika kriminalagatik.
Biktimen senide eta lagun guztienganako, kaltetu guztiekiko, elkartasuna ezinbestekoa da. Eta horrek ezinbesteko egiten du erreparazioa eta justizia.