Guztiz latza da Valentziako herriak bizi duen egoera. Dagoeneko 200 hildako baino gehiago daude, baina biktimen kopuruak nabarmen egin dezake gora, iturri ofizialek 1.900 desagertu daudela onartu baitute. Eta suntsipen ikaragarri baten eta hildako kopuru jasanezin batzuen erdian, instituzioen utzikeriak mina eta haserrea gehitu besterik ez du egiten.

Erabat kolapsaturik daude auzo eta herri osoak, urik, elikagairik, argindarrik edo osasun zerbitzurik gabe. Herritarrak etsi-etsian ari dira laguntza eske, iritsi gabe jarraitzen duen laguntza. Kasu askotan duela lau egunetik euren senideen gorpuen ondoan egotera behartuta daude.

Benetako kriminal gisa jardun dute PPren eta Mazonen Generalitateareak, eta Pedro Sanchezen Gobernua beharrezko konplize izan da axolagabekeria higuingarri honetan. Horren aurrean, dozenaka mila langile eta gazte laguntza eta elkartasun irakaspen ahaztezina ematen ari dira. Herriak bakarrik salbatzen du herria, a ze egia.

Generalitatearen eta Gobernuaren ardura

Aurreko adierazpenean esan genuen bezala, sarraski hau ekidin zitekeen, baina Mazon buru duen eta Voxek sostengatzen duen PPren Generalitateak, murrizketa sozialen fanatiko eta klima aldaketaren ukatzaile diren atzerakoi horiek, ez zuten ezer egin triskantza saihesteko. Orain badakigu DANA ikaragarri hau bost egun lehenago iragarri zutela bai Europako iragarpen meteorologikorako zentroak bai AEMETek, baina eskuindar harroputz horiek abisuak mespretxatu zituzten eta ez zuten zirtik egin suntsipen hau eragozteko.

Mazón izeneko kriminal honek, axolagabekeria izugarriz eta kapitalisten irabaziak bermatzeko esanari jarraituz, arratsaldeko lehen orduan lasaitasun mezu bat zabaltzea erabaki zuen, DANA 18etatik aurrera baretzen hasiko zela adieraziz. Ordu horretan bazekiten, zehatz-mehatz, zetorren uholdearen tamaina, kaltetuenetarikoa den Chiva herriko Rambla del Poioko ur-neurgailuei esker: 17:10etan segunduko 100m3tik 18:30etan segunduko 2.000m3-ra igo zen emaria, Ebroren emaria halako bost.

Nahiz eta ohartarazpen ugari izan, PPren Generalitateak bidali zuen alerta mezua 20:00ak pasata izan zen. Krimen sozial latza da hau langile klasearen, gazteen, prekaritatean lan egin eta etxe ahulenetan bizi diren herritar xumeenen aurka! Horrek ez dio galarazi Feijoori, aho beteka gezurra esatea eta erabat lotsagabe garaiz abisatu zela adieraztea. Izan ere, Valentziako Unibertsitatean klaseak bertan behera utzi izanak edo Aldundian langileei bazkalordua baino lehen etxera itzultzeko baimena eman izanak, ez zuten ezer aldatu herritarren gehiengo handiarentzat.

Bai, Mazonek eta PPko Generalitateak kriminal gisa jokatu dute, baina Gobernu zentrala ere erabateko utzikeriaz eta konplizitate lotsagarriz jokatzen ari da. Larritasuna agerikoa zenean, Moncloatik 3. alerta maila deklaratzea baloratu zuten, “larrialdi nazionala”, guztietan altuena. Baina aukera hori baztertu zuten, ez zutelako Valentziako Generalitatearen gainetik pasatu eta egoeraren kontrola hartu nahi izan. Akaso halako tragedia baten aurrean garrantzitsuena PP ez molestatzea al zen? Hau lotsa! Telebistan Mazon eta Pedro Sanchez, batak bestearen ardura oso larriak ezkutatzeko, elkarri besarkada eta esker onak ematen ikusten ditugunean bezain lotsagarria da.

Instituzioen utzikeria eta herri antolakuntza. Herriak bakarrik salbatzen du herria!

Bi egun geroago, egoerak danteskoa izaten jarraitzen du, eta gero eta haserre gehiago eragiten dute herritarrengan bai Generalitatearen bai Gobernu zentralaren utzikeriak eta mespretxuak. Zaila da hain eskandalagarria den gaitasun faltaren adibide argiagorik aurkitzea. Sare sozialak Nafarroako, EAEko eta Kataluniako suhiltzaileen salaketez beteta daude, hauek behin eta berriz eginiko laguntza eskaintzei Mazonek uko egin ziela kontatuz.

Baina instituzioen utzikeria honen aurrean, dozenaka mila bizilagunen herri-antolaketak, langile eta gazteen elkartasunak, kolpatuenenak, azpitik, ekintza zuzenaren bidez, auzo eta herrietara garbitzeko tresnak, janaria, ura, eramanez, behar diren lanetan lagunduz... gure klasearen eskuzabaltasun mugagabea erakusten dute.

Badira antzeko aurrekariak. Milaka boluntario joan ziren Galiziara Prestige-ren isuriak eragindako hondamendia herritarrekin batera garbitzera, eta PPko politiko kriminal berberek, arazoari garrantzia kenduz, boluntario hauek Galiziako lurretatik uxatu nahi izan zituzten. Gauza bera gertatzen da orain. Mazonek ez laguntzera joateko esan dio jendeari, “sarbideak kolapsatu egiten direlako”. Miserable hutsa! Ez du nahi hango basakeriaren berri emango duen lekuko deserosorik, ezta bere erantzunkizunaren eta erabateko gaitasun faltaren berri emango duenik ere.

Biztanleria ematen ari den eredu heroikoa argi eta garbi adierazten du Valentziako hiriburuan, autoantolakuntza mugimendu masibo honen lehen lerroan, dauden Ezker Iraultzaileko gure kideetako baten testigantza honek:

“Oraintxe bertan Benetusseren erdian gaude, hemen ez zegoen modurik elikagaiak non utzi aurkitzeko, jendeak lagundu nahi zuen, ez dago jakiterik non… Auzo elkartearekin egin dugu topo, hemen dago autoantolakuntzaren enbrioia. Biltegi bat dago, ura banatzen ari dira alde batetik, higiene produktuak, bestetik, jendea zentro neuralgiko gisa erabiltzen ari da materiala hartzeko, nora joan jakiteko. Hemen instituzioak desagertuta daude, desagertuta… ez dut exageratzen... 5.000 pertsonatik udaltzain baten bat dago, errepide erdian geldirik daude, potrojorran, inork ez du ezer egiten, eta hemen dago jendea, jende antolatua...

Ikusiko dugu nola garatzen den dena, adi egon gaitezen. Baina hau denboran luzatzen bada eta hondamendiak horrela jarraitzen badu bistan dago laguntza gune ez ezik gune politiko bihurtuko direla,  antolakuntzakoak, ez baitago instituziorik; kito, dena desagertu da. Auzokideok gaude, jendea laguntzen ari da eta ahal dugun moduan antolatzen ari gara eta argi dago orain oso shock momentua dela, aurrera egitekoa, eta… biziraupenekoa; baina lehen momentu hau pasatzen bada eta honek horrela jarraitzen badu, eztabaidatzen hastea beharrezkoa izango da hemen: gauzak nola banatu, nola mantendu oinarrizko zerbitzuak martxan, eta hori antolatzeko modua asanblearioa izango da. Eta dauden guneak erabiliz: fallak, auzo elkarteak, ... bertan dagoen edozein giza eragile. Patraix, adibidez, langile-auzo oso handia da, Madrilgo Carabanchel modukoa, eta hor zeramika egiten duen elkartean antolatzen ari da jendea. Nola ez dagoen besterik, jendea hortik ari da laguntza eskaintzen, eta hori ari da izaten elkargunea.

Orain mundu guztia lanean eta laguntzen ari da, biziraupen hutserako. Oso adi egon behar dugu… niretzat puntu nagusia produkzio jarduera gelditzea da, langileei ordaindutako baimena ematea, kapitalistek kalte-ordainak ordaintzea gastu publiko guztia finantzatzeko eta egurra ematea Generalitateari, noski, baina baita Gobernuari ere, Lan Ministerioari, mundu guztiari. Egurra eman behar zaie, baina ondo emanda. A ze abandonua, a ze kriminalak eta a ze sasikumeak...”

Kapitalistak eta haien politikak dira hondamendi honen erantzuleak. Haiek ordaindu behar dute dena!

Elkartasun mugimendu honekin guztiarekin kontrastean, kapitalisten jarrera miserablea dugu. Hain une mingarrietan ere ezin diote defendatzeari utzi Urrezko Zekorra, jabetza pribatu guztiz santua, eta inongo lotsarik gabe “arpilatzearen eta lapurreten” aurkako kanpaina bat zabaltzeko ari dira erabiltzen euren manipulazio masiboko komunikabideak. A ze nazka, benetan. Jateko eta edateko ezer ez dagoen unean, gure haurrei eta adinekoei arreta emateko ere ez, muturreko egoeran dauden pertsona asko supermerkatuetan sartzen dira elikagai edo ur bila, edo etxeak eta kaleak garbitu ahal izateko tresnen bila; eta prentsak eta telebistak…”lapurtzat” jotzen dituzte. Hori zitalkeria hori.

Baina ez da hori bakarrik. Joan Roigek, Mercadonaren jabeak, langileak azken ordura arte lanean mantendu zituen, hauek arrisku handian egon arren, eta eskaerak banatzera bidali zituen egoera jada larria zenean. Bera eta bera bezalako plutokratak, dolumin mezuak zabaltzen eta aieneka dabiltza orain, neurrigabeko zinismoz. Zergatik ez dizkiete doan ematen elikagaiak, ura eta edariak, kolapsatzeko zorian dauden herritarrei? Ez al dute horretarako baliabiderik eta bitartekorik? Madarikatuak haiek eta botere politikotik babesten dituztenak.

Florentino Perezek eta Real Madrilek milioi bat euro eman dutela, edo Inditexen jabe den Amancio Ortegak bost emango dituela ospatzen duten albisteak, beste irain mingarri bat baino ez dira. Engelsek karitate mota mespretxagarri honi buruz zioen bezala: “Lehenik proletarioei odola xurgatzen diezue eta gero haiekin filantropia autokonplazientea praktikatzen duzue, munduaren aurrean gizateriaren ongile gisa aurkeztuz zeuon burua, biktimei dagokienaren ehunena ematen diezuenean”.

Baina horrekin aski ez, eta enpresari horiek beraiek langileei lanean jarraitzeko eskatzen diete, ezer gertatu izan ez balitz bezala, milaka familia euren senide maiteen bila edo euren etxebizitzak eta bizitzak berreskuratzen saiatzen ari diren unean. Eta testuinguru horretan, Generalitateak ez ezik, Gobernu zentralak eta Yolanda Díazek ere ERTE berriak onartzeaz hitz egiten dute soilik, enpresariek,... galerarik izan ez dezaten. Lotsagarria da!

Bizitzen ari garen kolapsoa, milaka pertsona abandonatuta utzi dituena, zerbitzu publikoen suntsiketaren emaitza ere bada. Mazonen Governak kendu egin zuen lehendik zegoen larrialdietarako unitatea, baliabide horien zati bat zezenketetan xahutzeko. Valentzian PPk eta Voxek gidatu dute hezkuntzaren, osasunaren, babes zibileko edo suhiltzaileen zerbitzuen suntsiketa, baina PSOEk eta Gobernu zentralak ere hartu dute parte honetan.

Enpresa handien eta patronalaren jokabide kriminalaren aurrean, zer egiten dute CCOO eta UGTko buruzagiek? Besoak gurutzatu eta beste alde batera begiratzen dute. Arduraz jokatu beharrean, lantokiak ixtera behartuz, euren ordezkariek egin zezaketen zerbait izanik, ohituta gauzkaten pasibotasun bera mantendu zuten eta mantentzen dute, eta sare sozialetatik kexatu besterik ez dute egiten. Burokrazia berekoi horrek ez du ordezkatzen bere dozenaka mila afiliatuen eta langile-klasearen sentimendua. Ekintzara pasatzera behartu beharko dira.

Berreraikitze plan baten alde, herriaren zerbitzura

Argi esan behar dugu. Bizitzen ari garen tragediak ez ditu soilik PP eta Vox agerian uzten. Ezkerreko Gobernu bat ere seinalatzen du, triskantza hau arintzeko ez delako neurri indartsurik hartzen ari. Gobernu progresista batek, izen hori merezi duenak, funtsezkoak ez diren sektoreetan jarduera ekonomikoa berehala etetea dekretatu beharko luke, langile guztiei eta kaltetutako familiei ordaindutako baimenekin, eta eskura dauden giza indar eta material guztiak garbiketara, konponketara eta berreraikuntzara mobilizatu beharko lituzke, kaltetuen kontrol demokratikoan.

XXI. mendean bete-betean gaudela, dauden bitarteko tekniko eta aurrerapen teknologikoekin, oraindik auzo eta herri asko inkomunikatuta egotea urik, elikagairik edo osasun zerbitzurik gabe, ez da baliabide faltaren ondorio, baizik eta kapitalisten zerbitzura daudelako, bai Valentzian, bai Estatu osoan.

Auzia konkretua da: kapitalistak eskuak igurzten ari dira jada berreraikuntzarekin negozio mamitsuak egiteko aukeraren aurrean, eta hori eragoztea da gure betebeharra.
Berehala behar duguna, beharrezko baliabide guztien kontrola hartu eta berreraikitzea bermatzeko plan bat da. Horretarako, elikagaien monopolio handiak nazionalizatu behar dira, hala nola Mercadona, energia-monopolioak, garraio-sektorekoak, hoteletakoak eta etxebizitzenak, eta osasun pribatukoak. Horrela bakarrik bermatuko da kapitalistek ez dituztela poltsikoak betetzen herriaren sufrimenduaren kontura, eta elikadura, osasun, hezkuntza, etxebizitza, enplegu eta era guztietako azpiegituren berreraikuntza beharrak ahalik eta denbora laburrenean bermatzen direla.

Plan horrek langileen, bizilagunen eta gizartearen mobilizazio masibo eta irmoa behar du. Borrokarekin bakarrik lortuko dugu kapitalistak, eta hauek babesten dituzten Gobernuak, arlo materialean jasan ditugun galerak gutxienez estaliko dituen berreraikuntzari aurre egiteko benetan behar ditugun neurriak hartzera behartzea, eta langabeziarekin eta pobretzearekin gure bizi-maila gehiago ez hondoratzea.

Ez da kasualitatea auzo eta herri kaltetuenetako asko biztanleria langilekoak izatea, ibai ibilguetan edo lur ezegonkorretan eraikitako herriak, etxebizitza prekarioak dituztenak, edo espekulatzeko asmoz birmoldatutako merkataritza etxabeak dituztenak. Gizakien heriotzak mugatzeaz gain, kalte materialak ere mugatu zitezkeen, baldin eta hirigintza-espekulazio anker bat nagusitu beharrean, negozioal alde batera uzten dituen lurralde-antolamendu bat balego, eta ingurumenarekiko oreka kontuan hartuko balu. DANA ha egunetik egunera nabariagoa den klima aldaketaren ondorio bat da eta baditu erantzuleak: kapitalismoa eta kapitalistak. Horiei axola zaien bakarra masiboki ekoiztea da, egunetik egunera lizunki aberasten jarraitzeko. Bost axola zaie gizateria edo natura.

Gertaera gogor hauek mahai gainean jartzen ari dira sistema honen barruan ez dagoela etorkizunik, errotik aldatu behar dugula egungo egoera, ordena sozial zaharkitu hau eraitsi, eta justizia sozialean eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritutako beste batengatik ordezkatu behar dugula. Basakeria ekologiko eta kapitalistatik askatutako giza ordena berri horri sozialismoa deritzo.

Valentzian, estatu espainiarrean eta mundu osoan milioika langile eta gazte astindu dituzten egun bortitzek geure indarretan baino ezin dugula konfiantza izan erakusten dute. Oraintxe bertan, azpitik sortzen ari den elkartasun mugimendu indartsu hori indartzea da zeregina, gizakiaren onena erakusten duena. Betikoentzat irabazien orgia berri bat ekarriko ez duen berreraikitze justu bat ziurtatzeko berme bakarra, halako mugimendu bat da, neurri argien programa batekin:

• Zerbitzu publikoetako murrizketa eta pribatizazio guztiak lehengoratzea: suhiltzaileak, babes zibila, osasuna, arreta psikologikoa eta abar... eta horiek indartzeko inbertsio masiboak egitea, lan baldintza duinak bermatuz.

• Kaltetutako eremuetan funtsezkoak ez diren jarduera ekonomiko eta produktiboak berehala etetea, ordaindutako baimenak bermatuz. Langile klasearen indar guztia desagertutako pertsonen bilaketa eta berreskurapena, herri eta auzoen garbiketa, eta berreraikuntza bermatzera zuzenduta eta antolatuta egon behar da.

• Berreraikitze lan horien koordinazioa, behetik eta demokratikoki, eta langile batzordeen ahalmena lan horiek aurrera eramateko behar diren baliabideak desjabetzeko.

• Sektore estrategiko guztiak (elikadura, etxebizitza, energia, garraioa, etab.) desjabetzea eta berehala nazionalizatzea, baliabide horiek guztiak berreraikuntzarako erabiltzeko eta kaltetu guztiei bizi-baldintza duinak bermatzeko. Euro bakar bat ere ez enpresei, berreraikuntzarekin negozioa egin ez dezaten!

• Alokairuak eta hipotekak etetea. Bankuen, inbertsio funtsen eta errentadunen pisuak desjabetzea, kaltetutako familia guztiek etxebizitza duina izan dezaten bermatzeko.

• Zigor zentzagarriak AEMETen abisuak mespretxatu eta langileak etxera joan ahal izatea eragotzi zuten enpresa eta enpresariei.
• Mazonen eta bere Gobernuaren dimisioa, herritarrak ohartarazteari uko egiteagatik. Epaiketa eta zigor zentzagarria sarraski honen arduradun guztiei.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.