Borrokarekin jarraitu behar da garaipenera arte, langileen eta herriaren errepublika katalanaren alde!
Azaroaren 11n, mobilizazio izugarri batean, milioi bat lagun baino gehiago atera ziren kalera. 3,3 km dituen Bartzelonako Carrer Marina leporaino bete zuten, preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko. Indar erakustaldi horrek salto kualitatibo bat erakusten du estatu zentralistaren eta PPren gobernuaren errepresioaren aurkako borrokan.
Masek garaipenera arte joan nahi dute
Milioika pertsonek ulertu dute 155. artikuluaren aplikazioa eta Catalunyako autogobernuaren indargabetzea, Jordien eta zortzi cosellersen atxiloketak eskubide demokratikoen aurkako eraso larria direla. Gaur horiek dira; bihar, PPk, Ciudadanosek eta PSOEk neurri autoritario hauek justifikatzeko erabiltzen dituzten aitzakia berberarekin posible izango da edozein ekintzaile kartzelaratzea: gazte, bizilagun, PAH bezalako mugimenduetako kideak, osasungintza eta hezkuntzaren aldeko mareatako ekintzaileak, 78ko erregimen atzerakoia eta bere Konstituzioa zalantzan jar dezaketen ezkerreko militanteak.
Azken bi hilabeteetan izandako beste une batzuetan bezala, bloke espainolistaren erreakzioaren hauspoak milioika bultzatu ditu berriz ere kaleak hartzera. Beste behin, determinazio osoa erakutsi dute, urriaren 1ean, poliziaren errepresio basatiaren aurrean erabakitzeko duten eskubidea defendatu zutenean edo 3an greba orokorrarekin Katalunia gelditu zutenean bezala. Azaroaren 11ko manifestazio izugarria, beste borroka egun handi batetik hiru egunetara izan zen. Azaroaren 8an, komunikabideen gezur kanpainaren gainetik, patronalak eta enpresa handiek zabaldu zuten beldurrezko kanpainaren gainetik eta CCOO eta UGTek greba orokorrari egin zioten oposizioaren gainetik, ehun milaka gazte eta langilek kaleak hartu genituen, trafikoa eta trenbideak moztuz, eta manifestazio espontaneoak eginez Kataluniako geografiaren txoko guztietan.
Venezuela eta Errusia
Zaila da denboran hainbeste eusten duen eta hain indartsua eta masiboa den mobilizazio baten aurrekariak aurkitzea. Horren ondorioak geroz eta nabarmenagoak dira bloke erreakzionario monarkikoan. Herri katalanaren aurka komunikabideetatik momentu oro jaurtitzen ari diren manipulazio eta gezurren kanpainak ez du amaierarik, eta pauso bakoitzeko higuingarriagoa bilakatzen da. Sistemaren gainbehera autoritario eta antidemokratikoa zein nabarmena den erakusten du horrek.
Orain gobernuak, berriz ere Cs eta PSOEren babesarekin, poltsikotik atera du krisi katalana Putin eta Madurok eragin dutela, sare sozialak Catalunyaren inguruko “desinformazioarekin” saturatuz.
78ko erregimenaren krisi politiko handiena “kanpoko etsaiaren” errua dela zabaltzeko kanpaina hau, desesperazio erakustaldi bat besterik ez da. Gainera, abenduaren 21eko hauteskundeetarako Errusiaren eta Venezuelaren “injerentzia” posible bat iradokitzen ari dira; horrela, emaitzak bloke atzerakoiaren aurkakoak badira zalantzan jartzeko “errelatoa” eraiki nahi dute.
Ezinegona eta alternatibak bilatzea ezkerreko oinarrien artean
Urriaren 1ean eta 3an, masek beren ekintza zuzenarekin errepresioa garaitu ondoren, Catalunyan krisi iraultzaile bat ireki zen. Espainiako, Kataluniako eta Europako burgesiak askoz hobeto ulertu dute hori ezkerreko agintari erreformista askok baino. Horregatik ari dira aplikatzen azken hamarkadetan aurrekaririk ez duten neurriak. Krisi iraultzaile hori itxi nahi dute masei eskarmentu bat emanez eta beren legeak eta Estatua desafiatu daitekeen ideia ezabatu.
Gertaerek proban jarri dituzte erakunde guztiak, eztabaida garratzak sortu dituzte, krisiak eta baita hausturak ere. Pedro Sanchezen PSOE eta CCOO eta UGTko kupula burokratikoak, Rajoyren atzean jarri dira 155.aren aplikazioa babestuz. Zapalkuntza nazionalaren aurkako eta errepublikaren aldeko Kataluniako herriaren borroka mespretxatuz, PSOEko eta CCOO eta UGTko buruzagiek langile sektore aurreratuenetatik, gazteriaren gehiengo zabaletik eta erdi mailako langile pobretuetatik banatzen dituzten amildegia handitu dute. Beren kontserbadurismoak eta interes materialek Estatuarekin fusionatzera bultzatzen dituzte; izan ere, konbentziturik daude beren patua sistemaren egonkortasunarekin loturik dagoela.
Era berean, beren burua indar errepublikar eta eraldatzaile gisa duten Podemos eta IU bezalako alderdiek, U1aren erreferendumaren legitimitatea defendatu ordez, Estatuko gainontzeko langileei argi azaldu beharrean zer den jokoan dagoena eta kaleetan errepresioaren aurkako borroka antolatu ordez, “ekidistantziako” estrategia trazatu dute, erabakitzeko eskubidea amorruz errepremitzen duen Estatu eta botere politiko berberei akordio bat eskatuz “legezko eta bermedun erreferendum bat” lortzeko. Unidos Podemoseko agintariek uko egin diote nazionalismo espainolistaren kanpainari modu eraginkor batean aurre egiteari. Errepublika katalanaren defentsa PPren gobernu ustela eraisteko borrokarekin lotzeko aukera handia alboratu dute, murrizketekin eta austeritatearekin amaitzeko eta gainontzeko Estatu mailan langileen errepublikari bidea irekitzeko elkartasunezko jarrera hartzeko aukera alboratuz.
Noski, matizak eta ezberdintasunak daude. Alberto Garzon IUko koordinatzaile orokorra izan da urrunen iritsi dena. Garzonek ez du onartzen kartzelaratuak izan diren ANC eta Omniumeko buruzagiak eta Governeko consellersak preso politikoak direnik. Gainera “sabían a lo que se atenían” eta “Puigdemont no se puede ir de rositas” bezalako adierazpenak egin ditu. Posizio hori erabat lotsagarria da bere burua marxistatzat edo komunistatzat dunerarentzat. Iraultzaile ororen lehen eginkizuna, Che Guevarak esaten zuen bezala, edozein injustizia eta eskubide demokratikoen aurkako erasoren aurka borrokatzea da, gertatzen den tokian gertatzen dela ere. Errepublika katalana babesten duen masa mugimendua elite katalanen mugimendu bat bezala aurkeztea errealitatea faltsutzea da. Mugimenduak erabat gainditu ditu PDeCATeko buruzagiak, eta burgesia katalanak erabat gainditurik ikusten du bere burua; errepublika katalana aldarrikatzea ehun milaka pertsonentzat pauso erabakigarri bat bezala ikusten da, 78ko erregimenarekin hausteko, murrizketekin amaitzeko eta beren askapen borrokan aurrera egiteko, maila nazionalean nahiz sozialean.
Errepublika katalana langile klasearen interesen aurka doala eta komunistek ezin dutela hori babestu esatea, Garzonek esan duen bezala, marxismoaren ideien faltsifikazio baldar bat da. Marxismoak beti defendatu du nazioen autodeterminazio eskubidea, nazio bat bere borondatearen aurka muga batzuen barnean mantentzeko eta, horrela nahi badu, bere independentzia aldarrikatzea debekatzeko saiakera ororen aurkako borroka bezala ulertuz. Garzonek planteaturiko ideia horiek burgesiak erabiltzen ditu nahasmena eta aurreiritzi espainolistak areagotzeko, bai Katalunia barnean bai kanpoan.
Pablo Iglesiasek askoz ere argiago egin du Gobernuaren eta Estatuaren neurri autoritarioen aurka, eta Catalunyan eta preso politikoak egotea salatu du. Halere, hori ez da nahikoa, gero uko egiten bazaio errepresioaren aurka mobilizatzeari, errepublika katalanaren aldeko mobilizazio masiboaren izaera iraultzailea azaltzeari eta esaten bada U1eko emaitza ez dela legitimoa. Zer dago legitimoagorik, poliziaren borren eta gomazko piloten aurka konkistaturiko bozketa bat baino? Gainera, kontua izanda 2,2 milioien parte hartzeak hauteskunde europarrena gainditu zuela eta errepublika katalanaren babesak Estatutak baino baiezko bozka gehiego lortu zituela.
Herritarren borondate demokratikoaren aurrean legea eta Estatua lehenesten dituzten posizio horiek -frankismoaren herentziatik datorrena eta aginte kapitalista babesteko egindako legalitatea dena-, Podemosi azken urteetan amore emandako sozialdemokraziaren aurrean aurrera egitea baimendu dien printzipio eta ideiak ukatzea esan nahi dute. Ez alferrik, Podemosek herritarrei 78ko erregimena garaituko zuen erakunde gisa aurkeztu zien bere burua, austeritatean errotutako politikari, langabezia masiboari, prekarietateari eta baliabide publikoak banka eta enpresa handien onurarako lapurtzeari amaiera emango ziona.
Hain zuzen ere, diskurtsoaren eta praktikaren kontraesan hori izan da Catalunyan Podemosen banaketara eta Albano Dante Fachin koordinatzaile orokorra alderditik ateratzera eraman duena, Podemosen jatorrizko printzipioetan posizio askoz ere leialagoa mantendu baitu gertaera hauen aurrean. Albano Dantek, bere burua internazionalista gisa identifikatzearekin batera, modu zuzenean defendatu du Podem-eko militanteak borrokako lehen lerroan egon behar dutela, lehenik urriaren 1eko erreferenduma gauzatzeko eta, orain emaitza betetzeko, estatuaren errepresioaren aurrean errepublika katalana deituz eta defendatuz.
Albano Danteren lana desautorizatuz eta ahulduz, Podemoseko estatu mailako zuzendaritzak, azkenean, dimititzera eta erakundea uztera bultzatu du. Jazarpen horrek guztiz kontrastatzen du aurreiritzi espainolistak erreproduzitzen dituzten buruzagiekiko indulgentziarekin, Bescansarekin, esaterako, edo Catalunyako kasuan Podem konfluentziako (Catalunya Si que es Pot) Iniciativako buru, Parlamentuko bozeramaile eta CCOOko idazkari ohi den Joan Coscubielarekin.
Estatu mailako Podemoseko zuzendaritzak Albano Dantek proposaturiko ideiei babes tinkoa eman izan balie, askoz ere errazagoa izango zen errepublikaren alde eta errepresioaren aurka borrokan dauden masa mugimenduaren eta PPren aurka dauden baina Puigdemontek eta PDeCATeko politikari burgesek jokatzen duten paperarerarekiko mesfidantza duten langile klase katalaneko sektoreen arteko zubiak indartzea. Hau da, hain zuzen ere, egitekoa: politikari hauetatik erauztea askapen nazionaleko mugimenduaren zuzendaritza eta gizartea eraldatzeko borrokarekin lotzea, oligarkia katalan eta espainolaren zapalkuntzarekin amaitzeko.
“Komunen” militanteen artean, are gehiago, beren hautesleetako milaka eta milaka pertsonen artean, ezinegonezko jarrera dago, beren buruzagi gehienek izan duten posizionamenduarekin. Ezinegon hori Ada Colauen posizio aldaketetan ikusi da: Barcelona en Comúko oinarriak erabaki du PSCrekin duen udal gobernua haustea, alderdi honek estatu errepresioari grinez eman dion babesaren aurrean protesta gisa. Inkesten arabera, CatComúko botanteen herenak baino gehiagok momentu hauetan Catalunyaren independentzia babestuko luke.
Mobilizazioa jarraitu garaipenera arte
Azaroaren 8an eta 11n erakutsitako indarraren ondoren, beharrezkoa da borrokatzen duten ezkerreko erakundeek eta azken egunetan indarra eta bultzada hartu duten Errepublikaren Defentsako Komiteek (CDR) ekintza plan bat garatzea, mobilizazio indartsu, masibo eta jarraitu bat bultzatzeko, irabazi arte. Hori da modurik hoberena abenduaren 21eko hauteskundeetan PPk, Ciudadanosek eta PSOEk eraturiko bloke erreakzionario espainolista garaitzeko.
Akats larria izango litzateke kaleko mobilizazioa hauteskunde jokoaren bigarren mailako laguntzaile gisa ulertzea. Alderantzizkoa da: Estatuaren errepresioa garaitzeko eta urriaren 1ean herriak demokratikoki erabakitakoa errealitate egiteko modu bakarra, orain arte aurrera egiten lagundu digun bide berbera mantentzea da. Mobilizazioko deialdi serio bat egon den bakoitzean, masek aurreikuspen guztiak gainditu dituzte. Kalea bertan behera utzi denero, mugimenduko sektore eskuindarrenak, PDeCATeko agintari katalanak buruan, atzera egiten saiatu dira eta emaitza erreakzioa indartzea izan da.
Adibideak asko dira. Carme Forcadellen eta Parlamenteko gainontzeko mahaikideen defentsan jarraitutako estrategia, errepublikaren aldarrikapena “sinbolikoa” zela esanez eta “marko konstituzionalaren barnean mantentzea” konprometituz; akatsa da. Tribunal Gorenak Forcadell eta beste auziperatuekin ezberdin jokatu badu Jordiekin edo Governarekin Auzitegi Nazionalak egin zuenarekin alderatuz, ez da izan kontzesio horiengatik, masen mugimendua berpizteari zaion beldurragatik baizik. Urriaren 1 eta 3an mobilizatu ziren milaka eta milaka pertsona, batez ere langile klaseko sektore esanguratsua, gerora ez ziren mobilizatu, baina berriz atera dira kalera azaroaren 8 eta 11an. Burgesiaren ordezkari azkarrenak beldur dira PPren eta bere aliatuen errepresioaren gaitzespenak, monarkiak eta 78ko erregimenak duen arbuioarekin baturik, baldintzak sor ditzaketelako errepublika katalanaren kausara lotzeko, behin betiko.
Atzera eginez ez dugu garaituko burgesia espainiarrak eta katalanak antolaturiko beldurraren kanpaina basatia edo langile klase barnean banaketak sortzeko erabili den “españolismoaren” pozoin kriminala. Dagoeneko, erreakzionario espainolistak hori erabiltzen ari dira: zalantzak eta nahasmena zabaltzen saiatzen ari dira Forcadellek Konstituzioaren markoa onartuz eta errepublikaren aldarrikapena ekintza sinboliko huts gisa hartuz eginiko deklarazioak.
Ez dugu lortuko garaipena erretorikarekin eta trikimailu legalekin. Hori politiko burgesen metodoa da eta dute mugimenduak dituen aldaketarako aspirazio sakonak traizionatzeko momentua ikusten dutenean atzera egiteko erabiltzen dituzte. 78ko erregimen antidemokratikoa garaitzeko modu bakarra, errepublika katalana errealitate egiteko borrokatzea eta honi eduki sozial bat ematea da, PPk eta PDeCATek aurrera eraman dituzten politiken aurka, murrizketekin, etxe kaleratzeekin eta ustelkeriarekin amaituz, kalitatezko hezkuntza eta osasungintza publikoa bermatuz, lanpostu duinak eta banka nazionalizatuz herritarren kontrolpe demokratikoan. Soilik errepublika sozialista katalanaren aldeko borroka planteatuz lortuko da langile eta gazte mugimendua Catalunya barnean eta kanpoan batzea: klaseko zapalkuntzarekin amaitu eta herritarren behar guztiak asetzeko nahikoa baliabide bermatuko dituen errepublikaren aldeko borroka planteatu behar da. Horrek, gainera, baimenduko luke Europako milioika gazte eta langileren sinpatia irabaztea, eta Estatu espainiarraren errepresio gaitasuna ahulduko luke.
Borrokatzen duen ezkerreko fronte bateratu baten alde. Langileen eta herriaren errepublika katalan baten alde
Catalunyan ireki den krisi iraultzailearen sakontasuna eta azken egunetan mugimenduak berriz ere agertu duen erreserba eta bultzada harrigarriak bere eragina edukitzen ari da erakundeen barnean, eta aldaketa politiko garrantzitsuak eragiten ari da. ERCk bere oinarriaren presioa dela eta, uko egin dio PDeCATekin koalizioa errepikatzeari. Orain dela gutxi, ANCko sektore zabalen kritikak argitara eraman ziren, beren arabera Estatuaren errepresioaren aurrean zuzendaritzak ez zuelako egoeraren pareko erantzunik eman eta eraginkortasunik eza salatuz. Azaroaren 12ko igandean Catalunya en Comùko militanteek, %54ko bozkak alde, Bartzelonan PSCrekin zuen udal gobernuaren kolaborazioa haustea erabaki zuten. Apur bat lehenago, Albano Dante eta buruzagi eta militante ohien kopuru esanguratsu batek Som Alternativa sortu zuten, momentu hauetan beren konfluentzia posiblea eztabaidatzen dutelarik, errepublika katalana defendatzen duten beste hautagaitza batzuekin, esaterako CUP edo ERCrekin. 12ko igande berean, CUPeko militanteek asanblea orokor batean 180º-ko biraketa egitea erabaki zuten, zuzendaritzak azken bi urteetan PDeCATi emandako babesari dagokionez. Taktika hori erabateko akatsa izan da, erraztu egin baitu convergenteak “prozesaren” buruan mantentzea, une erabakigarrietan hori geldiaraziz, aldarrikapen sozialak txertatzea galaraziz eta langile klase katalaneko sektore esanguratsuak irabazteko helburua zailduz.
Esquerra Revolucionariatik CUP, Podem, Catalunya en Comú, Som Alternativari dei egiten diegu borrokatzen duen ezkerraren fronte bateratu bat eratzeko, 78ko erregimenaren aurka eta CDRen antolakuntzan eta zabaltzean oinarritzeko, kalean mobilizazio orokorra, jarraitua eta indartsua aurrera eramateko, horrela bloke atzerakoi espainolista garaitu eta herriaren eta langileen errepublika katalana gauzatzeko.
Afilia zaitez Esquerra Revolucionariara Kataluniako Errepublika Sozialistaren alde borrokatzeko:
· Kanpora 155a! Preso politiko guztiak askatu. Kanpora Polizia Nazionalaren eta Guardia Zibilaren indarrak Kataluniatik.
· Lan eta pentsioen kontraerreformen indargabetzea. Jubilazioa 60 urtetara soldataren %100arekin eta errelebo kontratuak gazteentzat.
· 1.100 eurotako gutxiengo soldata eta 35 orduko lanaldia astean, soldata murrizketarik gabe.
· Etxe kaleratzeak debekatzea. Etxebizitza publikoen parkeak alokairu sozialekin, bankuen eskuetan dauden etxebizitzak desjabetuz.
· Pribatizaturiko zerbitzu publikoak bermunizipalizatzea, langileak mantenduz eta ugarituz eta lan eskubideak errespetatuz.
· LOMCE eta 3+2 kanpora. Kalitatezko hezkuntza publikoa, demokratikoa eta doakoa, haurtzarotik unibertsitatera arte.
· Osasungintza publiko duin, doako eta unibertsalerako eskubidea.
· Benetako elkartasun konkretua errefuxiatuekiko: kuporik eta barneratze esparrurik ez. Atzerriko Legearen indargabetzea eta CIEak ixtea.
· Adierazpen, bilera eta antolakuntza eskubideak osorik bermatzea. Mozal legearen indargabetzea.
· Bankaren eta sektore estrategikoen nazionalizazioa, pertsonak erreskatatzeko eta gehiengoaren ongizatea bermatzeko.
· Autodeterminazio eskubidearen alde, Catalunyan, Euskal Herrian eta Galizan. Errepublika sozialista katalanaren alde, eta errepublika sozialista federal baten alde, Estatu espainiarra osatzen duten herrien eta nazioen batasun libre eta boluntarioan oinarritua, horrela erabakitzen badute.