Urriaren 1ean mobilizatu zen herri berbera masiboki mobilizatu da Kataluniako errepublika alde

Abenduaren 21eko hauteskundeetan aurrekaririk gabeko porrot gogorra jasan du 155aren aldeko blokeak eta, batez ere, haren bultzatzaile nagusiak, PPk. Klase dominatzailearen komunikabideak saiatu dira porrota disimulatzen, Arrimadasen eta Ciudadanos alderdiaren garaipena azpimarratuz. Halere, ez dago aitzakiarik: Junts per Catalunyak (JuntsxCat) eta ERCk 66 eserleku lortu dituzte eta Cs alderdiak baino 800.000 boto gehiago.

Emaitza horiek garrantzi handikoak dira, kontuan hartzen badugu hauteskundeak irregulartasunez eta mehatxuz beterik egon direla. Gainera, burgesia espainiarra eta kataluniarra etengabe eta desesperatuki saiatu da errepublika katalanaren aldeko edozein agerraldi geldiarazten.

Hauteskundeetarako deia egin zenetik, PPren gobernua errepublikaren aldeko botoa desmobilizatzen saiatu da, esanez aldekoek irabaziz gero 155ak indarrean jarraituko lukeela eta errepresioa areagotuko litzatekeela. Prozesu gehiago abiatu dituzte U1eko antolatzaileen kontra, hala nola Marta Roviraren, Artur Masen eta Anna Gabrielen aurka. Urriaren 1 eta 3az geroztik burgesia espainiarrak eta kataluniarrak sustatutako “beldurraren kanpainak” aurrera jarraitu zuen hauteskunde bezperan eta egunean bertan. Hori guztiari gehitu behar zaio JuntsxCat eta ERC alderdiek kanpaina hautagairik gabe egin behar izan dutela, kartzelan eta exilioan baitaude.

Horrek guztiak ezin izan du geldiarazi Kataluniako milioika pertsonak duten borrokarako gogoa eta urriaren 1ean, errepresioaren aurka, legitimoki eta demokratikoki erabaki zutena lortzeko gogoa. Hauteskundeek ez dute eskuinerako jiro bat erakusten, Pablo Iglesias eta Unidos Podemoseko beste agintariek esan bezala; aitzitik, A21eko hauteskundeetan urriaren 1eko borrei eta gomazko pilotei aurre egin zieten horien mobilizazio ikaragarria ikusten da. 2 milioi pertsona baino gehiagok egin dute oihu 78ko erregimen errepresibo eta ustela suntsitzea erabaki dutela eta ez dutela onartuko borrokarik egin gabe bizi baldintza hobetuko dituen eta aldaketa soziala ekarriko duen errepublika katalana eraikitzeko eskubidea urratzea.

PP, galtzaile nagusia

Soraya Saenz de Santamariak hauteskunde aurretik harro adierazi zuen independentismoa garaitzea lortu zutela, baina eurak izan dira hauteskundeetako galtzaile nagusiak: Europako alderdi ustelena, frankismoaren oinordekoa, errepresioa eta Mozal Legea gogor erabili duen alderdia. PPk 2015ean lortutako botoen erdia galdu du, 11 eserleku izatetik 3 izatera pasatu da, eta ezin izango du talde parlamentarioa osatu.

Kataluniako gizartean PPk eragiten duen gorrotoaren jakitun, burgesia espainiarrak eta katalanak dirutza jarri dute (2 milioi euro baino gehiago) zalantzan zeuden botoak eta sektore atzeratuen botoak Ines Arrimadasen aldera ekartzeko. Halere, porrot egin du plan horrek. Csek 300.000 boto gehiago lortu ditu, baina bere aliatuei, PSCri eta PPri, zeinak 165.000 boto-emaile galdu dituen, kendutako botoak dira.

Cs alderdiaren kanpainak ez du programa konkreturik izan (bere programa Ibex 35eko enpresena da, PPk dagoeneko aplikatu duena). Arrimadasek baieztapen demagogikoak egin ditu etengabe: Procésari aurre eginez, arazo sozialez kezkatzeko deia egin du eta enpresen ihesa erabili du independentzia aldarrikatuz gero amesgaiztoa etorriko dela esanez, beldurraren kanpaina indartzeko. Hori guztiari gehitu behar zaio estatuko beste lekuetatik etorri diren herritar sektoreen sentimenduekin jolastu izana, gezurra erabiliz. Kanpaina demagogiko horrek ahalbidetu du ultraeskuineko sektore atzerakoi baten botoan eskuratzea, baina baita Bartzelonako eta Tarragonako gerriko gorriko auzoetako eta hiri industrialetako langile batzuen botoak lortzea ere; krisiaz etsita eta CCOO eta UGT sindikatuen itunen politiken ondorioz desmobilizatuta eta estatu mailako ezkerraren ausentziaz dezepzionatuta dagoen sektorearena, alegia.

Podem Catalunya en Comú alderdiaren akats larriak

Harrigarria bada ere, Catalunya en Comú eta Unidos Podemos alderdiek beren programaren erdigunean 155aren aldeko bloke atzerakoi-monarkiazalearen aurkako borroka kokatu eta U1eko emaitzaren eta errepublikaren aldeko programa defendatu beharrean, maila berean jarri zituzten Jordiak, Forn eta Junqueras kartzelan mantentzen dituzten atzerakoiak eta monarkia eta 78ko erregimena kinka larrian jarri dituen masen mugimenduko agintariak. Gainera, uko egin diote preso politikoen existentzia onartzeari eta beren askatasuna eskatzeari. Unidos Podemoseko eta CatComúko agintarien diskurtsoak Cs alderdiak erabilitako ideia faltsu berbera errepikatu du: U1eko erreferenduma legez kanpokoa izan zela eta errepublikaren aldeko borrokak faxismoa esnatu duela, Monederok egin bezala, 155a justifikatuz. Horrek guztiak ura erreakzioaren errotara bideratu du, eta Cs-i bidea erraztu dio desmoralizatuta dauden eta beldurraren kanpainaren eragina izan duten langileen botoak irabazteko.

Errealitatea, ordea, Alberto Garzónek eta Pablo Iglesiasek esaten dutenaren aurkakoa da. Estatu espainiarraren eta 78ko erregimenaren izaera errepresibo eta frankista da milioika pertsona bultzatu dituena erregimen horrekin behin betiko bukatzera, Kataluniako errepublikaren alde borrokatzera eta hori arazoak konpontzeko lehen pausotzat hartzera. Unidos Podemos eta Catalunya en Comú alderdiek errepublika katalana defendatuko balute, PPren ustelkeria gogor salatuz eta programa soziala babestuz, posible litzateke Rajoyren gobernua garaitzea, 78ko erregimenari kolpe gogorra ematea eta estatu osoan errepublikaren aldeko borrokari bidea irekitzea.

Borrokatzen duen ezkerraren fronte bateratuaren alde, langileen eta herritarren errepublika eraikitzeko

Beharbada, ezkerreko militante eta ekintzaileak gehien harritu dituen emaitza izan da JuntsxCat-ek ERC garaitu duela eta CUPek atzera egin duela, bai eserlekuetan eta bai botoetan. Akatsa da, ordea, JuntsxCat-en aldeko botoa PDeCATekin lotzea. Milaka eta milaka gaztek, kapa ertainetako sektoreek eta baita langileen sektore batek PDeCATekin eta Convergenciarekin hautsi arren, JuntsxCat-i eman diote babesa, Puigdemont espainiar estatuaren errepresioari aurre egin dion pertsonatzat eta exiliotik bloke monarkikoaren eta errepresioaren aurkako borroka antolatzen eta salatzen ari den agintaritzat ikusten baitute. Hautesle askok JuntsxCat-en zerrenda ANCrekin erlazionatu dute, eta kanpainan argi salatu du Estatuaren errepresioa, ERCko Forcadell, Robira eta Junquerasek baino gehiago. 155aren aldeko blokearen garaipenaren arriskuak eragin du botoak ERCren eta Puigdemonten eskuetan biltzea, Parlamentean errepublikaren aldeko gehiengoa lortzeko.

Era  berean, horrek erakusten du ez dela nahikoa kanpainan errepublikari eduki soziala eman behar zaiola planteatzea. Askotan azaldu dugunez, CUPeko kideek paper garrantzitsua jokatu zuten U1eko erreferendumean, CDRetan eta kalean borroka eginez PPren, Csen eta PSOEren errepresioaren aurka. Halere, CUPek hauteskunde hauetan ordaindu du alderdiko agintariek egindako akatsa, Governean PDeCAT alderdiari babesa ematean, aurrekontu murriztaileen aldeko botoa ematean eta JxSí-renganako politika segidista izatean. Azken hilabeteetan politika berbera izan du, eta ez da gai izan urriaren 1 eta 3az geroztik politika independiente bat aurrera eramateko eta langileen eta herritarren errepublika katalanaren aldeko borroka aurrera eramateko. Kanpaina betean eta oinarrien presioaren eraginez, ezkerreranzko bidea hartu du, baina beranduegi.

A21ko hauteskundeen emaitzak amesgaizto dira burgesia espainiarrarentzat eta katalanarentzat, zeinak errepresioa areagotzearekin, emaitzak ez onartzearekin eta Puigdemont eta gainerako exiliatuen atxilotze agindua, atxilotuak kartzelan eta 155a indarrean mantentzearekin mehatxu egin baitute. Kaleko mobilizazioa berreskuratu behar da; azaroaren 11n bere indarra erakutsi zuen mobilizazioak eta inoiz ez zen abandonatu behar. Halaber, ERCko eta JuntsxCateko agintariei eduki soziala duen errepublika katalanaren aldeko borrokarekin jarraitzeko eskatu behar zaie, langile klase katalan osoa erakartzeko eta burgesiaren demagogia suntsitzeko. Hauteskundeetatik ateratako ondorio nagusia da krisi iraultzailea piztu dela Kataluniako gizartean, masen garaipenagatik, eta burgesiak ezin izan du itzali. Horregatik zuten hileta aurpegia hauteskunde gauean. Albiolek berak esan zuen, Cs alderdiaz ari zela: “ospa dezatela orain batzuek, 5 minutu iraungo baitie.” 155 blokeak porrot egin du. Orain gakoa da borrokatzen duen ezkerra nola antolatzen den garaipena aprobetxatzeko eta kalean borrokan jarraitzeko, Kataluniako herritarren beharrak aseko dituen errepublikaren alde.

Som Alternativa eta CUP alderdiek paper garrantzitsua joka dezakete. Beharrezkoa da ezkerreko fronte bateratu antikapitalista eraikitzea, eta komunen oinarriei dei egitea beren agintariek kanpainan defendatu duten politikarekin hausteko eta askatasun nazionalaren aldeko borroka eta gizartearen aldaketa iraultzailea ekarriko duen programa defendatzeko

Herritarren eta langileen errepublika katalanaren alde!

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.