Kataluniako herria modu eredugarrian ari da borrokatzen bere eskubide demokratikoen alde eta gogor egin dio aurre diktadura garaien pareko gezur, desinformazio eta kriminalizazio kanpainari. Azaroaren 10eko hauteskundeetako Kataluniako emaitzek ezkerreranzko biraketa bat erakusten dute eta milaka gazte eta langile ondorio politiko gero eta aurreratuagoak ateratzen ari direla ikusten da.
Bloke atzerakoiak (PP, Vox, Cs) kolpe latz historikoa jaso zuen apirilaren 28an, botoen %15a bakarrik eskuratuz. Baina kolpea are latzagoa izan da azaroaren 10ean: . Ciudadanos estatuan baino gehiago hondoratu da, zuen babesaren %60 galduta: sei hilabetetan, 479.374boto izatetik 216.373 izatera pasatu da, bost diputatu izatetik, bi izatera. 2017ko abenduan Katalunian izandako hauteskundeetan lortutako milioi bat botorekin konparatzen badugu, Cs-ek oinarriaren %80 galdu duela ikusten da. Bestalde, PPk eta Voxek apirilean baino 179.723 boto gehiago lortu dituzte, baina ezin izan dituzte bereganatu Csk galdutakoak. Hiruen artean 48tik 6 diputatu besterik ez dituzte.
Bloke independentista aurrera
PSCk errepresioa babestu izana ordaindu behar izan du 171.675 boto gutxiago lortuta, baina 12 eserlekuak errepikatu ditu. Catalunya en Comúk ere atzera egin du 68.932 boto galduz, nahiz eta PSCk bezala 7 diputatuak mantentzen dituen. Podemos eta PSC jaitsi eta Errejonek 40.000 boto besterik lortu ez izanak erakusten du aurrekoetan Podemosi botoa emandako milaka gazte eta langilek, Kataluniakoa errepublikaren aldeko borroka ez babestearen ondorioz, ERCri edo CUPi eman dietela babesa, aurreko hauteskundeetan gertatu zen bezala.
Parte hartzea aurrekoan baino 4 puntu baxuagoa izanda ere, bloke independentistak babesa handitu du: 5.000 boto gehiago aurrekaririk gabeko errepresio eta kriminalizazio garaian. ERCk beste behin irabazi ditu hauteskundeak Katalunian. Boto hori ez da errepublikaren aldeko babesa hozteko eta PSOErekin akordioak lortzeko eta murrizketak eta pribatizazioak aplikatzeko, Govern-ean dauden ERCko agintariek egin duten bezala. Boto horrek erakusten du eskuin espainolistaren eta Pedro Sanchezen mehatxuen aurkako amorrua eta ezkerreko politikak aplikatuko dituen errepublikaren aldeko aldarria dela. Hain zuzen ere, Esquerrari ezkerretik egindako kritikak 160.458 boto kendu dizkio.
Ezkerreranzko erradikalizazio hori lehen aldiz Parlamentuan bi eserlekurekin egongo den CUPen islatzen da; azken udal hauteskundeez geroztik botoak bikoiztu ditu, M26ko 121.274tik 244.754ra; gainera, Front Republicàk (CUPeko sektore batek eta Som Alternativa Podemoseko zatiketa batek osatutako koalizioa) apirileko hauteskunde orokorretan lortutakoak (113.000) baino gehiago lortu ditu. 2015ko emaitza historikoak gainditu ditu CUPek.
Kataluniako errepublikaren aldeko mugimenduaren izaera iraultzailea
Emaitza horien eta azken hilabeteetako mobilizazio erraldoien esanahia argi dago. Kataluniako egoerak ez du zerikusirik klase agintariaren kontrolpeko komunikabideek erakusten duten irudi apokaliptikoekin. 78ko erregimen monarkikoaren aurka azken 40 urte hauetan izandako masen mobilizazio handienaren aurrean gaude. Frankistez josita dagoen sistema judizialaren sententzia lotsagarriaren aurkako herri altxamendua izan da, eta Kataluniako herriak duen aske eta demokratikoki bere etorkizunaz erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzen da, 2017ko urriaren 1ean masiboki bozkatuz erabaki zen errepublika aurrera eramateko.
Prat aireportua hartzea; ANCk antolatutako Marxes per la Llibertat erraldoiak; Sindicat d’Estudiantsek antolatutako 72 orduko ikasle greba (200.000 baino gazte gehiagok masiboki kaleak hartuz); Katalunia geldiarazi zuen urriaren 18ko greba orokorra, Intersindical-CSC eta IAC sindikatuen deialdiari erantzunez (bi milioi pertsonako manifestazioak izan ziren); Bartzelonan milioi bat pertsonak batu zituen amnistiaren aldeko urriaren 26ko mobilizazioa eta sententzia atera zen egunetik egin diren hainbat eta hainbat ekintza jendetsu... Horiek guztiek altxamenduaren izaera zabala erakusten dute.
Mobilizazio horiek guztiek 30eko eta 70eko hamarkadan, Katalunian eta estatu osoko langile klaseak izandako borroka iraultzaile eta antifaxistak gogorarazten dituzte. Hori da burgesia espainiar eta katalanak beren gezurrekin eta polizia nazionalarekin, Mossos d’Escuadrekin eta infiltratuekin sortutako indarkeria erakusten duten irudiekin ezkutatu nahi dutena.
Urriaren 18ko greba orokorrak berak erakusten du badaudela baldintzak Kataluniako langile klasea mobilizatzeko eta zapalkuntzaren aurkako borroka eta errepublikaren aldekoa klaseko aldarrikapen sozialekin uztartuko dituen programa batekin
Greba masiboa izan zen hezkuntza publikoan, administrazioan eta garraioan (metroa, Renfe, Ferrocarrils de la Generalitat, autobusak), suhiltzaileen artean eta Bartzelonako portuan, non zamaketariek zutabe bat egin zuten manifestaziora. Denden %60-80ak itxi zuten, Lan Sailaren arabera. Hirietako kale nagusietan ia ez zen zirkulaziorik izan eta PIMEC patronalak onartu behar izan zuen industria enpresen %30ak itxi zuela eta langileen %68a atera zela grebara; zerbitzuetan negozioen %40 itxi zuten eta langileen %83,8ak babestu zuen greba. Datu horiek oso esanguratsuak dira UGT eta CCOOko zuzendaritzak grebaren aurka jarri zirela kontuan hartuz gero.
Langile klasearen eta gazteriaren indar erakustaldi horren ondoren, oraindik beren burua aurrerakoitzat duten intelektualak, edo estatu mailako agintari ezkertiar erreformistak, entzun behar izaten ditugu esanez “elite katalanaren” mugimendua dela. 78ko erregimenaren aurrean belaunikatzeko, a ze modu patetikoa! Errepresioari, gezurrei eta katalanofobiari aurre egin ordez, “kasta” salatuz eta 78ko erregimenaren aurka agertu ziren agintari horiek eskuak garbitu dituzte, Gorenaren sententzia onartzeko eta errepublikaren ideia baztertzeko eskatuz.
Munduko ekonomia atzeraldian sartzen ari den honetan, burgesia espainiarra eta katalana eraso eta murrizketa gehiago prestatzen ari dira eta ezin onar dezakete Kataluniako borroka eredua estatu osora hedatzea. Hori dela eta, ahalik eta nahasmen eta zatiketa gehien sortu nahi dute Kataluniako langile mugimenduaren barruan eta honen eta estatu mailako gainerako langileen artean, “aberriaren batasuna” defendatuz eta aurreiritzi eta gezur espainolistak haizatuz.
Kanpainari sinesgarritasun handiagoa emateko, Pedro Sanchez eta PSOEko agintariengana jo du Ibex 35ak. Sanchezek 155 berriro aplikatzeko mehatxua egin du, eta iragarri du Zigor Kodean sartuko duela estatuak onartzen ez dituen erreferendumak antolatzea (bere garaian Zapaterok kendu zuen eta PPk, Voxek eta Cs berreskuratu nahi dute). Auzitegi Nazionalak Tsunami Democràtic-en web gunea “terroristatzat” akusatuta ixteko erabakia ere babestu du. Biharko egunean sistemarentzat mehatxu izan daitekeen edozein kolektiboren aurka erabiliko duten adierazpen askatasunaren aurkako eraso zuzena da.
Espainolismo atzerakoiena astinduz eta Katalunian gertatzen ari denari buruzko gezurrak esanez, PSOEko agintariek indar gehiago eman diete PPri eta Voxi. Baina ultraeskuinaren aurrerakadak, eskubide demokratikoen aurkako errepresioak eta burgesia prestatzen ari den murrizketek leherketa bat eragingo dute Kataluniako eta estatu osoko klase arteko borrokan.
Ezker borrokalaria eraiki Kataluniako errepublika sozialista lortzeko
Kataluniako krisi iraultzailea areagotzen ari da eta nazio askapen mugimenduaren barruan talka gero eta handiagoak daude. Talka honetan, alde batetik Kataluniako errepublikaren aldeko borroka bukaeraraino eraman nahi dugunak gaude. Bestetik, Governean pisu handia duten eskuin katalanistaren, eta baita ERCren, programa dago, zeinak Estatuarekin eta PSOEren gobernuarekin akordio bat lortu nahi duen, kalea hustu eta betiko politikara itzultzeko. Kontraesan hori inoiz baino nabarmenago ikusi da mossoen errepresioaren ondoren, Buch barne sailburua kargutik kentzeko kaleko oihu zabalean eta manifestazioetan JxCaten eta ERCren Governaren murrizketa politiken aurkako jarrera irekian.
Azken urteetako gertakarietatik ikasgaiak atera behar dira. Denboran luzatuko den ekintza plan bat behar dugu. Greba orokorren egutegi zehatz bat finkatu eta asanbladak egin behar ditugu lantokietan, propaganda banaketa masiboak antolatu eta ekintza batzordeak sortu babes ahalik eta handiena lortzeko. Hori da zapaldu eta baztertuen aldeko errepublika sozialistaren alde borrokatzeko modu bakarra.
Gisa horretako erresistentzia mugimendu batek eskatzen du garbi uztea zapaldu eta baztertuen aldeko errepublika sozialistaren alde borrokatzen dugula, ez esteladaz jantzitako betiko oligarkia ekonomikoa indarrean mantenduko duen errepublikaren alde. Ekonomiaren oinarrizko palankak, banka eta monopolio handiak nazionalizatu eta murrizketen, etxebizitza publiko eta eskuragarrien faltaren, prekarietatearen eta soldata miserableen, indarkeria patriarkalaren eta ingurugiroaren suntsiketaren amesgaiztoarekin bukatuko duen errepublika nahi dugu. Horrela bakarrik lortuko dugu estatuko eta Kataluniako gainerako gazte eta langileek errepublika hori bere egitea.
Oinarriek estatu frankistari aurre egin eta errepublika gauzatuko duen estrategia argi bat eskatzen dute Horren oztopo nagusia da mugimenduaren zuzendaritzan egotea kapitalismoa sistema posible bakartzat duten eta askapen nazionala gizartearen eraldaketa sozialistarekin uztartzearen aurka dauden sektoreak. Oztopo hori gainditzeko, ez da nahikoa borrokarako borondatea izatea, programa iraultzaile eta internazionalista altxatuko duen gazteen eta langileen alderdi bat eraiki behar dugu.