Eskuin espainolistak kolpe historikoa jaso du Kataluniako otsailaren 14ko hauteskundeetan. Boto guztiak batuta, Vox, PP eta Cs alderdiek %17,11a baino ez dute lortu, 2017an PPk eta Csk  lortutako %29aren aldean. Beraz, Parlamenteko 135 eserlekuetan, 40 izatetik 20 izatera igaro dira. Emaitza horrek islatzen du zein pisu minoritarioa duten Katalunian “España una, grande y libre” leloaren aldekoek. Hautesleek ezkertiartzat jotzen dituzten aukerek eta Kataluniako errepublikaren aldeko eta 78ko erregimenaren aurkako borrokari lotuta agertzen diren alderdiek lortutako babesa gehituz gero %77,92 batzen da. Alde izugarria!

Catalunyan ezkerrerako biraketa sakontzen ari da

1977tik lehen aldiz, alderdi independentisten botoek %50 gainditu dute eta historiako gehiengo zabalena lortu dute 74 eserlekurekin. Alderdi independentistetan bozkatuena izatea lortu du ERCk lehen aldiz Kataluniako Parlamenteko hauteskunde batzuetan (603.607 boto, %21,03 eta 33 parlamentari). Junts dago jarraian, 568.002 boto, %20,04 eta 32 eserleku. CUPek 189.087 boto lortu ditu (%6,67) eta 4 legebiltzarkide izatetik 9 izatera igaro da.

Parlamentetik kanpo geratu dira CiUren oinordeko zuzen gisa aurkeztu diren alderdiak, argi eta garbi eskuin katalanista gisa identifikatu direnak. PdeCATek, Artur Masen babesa duela kontuan hartuta, %2,5 lortu du. Marta Pascal buru duen PNC berriz, Puigdemonten galbide "erradikala" salatuz eta Catalunyako EAJ gisako alderdia dela esanaz aritu dena, are barregarriago geratu da: 4.000 boto eskuratu ditu (% 0,16).

Gertaera honek garrantzi historikoa du: pujolismoaren oinordekoak Parlamentetik desagertu dira. Horrek bikain islatzen du eskuin katalanistaren krisiaren sakontasuna. Hamarkadetan zehar burgesia katalanaren ordezkari politiko zuzenak izan direnak eta 78ko erregimenaren zutabe izan den alderdiaren oinordekoak kanpoan geratu dira. Beraz, ezinbestean galdetu behar da: Kataluniako eliteen indartze politikoaren aurrean al gaude? Ala ezkerrerako biraketa nabarmena da hain zuzen nazio askapenerako mugimenduari bete-betean eragiten diona? Erantzuna bistakoa da.

Jakina, PSCren gorakada ere oso esanguratsua da (lehen postua botoetan eta ERCrekin parekatuta eserlekuetan), eta hainbat irakurketa planteatzen ditu. Ez da kasualitatea hauteskunde hauek kosta ahala kosta eginarazi izana, nahiz eta osasun publikoarentzat mehatxua izan eta abstentzio historikoa bultzatu. PSOEk une honetan espainiar burgesiaren eta Estatuaren interesak hobekien ordezkatzen dituen alderdi bezala jokatzen du eta egoera egonkortzeko eta errepublikaren aldeko masa mugimendua desegiteko helburu argia du. Horregatik zuen hainbesteko presa aurreko hauteskundeetan Ciudadanosek kendu zizkion boto andana berriz bereganatzeko.

Argi dago pelikula bere osotasunean ikustea ezinbestekoa dela, eta ulertu behar da PSCk uko egin behar izan diola 2017ko hizkera gerrazaleenari, "elkarrizketa" eta "aurrera begiratzeko" diskurtsoan tematzeko. Hori beste prozesu objektibo baten isla da: gerriko gorriko milaka langilek eta independentzia babesten ez duten boto-emaile sozialistek ikusi dute errepresioaren eta nazionalismo espainolistaren ildoa ez dela irtenbide bat. Aitzitik, auzitegi frankistak eta Vox bakarrik hauspotzen dituzte.

Komunen emaitzek (2017ko 8 parlamentariak errepikatu dituzte) arnasa hartzeko aukera eman die Pablo Iglesiasi eta Podemoseko zuzendaritzari. Baina Katalunian izandako atzerakada oraindik ere nabarmena da: 2016an hauteskunde orokorrak irabazi zituen botoen %24,51a lortuz; oraingoan, seigarren postuan gelditu da, %7 baino pixka bat gehiagorekin. UPko zuzendaritzak uste badu emaitza horiek PSOEren politikak eusten jarraitzeko berrespena direla, oker daude. Pedro Sanchez eta talde sozialistak dagoeneko ematen ari zaien "hartzaren besarkada" erraztu besterik ez dute egingo.

Gauza bat argi dago. Kataluniako herriak masiboki eta aurreko hauteskunde deialdietan baino modu irmoagoan adierazi du 78ko erregimenaren aurka dagoela eta borondatea duela errepublikaren alde eta murrizketen eta austeritatearen aurka borrokan jarraitzeko. 2017ko urriaren 1ean hasitako boroka hautestontzietan berresten da. Hori da dagoena, argi eta garbi, nahiz eta klase menderatzailea eta bere komunikabideak ezkutatzen saiatu Illaren "garaipena" puztuta edo Voxek lortutako 11 diputatuak nabarmenduta.

Vox hazi egin da PP eta Cs-ren kontura, baina eskuineko botoa izugarri jaitsi da

Ez dugu inolako asmorik ultraeskuinak eta faxismoak duten arriskua gutxiesteko. Andaluziako eta Estatu espainiarreko parlamentuetan sartu zenetik, eta aurretik, azaldu izan dugu arrisku hori benetakoa dela. Baita faxistei aurre egiteko bidea haiek baino askoz indartsuagoak garela erakustea dela, argi utziz prest gaudela amaieraraino joateko, benetan ezkertiarra den programa bat aplikatzeko eta faxismoa garaitzeko orduan.

Voxek 217.883 boto eta 11 diputatu lortu ditu hauteskundeetan, baina Ciudadanosen deskonposizioaren eta PPren porrotaren kontura egin du aurrera. Hori ez da txikikeria. Ciudadanosek hondoa jo du. Ibex 35aren proiektu handiak, hirugarren bide bat ezartzeko eta Podemos bultzatu zuen masa-mugimenduari aurre egiteko helburua zuenak, desagertzera daraman galbidea finkatu du. Horregatik Pedro Sanchezek ere porrot egin zuen horiekin gobernu-koalizio bat osatzeko saiakeran. Zalantzarik gabe, albiste bikaina da langile klasearentzat.

Kataluniako PPren atzerakada handiak Espainiako eskuinaren krisia areagotzen du. Casadok jokabide nahasia izan du kanpaina honetan, eta presio handia du Voxek Estatu mailan duen aurrerapenari nola eutsi ikusteko.

Kataluniako agertokia aztertuta, argi dago Abascalen alderdiak bere hauteskunde-oinarriaren funtsa gizarteko geruza dirudunen artean duela; krisiak kolpatutako burgesia txikiaren zati batean, (nekazaritzari, ostalaritzari eta turismoari lotutakoak) ez baitiote uko egin nahi immigranteen eta gazte prekarioen eskulana gupidarik gabe esplotatzearen bidez lortutako estatusari; eta, baita langile sektore mugatu baten artean, etsituak eta lunpenizatuak, zeinengan demagogia espainolistak, matxistak eta xenofoboak eragina izan baituen.

Azken horiek establishment aurkako botoa adierazten dutela pentsatzea, ameskeria makabro bat ez ezik, Katalunian azken urteotan gertatu denaz ezer ez ulertzea da. Gaur egun Voxek ordezkatzen duena beti existitu izan da Kataluniako gizartean, eta agertu arte PPri edo beste eskuineko eta muturreko eskuineko hautagaitza batzuei botoa emanez adierazten zen. Orain zaratatsuagoak dira, polarizazioa eskuinera ere adierazten delako.

Bistakoa da Voxek geruza horien haserrea ustiatzen duela, krisi ekonomiko eta sanitarioarekin dutena eta Gobernu zentralak eta Kataluniako Governak aplikatzen jarraitzen duten murrizketa eta austeritate politiken aurka dutena. Portzentaje osoa %7,69 da, eta eremuen arabera %5 eta %10 artean mugitzen da, nahiz eta, Vall d 'Araneko zenbait eskualdetan, kostaldeko herrietan edo Tarragona bezalako hirietan handiagoa den; izan ere, azken urteotan, turismo-sektoreak gora egin duen tokietan milaka enpresari txikik beren negozioak nola murrizten diren ikusten ari dira. Baina PSCren, ERCren, Komunen eta CUPen botoek, Kataluniako langileen hiri eta auzo guztietan — Vox alderdiak emaitzarik onenak lortu dituen eremuetan barne — eskuin muturreko alderdia baino askoz ere gehiago izan dira, %55-60 arteko ehunekoak lortuz eta kasu askotan% 70era iritsiz. Bartzelonako 10 barrutietatik 6tan, CUPek berak birrindu egiten du Vox, azken honek babesik handiena barrutirik aberatsenean lortu duelarik: Sarriá-Sant Gervasi.

PSCren emaitzak

PSC izan da zerrenda bozkatuena hauteskunde hauetan, 652.858 botoekin (%23,04). ERCk baino 49.251 boto gehiago lortu ditu eta biek 33 eserleku lortu dituzte. Katalunian tradizioz duen babesa berreskuratu du, batez ere Bartzelonako gerriko gorriko hirietan; izan ere, horietako asko, hainbat murrizketa eta atsekabetako urteren ondoren, Podemosera joan ziren 2016ko hauteskunde orokorretan eta neurri handi batean Ciudadanosera 2017ko Kataluniako Parlamenteko hauteskundeetan, (histeria anti-independentista puntu gorenean zegoenean).

Orduan azaldu genuen bezala, Ciudadanosen aldeko babes hori guztiz koiunturala zen, hauteskunde haietako salbuespenezko baldintza antidemokratikoen ondorioa, 155a bete-betean aplikatuz eta errepublikaren eta "Espainiaren hausturaren" beldurraren kanpainaren gorakadan. PSOEko eta PSCko buruzagien jarrera espainolista eta errepresioari eman zioten babesa erabakigarria izan zen Cs-ra botoak eramateko. Pedro Sanchez zen buru eta Illa bera aritu zen eskuin eta ultraeskuindarrari aurpegia garbitzen, 2017ko urriaren 8ko eta 29ko manifestazio espainolistetara joanez.

Ciudadanos “PP 2.0” bat baino ez zela ikusita eta Coloneko argazkiaren eta PP eta Vox alderdiekin egindako itunen ondoren bere izaera espainolista eta erreakzionarioa agerian geratu zenean, emandako laguntzaren zati handia PSCra itzuli zen 2019ko hauteskunde orokorretan eta udalekoetan. Otsailaren 14an joera hori indartu egin da.

Nahiz eta politika negargarria egin nazio auziari dagokionean, eta Gobernu zentraletik Ibex 35ak eskatzen dituen neurriak aplikatu, PSOEko eta PSCko buruzagiek langile multzo zabalen botoak jasotzen jarraitzen dute. Boto emaile horiek eskuin espainolistaren diskurtso erreakzionarioaren eta auzi nazionalari irtenbide errepresiboa ematen aurka daude, baina ez dute konfiantzarik "procés"-ean, Junts per CATek zuzendaritzan duen pisuagatik, eskuin katalanistako ordezkari asko egoten jarraitzen baitute eta Governetik egiten diren politikek ez dutelako bizi baldintzetan hobekuntzarik ekartzen.

"Igarotakoa gainditzea", "Katalanen artean elkartzea" eta "etorkizunari begiratzea" hitzaldiak aurrerapausotzat jo dituzten sektoreak mobilizatu ditu, are gehiago eskuin espainolistak PSOE-PSCko buruzagiak erasotzen dituenean eta UPrekin batera gobernatzen ageri direnean, ERCrekin zubiak eta akordioak ezarriz. Horrek baieztatu egiten du askapen nazionalaren aldeko borroka eta langile horien beharrei erantzuna emango liekeen programa sozialista lotuko lituzkeen politikarekin posible izango litzatekeela sektore oso garrantzitsua errepublika sozialistaren aldeko borrokara irabaztea. Hori are nabarmenagoa da En Comú Podem botoari dagokionean.

En Comú Podem

Azkenean, inkesta askok iragartzen zuten hondamendia ez da gertatu, eta Comunek 8 eserlekuei eutsi diete. Hala ere, hauteskunde hauetako boto eta ehunekoak eta 2017ko Kataluniako Parlamenturako emaitzekin  alderatzen baditugu, eta Podemosek 2015eko eta 2016ko hauteskunde orokorretan Katalunian lortutako garaipenarekin alderatzen baditugu, bistakoa da ECP eta UPko buruzagiek atzerakada handia eman eta aukera historikoa galdu dutela.

Lehen aldiz, ECP CUPen azpitik geratu da eserlekuetan, eta botoetan 5.000ko aldea bakarrik atera dio. Errepublikaren aldeko borrokaren buruan jartzeari eta borroka estatu osora hedatzeari uko egin izanak, errepresioaren aurrean zeharka jarriz eta autodeterminazio-eskubidearen alde ehunka mila pertsonarekin batera borrokatzeari uko eginez, gazte eta langile sektore zabaletatik urrundu ditu. Horri gehitu behar zaio, aldaketaren udalek egin duten kudeaketa etsigarria, eta, orain, Madrilen PSOErekin duten menpekotasuna.

Epe laburrean, 8 eserlekuei eutsi izanak arnasbide bat ematen die UPko agintariei, eta koalizio Gobernuan kosta ahala kosta mantendu nahi dutenak indartzen ditu. Baina horrek ibilbide oso laburra du. Krisi kapitalistaren, langabezia masiboaren, etxegabetzeen eta errepresio orokorraren testuinguruan, PSOEren menpe egoteak sinesgarritasuna eta babesa kenduko dizkie. Horrelako estrategia batetik Pedro Sanchez bakarrik aterako da onuradun.

ERC, Govern berriko pieza klabea

Nahiz eta PSCk boto batzuk gehiago atera, ERC independentismoko lidergoari eutsi dio eta Kataluniako Govern berriaren ardatz bihurtu da. ERCri botoa ematen dioten ehunka mila pertsonak aukera independentista eta ezkertiarra ikusten dutelako egiten dute. Baina Esquerrako agintariek Juntsekin batera murrizketa sozialen eta su-etenik gabeko pribatizazioen politikak aplikatu dituzte, eta pandemian enpresaburu handien aldeko kudeaketaren erantzule dira, milioika pertsona babesik gabe utziz.

Argi eta garbi, independentismoaren sektore zabal baten ustez, ERC buru dela kudeaketa "aurrerakoiagoa" egin ahal izango da Juntsekin baino. Baina gertaerek zalantza handia jartzen dute arrazoibide horren inguruan, are gehiago kontuan hartzen badugu Esquerrako zuzendaritzak 2017ko urrian irekitako krisi iraultzailea ere itxi nahi duela, PSOErekin ituna eta Espainiako burgesiarekin negoziazioa sustatuz autonomismoaren hildako bidea berreskuratzeko. Eta hori egin nahi dute ez dagoela beste ezer egiteko indarrik argudiatuz, hain zuzen ere, hauteskunde hauen emaitzek argi uzten dutenean gezurra dela.

Jarrera horrek ERCren aurkako kritika areagotzea eragin du, nahiz eta oraingoz funtsean ekintzaile batzuen artean ematen den. Esquerraren boto-emaileen sektore garrantzitsuentzat, eskuineranzko biraketa hori ez da hain agerikoa, eta PSOErekin egindako itunak eta moderaziorako deiak eskuinaren eta epaile frankisten erasoaldiaren aurrean "egin daitekeen gauza bakarra" bezala agertzen dira. Juntseko buruzagiek PSOErekin ituna egiteagatik ERCri egindako gaitzespenak mugimendu oportunista gisa agertzen dira. Puigdemontek ez du plan zehatzik aurkeztu hizpide duen errepublika aurrera eramateko, eta, horren alde borrokatzeko jendetzak kaleak hartu dituztenean, Juntseko buruzagi asko izan dira mobilizazio hori desegiten saiatu eta baita erreprimitu duten lehenak. Torrak eta Buchek (Juntseko militanteak biak) Mossoei mobilizazioen aurka ahalik eta gogorren jotzeko agindu zieten.

Juntsen bozkaren izaera kontraesankorra

Juntsen garapena eta bere botoaren izaera kontraesankorra aurrez azaldu dugun Kataluniako erdi mailako geruzen ezkerrerako eta erradikalizaziorako prozesuaren argitan bakarrik uler daiteke. Akats larria litzateke boto hori "eskuindar" huts gisa identifikatzea. Argi dago Juntseko buruzagi asko espazio konbergentetik datozela, baina maila ertaineko sektore askok, baita Juntsen alde bozkatu duten gazte eta langile independentistek ere, Puigdemontengan 78ko erregimenaren aurka eta jazarririk dagoen norbait ikusten dutelako egin dute.

Puigdemont urrunago joan zen Kataluniako burgesiak eta bere alderdiko buruzagi askok erreferenduma deitu baino lehen nahi eta espero zutena baino. Egun, zalantza eta atzerapauso guztiekin ere, borrokarako eta aldarrikapenerako U-1eko diskurtsoarekin jarraitzen duen itxura ematen du. Baina politikari burges horrek ez du zalantzarik izan Gobernuan murrizketak eta pribatizazioak ezartzeko, eta ez du alternatiba koherenterik errepublikaren aldeko borroka aurrera eramateko. Izan ere, masen mobilizazioak gailendu zaionean, geldiarazteko ahalegin guztiak egin ditu.

Convergenciatik eta ondoren PdeCATetik datorren aparatuaren zati handi bat Juntsera pasatu da boterea ukitzen jarraitzeko eta kontrola mantentzeko. Juntsi emandako botoak masen sektore baten artean dagoen erradikalizazioa adierazten duen arren, batez ere bere oinarri sozial zabalena diren geruza ertainen artean, zuzendaritzak mugimendu hori sistema kapitalistaren mugen barruan mantentzen saiatzen da, eta bere asmoak ustiatzen ditu indarrean dagoen ordena ekonomiko eta sozialetik defendatzeko.

Cup: errepublikaren aldeko borrokan jarraitzearen aldeko botoa. Ez du Governean sartu behar, balio ez duen politika legitimatzeko!

Ezkerreko kritikak adierazpidea aurkitu du hauteskunde hauetan CUPen gorakadan. Aurreko adierazpenean esan genuen bezala, "dozenaka mila gaztek eta langilek CUPen aldeko botoa emango dute, errepublikaren aldeko eta politika kapitalisten aurkako borrokan jarraitzeko sektore borrokalarien artean dagoen irmotasuna adieraziz. Esquerra Revolucionàriatik gure egiten dugu erabaki hori, eta CUP-UNCPG hautagaitzaren alde bozkatzera deitzen dugu. Boto horrek askapen nazionalaren eta sozialaren mugimendua indartzeko balio behar du, klase independentziarako politika sozialista eta internazionalistarekin".

Eta jarraitzen genuen: "Esquerra Revolucionàriatik CUP Juntsekin eta ERCrekin batasun nazionaleko gobernu batean sartzearen aurka gaude. Autodeterminazioa eta errepublika sozialista erdiesteko ezinbestekoa dela indar burges katalanistekin aliantza egitea, desastrera daraman ideia guztiz okerra da. Indar horiek amaiera eman nahi diote duela hiru urte piztutako krisi iraultzaileari. ERCrekin eta Juntsekin egindako programa eta gobernu aliantzek CUP jarrera antikapitalista ahultzera eta ezarritako ordenarekin bat egitera eramango dute, UPko buruzagiekin gertatu den bezala. CUPek ezkerreko oposizio gogorrenean kokatu behar du bere burua, baina ez gutxiengo autokonplazientean geratzeko asmoz, baizik eta langile klasearen eta gazteriaren gehiengoaren babesa lortzeko benetako programa sozialista baten aldeko borrokan". Hitz hauek indar betea dute.

Otsailaren 14ko emaitzak Illa efektuaren inguruko muntaia propagandistikotik oso urrun daude. Epe laburrean, Pedro Sanchezen estrategia indartu egingo da, bai PPren aurrean, bai bere alderdiko sektore eskuindar eta espainolistenen aurrean ere. Baina erreakzioaren, Estatu-aparatuaren eta eskuin muturraren erasoaldiak aurrera jarraituko du, eta are histerikoagoa bihurtuko da, eta geroz eta lur sail emankorrago bat aurki lezake: krisi ekonomikoak aurrera egingo du, pandemiaren kudeaketa kapitalistak dakarren hondamendiak ere bai, eta PSOE-UP Gobernuak amore ematen jarraituko du klase agintariaren presioaren aurrean, bere agendan gordetzen dituen murrizketak eta austeritate-neurriak aplikatzeko.

Katalunian, ERCko eta Juntseko buruzagiek zabaldu duten politika gailentzen ari da oraingoz, kaleetan mobilizazioa desaktibatzeko eta 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin eta greba orokorrarekin irekitako krisi iraultzaileari amaiera emateko helburua duena. Baina masen mugimenduak izandako beherakada aldi baterakoa da: ez da garaitua izan, ezta gutxiagorik ere, eta atsekabe sozialak, 78ko erregimenaren arbuioak eta errepublika konkistatzeko irrikak herritarren gehiengoaren babesa du. Sentimendu hori krisi ekonomikoarekin eta Estatuaren errepresioarekin hazi egingo da.

Testuinguru horretan kokatu behar dira Gobernu berriaren eraketari buruzko eztabaida eta aukerak. Momentuz, krisia kudeatzeko PSOEn oinarritzea apustua egiten jarraitzen duen klase agintariko sektoreak ulertzen du egoera objektiboa lehergarria dela eta zentzun horretan, Katalunia dela punturik beroena eta ezinegona urrunago iritsi dena. Hori da, hain zuzen ere, PSC, ERC eta ECP alderdien arteko tripartit hori hain gertagaitza egiten duena. Jessica Albiach komunen hautagaiak eskatzen bazuen ere, Illak berak eman zuen lehertzeko urratsa President aurkeztuko zela iragarriz, ERCk ezin onar baitezake hori.

PSC-ERC Gobernu batek PSOEko sektore espainolista eta erreakzionarioenen erantzun histerikoa eragingo luke. Gainera, PSOE-ERC-UP itun bat oso zaila izango litzateke Esquerrako buruzagientzat justifikatzea, are gehiago indar independentistek inoizko babes parlamentario handiena eta botoen %50 gainditzea lortu ondoren. Oraingoz, egonkortasunari eusteko, Sanchezen estrategia orain arte bezala jarraitzea da, ERCrengan oinarrituz estatuko parlamentuan, eta PSCk "oposizio arduratsua" egiten dio Kataluniako Parlamentuan batasun independentistako gobernu bati, non ERCko bi aldeen arteko moderatzaile lana egingo duen. ERCko eta Juntseko buruzagien helburua CUP batasun nazionaleko gobernu horretan inplikatzea da, ezkerreko haserrea azaleratu ez dadin.

Aurreko adierazpenean esan genuen bezala: "CUPeko kideekin ados gaude 'indarrak metatu' behar direla esatean, baina soilik fabriketan, lantokietan, ikasgeletan, auzoetan, klaseko sindikatuetan eta mugimendu sozialetan bada, eta erreakzioari eta faxismoari aurre egiteko programa bat defendatuz egiten bada, eta eskuin eta sozialdemokrazia katalanistaren politiken aurka konfrontatzen badu".

Konbergentzia osteko espazioaren deskonposizioak eta emaitza horiek erakusten dute ezkerrerako bira nabarmena dela eta langileok eta gazteok nazio askapenerako mugimenduaren zuzendaritza konkistatu dezakegula. Baina planteamendu programatiko argi batekin bakarrik egin ahal izango dugu. Defendatu behar dugun errepublikak herriarentzat izan behar du, ez betiko oligarkiak maneiaturiko bat. Errepublika sozialista bat alegia, bankuak, monopolio handiak, osasun pribatua eta enpresa farmazeutikoak nazionalizatuko dituena, gaur egun parasito multzo baten esku dauden baliabideak mobilizatuz langabeziaren aurka eta enplegu duinaren alde egiteko, kalitatezko hezkuntza eta osasun publikoaren alde, dozenaka mila pertsona hiltzea saihesteko eta etxegabetzeei amaiera emanez etxebizitza duina bermatzeko.

Errepublika horrek herritar guztien gehiengoaren babesa jasoko luke, ez bakarrik Katalunian, baita Estatuko eta Europako gainerako langile eta gazteena ere. Hori da Esquerra Revolucionàriatik defendatzen dugun aukera.

banner altsasu

banner altsasu

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.