Borroka zabaldu eta bateratu behar da austeritatearen aurka eta errepublikaren alde!
Pere Aragonesen inbestiduratik eta ERC-Junts Kataluniako Governaren eraketatik sei hilabete igaro direnean, balantzea garbia da. ERCko eta Juntseko buruzagiek argi utzi dute ez dutela errepublikaren eta amnistiaren aldeko borrokarekin jarraitzeko inolako asmorik, baizik eta Convergenciako Gobernuen ezaugarri izan ziren politika errepresiboak eta murrizketak eta pribatizazioak mantentzen dituztela. Urrats sendoak ematen ari dira jendetzak kaleetatik ateratzeko eta errepublikaren eta independentziaren aldeko borroka desaktibatzeko, Kataluniako egoera politikoa esparru autonomiko berri batean egonkortzeko, PSOErekin bat eginez.
PSOE-UP gobernua eta 78ko erregimena
Joan den urriko PSOEren 40. kongresuak berretsi egin zuen 78ko erregimenaren sostengu sendoa eta Espainiako kapitalismoaren egonkortasunaren berme paregabea izateko hautua. Pedro Sanchezek, Unidas Podemoseko ministroen onarpenarekin, Ibex-35en eta nazioarteko kapitalaren zerbitzura gobernatzen du. Alokairuaren edo faktura elektrikoaren prezioen igoera geldiarazteari uko egin izana edo lan erreforma indargabetzeari uko egin izana dira adibide berrienetako batzuk. Estatu aparatu frankistarekin duen konpromisoa frogatuz, besteak beste, PPrekin hitzartu du Auzitegi Konstituzionala Enrique Arnaldo eta Concepción Espejel bezalako bi epaile ustel eta ultraeskuindarrekin berritzea eta Alberto Rodriguezi (UP) diputatu akta lapurtzea.
Indultuak onartzea eta elkarrizketa mahaia abian jartzea, zalantzarik gabe, Kataluniako askapen nazionaleko mugimenduaren masa mobilizazio nekaezinaren ondorio dira. Baina, aldi berean, Sanchezen estrategiaren parte dira, Katalunian eta Estatu osoan bake soziala eta instituzioen egonkortasuna lortzeko, eta Europako funtsen dirua Kataluniako eta Espainiako kapitalisten poltsikoetara seguru joango dela ziurtatzeko.
Hori egiteko, funtsezkoa da 2017ko krisi iraultzailea ahanzturara kondenatzea. Horregatik, Felix Bolaños PSOEko Presidentetzako ministroak dio prozesu subiranista amaituta dagoela. Eta hain zuzen ere orain agertu dira prest ERCko eta Juntseko buruzagiak PSOErekin itunak egiteko, patronalera eta eskuinera entregaturik dagoenean. Pere Aragonesek adieraztea beharrezkoa dela “erretorika erromantiko octubristarekin haustea”, itzelezko iraina da kaleak hartu eta guardia zibilen, epaileen eta polizien errepresioari aurre egin diogun milioika langile eta gazteontzat. Hau al da U-1 izan zena? Amets erromantiko bat?
Estrategia honetan puntu garrantzitsua izan da Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioa. Juntsek osoko zuzenketa aurkeztu duen arren, errealitatea da bere buruzagiak behin eta berriz luzatu dutela eskua kontuak PSOErekin adosteko. Eta ez da harritzekoa: Junts eta PSC aliantzan daude, udalak kontuan hartu gabe, Bartzelonako Diputazioan eta beste 13 eskualdetako erakundeetan. Baina inplikazio handiena erakutsi duena, eta aurrekontuak “aurrerakoi” gisa hobekien saldu dituena, UPrekin batera, ERCko buruzagiak izan dira. Testuinguru horretan defendatu du ERCk PSOE-UPren aurrekontu antisozialak adeistasunez onartzea, katalanezko Netflixen filmen eta telesailen % 5en truke.
Hizkuntza katalanak bizi duen egoera gero eta okerragoa ez da konponduko gutxieneko akordio barregarri bat onartuz, are ikus entzunezko multinazional nagusiak aurka agertu direnean. Katalana defendatzeko bidea eskola publikoak eta kulturaren sektoreak jasaten dituen murrizketekin eta azpi-finantzaketarekin amaitzea da, eta argitaletxeen eta ikus-entzunezkoen enpresa handiak nazionalizatzea; mozkin pribatuaren grinak talka egiten du zuzenean katalanak literaturan eta plataforma digitaletan duen presentziarekin.
Govern autonomista bat eliteen zerbitzura
Kataluniako Gobernuaren politikek ez dute zalantzarako aukerarik uzten. Juntseko buruzagiak itxurakeriatan ibili ziren Madrilgo Gobernuarekin eratutako elkarrizketa mahaira joan ez zirenean. ERCtik aldendu eta demagogiaz mugimendu independentistan ospea mantendu nahi zuten. Baina, praktikan, bat datoz ERCrekin kaleetako borrokari amaiera emateko eta aldarrikapen demokratiko nazionalak erakunde autonomisten parlamentarismora desbideratzeko xedean. Ez da kasualitatea Juntsek Generalitatearen aurrekontuak PSCrekin adosteko atea ireki izana, ERCk egin duen bezala.
Erretorika gorabehera, Kataluniako Gobernua erakusten ari da bloke sendo bat osatzen duela, errepublikaren aldeko borroka jarraitzearen aurka dagoena eta ekintzaile independentistak erreprimitzen jarraitzen duena. Duela gutxi hasi da Lledonerseko 9en aurkako epaiketa. Kataluniako Gobernuak faltsuki leporatzen dizkie autoritatearen aurkako atentatuak egin izana, eta espetxe zigorrak eskatzen ditu. Akaso errepublikaren alde borrokatzen direnak zapalduz eta espetxeratuz “metatuko al dira -Aragonesek dioen bezala- erabakitzeko eskubidearen aitorpena saihestezina egiteko indarrak”?
Pere Aragonesek Quim Torraren politika kapitalista berberak mantentzen ditu, austeritatea eta zerbitzu publikoen murrizketak barne, orain En Comú Podemen laguntzarekin. Osasungintzak eta hezkuntza publikoak suntsituta jarraitzen dute, eta kontzertuen negozioak, inola ere zalantzan jarri gabe, enpresarien poltsikoak betetzen jarraitzen du. Bartzelonan 20.000 ikasle izan dira ez onartuak Lanbide Heziketan, plaza faltagatik. Haur hezkuntzan, teorian P2ren doakotasuna bermatzera bideratutako 90 milioiak negozio poltsa berri bat izango dira patronalarentzat, ikastetxe pribatuentzako itunak eta funts publikoak bermatuz.
Katalunian, orduoro, etxegabetze bat baino gehiago gertatzen da. Etxebizitza aurrekontua 410 milioi handitu bada ere, 749ra arte, gehiena (387 milioi) etxebizitzak birgaitzeko Europako funtsari dagokio, eta 100 gehiago alokairua ordaintzeko laguntzei. Hau da, funts publikorik gabeko barra libre berria izango da higiezinen agentzientzat eta espekulatzaileentzat. Hori bai, bankuen jabetzako etxebizitza hutsak desjabetzeaz eta etxebizitza publikoen parke bat sortzeaz, ezertxo ere ez. Hori al da Ada Colauk Generalitateari etxegabetzeen arazoa konpontzeko eskatzen zion aukera?
Abortua bezalako eskubideak ez daude mehatxupean Diaz Ayusoren Madrilen bakarrik. ERCren eta Juntsen gobernupean ere bai. Osasun sarean giltzarri diren ospitaleek, hala nola Sant Joan de Déu ospitaleak eta Sant Pau ospitaleak, uko egiten diote abortuak egiteari, nahiz eta jasotzen duten diruaren %85 eta %98 Generalitateko osasun departamentutik datozen. Kataluniako Gobernuak elizaren boterea ospitale askotan bere horretan mantentzea ahalbidetzen du, abortuak egiten dituzten klinika pribatuentzako negozio bikaina ziurtatuz.
Gobernu zentralarekin gertatzen den bezala, propaganda kanpaina amorratu baten aurrean gaude, Generalitatearen Aurrekontuek kapital handiaren poltsikorako diru publikoaren beste uholde bat ekarriko dutela ezkutatzeko, langileentzako eta gazteriarentzako gero eta miseria, prekarietate eta pobrezia handiagoko egoeraren erdian. Horretarako, Gobernu zentralean bezala, Ada Colauren Komunen hitz jarioa izango dute lagun.
CUP eta aurrekontuak. Gaitz txikiagoaren politikak Kataluniako errepublikatik urruntzen gaitu.
Ez da ohizkoa Juntsek proposatutako Ekonomia Kontseilaria den bankari bat hain interesaturik egotea aurrekontuak CUP bezalako alderdi antikapitalistarekin adosteko. Are gutxiago CUPeko militanteak borroka sozial garrantzitsuenen lehen lerroan daudenean. Zergatik gertatzen da hau? Kataluniako Gobernuak bere murrizketa agendan CUPek parte hartzea nahi du, alderdia desakreditatzeko eta asimilatzeko, eta, horrela, bake soziala bermatzen saiatzeko, gobernu zentralean UPrekin gertatzen ari den bezala.
ERCko buruzagiek ez dituzte bete CUPekin sinatutako akordioaren neurri aurrerakoi mugatuak. CUPeko buruek dioten bezala, Kataluniako Gobernuaren eguneroko jardunak ukatu egiten du akordioan hitzartutakoa eta otsailaren 14ko hauteskundeetan eman zen ezkerrerako joaera. Hilabete hauetako esperientziak modu gordinean erakutsi du Kataluniako Gobernuaren politiken izaera kapitalista. Horregatik, bere horretan geratu dira CUPeko diputatuek egin dituzten adierazpen parlamentarioak eta prentsaurrekoak, esan dutenean “Kataluniako Gobernua politikez eta lehentasunez aldatzera animatzen dutela”, edo “Kataluniako Gobernuak ezkerrera bira egiteko proposamenak egiten jarraitzeko prestasuna dutela”.
Kataluniako Parlamentuko iraultzaileen zeregina ez da itxaropenak sortzea ERCren sozialdemokraziak edo Juntsen eskuinak iritzia aldatu dezaketela trebetasun erretoriko edo negoziatzailearen eraginez, ezta gure bizi baldintzak benetan aldatzea posible dela estatu burgesaren mekanismoen -kasu honetan autonomikoen- bidez ere.
Polizia ereduaren inguruko Azterketa Batzordearen presidentetzan Dolors Sabaté ezartzea garaipen handi gisa iragartzeak, esanez “polizia erakundeen gaineko kontrol mekanismo publiko eta independente bat lortzea ahalbidetuko duela”, ez du laguntzen borroka antikapitalista bultzatzen, ezta masen kontzientzia maila igotzen ere; aitzitik, eskuin muturreko elementuez gainezka dauden indar errepresibo ustelak kontrolatu ahal izateko ilusio faltsua elikatzen du. Ikusi dugu Barne Kontseilaritzak Mossos d 'esquadra babesten duela ekintza bortitz eta arrazisten ondoren.
CUPeko diputatuak gutxiengoa dira Parlamentuan, baina horrek ez du justifikatzen politika antisozialak onartzea. Argudio hori bera entzun dugu UPren buruzagien eskutik ere, mobilizazioetako aldarrikapenei uko egitea justifikatzen baitute esanez gutxiengoan daudela gobernuan edo 35 diputatu baino ez dituztela Kongresuan.
Kataluniako Gobernuak CUP inplikatu nahi du bere murrizketen agendan, ezkerreko oposizioa asimilatzeko; horregatik, zuzena eta positiboa da aurrekontuen aurka eman duen botoa. Gaitz txikienaren politika honek ez digu aurrera egiten uzten, baizik eta gure klase-etsaien aurrean desarmatzen gaitu.
CUPek ez du une honetan askapen nazionaleko mugimenduaren zuzendaritza, baina egoera hori irauli egin daiteke taktika zuzen bat aplikatzen bada. Horretarako baina, CUPeko buruzagiek hautsi egin behar dute ERC eta Juntsekin kolaboratzeko politikarekin, Kataluniako Parlamentuaren eta Kongresuaren bozgorailua erabili behar dute kaleetan mobilizazioa bultzatzeko (hori baita benetako garaipenak ematen dituen bakarra), modu aktiboan eta koordinatuan parte hartu behar dute lan gatazketan eta borroketan, borroka horiek zabalduz eta bateratuz, gizartearen eraldaketa sozialistarako programa bat defendatuz. Gobernuak CUP lokatzetan hondoratzeko saiakerak egin ditu, aurrekontu antisozialak onar ditzala saiatuz ziur asko beteko ez diren ogi apurren promesen truke. Horren aurrean, CUPek ezkerreko oposizio irmoa egin behar du kaleetan. Horrela, gehiengoa independentzia eta sozialismoaren ideietarako konkistatu ahal izango da, eta 78ko erregimena behin betiko azpiratu.
Borroka eta antolakuntzarako ordua da!