KAPITALISMOA PLANETA HILTZEN ARI DA. IRAULTZA BEHAR DUGU!
Irailaren 27an krisi klimatikoaren aurka antolatutako nazioarteko ikasle greba erabat arrakastatsua izan zen mundu osoan. 150 hiri baino gehiagotan, milaka eta milaka gazte, langile eta pentsionistak gure ahotsa altxatu genuen sarraski ekologikoaren eta bere arduradunen aurka, goizez ikasleen manifestazioetan eta arratsaldez manifestazio orokorretan.
Gazteak greban, borrokaren lehen lerroan
Euskal Herrian Ikasle Sindikatuak antolatutako greba erabat arrakastatsua izan zen; bigarren hezkuntzako institutuetan %90eko jarraipena lortu zen eta unibertsitateak ia erabat hustu ziren. Goizeko mobilizazioek kaleak hartu zituzten hiriburuetan eta hainbat herritan. Iruñean udaletxeko plaza leporaino bete zen, eta Nafarroako beste hainbat tokitan izan ziren mobilizazioak, Leitzan eta Tuteran esaterako. Gasteizen hiru mila pertsona batu ziren goizean, Bilbon bi mila inguru ikasle irten ziren Arriagako manifestaziotik eta Donostian azken aldiko ikasle manifestazio jendetsuena batu zen zortzi mila gazte ingururekin; ESKko eta erraustegiaren aurkako mugimenduko partaideak ere parte hartu zuten bertan.
Orokorrean, EHn, Kataluniako herrialdeetan, Galizian eta Estatu mailan bi milioi ikasle inguruk hustu zituzten ikasgelak, eta masiboki parteh hartu zuten 40 manifestazio baino gehiagotan: Bartzelona, Valentzia, Vigo, Madril, Sevilla, Oviedo… Manifestazio guztietan senti zitekeen giro borrokalaria, eta ozen entzun zen oihu antikapitalista. Hain zuzen ere, irudi horietan ikus daiteke langile familietako gazteria izan zela mobilizazioko protagonista handia, zuzenean salatu zuean arazoa sistema bera dela: botere ekonomiko handiak etekin ekonomikoa lortzearen truke natura suntsitzeaz gain, hezkuntza publikoa pribatizatu eta murrizketak egiten dizkigute, langabeziara eta prekarietatera kondenatzen gaituzte eta gizartearen gehiengoarentzat miseriazko etorkizuna eskaintzen digu. Kontsigna indartsuenak “kapitalismoa suntsitu!”, “Plantea defenda dezagun, kapitalismoa errudun!” eta erraustegiaren eta AHTaren aurkakoak izan ziren.
Goizeko manifestazioak, arratsaldekoen aurrekariak izan ziren. 18:00tatik aurrera, hirietako kale nagusiak berdez margotu ziren, jendeak egindako pankartaz eta borrokarako grinez. Dozenaka kolektibo ekologistak eta langile eta ikasle sindikatuek antolatutako mobilizazio horiek aurreikuspen guztiak gainditu eta irudi ikusgarriak utzi zituzten.
Hemen ere, saiatu ziren EAJ eta PSEko buruzagiak zurikeria ikaragarriz etiketa berdea jarri eta mugimenduaren adiskide plantak egiten. Esaterako, arratsaldez Donostiako manifestazioan agertu zen EAJko Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatua manifestarien txistu artean, PSEko Denis Itxasok ere egin izan duen moduan. Beraiek izan dira, hain zuzen ere, klima aldaketaren erantzule zuzenak, Zubietako erraustegiaren edota AHTaren bultzatzaile nagusiak eta birziklapenean aurrera egitearen aurkari sutsuak. Ezin onar daiteke, klima aldaketaren aurkako borrokan, ideologiarik ez duela behar esanez denon erantzukizuna dela planteatzea, enpresari handien eta beren zerbitzura dauden politikarien gurdi berean gaudela esatea eta, abstraktuan, belaunaldi arteko auzia dela dioen diskurtsoa.
Kapitalismoan ez dago irtenbiderik
Ingurumenaren suntsipenaren aurkako borroka biziraupen kontua bihurtu da. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) klima aldaketari buruzko azken txostenaren arabera, “gizateriak 12 urte baino ez ditu hondamena saihesteko”.
2019. urtea beroena izanen da 1850az geroztik. Eta hurrengo bost urteotan tenperatura altuagoak aurreikusten dira. Ozeanoak oxigenoa galtzen ari dira, datozen zortzi hamarkadetan itsas-mailak metro erdi bat gora egingo du, egur eta laborantza industriak baso-tropikalak (Amazonian bezalaxe) ustiatzen ari dira suteak eraginez eta Artikoa zein Groenlandia izotzik gabe geratzen ari dira etengabe.
Egoerak okerrera egin du, noiz eta aurrerapen zientifikoek klima aldaketa geratu eta mundua modu jasangarriz bermatzen ahal dutenean. Nolatan da posible? Arrazoia argia da: sistema kapitalista bankarien, kapitalista handien eta espekulatzaileen irabazi ekonomikoak bermatzean oinarritzen da, langabezia masiboaren, prekarietatearen, hezkuntza edo ingurumenaren suntsipenaren kontura.
Munduko gobernu kapitalisten hipokresiak ez du mugarik. Klimaren aldeko goi bilerak antolatu eta ingurumenaren aldeko neurriak erabakitzen dituzten bitartean, meategi, petrolio, gas, siderurgia edo argindar enpresek adostutako neurriak bete ez eta egoera okerragotzen dute.
Kiotoko Protokoloak merkatu bat sortu zuen emisioak erosi eta saltzeko. Herrialde batek gutxiago kutsatuz gero, soberazko emisioak saldu ditzake, eta horrela jarrai dezake planetaren tenperatura igoarazten eta planeta pozoitzen. Logika ero horrek “etorkizun klimatikoak” direlakoak sortarazi ditu, hau da, Burtsan kotizatzen diren balio espekulatzaileak: 2005az geroztik, 9.700 milioitik 45.200 milioietara pasa dira.
“Kapitalismo ekologikoaren” iruzurra
Hainbat hamarkadatan hauxe izan da diskurtso nagusia: “kapitalismoa erreformatu behar dugu, ekologikoago bihurtzeko”, eta bide batez, herritarrei aurpegiratu zitzaien haien kontzientzia falta “kontsumo arduratsua” ez izateagatik. Arrazoi horiek egia estaltzen dute: gehiengoak ez dugu inolako erantzukizunik hondamendi honetan, baizik eta mundua menderatzen duten elite ekonomikoak eta politikoak du ardura osoa.
Stanford Unibertsitateko Mark Z. Jacobsonek gidatutako txostenaren arabera, 2030. urterako haizeak, urak eta eguzkiak sor lezakete munduko energiaren %100. Hala ere, kapitalistek, ez dute inongo interesik horretarako behar diren inbertsioak egiteko. Nahiz eta ekosistemak suntsitzen jarraitu, nahiago dute egungo mozkinak irabazi.
Europako hainbat herrialdetan, “alderdi berdeak” saiatu dira bere burua aurkezten irtenbide gisa. Egia esan, alderdi horiek, gobernura kapitalisten ministerioetako eserlekuak eskuratu dituztenean, murrizketak, errefuxiatuen aurkako erasoak eta NDFk eskaturiko lan kontrarreformak babestu dituzte inongo lotsarik gabe, ingurumena kaltetzen. Horixe bera gertatu da Suedian, Alemanian eta Irlandan.
Estatu espainiarrean, PSOEren gobernuak “Trantsizio ekologikoaren agenda” aipatu du, Eusko Jaurlaritzak berriz “larrialdi ekologikoa”. Hala ere, Pedro Sanchezek, Urkulluk edota Nafarroako zein beste instituzioetako buruek klima aldaketa benetan geldiarazi nahiko balute, aurre egin beharko liekete botere ekonomiko handiei, energia edota hondakin enpresak desjabetuz eta publiko eginez, erraustegi berriak, AHTa, etab. martxan jarri beharrean. Politikan ekintzek balio dute, ez hitzek.
Kapitalismoa suntsitu planeta salbatzeko
Konponbidea ez da kapitalismoa hobeto kudeatzea. Hori utopia atzerakoia baino ez da. Planeta hondamen ekologikotik salbatuko bada, beharrezkoa da monopolio handien eta espekulatzaileen eskuetan diren palanka ekonomikoak desjabetu eta nazionalizatzea.
Meatze, petrolio, argindar eta garraio multinazionalak nazionalizatu eta langileen kontrol demokratikopean jarri beharko lirateke, behar sozialak modu arrazionalez eta ingurumenarekiko errespetuz asetzeko. Horrela egiazko iraultza ekologiko bati hasiera emanen genioke, aparatu produktiboa irauliz eta lanpostu berriak sortuko dituzten industria garbiak sortuz.
Ikasle Sindikatuak gure indar guztiarekin antolatu genuen pasa den irailaren 27ko ikasle greba orokorra, martxoaren 15ean egin genuen moduan. Berriz ere gure errebindikazio guztiak lortzeko indarra daukagula erakutsi genuen. Baina gure mugimendua ahalik eta boteretsuena eta eraginkorrena izateko, borrokarako mugimendu ekologista antikapitalista altxatu behar dugu. Gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatzea hil ala biziko kontua da.
• Zubietako erraustegia gelditu! Birziklatze enpresa publikoak, langileen kontrol demokratikopean. Negoziorik ez ekologismoarekin!
• Energia eta erregaiak sortzen dituzten multinazional guztiak nazionalizatzea eta inbertsio plan publiko bat egitea energia industria erabat ekologikoa eta jasangarria izan dadin. Energia pobreziari ez!
• AHTrik ez! Kalitatezko eta doako garraio publiko eta ekologikoaren alde. Inbertsio masiboa hiriak %100 jasangarriak izan daitezen.
• Automobil, aeronautika eta ontzigintza industriaren nazionalizazioa eta horien eraldaketa ekoizpena bideragarria eta ez-kutsagarria izan dadin.
• Lurraren, abeltzaintzaren eta elikagai prozesamenduen industriaren nazionalizazioa. Ozeanoen ustiatze kapitalistari ez! Elikadura jasangarri, ekologiko eta osasuntsuaren alde, gizarte osoarentzat!
• Langileen eta gazteen osotasunaren kontrol demokratikopean planifikaturiko ekoizpen jasangarria! Munduaren eraldaketa sozialista eta ekologikoaren alde!