Gure biziak jokoan jartzen dira negozioa egiteko. Aski da! Kanpora bota behar ditugu
Otsailaren 6an Zaldibarko zabortegian izandako luiziak azalera atera du EAJk euskal enpresariekin batera osatu duen egitura politiko ustelaren atzean ezkutatzen den zikinkeria guztia. Urkulluren gobernuaren isiltasun konplizeak, bi langileren heriotzaren aurrean erakutsitako mespretxuak eta lehenik eta behin bere administrazioak eragindako hondamendi honek milaka langile eta gazteren haserrea piztu dute. Luizia ez zen istripua izan, iragarritako tragedia baizik. EAJk aplikatzen dituen pribatizazio-politika ustelek eta zerbitzatzen eta elikatzen duen enpresa-harrapakeriak eragiten duten ondorio lazgarrietako bat da.
EAJk eta enpresariek ingurumenaren, gure osasunaren eta geure bizitzaren aurrean duten axolagabekeriak ez du mugarik. Horrela erakusten dute gertakariek. Otsailaren 6an, ostegunean, Zaldibarko zabortegiko luizia gertatu zen, A8 autobidea milaka tona hondakinekin moztuz, kasu batzuetan 4 metroko altuerara iristen zirenak. Luiziak oraindik aurkitu ez diren bi langile hil ditu. Bi biktima horiekin, 13 langile hil dira lanpostuetan aurten 37 egunetan Euskal Herrian. Langileek lehendik ere ohartarazi zituzten pitzadurak eta lur mugimenduak zeudela, eta adituek zabortegia mendi-mazela batean kokatzeak berak zekarren arriskua salatu zuten.
EAJren ereduak erailtzen eta pozoitu egiten gaitu
Administrazioaren lehentasuna autobidea irekitzea izan zen, baina amiantoa agertu zen hondakinen artean nahastuta, legez horrek eskatzen duen tratamendurik gabe, eta "hondakin ez-arriskutsuetarako" lizentzia duen zabortegi batean. Hainbat langile ordu luzez egon ziren material toxiko eta hilgarri horren eraginpean, inolako ohartarazpen eta babesik gabe. Gobernuak bazekien han amiantoa pilatzen zela, baina haren erantzuna isiltasun konplizea izan zen, Verter Recicling 2002 SM enpresarekin batera.
Ordutik hona, gertakari eta informazio berri bakoitzak Eusko Jaurlaritzak (EJ) ezagutzen dituen ustelkeria eta zabarkeria guztiak azaleratu ditu, gure bizitza etengabe arriskuan jartzen ari baitira gure osasunaren kontura negozioak egiten dituztenenei mesede egiteko. Eusko Jaurlaritzaren dokumentu baten filtrazioaren bidez, publiko egin zen 2019ko ekainetik zabortegi horretan egiaztatutako irregulartasunak zeudela, baina ordezkari politiko bakar batek ere ez zuen horri buruzko adierazpenik egin 48 ordu baino gehiago igaro arte. EAJ-PSEko politikarien aitzakia zabortegia enpresa pribatu batek kudeatzen duela izan zen. Noski, EAJ espezialista da ukitzen duen guztia pribatizatzen, eta gero eskuak garbitzen. Hala ere, gertaera larriak onartu behar izan dituzte, hala nola, hamar mila tona amianto baino gehiago biltegiratu zirela, metanoa neurtzeko gailuek ez zutela behar bezala funtzionatzen, zabor isurketa batzuk ez zirela behar bezala egiten -zehaztu gabe zer materiala-, eta zabortegia baimendutakoa baino eremu handiagoa okupatzen ari zela.
Ostiralean zabortegiak su hartu zuen. Berrogeita hamar mila pertsona baino gehiagoren artean kezka zabaldu zen gas toxikoak arnasteko arriskuagatik, Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren isiltasunaren aurrean. Astelehenean, otsailak 10, 92 orduren ostean - Zaldibarren prentsaurrekoan - PSEko Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak esan zuen airearen eta uraren kalitatea ona zela eta ez zegoela arriskurik. Hala ere, ostiralean, otsailak 14, airean zeuden dioxina eta furano kopuruak normala baino 40 eta 50 aldiz handiagoak zirela jakinarazi zuten, arriskurik ez zegoela esanez, baina leihoak itxi eta kirolik ez egitea gomendatuz. Handik gutxira, Realaren eta Eibarren arteko partida bertan behera utzi zutela iragarri zuten, eta inguruko biztanle guztiak arriskuan zeudela baieztatu zuten.
EAJk protestei terrorismoa egotziz erantzun die
Otsailaren hamarrean Urkulluk prentsaurrekoa eman zuen, baina ez Zaldibarrez hitz egiteko, hauteskundeak deitzeko baizik. Gaiaz galdetu ziotenean, harrokeria osoz erantzun zuen "twitter kanpainengatik" ez zuela Zaldibarra joateko asmorik. Bere twitterra, eguneroko jarduerarekin, isilik gelditu zen lur-jausiaren ostean.
Hondamendi honen eta harrokeria erakustaldi honen aurrean, mobilizazioak hasi ziren, hainbat herri eta hiritan elkarretaratzeak eginez. Otsailaren 15ean manifestazio jendetsu batean parte hartu zuten milaka lagunek, "Zaldibar argitzeko" eta Ingurumen sailburuaren dimisioa eskatzeko.
Euskal patronalaren alderdiak erabat justifikaturik dagoen samin horri zuzenean erasoz erantzun dio, bere erantzukizunak ezkutatzen saiatzeko. Ez zuten azalpenik emateko inolako asmorik, baina ez zuten adierazpenetan eskatimatu, "Zaldibarren gertatutakoari egindako kritika sarraskeria politikoa" dela esanez. PP, CS eta Vox alderdien joera berean ETAren mamua atera zuten argitara, estutasunean dagoenean eskuinak egin ohi duen moduan: bere batzokien aurrean (EAJren lokaletan) jarritako zabor-poltsak, gertatutakoaren aurrean protesta egiteko, terrorismotzat jotzen ziren. EH Bilduk Gipuzkoan atez ateko bilketa ezartzen ari zenean ordea, horrelakoak bultzatzen zituenean "protesta zibikoak" ziren. Orain, euren batzokien aurrean uzten direnean terrorismoa da.
Hala ere, Urkulluk burua makurtu behar izan du hauteskunde atarian leherketa sozial bat saihesteko. Otsailaren 12an, asteazkenean, Zaldibar bisitatu zuen azkenean. Beranduegi ezer baretzeko. Astelehenean, hilak 18, Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin behar izan zuen, "egin ahal izan ditugun akatsengatik" barkamena eskatuz, Juan Carlos erregearen estilo hutsean, baina kritikatzen dituztenen biktima gisa aurkeztu nahian, "arerio politikoa ahultzeko presa dutela" esanaz. Horrela zioen zen Egibarrek, Gipuzkoako EAJko arduradunak, bere defentsa tristean, argudiatuz "munduko politikan miserablea izatea modan jarri dela, baina ez zekiela hemen ere hala izango zenik". Ondoren, PSEko Arriola Ingurumeneko sailburua agertu zen, Eusko Jaurlaritzaren jarduna justifikatuz, baita enpresarena ere, ezer ez zela pintatu zen bezain larria adierazteko.
Euren gezurren, ustelkeriaren eta negozioen aurka. Kanpora bota behar ditugu, kaleetako mobilizazioaren bidez!
Eskandalu horretan euskal eskuinaren enpresari lagunei zerbitzuen negozioa emateko sare ustela ere azaleratu da. Klientelismo, ate birakari eta ustelkeria politikoko sare oso bat da. Besteak beste, Victor Bravo, De Miguel, Epsilon, Montai, Dennokinn, Bakio, Pinosolo, Balentziaga, Pasaia, Osakidetza, Marguello, Juan Luis Pagaldai, Zubiaurre, Hiriko… zerrenda luzera gehitzen da. Hondakinen kudeaketa izugarrizko negozioa da, eta kasu honetan ikusten den bezala, zikinkeria guztia bistatik ezkutatzeko balio duen alfonbra ere bada.
Iazko udan "larrialdi ekologikoaz" hitz egitera atera zen Urkullu. Horrek ez du saihestu gasa ateratzeko Gasteizko putzu bat (Armentia II) zulatu nahi izatea, edo Zubietako erraustegia martxorako irekitzea Gipuzkoan. Erraustegia kudeatuko duten enpresa pribatuak lotuta agertu dira Zaldibarko iskanbilan. Milaka gazte eta langile mobilizatu gara urteetan erraustegiaren proiektu honen aurka, diru publikoaren lapurreta eta ingurugiroaren eta gure osasunaren aurkako atentatua suposatzen duena. Hala ere, EAJk eta PSEk erraustegia beren bandera politiko bilakatu dute, prestazio teknologikoek osasunean eragin kaltegarri oro saihestuko dutela ziurtatuz. Erraustegi guztien esperientzia justu kontrakoa da. Nola sinets genezake jeltzaleen hitza zabortegi honetan gertatutakoaren ondoren? Erraustegiak zabor guztia erre nahi du, enbarazurik egin ez dezan, baina erraustegiaren funtzionamenduak berak eskatuko du plastikoak masan erretzea gehigarri toxikoekin. Ikusi dugu arnasten dugun airearen aurrean duten axolagabetasuna. Eta nora joango dira hondakinak?
Zaldibar ez da kasu isolatu bat. EAJren eredua agerian utzi duen luizia da: irabazi ekonomikoak bermatzeko "denak balio du" eredua da, nahiz eta langileen bizitzak aurretik eraman, nahiz eta gure ingurumena eta gure osasuna suntsitu. Apirilaren 5ean aukera bat izango dugu hautestontzietan horiek kolpatzeko. Baina zalantzarik gabe kalte gehien egiten diena errealitate gordina mahai gainean jartzen duen eta bere hipokrisia salatzen duen mobilizazio soziala da. Hala frogatu zen joan den hilaren 30eko greba orokorrean, eta hala frogatu da orain ere. Horregatik, ezin gara erori hauteskundeak egoteagatik mobilizazioa bertan behera uzteko tranpan.
Mobilizazioa bultzatu behar dugu bere murrizketa eta pribatizazio politika kapitalisten aurka zuzenean seinalatuz, gure eskubideen defentsan, eta bere eredu kapitalistaren aurrean alternatiba kontsekuente bat defendatuz. Euskal patronala, enpresaburu eta bankari handiak eta haien ordezkari politikoak aurrez aurre jarriko dituen alternatiba iraultzailea behar dugu, ingurumena eta gure osasuna enpresarien irabaziak baino askoz garrantzitsuagoak direlako.