Kapitalismoa birusa da planetarentzat
Abenduan Wuhan hirian Covid-19a agertu zela jakin zenetik, 271.000 pertsona baino gehiago hil dira munduan birus horren ondorioz, eta datu ofizialen arabera (ez dira benetakoak), 3,8 milioi kutsatu baino gehiago daude. Halere, mikroorganismo batek bakarrik ez du pandemia azaltzen. Azken asteetan, mundu osoko zientzialari askok adierazi dute birus hori eta beste asko agertzea (Ebola, GIB, etab.) lotuta dagoela planetako biodibertsitatea suntsitzearekin eta planetako etorkizuneko bizitza mehatxatzen duen klima aldaketa areagotzen ari dela.
Biodibertsitatearen suntsitze hori dago animalia eta landare espezie askoren desagerpenaren atzean. Arazoaren tamaina hain da handia, ezen seigarren iraungitze masiboa deitzen diote, duela 66 milioi urte dinosauroak desagertu zirenetik gertatzen den lehena. Ekoizpen modu kapitalistak eragindako klima aldaketak hainbesteko eragina du lehorreko ekosistemetan, non adituek dagoeneko Antropozeno izeneko aro geologiko berri bat aipatzen duten, gizakiak planetan duen arrastoak zehazten duena.
Oraingo hau iragarritako pandemia bat izan da: 2016an, Etorkizunerako Osasun Arriskuen Esparru Globalari buruzko Batzordeak ohartarazi zuen datozen ehun urteetan gizateriak lau pandemiari edo gehiagori aurre egin beharko diola; 2018an, Osasunaren Mundu Erakundeak gobernuen arreta erakarri zuen une horretan identifikatu gabeko birus batek eragindako X gaixotasunaz eta horrek eragin dezakeen pandemiaz ohartarazteko; eta aurtengo otsailean, berriz, Davoseko Munduko Foroak Arrisku Globalen Txostena (1) argitaratu zuen, eta bertan, egungo biodibertsitatearen galera eta gizakiak eragindako ingurumen-hondamendiak mehatxu gisa aurkeztu zituen
Ekoizpen kapitalista da deforestazioaren errudun
Aurreko mendean elikadura negozio handi bihurtu zen, eta ekoizpen intentsiboa garatu zen. Elikagaien multinazionalek planetan egiten duten zuhaitz-mozketa masiboaren ondorioz, milaka nekazari beren lurretatik bota eta animalia espezie askoren habitatak suntsitzen dituzte, gizakiarekin partekatu behar dituzten beste eremu batzuetara ihes egin behar izaten baitute.
Palma olioa ateratzeko, Afrikako palmondoaren laborantzek Indonesian bakarrik 20.000 hektarea baso eta oihan suntsitu eta ingurumenean ondorio latzak eragin dituzte. Era berean, Latinoamerikako soja transgenikoaren landaketak beste adibide bat dira; batez ere, Kolonbian, Argentinan eta Brasilen baso-soiltze masiboa eragin dute landaketa horiek. Adibide horiek erakusten dute kapitalismopean giza ekintzak ingurumen-hondamendia eragiten duela.
Baina basoak ez dira landaketetarako bakarrik suntsitzen. Iazko udan Amazonian piztutako suteek milaka hektarea erre zituztenean ikusitako irudi izugarriek agerian utzi zuten, ezerk ez dituela geldiaraziko kapitalistak beren irabaziak lortzeko bidean— ez planetaren birikaren kontserbazioak, ez suteen hauts narritagarria eragin zuten osasun arazoek —. Bolsonaro boterera gaur egun Amazoniako baso tropikala aziendarentzako larre bihurtzeko erretzen duten abeltzainen laguntzarekin iritsi zen. New York Times egunkarian 2019ko azaroan argitaratutako artikulu baten arabera (2), Brasilen 200 milioi abelburu inguru hazten dira, eta 45 milioi hektarea baso larre bihurtu dira azken hamarkadetan Yale School of Forestryren arabera.
Egunetik egunera gero eta argiago dago dibertsitatearen galerak guztioi eragiten digula eta ekosistemak suntsitzea gure osasunerako mehatxua dela. Pairatzen ditugun gaixotasun asko ingurumenaren hondatzearekin lotuta daude.
Kutsadurak hil egiten du
Adibide bat planetako hiri handietan dugu eta garapen kapitalistak horiek hazteko izan duen moduan. Industria Iraultzaren hasieratik, eta batez ere XX. mendearen erdialdetik, landatik hirira migratzeak hiri kutsatu eta kutsatzaile bihurtu ditu gure hiriak. Kutsadura maila gero eta handiagoa da, eta urtero milaka pertsona hiltzen dira biriketako arazoengatik. Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteak "inor ez dela hil" esan arren, errealitatea oso bestelakoa da: Europako Ingurumen Agentziaren datuen arabera, 2015ean 5.416 pertsona hil ziren Madrilen kutsadura handiaren ondorioz.
Gainera, lotura estatistiko bat dago Covid-19agatiko kutsaduraren eta hilkortasunaren artean; halaxe erakusten du Harvardeko Unibertsitateak (3) AEBetako hainbat estatutan koronabirus horrek hildako pertsonekin egindako ikerketa batek. Egileen arabera, PM2.5 partikuletan (osasunarentzat kaltegarrienak dira, besteak beste diesel ibilgailuen emisioek eragindakoak) 1μg/m3 soilik gehituz gero, hilkortasun-tasa %8 handitzen da. Hori da, hain zuzen ere, hiri handien errealitatea: Covid-19k eragin handiena bertan izan du, bai heriotzen eta bai kutsatzeen kopuruan.
Azken hamar urteetan, berotegi-efektuko gasen isurketa %1 inguru hazi da urtero, eta 2019an izan da karbono dioxido gehien isuri duen urtea, erregistratuta daudenetik. Atmosferara 36.800 milioi tona CO2 isuri dira, 2018an baino %6 gehiago; horren ondorioz, ozeanoak hil egin dira azidotzearen ondorioz, eta itsas faunaren zati handi bat desagertu egin da eta koralak zuritu egin dira, ozeanoko tenperaturak gora egin duelako.
Beraz, osasun krisi honek baieztatu du kapitalismoak planeta ere hiltzen duela. Ekoizpen-sistema kapitalista moteltzen denean, planetaren ingurumen-egoera hobetu egiten da. Milioika pertsona konfinatu direnean, munduko herrialde askotan ekoizpena eten egin da, eta horrek berotegi efektuko gasen isurketak murriztu ditu. Era berean, hirietako trafikoa jaitsita, nabarmen murriztu da nitrogeno dioxido (NO2) maila ere, eta horrek airearen kalitatea hobetzea dakar. Madrilen %64 eta Bartzelonan %83 murriztu dira maila horiek.
AEBetako Energia eta Aire Garbiaren Ikerketa Zentroak (EAGIZ) adierazi duenez, Txinako konfinamenduak %25eko murriztu zuen CO2ren isurketa, hau da, %6ko murrizketa maila globalean. Berrogeialdiko egun hauetan ikusi dugu, halaber, animaliak herri eta hiri batzuetako kaleetan agertu direla, ez baitago ez autorik ez zaratarik haiek uxatuko dituenik, eta baleak eta izurdeak bezalako itsas ugaztun handiak kostaldera hurbildu dira, itsas trafikoa ere murriztu delako. Hala ere, irudipen bat besterik ez da hori, eta, nahiz eta inoiz baino argiago geratu den ekoizpen modu kapitalistaren inpaktuak hondamendi ekologikoa dakarrela, egoera berera itzuliko gara kapitalismoaren interesak —gutxi batzuen onurak— gehiengoaren interesen eta osasunaren gainetik jartzen jarraitzen badugu.
Kapitalismoa ez da inoiz ekologikoa izango
Duela hilabete gutxi, Gobernu askok “larrialdi klimatikoari” buruzko adierazpen potoloak onartu zituzten. Orain aukera bikaina dute egoerari aurre egin eta planetaren salbazioa beste ezeren gainetik jartzeko. Baina hori ez da posible ekoizpen kapitalistaren modua suntsitu ezean, gizarteak sortutako aberastasun guztia gutxiengo baten esku baitago, eta gutxiengo horrek bere etekina atera nahi du, ez bakarrik planetako baliabideetatik, baita langileen sortzen duten gainbaliotik ere.
Lurraren gehiegizko ustiapena Industria Iraultzaren ondorioz sortu zen. Marxek natura gizakiaren gorputz inorganiko bezala ulertzen zuen, zeinarekin etengabeko elkartrukean egon behar duen ez hiltzeko. Gizakiak eta naturak etengabeko orekan egon behar dute, baina oreka hori ezinezkoa da sistema honetan. Beraz, kontua ez da kapitalismoa hobeto kudeatzea, kapitalismoa suntsitzea baizik. Premiazkoa eta beharrezkoa da ekonomiaren palanka nagusiak desjabetzea eta herritarren eta langileen kontrol demokratikopean jartzea. Modu horretan bakarrik planifikatu ahal izango litzateke ekoizpena irizpide zientifiko eta sozialei jarraiki, biztanleriaren gehiengo zabalaren mesedetan, jasangarritasuna bermatuz, planetako baliabideak eta aberastasunak berreskuratuz. Gizadiaren emantzipazioa eta Lurraren salbazioa eskutik doaz.
(1) https://bit.ly/2zxvSHA
(2) https://nyti.ms/2SYr19p
(3) https://bit.ly/3ctpIqA