Banka, energia enpresak eta sektore estrategikoak nazionalizatu behar dira langile kontrolpean

Europako eta Estatu Batuetako ekonomia kaltetuetara txertatuko diren diru kopuru ikaragarriek kapitalismoak egun bizi duen krisiaren sakontasuna ulertzea baimentzen digute. Mundu osoan zehar hedatu den pandemiak espero gabeko geldialdia eragin du nazioarteko merkatuan, baina era berean neurri izugarriak legitimatu ditu covid osteko berreskurapenaren izenean eta hainbeste promozionatzen duten eredu berde, digital eta jasangarrirako trantsizioaren izenean.

Birusa gainbehera ekonomikoaren errudun nagusi gisa aurkezteko operazio mediatiko handia disparate hutsa da eta ez du kontuan hartzen sistema harrapari honek lehendik metaturik zuen krisiaren benetako oinarria eta sakontasuna. Hain zuzen ere, ekoizpen baliabideen jabetza pribatuan oinarritzen den sistema kapitalistaren ezinbesteko garapena da mundu mailako langile klasea larrialdi egoerara eraman duena, ezegonkortasun klimatikoa hareagotu duena eta ezin duena etorkizuneko belaunaldi gazteenei etorkizunik bermatu.

Europako elite burgesak Next Generation programa jaurti du, 2021-23 urteetan zehar eurobonoetan 750.000 milioi emititzeko. Helburua “jasangarritasuna eta erresilientzia bultzatzea, COVID-19ak sortutako kalteak erreparatzea eta lehentasun berdeak eta digitalak babestea” izango dela esan dute1. Kopuru osotik 360.000 milioi maileguetara bideratuko dira eta 390.000 funts galduko diru laguntzak izango dira. Desberdin banatuko dira Estatuen artean eta Italia eta Estatu espainiarra izango dira hartzaile nagusienak, kaltetu handienak izan baitira 2020an. Gobernuak emandako datuen arabera Estatu espainiarrera 140.000 milioi euro bideratuko dira, horietatik 67.300 maileguetan eta 72.700 funts galduko diru laguntzetan.

Kontuan hartuz Estatu espainiarraren zor publikoa 2020an 122.000 milioi euro hazi zela eta denera 1.311.298 milioikoa dela2, funts horiek ez dute hainbestekoak ematen. Gehiago zehaztuz, Estatu espainiarrari hiru urte hauetako bakoitzean dagozkion diru laguntzak 27.000 milioi inguru lirateke eta urtero zorraren interesetan 31.675 milioi ordaintzen dira.

Horrela beraz, kopuru astronomikoak izan arren, ezin dute konpentsatu pandemiarekin etorri den gelditzea eta ez dira nahikoa izango eredu ekonomiko jasangarriagorako trantsizio proiektu handinahi hori garatzeko. Baliabide publikoen apropiazio maniobra baten aurrean gaude, baina 2008an bankaren sektoreari erregalatu zitzaizkion 65.000 milioiak baino handiagoa.

Multinazionalak onuradun nagusi. Zor publikoa handitu irabazi pribatuak bermatzeko.

Next Gen funtsen gehiengo handia ez da bideratuko prekaritateate itzela jasaten ari diren eta ezinbestekoak diren sektoreetara, zaintza, osasun edota hezkuntza publikoetara. Diru laguntzak kapitalismo berde eta digitalerako ustezko trantsizioa saltzen ari diren sektore konbentzionaletara joango dira, automozioa (kotxe elektrikoa), telekomunikazioak (5G famatua), energia enpresak (berriztagarriak eta hidrogeno “berdea”) edota turismoa berpizteko.

Funts horiek lortzeko prozesu burokratikoak oztopo argia izango dira enpresa txiki eta ertainak onuradun izateko. Gobernuek Deloitte bezalako kontsultora handietan delegatuko dituzte finantzaketa eskaerak kudeatzeko lanak.

Euskal Herrian baditugu bi adibide argi, enpresa oso kutsakorrena aurpegi garbitze berdea egiten. Lehena, hidrogeno berdeko instalazio bat eraikitzeko plana da Muskizko Petronorren findegian, Repsolen filiala dena eta bere bultzatzailea Josu Jon Imaz duena, EAJko buruzagi ohia. Proiektu hori ez zen ekonomikoki errentagarria izango diru laguntzengatik ez balitz, eta ez da errentagarria izango maila energetikoan eta ingurumenarentzat. Pedro Prieto3 baliabide energetikoetako adituak azaltzen duenez, hidrogeno “berdeak” erregai fosilak erretzea inplikatzen du aurretik eta ez da energia ekoizle bat, bektore bat baizik.

Bigarrena, kapitalismo berdearen beste proiektu izarrarekin dago lotua. Gasteizko Mercedes Benz lantegiko arduradunak, Emilio Titosek berak esan zuen, oso eskari baxua izan arren, auto elektrikoak fabrikatzen dituztela ohiko automobilen ekoizpen kupoak handitzeko, Europaren deskarbonizaio irizpideak jarraituz4. Automozioaren sektoreak bere buruari errezetatzen dion laguntza da, urteetan zehar erortzen ari den une batean.

Ondorioak langile klasearentzat. Murrizketak eskubide sozialetan, pribatizazioak, lan prekaritatea eta langabezia

Noski, Bruselastik trasferituriko dirutza honek ondorioak edukiko ditu tokiko ekonomientzat eta langile klasearentzat. Hasteko, horiek jasotzea erabat loturik dago etorkizunean zerbitzu publikoetan murrizketak egiteari, pribatizazioei eta lan eskubideak prekarizatzeari.

Aldi baterako eten dute 2011ean onartutako “Egonkortasun eta Hazkuntza Ituna”, ustezko salbuespen batean gaudelako esku-hartze handiagoarekin erantzun behar zaiona, hau da, gastu sozial eta zorpetze gehiagorekin, ERTEkin gertatzen den bezala. Baina neurri horren itzulera -PP eta PSOEk akordatu zutena Troikak ordezkaturiko banku espekulatzaile handiei zorra ordaintzea lehenesteko- berehalakoa da eta biderkatuta dator langile klasearen kaltetan.

Estatu espainiarra 20202an Europar Batasuneko defizit publiko handiena izatera iritsi zen, BPGaren %11, zor publikoa BPGaren %120koa da eta, Bruselasen arabera, hazten jarraituko du 2030ean %140ra iritsiz5. Horregatik Bruselasek esplizituki egiturazko hersturak egitea eskaten du urtero, aurtendik hasita, zorra BPGaren %60ra jaitsi arte.

Krisi gogorreko testuinguruan austeritate politiketara eta lan eta pentsio kontraerreforma gogorragoak egitea da asmoa. Langile klaseari eskuak lotu nahi zaizkio 2059ra arte ordaintzen egotea aurreikusten den zorrarekin -baldin eta inflazioak ez badu egoera okertzen- bermatzeko gutxi batuzen irabazi ekonomikoak gora egiten dutela etengabe.

Proiektu hauek benetan arduratzen al dira ingurumen krisiarekin?

Energia eta garraio sektoreek energia berriztagarrien aldeko apustuaren atzean iruzur propagandistiko handia dago: ideologo horiek diote posible dela hazkuntza ekonomikoa desakoplatzea lehengaien kontsumotik, iraultza digitaletik egindako aurrerapen teknologikoei esker. Hau da, posible dela kapitalismoak naturarekin errespetuz jokatzea. Egia esan, ustiatzeko lehengaien aldaketa hutsa da, hidrokarburoetatik lur arraroak deritzenetara pasatzeko: 70 mineral ezinbestekoak dira objektu elektroniko orok duen prozesagailu eta eroale guztiak eraikitzeko.

Teknologia horiek, betiereko hazkuntza ekonomikoaren defendatzaile sutsuen arabera, kapitalismoaren aurpegi atsegina eratuko dute, ez baitu ia baliabiderik alferrik galduko eta ingurumena kaltetuko, efikaziaren garapen esponentzialaren bitartez.

Ez dena esaten da metal gutiziatu horiek meatzaritza ikaragarri erasokorra eragiten dutela eta meatzeak mundu osoan zabalduko direla, herrialde pobre zein aberatsetan. Jada ikus daiteke arazoa mikrotxipen gabezian6. Meatzaritza ingurumenarentzat jarduera mingarrienetakoa da eta gatazka sozial handienetakoa sortzen duena. Gainera, ez da energia berriztagarriekin funtzionatzen duen makinariarekin gauzatuko, gasoila erabiltzen dutenekin baizik, eta prozesatzeak ikatza beharko du eta garraioak gasoil gehiago.

Bestalde, hamarkada hau krisi energetiko handiak markatuko du. Hori da elite burgesa konponbideak bilatzera mugiarazten ari den arrazoi nagusietako bat, baina arazoak komunitate zientifiko independientearen arabera ez du konponbiderik7; ez behintzat egungo ordena sozioeonomikoa egituratuta dagoen bezala.

Globalizazioaren merkataritza torlojuak mugiarazten dituen petrolioa gainbehera argian dago: energetikoki eta ekonomikoki errentagarrienak diren hobiak agortzen ari dira. Horregatik, sektoreko enpresak urteak daramatzate petrolio-hobi berriak esploratzeko inbertsioak murrizten8 eta beste sektore batzuk bilatzen mozkinak lortzen jarraitzeko, energia berriztagarriak esaterako.

Konponbidea ez da sektore pribatua funtsekin dopatzea. Ekonomia planifikatuko eredua behar dugu, kontrolpe demokratikoan

Osasun, ekonomia eta ingurugiro krisiari ezin zaio funts publiko mordo hauekin aurre egin, multinazional handien irabaziak erreskatatzera bideraturik baitaude, langile klasearentzat murrizketa eta austeritate gehiago ezartzearen kontura.

EH Bilduko buruzagiek akats larria egin dute funtsen dekretua babestu dutenean eta EAJri eskua luzatu diotenean horien banaketa elkarrekin defendatzeko Madrilen. Funts horiek udaletxeetatik denen ongizatearentzat erabili daitezkeela esatea, “duen kolorea dena delakoa izanda”, edota zerbitzu publikoak hobetzeko erabil daitezkeela esatea, burgesia europarraren iruzur handia abalatzea da. Funts horiek, esentzian, aurreko politika kapitalisten errepikapena dira, krisia langile klaseak ordain dezan.

ELAk EH Bilduren jarrerari egindako kritiken harira berriz, funtsen aurkakotasunean egokia izan arren, alternatiba zein den planteatzera eramaten gaitu. Sindikatuko zuzendaritzak aberastasunaren banaketa defendatzen dute eta horretarako, aberatsei zergak igotzea. Baina jada jasaten ari gara baliabide publikoen lapurreta itzela, enpresariek lanpostuak suntsitzen dituzten bitartean eta ekoizpena deslokalizatzen dutenean langileak gehiago eta hobeto esplotatu daitezkeen herrialdeetara! Lehenik eta behin, behar duguna lanpostu horiek eta baldintza duinak borrokaren bidez defendatzeko estrategia da eta bigarrenik, benetako alternatiba bat, ekonomia bideratzen duena ez dadin izan aberaste pribatua behar sozialen gainetik. Hau da, gizartearen eraldaketa sozialista behar dugu, non erabakitzeko boterea langile klasearen baitan egongo den.

Horregatik, sindikalismotik oso mugatua geratzen da ezkerreko alderdi politikoei kritika antikapitalista egitea, baldin eta gero, uko egiten bazaio klaseko ikuspegi politikoa duen sindikalismo bat praktikatzeari, hau da, gatazka isolatuetara mugatu beharrean, langile klasearen osotasuna kontuan hartuz planteatu behar da borroka-estrategia antikapitalista argia.

Argi dago larrialdi-egoera hau ezin dela konpondu honaino ekarri gaituzten ekinbide berberen bidez. Sektore estrategikoak langile kontrolpean nazionalizatzeko apustu sendoa egingo duen ezker borrokalari sozialista eraiki behar dugu, ekonomia planifikatzeko, ustiaketa kapitalista ororekin amaitzeko, eta bizi garen planeta babesteko, beranduegi izan baino lehen.

Oharrak

1.Comisión Europea, Recovery plan for Europe, 11 de noviembre de 2020.

2. Elaboración propia según los Presupuestos Generales del Estado de 2021.

3. https://www.15-15-15.org/webzine/2020/12/07/un-breve-analisis-de-la-eficiencia-de-ciclo-completo-de-la-economia-del-hidrogeno-verde/

4. https://www.naiz.eus/es/info/noticia/20210301/fabricar-coches-electricos-para-poder-producir-mas-coches-convencionales

5. https://www.elconfidencial.com/economia/2021-02-08/bruselas-dispara-deuda-publica-espana-140-pib-2030_2939771/

6. https://www.naiz.eus/es/info/noticia/20210307/la-escasez-de-chips-empuja-hacia-la-soberania-productiva

7. Ikus, Petrocalipsis. Crisis energético global y como (no) la vamos a solucionar. Antonio Turiel. 2020. Ed. Alfabeto.

8. https://www.eleconomista.es/energia/noticias/10915709/11/20/Repsol-quiere-salir-de-su-negocio-de-exploracion-en-Rusia-Malasia-e-Irak.html

 

 

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.