Alderik alde, planetako lurralde guztietan geroz eta nabarmenagoa da sistema kapitalista eragiten ari den ingurumen suntsiketa. Greziako edota Kaliforniako sute izugarriak, Kanadan eta mendebaldeko AEBn egin dituen bero boladak, lurralde artikoaren urtzea, Mar Menorrean hildako tonaka arrainak, birusen eta pandemien hedapena… erritmo geldiezinean aurrera doan suntsiketa klimatikoaren kronika dira. Birusen eta pandemien ugaritzea ere, Covid-19rena kasu, biodibertsitatearen suntsiketarekin erabat lotuta dago.

NBEren Klima Aldaketari buruzko Gobernu Arteko panelaren (IPPC) azken txostena izugarria da: "Kliman ikusitako aldaketa askok ez dute aurrekaririk milaka urtetan, ehunka mila urtetan ez bada". Hala ere, klima aldaketa ez da inondik ere jainkoen zigorra. Ekosistemaren gaineko ekoizpen kapitalistaren jarduera suntsitzailearen eta merkatu ekonomia deritzonaren sostengu diren gobernuen konplizitatearen emaitza da.

Hondamendi klimatikoa, hondamendi kapitalista

Enpresa handiek eta oligopolioek planeta suntsitzeko duten erantzukizunari buruzko datuak ezin dira gehiago ezkutatu. Egoera honen erruduna ez da "gizateria" orokorrean, kapitalistak dira: erregai fosilen 20 enpresak mundu mailan berotegi efektuko gasen isurketen herena sortzen dute eta 100 multinazionalek CO2aren % 80 isurtzen dute.

Gobernu guztiek, izan eskuinekoak edo sozialdemokratak, behin eta berriz esaten dute klima aldaketa geldiarazteko neurriak hartzen ari direla. Gezurra! Klima gailurrek porrot egin dute, izan ere, planeta suntsituz poltsikoak betetzen dituzten horiek antolatu eta kontrolatzen baitituzte. EAJk berak sarri asko hitz egiten digu ekologiaren defentsaz, AHTa eta erraustegia inposatzen dituen bitartean eta ehunka kaleratze defendatzen duenean Tubacexen eta hainbat lantegietan Ertzaintzaren bortizkeria erabiliz. Josu Jon Imaz bezalako politikari jeltzaleen zerrenda luzea dago multinazional eta enpresa kutsatzaileenen buruzagitzan.

Elektrizitate, gas eta petrolio enpresen, bankuen eta ehungintza eta elikagaien enpresa handien adierazpen eta propaganda ekologistak erabateko iruzurra dira. "Berdea" modan dago iragarki guztietan, baina iritzi publikoa engainatzeko trikimailu lotsagabe bat besterik ez da. Hitz zinikoak, beren jarduera kriminalaren pisua herritarren sorbaldetan deskargatzeko, eta bide batez pobrezia energetikoa hedatzen jarraitzeko.

Horrelakoa da kapitalismoaren logika: gutxi batzuen irabazi handiek agintzen dute gehiengoaren behar sozialen eta ingurumenaren gainetik.

Planeta salbatzeko sistemarekin hautsi behar da: greba klimatikoa irailaren 24an!

Kapitalismo berdea benetako iruzurra da eta porrot egin du. Gobernuek eta enpresek bizi dugun hondamendia geldiarazteko egiten duten ekintzan konfiantza izatea akatsa da. Gure indarretan eta borrokatzeko eta mobilizatzeko gaitasunean bakarrik oinarritu gaitezke. Horregatik, Ikasle Sindikatuak irailaren 24ko nazioarteko ikasle greba klimatikora dei egin du, beste borroka egun aitzindari bat bihurtzeko.

Zapalkuntza kapitalistari amaiera emanez soilik, multinazional handiak herritarren kontrol demokratikoaren pean nazionalizatuz, planifikatu daiteke ekonomia premia sozialei erantzuteko, osasuna eta hezkuntza publikoa, guztiontzako etxebizitza eskuragarria eta duina, prekarietaterik eta miseriako soldatarik gabeko enplegua eta ingurumena errespetatzen dela bermatuz. Gizartearen eraldaketa sozialistarekin bakarrik lortuko dugu ingurumena suntsipen segurutik babestea eta justizia soziala eta klimatikoa bermatzea.

banner altsasu

banner altsasu

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.