Kapitalismoa planeta hiltzen ari da. Erantzun beharra daukagu!
Baso suteek marka berriak hautsi dituzte uda honetan. Dagoeneko 2022an, ia 300.000 hektarea kiskali dira Estatu espainiarrean, azken lau urteetan erretako guztia baino gehiago, eta bero boladak 2.200 heriotza eragin ditu. Europan 500 urtetako lehorterik gogorrena izan da; urik gabe geratzen ari diren ibaiak eta hildako urtegiak; Artikoaren eta ozeanoen berotze larria; bizkortzen ari den deforestazioa eta biodibertsitatearen suntsipena, enpresa handiek eta inbertsio-funtsek mozkin handiagoak lor ditzaten.
Hau ez da inolaz ere zorigaiztoko kasualitatea. Gobernuen eta botere ekonomiko handien erabateko pasibotasunaren aurrean azkar aurrera egiten duen klima aldaketaren ondorioak dira. Horrela jarraituz gero, sistema kapitalistak eta nazioarteko burgesiaren irabazi ekonomikoen grinak gosetean eta pobrezian hondoratuko dute biztanleriaren gehiengo handia.
Ikasle greba irailaren 23an. Ez dugu etsiko!
Ingurumenaren suntsiketa sistematikoak erantzule argiak ditu: mundu mailan, erregai fosilen 20 enpresek sortzen dute berotegi efektuko gas emisioen herena, eta 100 multinazionalek isurtzen dute CO2-aren %80.
Petrolioaren, argindarraren eta meatzaritzaren enpresek eta haien zerbitzura dauden gobernuek konbentzitu nahi izan gaituzte badagoela “kapitalismo berdea” delakoa. Nazioarteko erakundeen konplizitatea izan duen iruzur ikaragarri horren harira adierazpen handiuste asko egin dira goi bilera klimatikoetan. Baina korporazio kapitalista handiek inpunitate osoz jarraitu dute gure planeta suntsitzen.
Orain, Ukrainako gerra inperialistaren eta atzeraldi ekonomikoaren testuinguruan, krisi klimatikoa bigarren mailara igaro da. Gobernuen lehentasun osoa euren kapitalistei ahalik eta etekin handienak ziurtatzea da. Inoiz baino ageriago dago sistemaren izaera irrazionala.
Egoera muturrera iritsi da. Horregatik, Ikasle Sindikatutik dei egiten dugu nazioarteko ikasle greba klimatikoa egitera irailaren 23ko ostiralean. Hustu ditzagun gelak eta bete ditzagun kaleak 12:00etako manifestazioetan! Borroka egun ikaragarria izango da berriro mundu osoan zehar.
Ezinbestekoa da kapitalismoak sortzen duen kaosarekin amaitzea eta premiazko gizarte politikak aplikatzea -bankuak eta energiaren multinazional handiak nazionalizatzea- ekoizpena planifikatzeko ingurumena errespetatuz. Horrela, ekonomiak ez luke helburu bakartzat izango aberats apur batzuentzako ahalik eta etekin handiena lortzea, eta gizarte premiak konpondu ahalko lirateke: osasun eta hezkuntza publikoa, etxebizitza duina guztiontzat, prekarietaterik eta miseriazko soldatarik gabeko lanpostuak. Justizia soziala eta klimatikoa lortzeko eta gure planeta suntsipen ziurretik babesteko, gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatu behar dugu. Ez dago beste modurik.