Cristina Cifuentes Espainiako Gobernuaren Madrilgo ordezkariak Hipotekek Eragindakoen Plataformaren (PAH) eta, batez ere honen bozeramaile Ada Colauren, aurkako kriminalizazio kanpaina basati bati eman dio hasiera. Cifuentes errepresio polizialeko ekintza ugaritan protagonista handia izan da, esate baterako Kongresuaren inguruetan irailaren 25ean eta hurrengo egunetan gertatu zirenetan, eta berrikiago adierazi du “PAHk eta bere buruzagiak, azken aldian, talde filoetar eta proetarrei babesa emateko asmotan” zebiltzala. Gainera, esandakoari, escrache ekintzak kale borroka ekintzak zirela gehitu zion.

Escracheak aktibistek pertsona jakin batzuen etxeen ondoan egiten dituzten bilkurak dira, kasu honetan PPko politikarien etxebizitzen aurrean. Arrazoia alderdi honek Kongresurako PAHk aurkeztu zuen Herri Ekimen Legegilearen oinarrizko puntuen aurka bozkatuko duela ohartarazi izana da. Plataformaren ustean, “hiritar gisa euren erabakiak ekarriko dituen ondorio dramatikoen inguruan informatzeko eskubidea dugula uste dugu, ondorio horiek egunero jasaten ari baikara”.

Cifuentesek lehen harria jaurti eta berehala jaso zuen hainbat elementuren babesa,  esaterako Alberto Ruiz-Gallardón Justizia ministroarena, Antonio Basagoitirena, Raxoy berarena, UPyDko buruzagia den Rosa Diezena eta eskuinaren ohiko komunikabideenena. Kalumnia hauen babesean, Estatu Segurtasunerako Idazkaritzak escracheetan parte hartzen dutenak identifikatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen. Colauek errepresio mehatxu larri honi erantzun dio: “Ustelkeria kasu izugarriak daude, entitate finantzarioek babesik gabeko pertsonak jazartzen eta zigortzen dituzte eta kasu hauetan inondik ere ez da poliziarik bidali identifikazioak egitera edota atxilotzera”. Bestalde “ordaindu ezin dutelako, langabezian geratu direlako, hipoteka ordaintzeari utzi dioten hiritar ondraduen aurka ordenaren indar guztiak eta legearen zama bidaltzen dituzte, hauen kontra bai”.

Etxe kaleratzeen aurkako mugimenduaren kontra egiten ari den kanpaina histeriko hau eskuinak (PP, CiU, PNV eta UPyD) kapitalaren alde eta gehiengo langilearen aurka egiten duten politika hori zalantzan jartzen duten mugimendu guztiak kriminalizatzeko kanpainaren parte da.

Etxe kaleratzeen errekorra Hego Euskal Herrian krisi garaietan

2008tik 2012ko irailera, etxebizitza ordaindu ezin izan duten 12.076 familia bidali dituzte bere etxeetatik. Egungo krisi ekonomikoa eragin suntsigarriak ari da izaten gizartean: langabezia ia hirukoiztu egin da eta etxebizitza erosteko bankuei eskaturiko hipoteken ordainketari aurre egitea ezinezko egin zaien familien kaleratzeak %188 handitu dira 2008tik. 

Hego Euskal Herrian orotara derrigorrezko 12.076 etxe kaleratze izan dira, nahiz eta estatistika ofizialak informazio zehatz guztia ez duen biltzen. Ia 5 urteren epe zabala kontuan hartzen badugu, eguneko zazpi etxe kaleratze egon direla ikus dezakegu, baina iazko bederatzi hilabetetan zehar eguneko 15 etxe kaleratze gertatu ziren. Estatu espainiarraren, 2012ko urtarrilaren eta irailaren artean, eguneko 461 etxe kaleratze gertatu ziren guztira.

Egoera dramatikoa da. Argi utzi behar da, edonola ere, datu ofizial hauek ez dutela etxe kaleratzeen errealitate osoa biltzen, estatistika judizialak aurten “lanzamiento” deituriko  agindu judizialen ondorioz gertatu diren etxe kaleratzeak ez baitira gehitu oraindik aurreko datuetara. Hipotekek Eragindakoen Plataformak (PAH) errealitate hau berresten du. “Tamalez –dio datuak aztertzerakoan– krisia hasi zenetik lau urtera, estatistika horietan agertzen diren etxe kaleratzeen inguruko datu ofizialak kaxkarrak, murritzak eta zehaztasunik gabeak direla esan beharra daukagu”. Halaber, PAHren arabera, gertatu den kaleratze bakoitzeko, 1,54 “lanzamiento” erreal gertatu dira. Estrapolazio honek ondorio gisa hauxe dakar:  Estatu espainiarrean 2008tik 2012ko hirugarren hiruhilekora arte 334.080 gertatu dira, eta Hego Euskal Herriaren kasuan zifra 16.354 etxe kaleratzeetara iritsiko litzateke.

Hipotekek Eragindakoen Plataformak eta Hego Euskal Herrian kaleratzeen aurka lan egiten ari diren beste kolektiboek ere gogorarazten dutenez, komunitate internazionalak etxe kaleratzeak “etxebizitza eskubidearen urraketa larritzat ditu, bortxakeria instituzionalaren ekinbide bat, azken-azkeneko errekurtsoa izan beharko lukeena”.

Ezagun denez, ondorioak ikaragarriak ari dira izaten: suizidio saiakerak ugaldu egin dira azken hilabeteetan zehar, krisi ekonomikoaren biktimek pairatzen dituzten baldintza dramatikoen ondorio gisa eta, batez ere, etxe kaleratzearen mehatxupean daudenen artean. “Stop Kaleratzeak” Hipotekek Eragindakoen Plataforman parte hartzen duen  erakundearen datuen arabera, suizidioen %34a etxe kaleratzeek eragindakoa izango litzateke. Fenomeno honek sortutako alarma sozialari psikiatriako eta psikologiako profesionalek gertakari hauen ondorio latzei buruz egindako ohartarazpenak gehitu dira. 

 

Borrokak balio du: epaitegi europarraren epaia

PPren gobernuak badaki bere puntu ahulenetako bat (eta pentsa zenbat dituen!) etxe kaleratzeen inguruko eguneroko tragedia lazgarri honen aurrean gertatzen ari den beroaldi herrikoi gorakorra dela. Bankarien aginduz ordenaren indarrek familiak, haurrak eta agureak bultzaka euren etxeetatik kaleratzen dituztela ikusteak sumindura masiboa sortzen du. Era berean, PAH bezalako mugimendu baten existentzia oso ongi ikusia dago, ekintza zuzenaren bidez, mugimendu sozialean dituen sustraiei esker eta edonolako esamesei muzin eginda ausardia osoz aurrera ekinez borrokak balio duela eta fruituak ematen dituela erakutsi baitu. Izatez, mobilizazioak 800 etxe kaleratze geldiaraztea, 300 ordain-emate onartzea eta, garrantzitsuena dena, drama izugarri honi buruz gizartea kontzientziatzea lortu ditu. Orain gutxi Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak, epai garrantzitsu batean 1993tik hona arteko etxe kaleratzeak baliorik gabekoak direla adierazi du, “exekuzio hipotekarioak” erregulatzen dituen araua legez kanpokoa baita, ez duelako kaltetuen defentsa eskubidea bermatzen. Garaipen juridiko itzel hau (Gobernuak bete nahi ez duena, bankuei ekarriko lizkieken kalte larriak argudiotzat erabiliz) ezinezkoa izango litzateke PAHren etenik gabeko borrokarik gabe. Aldi berean beharrezkoa da aipatzea Herri Ekimen Legegileak egindako lana atzeraeraginezko etxebizitzen ordain-ematea, etxe kaleratzeak gelditzea eta alokairu sozialak defendatuz. 

Sindikatuen, ezkerreko alderdien eta mugimendu osoaren betebeharra da kriminalizazio trikimailu hauek guztiak salatzea eta etxe kaleratzeen aurkako borrokan parte hartzea, borroka hau sistema kapitalistaren aurkako borroka orokorraren parte dela ulertuta.

 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.