Azken urteetan, eta bereziki M15aren eztandaren ondoren, borroka sozialaren aurkako kriminalizazio kanpaina izugarria ikusi ahal izan dugu. Eskuin mediatikoa erabiliz, Alderdi Popularra mobilizazio esanguratsuenen eta horiek antolatzen dituzten arduradunen aurkako errepresioa justifikatuko duen giroa sortzen saiatzen da. Borroka soziala geldiarazteko saiakeren artean, pasa den martxoan lege errepresibo berriak onartu ziren murrizketa eta herstura planek sortu dituzten protestei aurre egiteko. 

 

Ez da taktika berria iritzi publikoaren aurrean herritarren protestak zikintzeko, polizia infiltratu eta liskarra sortzea, ondoren errepresioa justifikatzeko; baina azkenaldian metodo horrek izan duen gorakada lotsagarria izan da. Liskarrak sortu dituzten polizia infiltratuen gaia zabal dokumentatu da sare sozialetan argazki eta bideo bidez.

2012ko greba orokorrean Katalunian, jendeak manifestazioan infiltraturik zeuden Mossos d’Esquadra batzuk identifikatu eta bidali egin zituzten; argazkiak atera zizkieten luzatzeko porrekin eta sindikatuetako pegatinekin zeudela. Sevillako M15 mugimenduak Luis Garcia Torres famatu egin zuen, bere polizia kideek atzeman eta erreskatatu egin zuten “atxiloketa espres” baten bidez. 2014an M22ko Duintasun Martxako antolatzaileek kontatu zuten lehen lerrotik poliziaren aurka hainbat objektu jaurti zituzten pertsonak ondoren atxiloketak egiten ikusi zituztela.

Murrizketak eskubide demokratikoetan

Uztailaren 1ean indarrean sartu zen Hiritarren Segurtasunaren Legea edo “Mozal Legea”, kode penalaren erreforma eta terrorismo yihadistaren aitzakian PP eta PSOEk egin duten akordioa eskubide demokratikoen aurkako murrizketa zuzenak dira.

Mozal Legearekin Alderdi Popularrak atzerritarren legea aldatu eta Ceuta eta Melillan etorkinak berehala itzultzea legalizatzeaz gain, hauen eskubideak erabat urratu dituzte; bestalde, 600.000 euro arteko isunak ezartzen ditu orain arte legezkoak izan diren hainbat ekintzentzat. PPk azken urteetako mobilizazioak aztertu eta behar duten neurriko lege bat diseinatu dute ilegalak eta zigorgarriak izan daitezen.

Zigor oso larrien artean daude (30.001etik 600.000 euro bitarteko isunak) “ohartarazi gabeko edo debekatutako bilera edo manifestazioetan parte hartzea, zentral nuklear edo aireportuak bezalako azpiegitura kritikoen tratamendua duten eraikinetan sartzea eta hauen funtzionamendua oztopatzea” (gogora dezagun, esaterako, 2006ko El Prat aireportuko lurreko pertsonalak egin zuen greba). Larrien artean (601etik 30.000 eurora) ekitaldi publikoetan ordena asaldatzea dago, nahiz eta delitua ez izan. “Aktibitaterik ez izan arren, Kongresua, Senatua, Parlamentu Autonomikoak etab. bezalako Estatuaren instituzioetan aurrez jakinarazi gabeko protestetan hiritarren segurtasuna larriki asaldatzea” esaldiarekin “Kongresua Inguratu” eta era guztietako bat bateko mobilizazioak zigortzen dira; "autoritatea oztopatzea bere erabaki administratibo edo judizialen ekintzan” esatean etxe kaleratzeen aurkako protestak bezalakoak; “agenteen baimendu gabeko irudi, datu pertsonal edo profesionalak erabiltzea” dioenean, indar errepresiboei inpunitate handiagoa ematen zaie manifestari eta aktibisten aurkako biolentzia erabiltzeko. Azkenik, arinen artean (100etik 600 eurora) “edozein espazio publiko edo pribaturen okupazioa” dago, “segurtasun indarretako agenteei errespetu edo kontsiderazio falta beraien betebeharretan” edo “eraikinak edo monumentuak eskalatzea”, hauek ekintza nahiko arruntak dira protesta ekologistetan.

Zigor kodearen erreformarekin, orain arte faltak izan direnetatik bi herenak delitu bihurtzen dira, eta bizi osoko zigorra “kartzeleratze iraunkor berraztergarria” eufemismopean sartzen dute. Sindikatuek “garrantzi handirik gabeko ekintza sindikalak kriminalizatzeko atea irekita uzten duela” salatu dute. Terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiarekin, PPk, PSOEko zuzendaritzaren babesarekin, terrorismo yihadistaren aurkako legea onartu du eta terrorismo delituetan praktikan ia dena sartzen da, lan eta protesta sozialak barne, eta zigor handienak izan ditzakete.

Estatu aparatu frankistaren iraupena

1976an Manuel Fragak, orduan Arias Navarroren gobernuko lehendakariorde eta Gobernazioko ministro zenak, “kalea nirea da” erantzun zien ezkerreko sindikatu eta alderdiei Maiatzaren Leheneko manifestazioak debekatu zituenean. 1976 eta 1982 urteen artean Polizia Armatuaren eta Guardia Zibilaren errepresio konbinatuak, eskuin muturreko taldeen ekintzekin 100 hildako baino gehiago utzi zituen. Ez Polizia Armatuan ezta Poliziaren Gorputz Gorenetan ez zen inoiz elementu frankista eta ultren depuraziorik egin. Guardia Zibilak orain arte bere izaera militarra mantendu du, eta justizian eta beste instantzia altu batzuetan frankistak egon dira erretiroa iritsi zaien arte.

Estatu aparatuan elementu hauek egoteak pisu handia izan zuen, batez ere, “demokrazia” urte batzuen ondoren, Felipe Gonzalezen gobernuak GAL eta gerra zikinarekin ETAren aurka garatu zituen estatu terrorismo eta biolentzian. Eskuin muturreko taldeen eta talde paramilitarren oinordekoek Trantsizio garaian ezkerreko aktibista politikoak hil eta torturatu zituzten Estatu aparatuaren adostasun edo onarpenarekin. 1983tik 1987ra GALek 27 pertsona hil zituen diru publikoarekin finantzatuta eta agintarien oniritziarekin. 1995ean GALen parte hartzeagatik hasieran inputatu eta ondoren errugabe utzi zuten Jose Antonio Saenz de Santa Maria teniente jeneralak El Pais egunkarian ondokoa deklaratu zuen: “Terrorismoaren aurkako borrokan egin behar ez liratekeen gauza batzuk daude. Egiten badira ez dira esan behar. Esaten badira ukatu egin behar dira”. Horrela mintzo zen gizon hura 15 urterekin Falangeko gazte erakundean afiliatu zen, kolpe militarraren ondoren bando frankistan borrokatu zuen, makien aurkako errepresioa koordinatu zuen, 1971an Guardia Zibilaren Estatu Nagusiko buru izendatu zuten, frankismoan hiltzera kondenatutako azken bost pertsonen hilketen antolatzaile izan zen, 1976an jeneral izendatu zuten, gero Polizia Nazionalaren zuzendari eta ondoren Guardia Zibilarena, 1983tik 1986ra PSOEren gobernuarekin; azkenik, terrorismoaren aurkako gobernuaren aholkulari izendatu zuten, eta 1996ra arte iraun zuen karguan. Eboluzio pertsonal hau diktaduratik “demokraziara” emandako eboluzio politikoaren adibide argigarria da, fartsa hutsa.

Ez da kasualitatea diktadura frankistan gizartearen aurka egindako krimenengatik inputatuta daudenentzat autoritate argentinarrek eskaturiko estradizioa Ministroen Kontseiluak ukatu izana. Azken hamar urteetan tortura eta poliziaren tratu txarren aurkako 6.621 salaketa egin dira. Nazioarteko adituek adierazi dutenez, Estatuko polizia-etxeetan egin diren atxiloketez gain, salatutako tratu txar edo torturen %50 mugimendu sozialetako aktibisten aurka egin dira, eta %40 etorkinen aurka. Estatu frankistaren eta gaur egungo Estatuaren odolezko loturak eta lotura politikoak inoiz ez dira hautsi, haien oinordekoak dira biolentzia poliziala eta errepresio basatiena erabili, onartu eta babesten dutenak, eta garai haietatik ikasiz etorkizuneko borroka sozialetarako prestatzen ari dira. Baina hala ere, orain lehen bezala, ez isunek, ez karga polizialek, ez atxiloketek, ez dute mobilizazioa gelditzea lortuko.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.