Ondorio sakonak izan ditu abenduaren 20ko hauteskundeetan sortutako krisi politikoak. Rajoyk inbestidurara joateari uko egin ondoren, PSOEko Pedro Sanchezek adierazi zuen bere saiakera egingo zuela eta gobernua osatzeko negoziaketak hasiko zituela. Ez ziren gutxi bere hitza beteko zuela eta eskuinarekin akordiorik ez zuela egingo esan zutenak. Denborak argi erakutsi du, ordea, errealitatea oso bestelako izango zela.
Egun gutxiren buruan, Pedro Sanchezek Ciudadanosekin egindako akordio lotsagarria iragarri zuen. Azken finean, PPren murrizketa sozial eta herstura plan berberak aplikatzen jarraitzeko prestutasun osoa erakusten zuen hitzarmen honek.
Akordio honen ondoren, martxoaren 4an, izan zen Pedro Sanchezen bigarren inbestidura saioa. PSOEko hautagaia gutxiengoan geratu zen presidente izateko aukera galduz. Ahal Duguk emandako ezezkoak eta Pablo Iglesiasek eztabaidan egindako diskurtsoak hautsak harrotu zituen. Eskuin frankistaren eta Ibex 35aren ordezkari izateaz akusatu zituen PP eta Ciudadanos, eta PSOEko agintariak botere handien zerbitzura zeudela azaldu zuen Felipe Gonzalez eta GALen harteko lotura ere gogoratuz. Ahal Duguren aurkako kanpaina gogorra piztu zuen honek.
Pablo Iglesiasen alderdia PPrekin aliatu izatearen akusazio zinikoa erabiltzen hasi zen Pedro Sanchez. Argudio makurrenak erabiliz, berari ezezkoa emateak Rajoyren jarraipena suposatu zuela adierazi zuen. Baina eskuinarekin akordiora iristen ari zena Pedro Sanchez bera zen. Rajoyren aurka PSOEko agintariek erabilitako hitzak itxurakeria besterik ez ziren izan. Ciudadanosekin akordioa sinatuz Pedro Sanchezen alderdiaren helburua gero eta garbiago geratu zen: PP boterean mantendu koalizio handiaren bitartez. Eta gainera Ahal Dugu traizio horretan inplikatu nahi zuten!
Alternatiba ez zen, eta ez da, PSOEk eta PPren “gazteriak” (horrela izendatu zuen Pedro Sanchezek Ciudadanos hauteskunde kanpainan) osatutako “aldaketarako” gobernua edo PPren jarraipena. Hasieratik aukera bakarrak murrizketa eta kontrarreforma politikekin hautsiko zukeen benetako ezkerreko gobernua edo bankaren eta enpresa handien zerbitzura jarraituko zukeen gobernua ziren. Eta garbi dago PSOEko agintariek bigarren aukeraren aldeko apustua egin dutela.
Abenduaren 20an izandako hauteskunde emaitzen ondorioz, ezkerreko gobernu bat sortzeko aukerarik ez dagoela esan zuen Pedro Sanchezek. Baina argudio hau arrazoi gehiagorekin erabil zitekeen PSOE eta Ciudadanosen akordioaren aurka. Aitzakia hau trikimailu bat gehiago besterik ez zen ezkerreko gobernu bat sortzearen aurka erabiltzeko. Ezkerreko gobernu bat sortzeko babes parlamentario nahikoa lortzerik izango ez bazen ere bide hori jorratzea zen egokiena hauteskunde aurreratuak prestatzeko. Baina agerian geratu den moduan, dirudienez PSOEko zuzendaritzak (bere historiako emaitza txarrenak eskuratu arren) Grezian PASOK alderdi sozialdemokratak egindako bidea hartu nahi du eta bere helburu nagusia, gainontzeko guztiaren gainetik, sistema kapitalistaren eta burgesiaren zerbitzura egotea da.
PSOE eta Ciudadanosen akordioa
Pedro Sanchez eta Albert Riveraren alderdiek sinatutako akordioak ez zuen ezer aurrerakoitik. PPk inposatutako lan erreforma, LOMCE, mozal legea eta murrizketa sozialak bezalako neurriak ez ziren ezabatzen. Lan erreformaren modifikazioari buruzko zerbait agertu arren, langileen aurkako neurri garrantzitsuenak mantendu egingo ziratekeen eta gainera kontratazioko eta kaleratzeetako indemnizazioen baldintzek okerrera joko zuketen. Osasun publikoari dagokionez, ez zegoen inolako aipamenik etorkizunean egon daitezkeen edo martxan dauden pribatizazioei aurre egiteari buruz, ezta kaleratutako milaka mediku kontratatzeari edo osasun aurrekontuetatik ezabatu diren milaka milioi euro berreskuratzeari buruz ere. Are lotsagarriagoa da egoera irakaskuntza publikoari dagokionez: ez zegoen inolako erreferentziarik LOMCE edo 3+2 ezabatzeari, kaleratutako milaka irakasle kontratatzeari edo hezkuntza aurrekontuek jasandako murrizketak atzera botatzeari buruz; eta, noski, hitz bat bera ere ez bekak hobetzeari edo tasa unibertsitarioak murrizteari buruz ere. Gutxieneko soldatari dagokionez, berriz, %1eko igoera proposatzen zen, PPk azken urtean egindako berdina. Euskal Herriko, Catalunyako eta Galizako auzi nazionalari dagokionez, “Españaren batasunaren” alde egiten zen autodeterminazio eskubideari bide guztiak itsi nahirik. Honek guztiak erakusten du PPk azken urteetan erabilitako errezeta berberak dituela akordioak.
PP akordioaren aurka
Rajoyren alderdia Pedro Sanchezen inbestiduraren aurka posizionatzeak ez zion eman honi izaera aurrerakoiagoa. PPren ezezkoaren arrazoiek ez zuten zerikusirik PSOE eta Ciudadanosen akordioko edukiarekin, Rajoyren alderdiaren aparatu politikoaren interesekin baizik. Ustelkeria kasuez eta beste hainbat arazoz inguratuta dauden honetan auzi horrek ere bere garrantzia du. Horregatik, ezin da baztertu PPk hauteskunde aurreratuak arte egoera behartzea, bitartean aurpegi garbiketa moduko bat egiteko margena izanez, PPren nolabaiteko birfundaketa bat aurkezteko eta Rajoy bezain “erreta” ez dagoen hautagai baten alde egiteko.
Hala ere, kapitalista espainiarren eta europarren (Euskal Herriko edo Catalunyakoak barne) presioak handiak dira PPren, PSOEren eta Ciudadanosen arteko koalizio handia sortzeko. Burgesiak ez ditu nahi hauteskunde aurreratuak, ondo baitaki hauteskunde horietatik Ahal Dugu eta ezkerreko gainontzeko alderdiak are indartuago atera daitezkeela. Horregatik, Pedro Sanchezen inbestiduraren porrotaren ondoren, ahalegin guztiak koalizio handiaren gobernua osatzeko bidean jarri dira.
Pedro Sanchezek martxoan presidente izatea lortu ez zuen arren, PSOE eta Ciudadanosen akordioaren oinarrizko puntuak izan dira hurrengo asteetako negoziaketen funtsa. Albert Riverak PPri behin eta berriro egindako gonbidapenek erakutsi dute zein den burgesiak bultzatzen duen bidea. Rajoy eta beste hainbat agintari kentzeaz ere hainbat adierazpen egin dira urte honetan. Honen helburua PP akordiora gerturatzea eta hiruen arteko adostasuna justifikatzea da gobernagarritasunaren eta arduraren izenean. Hori dela eta, oso posible da kapitalistek figura “independente” bat aurkeztea presidente izateko, Albert Rivera bera barne.
Egoera oso aldakorra da, eta klase dominatzaileak bere beharrean araberako gobernua osatzea lortu eta hauteskunde berriak deitzea saihestu arren, egonkortasuna lortzetik oso urrun egongo litzateke. Lehenago edo beranduago, mobilizazio sozial garrantzitsuak izango lirateke gobernu horren politiken aurka.
Ahal Dugu eta kaleetako mobilizazioa
Baikorra izan zen Pablo Iglesiasen alderdiak Pedro Sanchezen traizioaren aurrean hartutako jarrera. Lehendabizi PSOE, IU eta Compromisekin osatzen zuen negoziaketa mahaitik altxa zen. Denborak erakutsi du negoziaketa hau fartsa hutsa zela, PSOEko zuzendaritzaren helburu nagusia eskuinarekin akordiora iristea zelako.
Hainbat adierazpen positibo ere egin zituen Madrilgo Kongresuan Pablo Iglesiasek eskuinaren eta Pedro Sanchezen gezurrak eta maniobrak agerian utziz. Bere interbentzioan botereari buruz hitz egin zuen: “Beraiek PSOE-Ciudadanos-PP koalizio handia eskatu dute. Oligarkiek beldurra diote benetako aldaketari”. Ahal Dugu eta PP zaku berberean sartzeko Pedro Sanchezek erabilitako maniobrari honela erantzun zion: “Rajoy arduratuko lukeena zu gurekin jartzea da, horri dio beldurra oligarkiak… ausartu zaitez, Sanchez jauna, benetako programa aurrerakoi batekin”. Diskurtsoko zatirik esanguratsuenetakoa PSOEren oinarri sozialari eta bozka emaileei zuzendu zien Pablo Iglesiasek, Pedro Sanchez eta honen taldearen jarrera salatzeko: “Lehen PSOEkoa izateagatik fusilamentu pelotoietara eramaten zintuzten eta, orain, administrazio kontseiluetara”. Eta Pedro Sanchezi zuzenduz honakoa adierazi zuen: “Nik ez dut nire jendea traizionatzen. Hasieratik esan genizun, koalizio handia ala gobernu aurrerakoia. Kontuz “Laranja mekanikoarekin”, sozio oso azkarra da. Oligarkien plana irenstera behartuko zaituzte, PPrekin eta ez zara zu buruan egongo. Negoziatu gurekin”. Bukaerarako, Pablo Iglesias PSOEko fundatzailearen zita utzi zuen: “Herria pozointzen dutenen haserrea merezi izatea ohore bat izango da guretzat”.
Baina salaketa parlamentarioa bakarrik ez da nahikoa; beharrezkoa da ekintzara pasatzea. Ahal Duguk ardura handia dauka, kalera eraman behar du PSOE eta Ciudadanosen akordioaren aurkako jarrera mobilizazio masiboak deituz Estatuko hiri guztietan.
Mobilizazioa oinarrizko tresna da une politiko honetarako. Madrilgo Kongresuak eman dezakeena, gaur egun duen konposaketarekin, eman du dagoeneko. Bai PP bai Ciudadanos, eta baita PSOEren aparatua ere, lerro politiko berberean daude. Bruselaren eta botere ekonomiko handien aginduak betetzeko daude, azken urteetako agenda berdinarekin jarraitzeko: gastu sozialen murrizketak, pribatizazioak eta erasoak gure eskubide eta lorpen sozialei. Horregatik, inolako aritmetika parlamentariok ez du aldatuko plan estrategiko hau. Erasoaldia geratzeko modu bakarra herritarren mobilizazio masiboa da, kaleak hartuz eta azken urteetan eskuina paretaren kontra jarri duen errebolta sozialean sakonduz. Azken urteetako mobilizazio soziala izan zen hain zuzen ere abenduaren 20 hauteskundeetako emaitzak eragin zituena PP eta PSOEk azken 40 urteetan osatutako bipartidismoa astinduz.
Ahal Dugu ezin da mugatu oposizio parlamentariora. Azken finean, bera sortu eta indartu zuen horretan oinarritu behar du: masa borroka, M15etik Gamonalera, greba orokorretatik Marea Herritar edo Duintasun Martxetara. Bai, beharrezkoa da berehala eta modu eraginkorrean mobilizaziora pasatzea azken urteetan herri mugimenduak mahai gainean jarritako aldarrikapenen alde borrokatzeko: Lan Erreforma, Mozal Legea edota irakaskuntza publikoko kontrarreforma frankistak (LOMCE eta 3+2) ezabatzea; etxebizitza eskubidea bermatzea etxe kaleratzeak legez kanporatuz eta alokairu sozialekin osatutako etxebizitzen parke publikoa osatuz; eta krisitik ateratzea ahalbidetzen duten bizi baldintzak bermatzea herritarrentzat, langabezia laguntzak nabarmen handituz, dependentziako eta osasuneko murrizketa sozialekin amaituz, pobrezia energetikoarekin amaituz (besteak beste, elektrikak nazionalizatzea)…
Garbi dago zein den jarraitu beharreko bidea. Esperientziak erakutsi digu dagoeneko. Ikasle Sindikatuak apirilaren 13 eta 14rako deitutako ikasle greba orokorra iniziatiba bikaina izan da, eta eredu bezala hartu behar da. Ikasleek eman dute lehendabiziko pausoa. Orain mobilizazioa zabaltzeko garaia da. Beharrezkoa da Ahal Duguk, Marea Herritarrekin, Duintasun Martxarekin, klaseko sindikatuekin eta nazio zapalduetako ezkerrarekin (Sortu eta CUPekin, besteak beste) kaleak hartzea eta borroka antolatzea benetako aldaketa politikoa eragiteko, inork ez diezaien kendu herritarrei beraiena dena, inork ez diezaien kendu lehenago borrokarekin lortutakoa. Aldaketa borrokarekin bakarrik lortuko da.