Inor ez dadila nahastu. Oraindik norbait ez bada konturatu ere, jakin dezala Estatu espainiarrean etxebizitzaren arazo nagusia “okupa” alfer eta indarkeria zaleak direla. Hau izan da udara osoan zehar irrati eta telebista bidez bonbardatu diguten leloa, bide batez segurtasun enpresa garrantzitsuak iragarriz eta bestetik, etxe kaleratze bortitzak zalantzazko legalitatean praktikatzen dituzten enpresen aurpegia garbituz.
Zer ezkutatzen du “okupazioaren” aurkako kanpaina zakar honek?
Demagogiaz beterik alderdi eta hedabide eskuindarrek gogotsu bultzatzen duten kanpaina honek oso interes konkretua du: ezkutatu egin nahi dute milioika gazte eta langile familiak jasaten duten etxebizitza publiko eskuragarri baten falta, alokairu eta hipoteken prezio ordainezinak eta etxe kaleratzeak. Era berean, etxebizitza duin bat izateko eskubidea benetan “usurpatzen” dutenak ezkutatu nahi dituzte: bankuak, inbertsio funtsak,...etxebizitza gehien dituztenak.
Baina batez ere, kriminalizazioa errazteko alarmismo soziala eragin nahi dute, eskubide horien alde antolatu eta borrokatzen dugunon aurka ez ezik, baita pobreziaren aurka ere.
Ez da kasualitatea hori orain gertatzea. Krisi ekonomikoak gizartean izango dituen eragin gogorrek, jada bizi ditugun desberdintasunak are gehiago handituko dituzte udazkenean (eta aurrerago) emango diren murrizketa, herstura eta kaleratzeekin. Maiatzean, Ardura Fiskalaren Autoritate Independenteak ( AIReF gazteleraz) Aldi Baterako EEEan dauden langileen % 30a kaleratua izango dela zioen, eta Espainiako Bankuak aurten langabezia tasa %23,6ra iritsiko dela aurreikusten du. Aurreko krisialdian eman zen etxe kaleratze uholdea –2012 eta 2019 artean milioi bat baino gehiago eman ziren- txiki gera daiteke.
Zehaztu dezagun. Lehenik eta behin, ez dago etxebizitza okupatuen inguruko datu ofizialik. Beraz, gai honek ez du garrantzi gehiegirik izango Administrazioarentzat. Ezagutzen diren zifrek, Polizia Nazional eta Guardia Zibilarenak, agerian uzten dute auziaren neurria: 2019. urtean 14.621 salaketa izan ziren etxebizitza okupazio ilegalengatik, horietatik % 27,5ek soilik hasi zituzten tramite judizialak. Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren datuen arabera, 25,7 milioi etxebizitza baino zerbait gehiago izanik, salaketa horiek etxeen % 0,056ari eragingo lieke, eta epaitegietan aurrera egiten dutenak %0,016 lotsagarriari.
Banka eta kapital handiak dira benetako “usurpatzaileak”
Informazioaren manipulazioa ikaragarria izateaz gain, zinismoz eta moral bikoitz iraingarriz betea ere bada. “Okupazioekin” aztora gaitezen saiatzen diren bitartean, 2019. urtean, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren ( CGPJ gateleraz) datuen arabera 54.006 etxe kaleratze eman ziren (gehienak alokairuak ez ordaintzeagatik). Egunean 150 dira, hau da, okupazioagatik egunean jarritako salaketak baino lau aldiz gehiago. Ez zifra hauek, ezta familiak kaleratzeko erabiltzen duten bortizkeriak, ez dituzte titular eta minutu berdinak merezi burgesiaren komunikabideentzat, izan ere, jabego pribatuaren babesle haundienetakoak baitira.
Eta hemen auziaren funtsa: nortzuk diren okupatuta dauden etxebizitza gehienen jabeak. Estatistikaren Institutu Nazionalaren ( INE gazteleraz) arabera, 2011. urtean 3,5 milioi etxebizitza huts zeuden, gehienak finantza erakunde haundien eskuetan. Hipotekagatik Kaltetutako Plataformaren arabera, gaur egun 100.000 familia daude etxebizitzak okupatzen, eta “ez lirateke 1.000ra iritsiko partikularrenak diren okupatutako etxeak”. Gainontzekoak erabili gabe dauden etxebizitzak dira, bankuek eta “funts-putreek” espekulatzeko erabiltzen dituztenak.
2018ko datuei jaramon eginez gero, Madrilgo Erkidego Autonomoan emandako 4.717 okupazioetatik, %70aren jabegoa banku erakundeena zen, %10a etxejabe haundiena eta % 5a bakarrik partikularrena. Madrilgo Erkidego Autonomoan dauden 2,9 milioi etxebizitzatatik % 0,14 dira okupatuak eta % 0,02 partikularrei okupatuak.
Hala ere, intoxikazio kanpaina honetan kontzienteki jartzen dira maila berean “egoitzaren bortxaketa” -jendea bizi den pisu batean sartzea- eta “usurpazioa”, inor bizi ez eta erabiltzen ez den batean sartzea. Errealitatean ez dago lehen eta bigarren etxebizitzen okupazioen inguruko arazorik eta “egoitza bortxaketak” anekdotikoak dira, orokorrean ematen den zerbait bezala ikusarazi nahi diguten arren.
“Okupen” profila ere aldrebesten dute: gazte ultraezkertiar indarkeria zaleak edota droga trafikoarekin loturik dauden etorkinak. Beste gezur bat. Larrialdizko etxebizitza beharra langile klasearen zati handi batek jasaten duen errealitate gordina da, izan ere, prekaritatea, langabezia eta azken hamarkadan izandako soldaten debaluazioa sufritzen baitugu.
Aski da etxebizitza eskubidearekin negozioa egiteaz
Alokairuen burbuila espekulatiboak ikaragarri garestitu ditu prezioak, inbertsio funtsei, bankuei, enpresa eta espekulatzaileei sekulako irabaziak opatuz. Fotocasaren datuen arabera, alokairuen prezioak %52 egin du gora azken bost urteetan. Valentzia, Katalunia eta Madrid dira gehien gora egin dutenak, % 68, % 60 eta % 57 hurrenez hurren, baina Estatu osoan eragin duen fenomenoa izan da.
Abantaila eta salbuespen fiskal ikaragarriak dituzten Blacstone bezalako “putre funtsak”, urrezkoak egiten dira negozio honetan. Gainera, administrazio publikoen jokaera lotsagarria ikusi dugu. Maizterrek ezer jakin gabe, babes ofizialeko etxeak saldu dizkiete inbertsio funts hauei, ondoren alokairuen prezioak % 100 edo gehiago igoz. Bitartean, alokairuzko etxebizitza sozialen gabezia izugarria da. Alokairuzko etxe bizitza guztien % 2a baino ez dira, alderatuz Herbehereetako % 30 edota Erresuma Batuko eta frantziar Estatuko % 17arekin. Ez da harritzekoa etxe bizitzak okupatzen dituztenen profila, PAHk dioen bezala “ familia zaurgarriena” izatea kasuen “ % 90ean”.
Koronabirusaren etorrerak are kolpe gogorragoa eman du, eta sistema kapitalistak sortzen dituen miseria soziala eta etxe bizitza krisia bere gordintasunean ageriago utzi
Langile familientzat etxebizitza duin eta eskuragarriak bermatuko dituen plan baten alde
Emergentzia honen aurrean, PSOE-UP gobernuak dekretu erabat eskasa onartu zuen, praktikan espekulatzaile eta etxe jabe haundien irabazi ikaragarriak babestu dituena. Kaleratuak izan diren langileentzat maileguak eta ordain atzerapenak eskaintzea ez da irteera, behartsuenak are gehiago zorpetuz eta beti irabazten duen bankaren negozioa bermatuz. Era berean, etxe kaleratzeak etetea muturreko zaurgarritasunean zeuden familietara mugatu zen eta sei hilabetez soilik. Hipoteka ordaindu ezin dezaketenentzat irailaren 30ean amaitzen da neurri honen epea eta alokairuentzat urte bukaeran.
Behartsuenak defendatu eta benetako ezkutu soziala ezarri nahi bada, Gobernu honek hipoteka eta alokairuei aurre egin ezin dieten maizterren ordainketak bertan behera utzi beharko lituzke. Mugimendu sozialen, maizterren sindikatuen, PAH eta gazte eta langile klasearen mobilizazioan oinarrituz, indemnizaziorik gabe desjabetu behar dira milaka etxebizitza dituzten funts-putreak, enpresa espekulatzaileak eta bankuak (diru publikotik 60.000 milioi euroz erreskatatuak izan direnak). Gainera, eraikuntza eta higiezinen enpresa haundiak nazionalizatu beharko lituzke eta eraikuntzako enpresa publiko sendo bat sortu, kalitatezko eraikinak eta ingurugiroarekin errespetagarriak izango diren irizpideak jarraituz.
Hori eginez gero, behar sozialen zerbitzura egongo diren alokatzeko kalitatezko etxebizitza publikoen plan bat abiarazi liteke, prezio eskuragarriekin – soldataren % 10a baino baxuagoa – espekulazioari aurre egiteko. Horrela, etxe kaleratzeekin eta milaka familia itotzen dituzten hipotekekin amaituko litzateke, baita estigmatizaziori eta arriskuei aurre eginez, okupazioa ez beste alternatibarik ez duten hainbat eta hainbat familiaren amesgaiztoarekin.
Enplegua galdu, prekaritatean bizi eta diru sarreren murrizketaren ondorioz etxebizitza ordaintzeko aski ez dugun gazte eta langileok antolatu eta aldarrikapen hauek defendatu behar ditugu. Hau da kapitalisten zapalkuntzari, kriminalizazioari eta moral miserableari aurre egiteko era bakarra.