Langile klaseak bihotza ukabil batean sartua du argiaren hurrengo fakturaren esperoan. Monopolio elektriko handiek kontrolatutako handizkako merkatuan prezioak % 60 egin du gora ekainean, eta horrek okerrena baino ezin ekarri. Eta hau guztia Gobernu honen onespenarekin, enpresa elektrikoen aurrean amore eman eta umiliatu baita, bankuen eta Ibex 35aren aurrean egiten duen bezala.
Garzon ministroa, Diaz ministroa: Enpresa elektrikoak nazionalizatu behar dira, eta ez horien aurrean makurtu!
"Gobernua, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala (CNMC) eta beste eragile batzuk pedagogia ariketa bat egiten ari dira, baina Unidas-Podemosen ikuspuntutik oso argi daukagu: koalizio-akordioa bete behar da". Hitz patetiko horiekin azaldu da Alberto Garzon Kontsumo ministroa Trantsizio Ekologikoaren Ministerioak iragarritako argindarraren igoera izugarriaren aurrean.
Gobernu "aurrerakoi" honen politika erabat okerrari esker, argiaren faktura % 27 garestituko da OCUren eta FACUAren arabera, eta milioika familia langileri eragingo die. Izquierda Unidako koordinatzaileak, eta aldi berean Kontsumo ministroak, eta PCEko karneta duen Lan ministroak astakeria berri hau irentsi dute, enpresa elektrikoak nazionalizatzeko beharrari aipamen bakar bat ere egin gabe.
Ez dago aitzakiarik. Beren burua komunistatzat duten ministroek gure poltsikoen lapurreta hau onartzeko, langabeziak gora egin eta soldatak hondoratzen diren bitartean. Oraingoan urrunegi iritsi dira!
Bere konplizitatearekin PSOE zuritzen ari dira, eta saminez diogu, boteretsuen aurrean belaunikatu dira, eta uko egiten diote kaleko mobilizazioari, lapurreta hori geldiarazteko. Hori da Unidos Podemosek lortu duen emaitza eskasa ministroen kontseiluan parte hartuta.
Era berean, CCOOren eta UGTren jarrera salatu behar da. Haiek ere egoera honen erantzuleak dira. Milaka kaleratze sinatu, eskubide sozialak laga eta mobilizazioari uko egiteko estrategia harrigarriarekin, patronalak eskuak igurtzi eta poltsikoak bete ditu.
Akordioak bete egin behar dira, … edo ez
Alberto Garzonek eta Yolanda Diazek diote Unidas Podemos ziur dagoela PSOErekin dituen gobernu akordioak bete egin behar direla. Baina, gero errealitatean, argiaren igoera basatia, bete gabeko beste promesa asko bezala – hala nola alokairuen prezioak arautzea, Mozal legea indargabetzea edo lan kontrarreforma – inposatu egin dira, inolako erresistentziarik jarri gabe.
Koalizio-akordioaren 3.2 puntuan honako hau jasotzen da: "Energiaren eta klimaren plan nazional integratua onartzea, merkatu elektrikoa erreformatzea eta faktura jaistea". Hala ere, faktura elektriko berria ezartzen duen ministerio-aginduak akordioak dioenaren guztiz kontrakoa egiten du.
Aginduak kontsumorako ordu-tarte berriak ezartzen ditu. Baina betikoa da. Adarra baino ez digute jotzen. Teresa Ribera ministroaren justifikazioa ezin tamalgarriagoa izan da: tarifikazioa Europako eskakizunetara egokitu behar da eta aurreztea sustatuko da familien kontsumo jarraibideetan aldaketak eginez.
Horrela beraz, azken urteotan urregorrizko bihurtu diren enpresa elektriko handien onurak ukitu beharrean, herritarrok garbigailua gaueko hamabietatik aurrera jarri behar dugu, eta argia piztu gabe. Ordu horietan ere sukaldatu behar dugu, edo hozkailua deskonektatu? "Aurreztea errazagoa izango zaizu", esaten ausartzen dira! Hau azala!
Enpresa elektriko handientzako irabazi estratosferikoak
Langileok gure fakturetan igoera jasaten dugun bitartean – ez da ahaztu behar joan den abenduan, hotz-bolada betean, argia % 30 igo zela –, herrialde honetako konpainia elektriko handien irabaziak inoizko handienak izan ziren pandemia urtean.
Iberdrolak 3.611 milioi euro irabazi ditu 2020an, 2019an baino % 4,2 gehiago. Endesa ere ez da atzean geratu, eta 2.132 milioi euroko mozkin garbia lortu du, 2019an baino %36 gehiago. Enpresa horrek 23.300 milioi euro eskuratuko ditu Europako funtsetatik, kontseilari delegatuak jakitera eman duenez.
Naturgyk – Cañada Realean hornidura elektrikoa etetearen arduraduna – 226 milioi euroko irabaziak lortu ditu 2021eko lehen hiruhilekoan (%13,6ko igoera aurreko urteko aldi berarekin alderatuta). Gainera, Bruselatik etorriko diren energia berriztagarrietarako Europako funtsen 140.000 milioi euroen onuradun handienetako bat izango da enpresa hori.
Multinazional horien mozkin lizunak ez dira kasualitatezkoak, ezta sektoreko enpresariak Gobernu guztiek samurtasunez tratatzea ere. Konpainia hauek politikarien urrezko erretiro bihurtu dira. Hiru presidentek (Calvo Sotelo, Felipe Gonzalez eta Aznar), PSOEko eta PPko 20 ministrok baino gehiagok eta Estatuko beste hainbat idazkarik, milioi askoko soldatak kobratzen bukatu dute. Gaur zugatik, bihar nigatik.
Ez dugu pedagogia “progrerik” behar, benetako ezkerreko politikak baizik
Duela lau urte, 2017an, Alberto Garzonek honakoa idatzi zuen Twitterren: "Bihar berriro igoko da argiaren prezioa. Oligarkiak eskua patrikan sartzen digu eta gobernuak ez du deus egiten. Nazionalizatu beharra dago! ". 2021eko urtarrilean, hau irakurri genuen: "Hotz bolada eta argiaren prezioaren beste igoera puntu bat. Merkatuan irregulartasunik egon ote den ikertzeko eskatu diogu CNMCri ". Orain dela aste batzuk esan zigun "pedagogia" behar dela.
Nola aldatu diren gauzak! Ez, Alberto Garzon. Ez da nahikoa UPk "zerutik erortzen diren onurekin" amaitu nahi duela esatea. PSOEren politika bermatzeak, Ibex35eko enpresei milaka milioi oparitzen jarraitzeak, armarri soziala mingarria den bitartean, ez du ezer "komunistatik" eta ez da ezkertiarra. Alderantziz. Logika hori onartzeak elektrizitatearen multinazionalen espekulazioaren konplize izatera eramaten zaitu. Multinazional horiek langile klasearen miseriaz baliatzen dira eta familia asko pobrezia energetikora kondenatzen dituzte.
Ezin da egoera hau onartu. Irtenbide bakarra konpainia elektriko handiak desjabetzea eta nazionalizatzea da, langileen kontrolpean jarriz. Horrela, gizarte osoarentzat ezinbestekoa den oinarrizko zerbitzua bermatuko litzateke. Horrelako jarduera batek gehiengoaren babes sutsua izango luke. Aitzakiarik ez, nazionalizazioa!