Propagandak ezin ezkutatu dezake langile klasearen aurkako eraso berria

Gobernuak, CEOek, CCOOk eta UGTk ekainaren 28an sinatutako akordioa beste urrats bat da pentsioen murrizketak sendotu eta sakontzeko bidean, 2011n PSOEren gobernuak eta bi urte geroago PPren gobernuak egin zituen kontrarreformei jarraiki.

Europar Batasunaren bedeinkapena duen operazio garrantzitsu honetan, Pedro Sanchez tentu handiz mugitzen ari da. Horren arrazoia argia da: badaki pentsioak modu irekian berriro murriztea ez dela gustatuko eta boto koska bat kostako zaiola. Era berean, erabat jabetzen da pentsiodunen mugimenduaren indarraz, 2019ko mobilizazio handiek erakutsi zuten bezala. Mugimenduaren helburu nagusietako bat 2011ko eta 2013ko kontrarreformak indargabetzea da.

Horregatik, Pedro Sanchez, burokrazia sindikalaren eta UPko ministroen babesarekin, pentsioen murrizketa berri hau "akordio sozial" baten lorpen gisa mozorrotzen saiatu da aurrez aurreko talka ekidin nahian. Ohiko joko iruzurtia.

Pentsioen murrizketa Europako funtsen truke EBrekin hitzartutako kontrapartida da

Joan den urtarrilean, orrialde hauetan bertan argitaratutako artikulu batean, azaldu genuen gobernuak desira ikaragarriz espero dituen Europako funtsen dozenaka mila milioi euroek kontrapartida garrantzitsuak dituztela: "Milioietako laguntza hori langile guztien artean ordainduko dugu. Nola ez, gure soldata eskasak are gehiago jaistetik aterako da, gizarte-zerbitzuak murrizten jarraitzetik, eta, batez ere, Jose Luis Escrivá Gizarte Segurantzako ministroak hainbat aldiz iragarri duen bezala, pentsioen "erreforma" berri bat aplikatzetik, Gizarte Segurantzak egindako kalkuluen arabera, etorkizuneko pentsioak % 5,5 eta % 12 artean murriztuko lituzkeena. "

Balorazio hau argitaratu genuenetik igaro diren ia 5 hilabeteetan aldatu den gauza bakarra da Europar Batasunaren laguntzak eta maileguak azkenean 144.000 milioi eurora igoko direla. Gehienak bankuen eta enpresa handien poltsikora joango dira. Baina horixe da Pedro Sanchezek hauteskundeetan emaitzak gehiegi ez erortzeko duen itxaropenaren heldulekuetako bat. Horregatik, lehenbailehen akordio batera iristea ezinbesteko helburu bihurtu da.

Behin fanfarrea eta hitzontzikeria alde batera utzita, ituneko puntu argi eta garbi bakarra erretiro aurreratuaren zigor gogorra da. Legearen arabera ohiko erretiroa bi urtez aurreratzeagatik egiten den deskontua %16tik %21era igaro da. Kaleratutako langileen kasuan, legeak aukera ematen die erretiroa lau urtera arte aurreratzeko, deskontua % 30era iristen da. Hain zuzen ere, adin heldueneko milaka langileren egoera da oraintxe, enpresak ostikada bat ematen dienean euren lanpostuak baldintza prekarioetan gazteekin ordezkatzeko.

Baina larriena ez da deskontuaren ehunekoaren igoera handi hori. Okerrena da gaur egun deskontua oinarri arautzailearen gainean aplikatzen zen bitartean, hemendik aurrera azken pentsioaren gainean aplikatuko dela, eta hori beti oinarri arautzailea baino baxuagoa da. Batzuetan askoz baxuagoa.

Horrela, Gobernuak eta patronalak lehen bi helburuak lortzen dituzte: langile askoren erretiroa urte bat edo bi atzeratzea, eta atzeratu ezin dutenen pentsioak nabarmen jaistea. Horrela, denbora irabazten du bere benetako helburuak erraztuko dituzten neurriak ezartzeko: pentsioen zenbatekoa etengabe murriztea, erretiro-adina luzatzea eta sistemaren pribatizazioa pixkanaka bultzatzea.

Akordio horren ondorioz, Escriva ministroak zinismo handiz planteatzen zuen aukeraren aurrean ehunka mila langile egongo dira datozen urteetan: "pentsioan doikuntza txiki bat egitea edo lan gehixeago egitea". 67 urteko erretiro orokorra gertuago dago Akordio honi esker.

Neurri horiei babesa emanez, Unidas Podemosek, CCOOk eta UGTk alde batera utzi dute langile mugimenduak eta ezkerrak erretiro adina 60 urtera aurreratzeko egindako aldarrikapen historikoa, eta, hala, kolpatu egin dituzte erretirotik gertu dauden langileak ez ezik, baldintza duinetan lanpostu bat bila ezin dezaketen gazteak ere. Gazteen langabezia %50 ingurukoa bada, zer zentzu du erretiro adina atzeratzeak? Neurri horren onuradun bakarrak enpresariak izango dira, enplegu egonkorra enplegu prekarizatuarekin ordezteko erraztasun gehiago izango baitituzte.

Murrizketa oso gogor hori oharkabean igaro dadin, erretiroa borondatez atzeratzea sustatzeko plan batean bildu dute; besteak beste, 12.000 eurorainoko saria jarri dute erretiroa hartzeko adinean dauden langileek lanean jarraitzea erabakitzen badute, eta hitzarmen kolektibo batzuetan jasotako nahitaezko erretiroko klausulak ezabatu dituzte.

Baina Gobernuaren planak badu eragozpenik. Erretiroa hartzeko adinetik harago lanean jarraitzea ez da langileak bere kabuz har dezakeen erabakia, enpresaburuaren planak alde batera utzita. Hain zuzen ere, banketxeak eta enpresa handiak, burokrazia sindikalarekin akordatuz, dozenaka mila langile, eta bereziki langile zaharrenak, kaleratzeko planak martxan jartzen ari direnean, Gobernuaren neurri horrek aurrez aurre talka egiten du enpresarien interesekin. Egia esan, iritzi publikoa engainatzeko amarrua da.

Horregatik, erretiro aurreratuagatik aurreikusitako kaleratzeak errazteko bereziki diseinatutako deskontuak aplikatzeko salbuespenak jasotzen ditu akordioak. Horrela, bankuek eta enpresa handiek kalte-ordain txikiagoak ordaindu ahal izango dituzte, eta Gizarte Segurantzaren kontuetan kargatu ahal izango dute langileen murrizketa kostuaren zati bat. Hitzarmen horretan ezartzen da, halaber, enpresaburuek deskontu berri eta garrantzitsuak izango dituztela Gizarte Segurantzako kuotetan, langileak erretiratzeko ohiko adinetik harago aktibo edukitzeak ekarriko liekeen kostua konpentsatzeko.

Benetan zuzendu al da PPk 2013an onartutako pentsioen kontrarreforma?

Gobernuaren propagandak, komunikabideen laguntzarekin, azpimarratu du akordio horrek PSOEk eta PPk 2011n eta 2013an egindako kontrarreformetan jasotako bi neurri nagusiak, jasangarritasun faktorea eta pentsioen errebalorizazio indizea baliogabetzen dituela.

2011n PSOEk CCOOko eta UGTko zuzendaritzen laguntzarekin onartutako pentsioen erreformak sortutako jasangarritasun-faktoreak hasierako pentsioaren zenbatekoa bizi-itxaropenaren bilakaerarekin lotzen zuen, etorkizuneko pentsioen zenbatekoa etengabe jaistea ziurtatuz. Egia da akordioak indargabetu egiten duela, baina belaunaldien arteko ekitate-faktore batekin ordezteko baino ez. Faktore hori 2022an zehaztuko da, 2027tik aurrera aplikatuko da, eta ez dakigu ezer horri buruz.

Egia esan, kasurik onenean izena aldatze hutsa izango da, nahiz eta oso litekeena den "faktore" berri horretan Gobernuak, gazte prekarioekiko elkartasunaren izenean, pentsioa kalkulatzeko zenbaketa-aldia handitzen saiatzea edo erretiro arrunta hartzeko adina atzeratzen saiatzea.

Pentsioen errebalorizazio-indizeak, PPk 2013an onartutakoak, urteko errebalorizazioa % 0,25era mugatzen du defizit-egoeretan (hau da, beti). Akordio berriaren arabera, errebalorizazio hori KPIren urtetik urterako batez besteko aldaketaren arabera kalkulatuko da. Epe laburrean behintzat, hori albiste ona da egungo pentsiodunentzat, baina ezer ospatu aurretik kontuan hartu behar da KPIren egiturak zerikusi gutxi duela pentsiodunen gastuarekin. Esate baterako, argindarra %42 igo da ekainean, eta ekaineko KPI aurreratua %2,6 da, maiatzeko KPIarekin alderatuta hamarren bat jaitsi delarik. Nola liteke hau? Bada, elektrizitatearen kostuak KPIren egituran duen gutxieneko eragina ez datorrelako bat, inondik ere, argiaren ordainagiriak pentsiodunen poltsikoetan duen benetako pisuarekin.

Unidas Podemosek lehenbailehen hutsegitea zuzendu behar du

Unidas Podemosek berehala ospatu du akordioa CEOE eta sindikatuekin, eta Escriva ministroari iritzia aldatu izanaren meritua aldarrikatu du. UPn ohikoa den bezala, akordioaren gutxieneko alderdi positibo bakarra –pentsioak KPIarekin lotzea– nabarmentzen dute, baina erretiro aurreratuen murrizketa bortitzari garrantzi osoa kentzen diote, haien arabera, "denbora tarte labur eta mugatu batean" soilik eragiten dutelako, eta "etorkizuneko prestazioak murrizteko tentaziorik ez izateko" adi egongo direla iragartzen dute.

UPko agintariek beren burua engainatu dezakete eta hemen ez dela ezer gertatzen konbentzitzen saia daitezke, baina Gobernuak Europar Batasunarekin dituen konpromisoak oso argiak dira eta beteko dira, eta berdin dio UPk zer "presio" egiten duen; izan ere, horren baitan dago enpresen etekinak eta jarduera ekonomikoa berreskuratzeko Europako 144.000 milioi euroak jasotzea, gutxienez hurrengo hauteskundeetara arte.

Datorren urtean, Gobernuak pentsioen erreformaren bigarren fasea zehazten duenean, belaunaldien arteko ekitate-faktore misteriotsuak zer ezkutatzen duen argitzen duenean, eta ziurrenik pentsio-sistemaren pribatizazio partzialari ateak irekitzen dizkionean banakako ekarpenen mekanismo notazional baten bidez, beranduegi izango da UPrentzat.

UPren ezintasuna erabatekoa da. PSOErekin duen gobernu akordioa ez da betetzen, lan prekarietatea azkar hazten ari da eta Kontsumo Ministerioa duen arren, argiaren prezioa bortizki igotzen da. UPko buruzagiak langileriarentzat eta gazteriarentzat kaltegarriak diren neurriak zuritzen ari dira, hondamendi batean amaituko den aurreranzko ihesaldian.

Batasun nazionalaren eta klase arteko kolaborazioaren politikaren ondorio tamalgarriak agerian geratzen ari dira arlo guztietan. Estrategia hori erabateko kontraesanean dago gizartea eraldatzeko edozein programarekin. Horregatik, ezker borrokalariko ekintzaile, kolektibo eta erakunde guztiok erantzun serio eta sendoa eman behar dugu eraso berri honen aurrean. Pentsiodunen mugimenduak oso argi utzi du bere adierazpenetan: batek ala besteak gobernatu pentsioak defendatu!


Ezker Iraultzailetik langile klasearen aurkako eraso berri honi kaleko mobilizazioarekin erantzuteko beharra azpimarratzen dugu honako programa hau defendatuz:

• Erretiro-adina 60 urtera murriztea.

• Gutxieneko soldata eta pentsioak 1.200 eurotan parekatzea, langileak eta erretiratuak baldintza duinetan bizi ahal izan dezaten.

• Errelebo kontratua erretiro guztietan, lan baldintza berberei eutsiz, gazteen langabeziari aurre egiteko.

• 2011ko eta 2013ko pentsioen kontrarreformak indargabetzea.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.