Egunotako albiste nagusia da: Pedro Sanchezek, itxuraz, aldatu egin du Gobernuaren osaera. Baina garrantzitsua da ulertzea zer norabide duen birmoldaketak: eskuinerantz doa ala ezkerrerantz? Nadia Calviñok lehen presidenteorde gisa pilatu duen botereak eta ministro berrien ibilbide politikoak erantzuten diote galderari.
PSOEren betiko aparatutik datozen aurpegiek ardura esanguratsuak hartuko dituzte, eta Sanchezen jarraitzaile sutsu batzuek, berriz, Exekutiboa utziko dute. Ivan Redondo bezalako “mertzenario” profesional batek kargua utzi du, Angel Gabilondok Madrilen jasotako porrotaren eta Ciudadanosen aldera hurbiltzeko estrategiaren ondoren. Aholkulari-ohia politika burgesak horrelako pertsonaiei eskaintzen dizkien merkatu berri eta ondo ordainduen bila abiatu da.
Oscar Lopezek ordezkatuko du Redondo. Baroi sozialistek 2016ko urrian Sanchez Idazkaritza Nagusitik botatzeko traizioan parte hartu ondoren, presidenteak berriro hartu du bere altzoan. Orain, PSOE bareagoa gobernatzen duenez eta Susana Diez behin betiko garaitu duenez, halako trikimailuetarako aukera gehiago ditu eta bideorria eskuinera lerratu du.
Zertan ari da Unidas Podemos?
Carmen Calvo eta Jose Luis Ábalos Gobernutik ateratzea erabaki taktiko gisa ikusi da, “Gobernuaren higadura” saihestu eta Unidas Podemosekin duen koalizioa sendotzeko. Logika jakin bat dago erabaki horren atzean.
PSOEren aparatuak ondorioztatu du gainditu direla, neurri handi batean, Gobernu barruan izandako liskarrak eta desadostasunak. Pablo Iglesiasen irteerak egonkortasuna eman dio Gobernuari. Batasun giro hori babestea eta legegintzaldiaren bigarren zatian gobernukideen aldetik etor daitezkeen ezustekoak saihestea, egoki ikusten dute bi aldeek (baita Moncloako batasun nazionalaren politika bultzatzen duen kapital handiak ere).
Yolanda Diazengan jarritako konfiantza ez da kasualitatea: Lan Ministerioan burutu duen jardunak itun sozial ugari ekarri ditu, eta CEOEren eta Ibex 35en txaloak ez ezik, propaganda kanpaina sutsua ere hedatu du komunikabideetan. Inkesten arabera, Gobernuko ministro “baloratuena” da.
Pablo Iglesiasek komunikabideetan jaso duen difamazio kanpaina sistematikoaren ondoren, deigarria da nola hitz egiten den Diaz eta bere kudeaketari buruz. Baina politikan ez dago kasualitaterik. Lan ministroa eskola zaharreko politikaria da, ezker erreformista posibilistaren, itunzalearen eta trikimailuzalearen ordezkari kualifikatua da, eta Gobernuko presidenteari ondo asko erakutsi dio fidatzekoa dela.
Gertatzen ari denari begiratu besterik ez dago. Yolanda Diazen babesean, Unidas Podemoseko aparatuak hizkera bikoitza indartu du: batetik, PPren lan-kontrarreforma indargabetzetik behin betiko aldendu dira —patronalak agintzen zuen bezala— eta, bestetik, UPko ministroak zalaparta handia eginez atera dira, pentsioak defendatzeko tresna gisa saldu nahian eskuinaren murrizketak eta pribatizazioa sakontzen dituen pentsioen azken erreforma. Mobilizazio masibo eta iraunkorraren buruan egon diren pentsiodunen erakunde guztiek salatu dute iruzur lotsagarri hori.
Gainerako funtsezko gaietan ere gauza bera gertatzen da. Ez da bete PSOEk eta UPk 2020ko urtarrilean adostu zuten Gobernu akordioa. Uko egiten zaiola alokairuen prezio izugarria mugatzeari? Ez da ezer gertatzen. Koalizioa osasuntsu dago. Etxetik kanporatutako milaka familia kale gorrian geratu direla? Indar korrelazioak du errua. Errege emerituaren dirutzaren inguruan Legebiltzarrak ikerketa batzordea sortzea ukatzen duela? Berdin dio, Ministroen Kontseiluan jarraitzea da garrantzitsuena.
Zerrenda luzea da: hezkuntza publikoa pribatizatzeko legeak (Celaá legea edo Lanbide Heziketakoa); Europako funtsak botere ekonomiko handientzako oinarri izango dira; deseskaladak agerian utzi du osasun publikoa eta, bereziki, lehen mailako arreta suntsiturik daudela, migrazio-politikan ez dago inolako aldaketarik PPk eta EBk onartutako legeri arrazistaren aldean; poliziaren errepresioak indarrean jarraitzen du gazteriaren aurka, gazteen langabezia %50ekoa denean. Horrek guztiak ezin du kaltetu ezarritako gidoia, historiako gobernurik aurrerakoiena dela eta “krisiari irtenbide soziala” ematen diola esatera ausartzen dena.
Ikuspegi hori ezkerretik modu koherentean kritikatzea berriz, eskuinari mesede egitea dela oihukatzen dute. UPko ministroak eta beren aparatua, esan dezagun egia, gobernuaren kudeaketaren benetako hooliganak bihurtu dira. Eta bere gain hartu dute klase arteko borroka baretzeko ardura, inoiz baino kementsuago. Lanaren banaketan, Sanchezek esleitutako zeregin hori bikain betetzen ari dira eta, noski, horren saria jasotzeko prest daude.
Azpijoko makurrak
Hala ere, Yolanda Diazek bigarren presidenteorde gisa egindako adierazpen mediatikoek badute beste helburu bat. PSOEk gobernatzen jarraitu nahi du. Baina Ciudadanosen hondoratzeak beste aukerarik gabe utzi du. UP eta Pedro Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuten alderdietan oinarritu beharra daukate ezinbestean.
Alde batetik, Katalunian ERCko eta JxCko agintariekin zubia eraikitzea erabaki dute. Kataluniako eta Espainiako patronalek babesten dituzten indultuek eta “elkarrizketa” mahaiak erakusten du bide errepresibo bortitzak porrot egin duela. Kataluniako askapen nazionalaren indarrak eta ezkerrerantz gero eta gehiago lerratu izanak eskuineko erreakzioa garaitu dute hauteskunde guztietan.
PSOEk, eta harekin batera kapital espainiarraren eta katalanaren sektore garrantzitsu batek, aukera ikusten dute orain 2017ko urriaren 1eko erreferendumarekin eta U-3ko greba orokorrarekin ireki zen krisi politikoa ixteko, autonomismora bideratzeko eta masen mobilizazioari aurre egiteko. Helburuetako bat 2023ko hauteskunde orokorretan PSCk emaitza onak lortzea da.
Bestalde, mugimendu garrantzitsuak prestatzen ari dira ezker aldera. Ez dirudi Pedro Sanchezek gehiengo absolutua lortuko duenik datozen hauteskunde orokorretan. Izan ere, inkesta guztien arabera PP gorantz egiten ari da.
Eskuinaren gorakada geldiarazteko, Moncloak eta Ferrazek txertaketa masiboan eta ekonomiaren “susperraldian” egin dute apustua. Gobernuarentzat bi puntu horiek funtsezkoak dira polarizazioa eta higadura arintzeko eta hauteskunde babesa ez galtzeko. Baina beste elementu bat ere behar du. PSOEren ezkerretara dagoen Unidas Podemos ez hondoratzea eta egungo koalizioa errepikatzeko nahikoa babes osatzea.
Yolanda Diaz hautagai ona da helburu horretarako, PSOEren ezkerretara eginkizun instrumentala duen indarra ordezkatzen baitu, Gobernuari itxura “soziala” emateko. Hizkuntza bikoitza erabiliko du langile-aristokraziako eta sindikatuen burokraziako sektoreak eta geruza ertain aurrerakoiak kontentatzeko, baina ez du kolokan jarriko PSOEren politiken orientazio kapitalista.
Pablo Iglesiasek Podemoseko idazkaritza nagusia eta politika kolpetik bertan behera uztea aukera paregabea izan da aparatu sozialdemokratarentzat. Sorpasso baten mehatxua gertutik bizi ostean, PSOEk ez dio uko egingo alderdi morearen ahultasunaren kontura indartzeari. Eta hori bere jokabide historikoaren bidez egingo du, asimilazioarekin alegia.
Podemosek egiturazko krisia bizi du: militantziak alde egin du, zirkuluak desegin dira eta hauteskundeetan atzerakada jasan du. Panorama hori programa antikapitalista eta masen mobilizazioa defendatzeari uko egitearen ondorio da. Horren ordez, ministerioak okupatu eta PSOEk ezartzen dituen politikak ezkerreko berniz batekin margotu ditu.
UPren proiektu politikoaren etorkizuna horrela ulertu behar da. Podemosen azken “Asamblea Ciudadanak” agerian utzi ditu proiektuaren ahultasuna eta gainbehera. Belarrak ezin du Iglesiasen paper politikoa ordezkatu. Baina Yolanda Diaz ez da Podemoseko agintaria, eta ez dio alderdiko diziplinari erantzuten. Bigarren lehendakariordeak bere agenda eta estrategia propioa ditu, eta, ziurrenik, ezker erreformistaren hauteskunde-plataforma zabal bat sortuko du, Errejonen Más País eta antzeko beste alderdi batzuekin. Oraindik asko dago ikusteko eta digeritzeko.
Gobernuaren muina, kapitalismoaren defendatzaileen kontrolpean
Politika burgesean ez dago tokirik asmo onentzat. Funtsezko erabakiek klaseko interesei erantzuten diete beti. Carmen Calvo ordezkatzeko Nadia Calviño izendatzea keinu bat baino askoz gehiago da.
Egia da Irene Monterok aurrez aurre izan duela Carmen Calvo Trans legearen inguruan. Eta irabazi ez duten arren, Calvo eta haren jarraitzaileek legea murriztea lortu dute funtsezko gaietan, besteak beste, trans adingabeen edo trans migratzaileen eskubideetan. UPko zuzendaritzak ondo hartu du Sanchezen keinu hori, eta Juan Carlos Monederok eta beste teoriko batzuek sekulako garaipentzat hartu dute.
Sozialdemokrazia aditua da horrelako maniobrak egiten: “ezkerreko” aldea baretzeko higaturik dauden sinboloak alde batera uzten ditu, baina auzi erabakigarrietan bere horretan jarraitzen du.
Nadia Calviño Gobernuan egonda, bermatuta daude patronalen aldeko neurriak; eta behin Europako batzordearen argi berdea lortuta, Europako funtsen kudeaketa (170.000 milioi), enpresen monopolio handietara eta bankuetara bideratuko da.
Marokorekin izandako migrazio krisiaren ostean, Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministerioan, Arantxa Gonzalezek kargua utzi du eta PSOEko aparatuko Jose Manuel Álbares izendatu da. Ez du minutu bakar bat ere galdu Espainiako Erresumaren aliantza inperialisten politika berresteko: Mohamed VI.aren diktaduraren aldeko laudorioak bota eta Saharako herriaren borrokari traizio egin dio, beste behin.
Esanguratsua izan da, halaber, Pilar Alegría jartzea Isabel Celaáren ordez Hezkuntza ministerioan. PSOEko zuzendaritzan eskarmentu handia du, eta hain du konfiantza handia eskola publikoan, bere seme-alabak Zaragozako Lizeo frantses eskola elitista eta esklusibora bidaltzen baititu; ikastetxe horretan urteko 4.000 euroko matrikula ordaindu behar da eta milaka euro gehiago osagarrietan eta bestelako ekintzetan. Ez da zaila ikustea bere eginbeharrak ez dituela bideratuko eskola publikoa salbatzera.
Horiekin batera, Teresa Ribera, María Jesús Montero, Reyes Maroto, José Luis Escrivá, Margarita Robles eta Grande-Marlaska bermea dira etortzear diren kontraerreformak indarrean jartzeko eta eskubide eta askatasun demokratikoen aurkako errepresioarekin jarraitzeko.
Finean, El País egunkariko iritzi artikulu baten izenburuak zioen bezala, “aurpegiak eta azentuak aldatu dira, ez norabidea”.
Kapitalismoaren logikarekin hausteko ezkerraren alde
Ez da egia Gobernu hau paradigma aldaketa bat eta pairatzen ari garen krisiari irtenbide sozial bat bultzatzen ari denik. Langabezia tasaren beherakadari buruz lau haizetara hitz egitea, uztailean 3.614.339 langabe daudenean, errealitate izugarria zuritzea da. Ezkutu sozialaz hitz egitea, Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarrerak porrot egin duenean, guztiz makabroa da. Erretiro-adina luzatzea saritzen duen pentsioen kontrarreforma onartzeak, gazteen %50eko langabezia dagoenean, ez du ezer ezkertiarretik.
Gauza bera esan dezakegu Gobernuaren onespenarekin suntsitzen den osasun eta hezkuntza publikoaz. Gobernuak ez du hatz bakar bat ere mugitu hori eragozteko. Edo etxebizitza krisia dela eta, ez du inolako neurri eraginkorrik hartu espekulatzaileen eta funts putreen esku dagoen higiezinen merkatuaren kontrolarekin amaitu eta alokairu sozialak dituen etxebizitza publikoen parkea sortzea bultzatzeko.
Benetan behar duguna ez da errezeta berberekin jarraituko duten beste pertsona batzuk jartzea aurrekoen ordez, ezta propaganda kanpaina hutsak egitea ere. Ezkerreranzko norabide aldaketa behar dugu, langileen eta etorkizunik gabeko gazteen mesedetan. Baina bultzada hori ez da Moncloatik edo Ministroen Kontseilutik etorriko. Behetik etorriko da, etengabe hazten ari den amorrutik.
Hamar urte bete dira M15etik. Leherketa hura eragin zuten baldintza objektibo berberak ditugu gaur ere. Mugimendu hark ondorio politiko handiak izan zituen: 2012ko greba orokorrak, Mareak hezkuntzan eta osasunean, Duintasunaren Martxak... eta kolpe izugarria eman zion 78ko erregimenari eta bi alderdien arteko sistemari.
Jakina, oso zaila da horrelako prozesu bat noiz eta zergatik lehertuko den jakitea. Baina garrantzitsua da ulertzea zein den klaseen arteko borrokaren joera. Podemosen krisia, eskuin muturraren gorakada, polarizazio gero eta nabarmenagoa eta egiturazko desberdintasuna ziklo politiko berri baten hasiera dira.
Azken urteotako esperientzia ez da alferrik pasa. Gainbehera kapitalistaren fase honetan piztu diren masa mobilizazioek, hala nola gazteen borrokek (Hassel-en espetxeratzeak, indarkeria matxista eta homofoboaren aurkako mobilizazioak) eta azken aldiko langile greba gogorrek ikasgai baliotsuak eskaintzen dizkigute. Eduki klasista eta iraultzailea askoz definituagoa dago, langile klaseko geruza dinamiko eta borrokalarienetan behintzat. Eta aukera bikaina eskainiko du ezkerreko alternatiba borrokalari eta antikapitalista bat altxatzeko, klase independentziako programa batekin.
Horretarako ari gara prestatzen.