PSOE-UPen Gobernuak aurkeztutako Zigor Kodearen erreforma proposamena sedizio delitua desagerrarazteko mugimendu huts gisa saldu zen arren, honek ondorio zuenak izango ditu mobilizazio sozialaren aurkako jazarpen baliabideak gogortzean.
Aski ezaguna da Rajoyren Gobernuak eta Auzitegi Gorenak sedizioaren tipo penala erabili zuela independentismo katalanaren ekintzaile eta buruzagiak gogor zigortzeko eta, bide batez, etorkizuneko protesta sozialen aurrean zigor aurrekari bat ezartzeko. Noski, zigor kodearen erreforma horren aurrean, PPko eta Voxeko bozeramaileak segituan hasi ziren uluka, “Traizioa!” oihukatuz, espainolismoaren aldarri oldarkorrari eustiz eta “Gobernua eraisteko” dei eginaz.
Baina, eskuin espainolistaren zalaparta gorabehera, kontua da erreforma horrek ez duela hobetuko 3.500 errepresaliatu gehienen egoera, Kataluniako 2017. urteko altxamenduaren ondorioz irekitako 44 kausa judizialetan. Kataluniar errepublikaren aldeko borrokari bizkarra eman dioten eta PSOEren Gobernuarekin aliatzea erabaki duten buruzagi independentistek bakarrik izango dute onura.
Pedro Sánchezek Kataluniako errepublikaren aldeko borroka lurperatzea du helburu
Nahiz eta egia den erreformak erabat atzerakorra den sedizio delitua kentzen duela, desordena publikoen delituari buruzko definizio zabalago batez ordezteko egiten du, eta horrek arrisku larrian jartzen du elkartzeko eta manifestatzeko oinarrizko eskubidea.
Erreformaren berehalako helburua Kataluniako herriak eskubide demokratiko, nazional eta sozialengatik, errepublikagatik eta 78ko erregimenaren aurka egindako altxamendu masiboa behin betiko likidatzen laguntzea da. PSOEk ERC eta Junts-eko agintarien laguntza izan du zeregin horretarako. Izan ere, ERC eta Junts Kataluniako askapen nazionalerako mugimenduari benetako edukia husten aritu dira, Generalitateko Gobernua bankuen eta enpresa handien interesen eta pribilegioen alde lan egiten jarri duten bitartean.
Baina PSOE-UPren eta ERCren eta Juntsen arteko kolaborazio politika horrek oztopo handi bat zuen: “Procés”-eko buruzagi eta parte hartzaileen aurkako kausa judizialak indarrean jarraitzen zuten eta erbestean daude politikari katalanista eskuindar zein sozialdemokrata esanguratsu batzuk. Gobernuak joan den urteko ekainean onartutako indultu partzialek bederatzi buruzagi kartzelaratu aske utzi zituzten, eta 1978ko erregimenak orain arte izan duen krisi handiena desaktibatzen saiatzeko lehen urratsa izan ziren. Lehen urrats hori, ERC eta Juntseko agintariek gainean zuten tipo penala ezabatuz osatu da, eta, badirudi, bide berean funtsak bidegabe erabiltzearen delitua ere aldatu egingo dela.
Funts publikoen bidegabeko eralbitzearen delitua berriro definitu zuen PPren Gobernuak 2015. urtean, CiUko Gobernuak antolatutako Kataluniako etorkizunari buruzko kontsultaren ondoren, une hartan Artur Mas zela buru, 2014ko azaroan. PPk tipo penal hori aldatu zuen, orain arte delitu gisa tipifikatuta ez zeuden jokaerak sartu eta tresna errepresibo gehiago izateko. Helburua Kataluniako nazio askapenaren aldeko mugimenduak bultzada irabazi eta erreferendum bat sustatuko balu, Kataluniaren etorkizuna askatasunez eta demokratikoki erabakitzea saihestea edo zailtzea zen.
Aurreikus zitekeen bezala, ustelkeria jazartzeko pasibotasun eta moteltasun izugarria agertu zuten epaileak, batez ere PPri eragiten bazion, laster ekin zioten Kataluniako kargu publiko orori funts publikoak bidegabe erabiltzearen delitu birformulatua aplikatzeari.
Zigor Kodea aldatzeko neurri horiekin, Gobernuak ERCrekin eta Junts-ekin lankidetza zabalagoa izateko bidea ireki du, U-1eko matxinada bortizki zapaltzeko balio izan zuten lege errepresiboak eta faxistaz betetako Estatu aparatua bere horretan mantenduz.
Bide batez, Pedro Sánchezek erreforma honen ondorioez baliatzea espero du, Kataluniako hauteskundeetako emaitzak hobetzeko eta PSCri boto erabakigarriak ziurtatzeko, 2023ko hauteskunde orokorren ondoren gobernatzeko adinako gehiengoa emateko.
Errepresio legeriaren gogortze larria
Pedro Sánchezek eta PSOEk neurri berriarekin protesta sozialaren jazarpena gogortzeko aprobetxatu dute.
Kataluniako bizitza politikoa “normalizatzeko” aitzakia aukera ezin hobea izan da Gobernuaren errepresio tresnak indartzeko, etorriko diren langile borroka masiboen aurrean prestatzeko.
Hori dela eta, sedizio delitua desagertzearekin batera, desordena publikoen delitua birformulatu egingo da, eta horrek mota guztietako protesta baketsuak are gogorrago kriminalizatzeko balioko du. Desordena publiko larrituen gutxieneko espetxe zigorra 2 urtetik 3 urtera luzatzea da helburuetako bat, horrela, delitu horiengatik kondenatutako guztiak espetxean sartuko direla bermatuko baita.
Orain arte, desordena publikoek pertsonen edo gauzen aurkako indarkeria erabiltzea eskatzen zuten. Erreforma horrek “desordena” gisa faktore berri bat gehitzen du: larderia edo intimidazioa. Nahikoa da norbaitek larderia sentitu izana alegatzea manifestazio, kontzentrazio edo eserialdi erabat baketsu batean, tipo penal berria egozteko. Poliziak behin eta berriz manifestariek “gaizki begiratzen” dietela esanez egiten dituen alegazioak, esate baterako, Zigor Kodean sartuko dira eta begirada hain beldurgarri horien arduradunak espetxe zigorretara kondenatu ahal izango dira.
Baina, badaezpada, manifestazio baten izaera baketsua hain agerikoa izan eta larderia alegatzea ezinezkoa gertatzen bada, Zigor Kodeko artikulu berri batek, 557 bis artikuluak, zehazten du “indarkeria edo larderia erabili gabe, eta aurreko artikuluan jasota ez badaude ere, taldean jardunez, titularraren borondatearen aurka, pertsona juridiko publiko edo pribatu baten, bulego, establezimendu edo lokal bat inbaditu edo okupatzen bada, publikora irekita egon arren, eta ondorioz, bake publikoari eta haren jarduera arruntari kalte nabarmena egiten bazaio”, kartzela zigorra ezar daitekeela.
Artikulu honen bidez, etxegabetzeen aurkako mugimenduak eta beste zenbait eragile sozialek banku sukurtsal batean antolatutako protesta edo scratch baketsu batean parte hartzen duena, greba batean piketeetan enpresaren instalazioetan sartzen den langile edo sindikalista, edo baita sarbide publikoa duen eraikin batean protesta egiten duen edozein pertsona ere –adibidez, konpainia elektriko baten bulegoetan–, delitu berri horrekin zigortu ahalko da eta epailearen interpretazio askearen eskuetan geratuko da bere zortea.
Sistema judizialaren izaera erreakzionario eta frankista behin eta berriz egiaztatu dugun errealitatea da. Epaile faxista horien esku protesta soziala kriminalizatzeko eta hartan parte hartzen dutenei zigor gogorrak jartzeko bitartekoak jartzea eraso onartezina da. Unidas Podemos, Gobernura Mozal Lege ospetsua indargabetzeko konpromezuarekin iritsi zen. Baina, bazkide den Gobernuak lege hori mantentzeaz gain protesta baketsuko ekintza kolektiboen aurkako zigor neurriak gogortzen ere ari da.
Desordena publikoen delituaren gogortze hori babestean mantentzen diren ezkerreko indar politikoak, jarrera zuzendu ezean, eraso larri eta guztiz atzerakoi baten zama eraman beharko dute bizkar gainean. Era berean, sedizio delitua desagertzea ez da nahikoa izango. Ezinbestekoa da U-1eko errepresaliatu guztien amnistiaren alde eta Kataluniako herriaren askatasunaren alde borroka iraultzailea altxatzea.