Duela egun batzuk, Diario Red egunkariak, Pablo Iglesiasek sortu berriak, editorial bat argitaratu zuen (Estar o no estar en el Gobierno), Pedro Sanchezek Podemos alderdia hurrengo gobernuan sartzeko beharraren harira.

Eta zehatz-mehatz planteatzen du, zentzuzko proposamen serio baten gisa, nahiz eta editorial horrek berak aurreikusten duen hurrengo koalizio-gobernua eskuinera nabarmen lerratuagoa egongo dela, eta botere ekonomiko eta faktikoen gogoko politikak garatuko dituela.

Iglesiasen eta Podemoseko buruzagi-taldearen helburu politikoak irakurtzeak harridura handia sortu du, lehenik eta behin, haren oinarri sozialaren baitan, hain zuzen gero eta umezurtzagoa eta areago noraezean dagoen horren baitan. Behin eta berriz adieraztea Irene Monterok ministro izan behar duela txunditzeko modukoa da, ikusitako guztiak ikusita. Hain gutxirekin konformatzen al da Pablo Iglesias? Edo, beharbada, besaulki batek aldatuko al du Sanchez eta Yolanda Diaz buru dituen gobernu baten politika, kontuan hartuta Yolanda Diaz arrazoi osoz jotzen dela Podemos hobiratzeko ezinbesteko eragiletzat?

Pablo Iglesias aretoko iraultzaile gisa jokatzen ari da. Eta ez dugu esaten hura deskalifikatzeko inolako grinarekin, baizik eta hizkera politiko zehatza erabiltzearren. Ivan Redondorekin presidenteorde izan zen gobernuaren edukia eta moldea negoziatu zituenean, ziurtatu zigun bertan parte hartzeak "PSOE ezkerrera biratzea" ekarriko zuela. Ez dirudi horrela izan denik, alderantziz baizik. Podemos alderdiak digeritu ezineko muskerrak irentsi zituen, eta, dena erabat lokazteko, Pablo Iglesiasek berak akats larria egin zuen: Yolanda Díaz izendatu zuen bere oinordeko. Emaitza ezaguna da. Hortaz, zergatik tematu lehengoa errepikatu nahian?

Ez gara noraezeko estrategia hori nabarmentzen ari inor amorrarazi edo zirikatzeko. Kontu hau ez da txantxetakoa. Helburua bestelakoa da: funtsezkoa da Iglesiasek proposatzen digun norabidearen inguruan gogoeta egitea eta haren "ministerioen aldeko estrategiak" noraino eraman gaituen laburbiltzea, ezkerrak behar duen berrarmatze ideologiko eta estrategikoaren ildoan.

Ondorioak atera behar ditugu urte hauetako eskarmentutik, eta are gehiago alderdi morea egoera kritiko batean kolokan dagoenean, politikan garrantzitsua ez izateko egoeran murgiltzeko ikuspegi beltza duela; hain zuzen ere, hain garrantzitsuak izan arren, onartu ez diren oso akats larrien erruz dago egoera kritiko horretan.


Begi-bistan dago Podemos alderdiak eskuinaren eta hedabide atzerakoien jomuga izaten jarraitzen duela oraindik ere, baina horrek ezin du oharkabean utzi une honetan biziraupenaren aldeko borrokan ari dela, eta itzelezko porrot batean bukatu daitekeela.

Pablo Iglesias ez da PSOErekin fidatzen

Argitu dezagun testuingurua. Diario Red egunkariaren editorialak, hasteko, agerian uzten du PSOEk benetan zer arrazoi izan dituen horren aldaketa nabarmena egiteko Diputatuen Kongresuan errealitate plurinazionala eta haren hizkuntzak onartzeari dagokionez. Duela urtebete, uko egin zion EH Bildurekin, ERCrekin eta EAJrekin Kongresuan hizkuntza koofizialak erabiltzeko aurkeztu genuen proposamenari!¬ — kexu da Iglesiasen webgunea, alderdi sozialistari leporatzen baitio "inbestidurarako akordioen edukiak zerikusi gutxi duela PSOEren eta haren gertuko hedabideen planteamendu politikoekin, eta bai lotura estua uneko egoeraren arabera dituzten beharrekin".

Jakina. Baina horixe izan da beti Sanchezen jokabidea. Orain, Gobernua osatuko badute, ahaztu egin behar dira 155. artikuluaz (orduan hain sutsuki babestu zutena) eta ezkutatu egin behar dute 2017ko urriaren 1az geroztik haien mitinetan gailentzen zen bandera gorri-horia.

Ezker militantean esperientzia pixka bat duen edonor jakitun da PSOE ez dela fidatzekoa, ez duela printzipiorik edo dituenak komeni zaion heinean aldatzen dituela. Alabaina, Iglesiasek eta haren webguneko editorialak behin eta berriro ahazten dute Sanchezen norabide aldaketa azaltzen duen elementu nagusi bat: Katalunian masa-altxamendu bat egon da Kataluniako errepublikaren alde eta espainolismoaren eta errepresio frankistaren aurka. Sanchezek ez du nahi inola ere errepikatzerik 2017ko urriaren 1a, urriaren 3ko greba orokor historikoa edo Auzitegi Gorenaren epaiaren aurkako mobilizazio jendetsuak gogora ekarriko dituen ezer.

Amnistia lortzeko aukera ez da Puigdemonten garaipena, ezta katalana, euskara eta galiziera Estatuko parlamentuan sartzea ere. Puigdemontek ez du Sanchez konbentzitu, ez eta PSOE aldatu ere. Kaleko mobilizazioaren indarrari esker eskuratutako garaipena da hori, poliziaren eta epaileen errepresio basatia gorabehera. Funtsezkoa da hori gogoratzea, Pablo: kalean lortutakoa, ez Ministro Kontseiluan.

Zeren bila dabil Iglesias Sanchezen gobernu "otzan eta kontserbadorean"?

Editorialean aurrera eginda, sozialisten asmoen ezaugarriak azaltzean nola bete-betean asmatzen duten irakurri ahal izango dugu: "Argi dago ahalik eta kontserbadoreena izango den eta botere ekonomikoekin ahalik eta otzanen jokatuko duen gobernu baten alde egin nahi duela Pedro Sanchezek (...)", eta orduan... Pablo Iglesiasek bere alderdia boluntario aurkezten du zeregin horretan laguntzeko? Kontuz, Pablo! Bide horretatik joz gero, PSOEri egozten diozun "gaixotasun" bera pairatzen da azkenean: beti alda ditzakegu gure printzipioak, edo ahalik eta gehien leundu, Ministro Kontseiluan eserleku bat edukitzekotan.

Bestela esanda: ezkerreko hitz-jarioa balia dezaket beharrezkoa den guztietan, baina ezkutatu ere egin dezaket. Orduan, hauxe da galdera: zertarako nahi duzue besaulki bat arerio izango duzuen Ministro Kontseilu batean, zuek diozuen bezala, kapital handiaren zerbitzura egongo baldin bada?

Baina jarrai diezaiogun Iglesiasek eta bere webguneak koalizio-gobernua eratzeari buruz deskribatzen diguten arrazoiketaren ildoari. "Podemosek PSOEri azaldu zion ez zela zuhurra Komunak eta IU Ministro Kontseilutik kanpo uztea, ziur aski alderdi politiko horiek autonomia politikoa eta parlamentarioa eskatu eta gauzatuko luketelako kanpoan geratuz gero. Gobernuaren babes parlamentarioaren egonkortasuna bermatzekotan, alde guztiak Ministro Kontseiluan eserita egotea zen garrantzitsuena".

Ez omen zen zuhurra, Gobernuarentzat ezegonkortasun-iturri izan zitekeelako, alegia. Hobe ote zen Sanchezen ildoarekin konprometituta segitzea, protesta egiten eta gizarte-mobilizazioa sustatzen jardutea baino? Beraz, Podemos koalizio-gobernuan sartu zenean, zertarako sartu zen? Autonomia politikoa ez praktikatzeko eta PSOEren esanei leial izateko, Iglesiasek berak dioenez, alderdi hori fidatzekoa ez den arren?

Ematen du ez dagoela beste interpretaziorik egiterik: Ministro Kontseiluan sartzeak berekin zekarren printzipioak eta independentzia politikoa alde batera uztea, egonkortasunaren eta bake sozialaren alde egiteko. Alegia, oinarritik jaiotako oso mugimendu indartsu bat bultzatzeari uztea, Estatuko gizon eta emakumeen zeregina bereganatzeko. Eta Pablo Iglesiasek estrategia horixe aldarrikatzen jarraitzen du, nahiz eta hondamendia ikaragarria izan den.

Gaiaren mamiari buruz inork zalantzarik baldin bazuen ere, Iglesiasek eskaintza bera egin du berriro ere oraingo egoerari heltzeko. Haren esanetan, Podemosek ministro-aulki bat lortzearren erreguka aritzea zera da, "proposamen arduratsua eta zuhurra, jarduteko gaitasun mugatua izango duen gobernu batean parte hartzeko eskatuta; jakina, berez askoz erosoagoa litzateke bere bost parlamentariak askatasun parlamentarioaren eremuan kokatzea, Gobernuari ezkerretik eragiteko, Bildu, ERC eta BNG alderdiek hartuko duten eremu berean".

Proposamen arduratsua… Nolako hizkera! Hitz horiek benetan lotsagarriak dira urte hauetako masa-mugimenduan esku hartu duen edozein borrokalarirentzat. Ministerio bat eman eta zintzo portatuko gara! Egonkortasunaren mesedetan lan egitea bermatzen dizuegu! Inolako liskarrik ez, egia deserosorik ez eta, jakina, kalea astintzeaz tutik ere ez. Baina ministerioa ematen badiguzue bakarrik, aizue!

Zer-nolako lotura du oportunismo honek Podemos jaiotzea ahalbidetu zuten milioika lagunen asmo eraldatzaileekin? Horretan laburbiltzen da Pablo Iglesiasen eta aretoko iraultzaile guztien gaixotasun ministeriozalea.

Historia errepikatu nahi da berriz ere, baina Podemosek dagoeneko ez du horretarako indarrik. Bost diputatu dituztela eta Yolanda Diazek umiliatuta (hark ez die ezertxo ere emango eta), daitekeenaren langa askoz beherago dago.

Baina okerrena zera da, ez dela inolako leziorik ateratzen ari gobernuan PSOEren agintepean parte hartu izanaren esperientzia mingotsetik. Ministro Kontseiluko besaulkien truke, Podemosek irentsi eta legitimatu egin ditu Gobernuak NATOri ematen dion baldintzarik gabeko babesa eta Ukrainako gerra inperialista, Melillako gizaki errugabeen sarraskiak, Cadizeko metal-sektorearen borroka zapaldu duten tanketak, Mozal Legea eta Lan Erreforma, hezkuntza eta osasun publikoak suntsitzea, Hipotekak erasandakoen plataformei eta haien aldarrikapen bidezkoei bizkarra ematea; eta aurrekoak ez ezik, ‘Bakarrik bai da baietz’ Legea txikitu izana ere bai, beraiek bultzatutako legea hain zuzen. Merezi al du ministerioak eskuratzeko irrika horrek horren guztiaren truke? Onuragarria al da? Zertarako? Norentzat?

PSOE ez da fidatzekoa, ez horixe. Podemos alderdiak jan duen sagar pozoitu bakoitzak itzelezko poza eragin du Ferraz kalean, ikaragarrizko gozaldia CEOEn eta Ana Patricia Botinek dantzatutako conga bat. Egia gogorra izaten da tarteka, baina aurre egin behar zaio ezinbestean. PSOEk Podemos baliatu du gobernuan ezker hegala babesteko eta kaleak ez asaldatzeko, kapitalisten irabaziek marka guztiak ontzen zituzten eta aldi berean familien erosteko ahalmena hondoratzen zen bitartean. Ministerioen "agintea" baliatu dute euren funts eta oinarritik urruntzeko, hau da, euren indarraren jatorritik, parlamentuan hutsaren hurrengo ordezkaritzarekin utzi eta barne krisi ia konponezin batean hondoratzeraino.

Ez da egia Iglesiasek dioena; alegia, "erosoagoa" dela askatasun parlamentarioa erabiltzea gobernuari ezkerretik eragiteko. Izan ere, askoz ere zailagoa da, baina baita kontsekuenteagoa ere, eta, batik bat, behar-beharrezkoa. Besaulkiak ez dira inoiz helburu izan gizartea errotik eraldatu nahi dugunontzat, baizik eta bitarteko bat, ministro izatera sekula ere iritsiko ez garenon eskubideak defendatzeko bozgorailu bat. Azken batean, beste tresna bat dira; ez, ordea, gailu magiko bat, gauzak benetan aldatzen dituena ordeztuko duena: klase-borroka, antolaketa eta kontzientzia.

Indarren korrelazioa aldatzea ez da erraza, ez eta erosoa ere, eta Ministro Kontseiluko besaulki erosoek ematen dituzten pribilegio indibidualei uko egitea eskatzen du, gainera. Areto horretatik alde egin eta borroka benetan egin behar den lekuan (kalean) borrokatzea da bide bakarra prekaritateari, etxebizitzaren etekin handiko negozioari, matxismoari eta patriarkatuari, zapalkuntza nazionalari, langile-auzoen miseria gorriari, zerbitzu publikoen pribatizazioari, kapitalaren diktadurari aurka egiteko.

Iglesiasek "ezkertiar-ezkertiarroi" leporatu ahal izango digu sasijakintsu hutsak garela, kritikatu besterik ez dugula egiten eta ez dugula ezer proposatzen. Esango digu hitz egitea erraza dela, baina gero gobernatzea zail-zaila. Hara, inoiz ez dugu esan samurra denik eta lubakiz aldatzeko sekulako presiorik ez dagoenik; guztiz alderantziz baizik. Hementxe dago, ordea, harekin izaten dugun sakoneko beste desadostasunetako bat. Berak eta bere laguntzaileek dena eman dute aginte-posizioak lortzeko, sistema kapitalistaren pean, eta ahaztu egin dute nondik sortu zen haien alderdiaren indarra.

Erantzuna ez da gogaidetasuna, ez egonkortasuna, ez eta PSOEren edo botere ekonomikoen erantzunkide izatea ere. Alderantziz! Borroka latza eskuinarekin, PSOE nabarmen uztea eta gizarte-mobilizazioaren gainetik altxatzea, programa iraultzaile bat defendatuz.

Ezinbestekoa da kritikoki aztertzea zergatik iritsi garen une honetara. Badakigu zer den parlamentuko kretinismoak tematuriko eta itsututako hauteskunde-makina bat eraikitzea. Aitzitik, zera behar dugu benetan: alderdi bat, langile-mugimenduan eta sindikatuetan, auzoetan, gazteen artean, mugimendu feministaren eta LGTBIren artean errotua eta hezurmamitua. Eta benetako lorpenak eta egiazko eskubideak geureganatzeko behar dugu alderdi hori, indar guztiarekin mahaian kolpea emateko, eta ez gezurrezko "botere"-lekuak lortzeko, handik sistemaren hondarrak kudeatze aldera.

Ministerio bat, edo bi edo bost eskuratuta, ez dugu suntsituko ordena ustel hau. Eta horixe da, hain zuzen ere, ezker borrokalariaren egitekoa.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.