Ekonomia espainiarraren egoera oso larria da eta honen ondorio zuzen du Hego Euskal Herrian. Estatu espainiarreko datu ofizialen arabera, 2008an inflazioa oso baxua izan zen, % 1,5 a; soldaten igoeraren azpitik. Patronaleko eta gobernuko espainiarreko teknikoek soldaten moderazioaren aldeko deia egiten dute: inflazioa txikia denez, soldatak ez omen dira igo behar eta are gutxiago krisi garaian. Alabaina, zifren benetako azterketa eginez gero bestelako ondorioak ateratzen dira.

Urtea % 1,5 eko inflazioarekin bukatu zen, azken hamarkadako baxuena, Gobernu espainiarrak aurreikusitakoaren azpitik. Gertaera hau, azaroa eta abenduan KPI, kontsumorako prezioen indizean, egindako jaitsiera historikoen ondorioa izan zen. Inflazio maila hau, ordea, ez da 2008 urte osoan zehar izan genuena, izan ere, iazko bataz besteko inflazio maila % 4,1ekoa izan zen, 1995.urtetik altuena eta udaran % 5a ere gainditu zen. Uztailan % 5,3ra iritsi zen, 1992.urtetik eman den mailarik altuena.

Ondorioz, 2008. urte hasieran langile eta pentsiodunek soldatetan igoerak izan bazituzten ere, 10 hilabetetan zehar inflazio mailak % 4,5a gainditu duenez, urtean zehar euren eros gaitasuna galdu dute. Baina urte bukaeran egindako KPI-aren jaitsiera dela eta, ez dute inongo ordainsaririk jasoko.

Pentsiodunak eta berrikusteko klausulak

 

Pentsiodunen egoera da lazgarriena. Oinarrizko produktuak izan ziren igoera handiena jasan zutenak, pentsiodunek gehien kontsumitzen dituztenak hain zuzen ere. Pentsio sistemak urte hasieran igoera bat zehazten du, 

Gobernuak egindako aurreikuspenaren  arabera urte berrian PKIa igoko den kopurua, gehi bukatzera dihoan urtean izandako galerak ordaintzeko beste kopuru bat, azken hau azaroan zehazten da. Pentsiodunek eskandaluzko inflazioa jasan dute. 2008ko urtarrilean, %2 igo zieten pentsioa, baina azaro bukaeran KPIa % 2,4an kokatzen zen, ondorioz, urtarrilean guztira urteko pentsioaren % 0,4ko ordainsaria jaso dute, bataz besteko 55 euro. 10 hilabetetan zehar inflazio igoera historikoa jasan eta gero, 2009rako igoera hilabetean 4 eurokoa izango da! 

Gauza bera gertatzen da hitzarmenak berrikusteko klausulekin, hauek aurreikusitako inflazio maila gaindituz gero bakarrik aktibatzen dira. Urte bukaerako inflazio maila hartzen denez kontuan, ez dira aktibatzen eta galdutakoa ez da berreskuratzen.

KPIak ez du langileen eros gaitasuna neurtzen

Estatistika Institutu Nazionalak  (EIN) egiten duen indizeak, hau da, KPIak, ez du langileriaren eros gaitasuna neurtzen, izan ere, erdi mailako familia baten gastuak neurtzen ditu, baina gastu mota guztiak maila berean jarriz, ez du kontutan hartzen langile familiek lehentasunezko gastu finko batzuk dituztela: elikadura, garraioa, etxebizitza, ura, argindarra, etab., eta gainerako gastuak. Horrela hauen eros gaitasuna ez da KPIarekiko proportzionala baizik eta lineala. Gehien garestitu diren produktuak oinarrizko produktuak izan dira eta pentsiodunek eta langileek diru kopuru handiena hauek eskuratzeko erabiltzen dutela kontuan hartuta, diru gutxiago gelditzen zaie bestelako gastuei aurre egiteko.

Oinarrizko gastuek gora eginez gero, KPIan islatu beharko litzateke aldaketa hau, baina ez da hala egiten. Ondorioz, gainerako gastuetan prezio murrizketak badaude ere, honek ez du eros gaitasuna handiagotzen diru gutxiago baitugu hauek ordaintzeko, oinarrizko produktuen prezio igoerarengatik. Eta hau gutxi balitz, etxebizitza izan da gehien handitu den gastua, familia asko hondoratuz, gezurra badirudi ere, ez omen da gastutzat hartzen, inbertsiotzat baizik eta ondorioz ez da KPIan kontatzen.

Inflazioaren errudun al dira soldatak?

 

Aise zabaldutako beste mito bat dugu hau. 2001. urteaz geroztik burututako azterketa baten arabera, bataz besteko soldata gehien igo zen urteetan (2003 eta 2007) inflazio baxuena eman zen.

2008an izandako bataz besteko inflazio altuaren eragileak, petrolioaren prezioa eta espekulazioa izan dira. Espainiako Bankuko zuzendariak berak adierazi zuenez  “ Estatistika Institutu Nazionalaren hiruhilabeteko kontabilitate datuen arabera, 2009ko lehen hiruhilabetean, enpresa-marjinek (ustiapenaren soberakin gordinek) 2,8 puntu gehitu zizkioten BPGaren deflaktatzaileari eta soldatapekoen ordainketak 1,4 puntu. Ikus dezakegunez, enpresa- marjinek soldatapekoen ordainketak baino bi aldiz inflazio handiagoa sortzen dute. Eta Estatistika Institutu Nazionalak egiten duen BPGaren deflaktorearen deskonposizioaren arabera, 2006ko laugarren hiruhilabetekotik hona, enpresa-soberakinen prezioen goranzko presioak ez dio handitzeari utzi. (Público, 10/07/2008).

2008ko martxoaren 13an, egunkari berak zera argitaratu zuen esnearen prezioaren inguruan: “Esnearen KPIa %0,7 jaitsi zen otsailean. Jaitsiera ziztrin bat, izan ere esne litroak batek iaz baino % 27,7 gehiago balio du, nahiz eta abenduaz geroztik (litroa gehien ordaindu zaienean baserritarrei,0.48€/l) jatorrizko prezioa %4 eta 8 artean jaitsi den UPA  Nekazal erakundearen  kalkuluen arabera”. 2008. urte osoan zehar baserritarrak, jatorrizko prezioen jaitsieraren aurka mobilizatu dira eta bitartean, herritarrontzat, prezioek gora egin dute.

           

Prezioek bera egingo al dute 2009an?

 

2009ko prezioen azterketa egiteko, 2008an zergatik igo ziren eta azken hilabeteetan zergatik jaitsi diren ikusi behar da. Azaroan krisia nabaria zen eta honek neurriz kanpo baloratuta zeuden zerbitzu eta elikagai batzuen prezioen jaitsiera ekarri zuen, esaterako, esnea eta udan errekorrak hautsi zituzten erregaiak. 2008ko abenduko prezioen jaitsiera zehatz-mehatz aztertu nahi bada, kontuan hartzekoa da 2007ko abenduan, espekulazioaren puntu gorenean, igoera izugarriak eman zirela. 2008ko abenduan kontrakoa genuen egoera eta ondorioz etxe tresna elektrikoak, arropa etab. beraien berezko prezioak izatera itzuli ziren. Hala ere, honek ez du esan nahi 2008ko urtarrileko prezioen azpitik daudenik. Alokairua %4 igo zen abenduan, garraio publikoa %4 tik 8ra hiri nagusietan eta argindarra eta gainerako zerbitzu publikoak ere KPIaren gainetik igo ziren. Etxebizitzari dagokionean, egia da euriborra jaitsi egin dela baina hau, hipotekak berrikustean bakarrik nabarituko da. Irailean berrikusten direnetan, adibidez, 2009ko irailera arte ez dute alderik nabarituko, euriborraren jaitsierak azaroan hasi baitziren gutxieneko eragina izaten, ondorioz, familiek soldata igoerarik gabe egin beharko diote aurre gastu honi.

Elikagaiei dagokienez, banatzileek gabonetan galdutakoa berreskuratu nahi izan zuten urtarrilean eta eguraldi txarraren aitzakiapean produktu freskoen prezioak igo zituzten baina nekazariei ez zieten gehiago ordaindu. Urtarrilean inflazioak beheranzko bidea jarraitu du baina elikagaiek garestitzen jarraitzen dute.

Beraz, funtsean: soldatak KPIa bezainbeste igotzeak, praktikan, langile familien eros gaitasuna murriztea dakar.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.