Zapaterok zuzentzen duen gobernuak modu lotsagarrian men egin die CEOE patronal espainiarraren eta bankaren presioei. Eraso berri honen aurrean beharrezkoa da sindikatuek greba orokorra antolatzea.

Krisiaren hasieran Zapatero berak esan zuen ez zituela langileen aurkako neurriak hartuko eta ez zela gastu soziala ukituko. Baina beste behin, bankaren eta CEOE patronalaren aurrean men eginez ondorengo neurriak aurkeztu ditu:

 

1. Funtzionarioen soldatak %5 jaistea

Uztailetik aurrera funtzionarioei batez beste %5 murriztuko dizkie soldatak, eta datorren urtean izoztu. Hau da, aurtengo %5eko jaitsiera indarrean izango da 2011n ere eta ez die kontsumorako prezioen indizearen (KPI) araberako igoerarik aplikatuko. PSOEren Gobernuaren asmoa funtzionario guztien soldatak jaistea da: Estatukoak, autonomia erkidegoetakoak, diputazioetakoak eta udaletakoak.

2. Pentsioak izoztea

PSOEren Gobernuak pentsioak izoztuko ditu 2011n, ez die aplikatuko KPIaren pareko igoerarik. Horrela, erretiratuek eros ahalmena galduko dute. Europako Batasunaren datuen arabera, prezioak %2 garestituko baitira 2011n. PSOEren Gobernuak ez ditu izoztuko gutxieneko pentsioak eta kotizaziorik gabekoak. Neurri horrekin 1.500 milioi euro aurreztu nahi ditu. Hego Euskal Herrian 610.000 herritar inguruk kobratzen dute pentsioren bat.

3. Haur jaioberrien laguntzarik ez

2011tik aurrera bertan behera geratuko da PSOEren Gobernuak haur jaioberriengatik edo adoptatutakoengatik gurasoei ematen dien 2.500 euroko laguntza. 2007ko azaroan jarri zuen indarrean eta ordutik 2.700 milioi euro eman ditu laguntzetan.

4. Mendekotasun laguntzak, onartutakoan

Mendekotasun Legean aurreikusitako laguntzak ez dute atzeraeraginkortasunik izango. Gaur egun, Mendekotasun Legean aurreikusitako laguntzaren bat onartuz gero, eskaera egin eta onartu bitarteko denborari dagokion laguntza ere jasotzen da lehen ordainketarekin batera. Defizita murrizteko neurriak indarrean jartzen direnean ez. Eskaeraren eta erabakiaren arteko epeari dagokion laguntza kobratzeko eskubidea dutenek gehienez bost urtean kobratuko dute atzeratutako laguntza.

5. Atzerapenak eta guraizea inbertsioetan

Krisi garaian administrazioak izan ohi dira ekonomia jardueraren bultzatzaile nagusietakoak, inbertsio publikoaren bitartez. PSOEren Gobernuak, baina, inbertsioak murriztea erabaki du: 6.045 milioi euro aurten eta datorren urtean. Aintzat hartu behar da aurten jada 5.000 milioi euroko murrizketa egin duela. Guztira 11.000 milioi euro dira, beraz.

6. Erretiroa, gordinago

PSOEren Gobernuak duela bi urte gogortu egin zituen erretiratzera zihoazenek lanaldia murrizteko bete behar zituzten baldintzak. Prozesua piskana-piskana egin nahi zuen, baina orain prozesu hori bertan behera utzi du eta baldintzak zuzenean aplikatuko ditu, progresibotasunik gabe: 61 urte izatea, enpresan sei urtean lan egitea, lanaldia gehienez %75 murriztea eta 30 urtean kotizatzea.

7. Murrizketa gehiago erkidegoek eta udalek

Autonomia erkidegoek eta udalek gerrikoa gehiago estutzea nahi du PSOEren Gobernuak. Aurten 10.000 milioi euro aurrezteko eskatu zien, eta 1.200 milioi euro gehiago atzo.

8. Tratamenduei egokitutako botikak

Kaxetako pilulen eta dosien kopurua tratamenduen ohiko iraupenera egokituko da, gaixoei botikak soberan ez geratzeko eta dirua aurrezteko. PSOEren Gobernuak dosi bakarreko botikak ere nahi ditu, kopuru zehatzak erosteko.

9. Laguntza gutxiago garapenerako

Beste herrialdeen garapenerako laguntzak 600 milioi euro murriztuko dituzte aurten eta datorren urtean (%1 murriztu zituzten iaz).

Hala ere, aurrerantzean neurri gehiago iragarriko dituzte. Oso posible da datorren egunetan lan erreforma iragartzea kaleratzeak merkatzeko eta langileen lan baldintzak are gehiago okertzeko helburuarekin. Beste neurri seguruetako bat BEZaren igoera da, bankariei eta enpresariei baino langileei portzentaia handiagoan eragiten diena.

Batere “justuak” ez diren neurriak, bankariek eta enpresariek irabaziak pilatzen jarraitzen duten bitartean

Krisi kapitalistaren arduradun nagusiei, bankari eta enpresari handiei, ez die ondorio “txarrik” ekarriko plan berri honek. Une hauetan, Estatu espainiarreko aurrekontu orokorretako hirugarren kontu-saila zorren interesak ordaintzera bideratuta dago: batik bat banka handira joango diren 23.224 milioi euro. Akzionista eta espekulatzaile handiak, krisiaren arduradunak izan direnak, azken urteetan diru publikoarekin egindako erreskate multimilioidunez onuratu dira. Hau da zorren benetako arrazoia eta ez orain erasotu nahi den gastu soziala. 

Bankariek Europako Banku Zentraletik dirua %1eko interesekin lortzen dute zor publikoarekin espekulatzeko eta ondoren irabaziak eskuratzen dituzte %4 eta 5eko interesekin. Hauek ere ez dira kaltetuak izango plan berri honekin. Krisiaz gain, bankaren irabaziek ikaragarriak izaten jarraitzen dute, zor publikoari esker egiten ari diren negozioari eskerrak.  

Horregatik, langileen eta gizarteko gehiengoaren alde benetako neurriak hartzeko beharrezkoa da bankuak desjabetzea, hauek langileen eta hauen erakundeen kontrolpean jarriz. Bestetik, PSOEren gobernuak gastu publikoa “arrazionalizatu” nahi du sendagaietan, posible litzatekeenean oinarrizko zerbitzu batean negozioa eginez milioika euro irabazten dituen industria farmazeutikoa desjabetzea. Zergatik erasotzen dira ahulenak kapitalistek irabaziak izaten jarraitzen duten bitartean? Langileen, langabetuen eta pentsionisten aurka neurriak hartzeko prest agertzen da PSOEren gobernua baina ez dago prest ondasun handiak dituztenei zergak igotzeko, hau da, 2009an bakarrik Ogasunari milaka milioi euroko iruzurrak egin dizkiotenei. 

Sindikatuek greba orokorra antolatu behar dute

Eta orain, langabezia izugarrizko datuetara iristen ari denean, PSOEren gobernuak langile klasearen aurkako plan basati bat iragarri du, hasi besterik egin ez dena gainera.

Beharrezkoa da sindikatuek greba orokorra antolatzea. Arrazoi eta eraso nahikoa badago maila honetako mobilizazioa deitzeko. Eraso honek langile klasearen erantzun bateratu eta eraginkor ez badu izaten neurri gogorragoak iragarriko dituzte. 

Gainera, plan honek ez du krisia konponduko, ez du enplegua sortuko eta ez du gizartearen gehiengoa ezertan hobetuko. Plan honen helburu bakarra bankaren eta enpresarien irabaziak defendatzea da. Krisiak agerian utzi dut parasito hauen interes berekoiak bateraezinak direla gizarteko gehiengoaren beharrekin.  

Nonbait PSOEri ahaztu egiten zaio Estatu espainiarreko langileen botoei esker heldu zela gobernura. Bide honetan jarraitzen badute ez da zaila izango lehen botoa eman zioten langile asko abstentzioan geratzea hurrengo hauteskundeetan. Bere garaian kapitalismoaren aurkako borrokarako sortutako langile alderdi honetako zuzendaritza ordea erreformismoan erorita dago eta sistema kapitalistak alternatibarik ez duela uste dute. 

Orain, egoera politikoaren gakoa sindikatuen zuzendaritzetan dago eta batik bat CCOO eta UGTko zuzendaritzetan, desmobilizazio eta akordio sozialaren politikak alde batera utzi beharko lituzketelarik. Zein akordioetara heltzeko asmoa dute PSOEren gobernuarekin edo enpresariekin hauen helburuak nolakoak diren garbi dagoenean? Hego Euskal Herriko langileen ikuspuntutik berriz, ELA, LAB eta maiatzaren 21eko greba orokorra antolatu zuten sindikatuek greba orokorra bultzatzeko eta antolatzeko lana egin beharko lukete aldi berean. 

Kapitalistak harropuzten dituen politika eta metodo erreformistak alde batera utzi behar dira!! Langile klasea indartsua da!! Baldintzak badaude mobilizazio masiboak antolatzeko!! Beharrezkoa da burgesiaren erasoei ekintza eraginkorrekin erantzutea!! Ondo antolatutako mobilizazioa behar da, PSOEren gobernua bere neurriak atzera botatzera behartuko duena. Zapateroren gobernua politikaz aldatzera behartu beharra dago eta hau langile klasearen mobilizazioarekin bakarrik lortu daiteke: diru publikoa bankariei eta enpresariei eman beharrean, langabezia sorospen mugagabe bat eta, gastu sozialen murrizketen eta lan erreformaren mehatxuaren bukaera. Maila honetako errebindikazioak lortzeak gainera ikaragarrizko eragin positiboa izango luke langile klasearen etorkizuneko borroketarako. 

Grezian bezala sindikatuek greba orokorra antolatu behar dute. Nolako greba orokorra? Estatu mailako greba orokorra. Estatuko nazio ezberdinetako langileria elkartuz, internazionalismo proletarioa bultzatuz, LABek Estatu frantziarreko greba orokorrei babesa eman dien bezala, posible izango litzateke PSOEren gobernuaren erasoak geraraztea. Nork deitu? Hego Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Estatu espainiarreko lurraldeetako sindikatu guztiek, eta batik bat sindikatu nagusi guztiek. Noiz? Ahal den azkarren hasi beharko litzateke antolatzen eta data zehazten. Zergatik? Ez dagoelako modu eraginkorragorik eraso horiei aurre egiteko. Zertarako? Patronalei hortzak erakusteko eta langile mugimenduaren batasuna eta antolakuntza bultzatzeko. Eta bide batez, nazio gaindiko greba orokor bat izango litzatekeenez, langileen internazionalismoa bultzatzeko eta estatuko beste langileei autodeterminazio eskubidearen beharra azaltzeko. Nazioz gaindiko langileen batasuna eta autodeterminazio eskubidea defendatu behar dituzte langile klasearen erakundeek, Errusiako iraultzan boltxebikeek egin zuten bezala.

Greba orokorrak oinarrizko puntu hauek izan beharko lituzke:

- Langile klasearen aurkako planik ez. Krisia bere arduradunek ordain dezatela: kapitalistek.

- Murrizketarik ez soldatetan, osasunean, hezkuntzan, pentsioetan eta zerbitzu sozialetan

- Lan erreformari ez

- 1.200 euroko langabezia sorospen mugagabea langabetu guztientzat lana aurkitu arte

- Ondasun handiei eta enpresetako eta bankako irabaziei zergak igo. Kapitalen ihesaren aurrean aberatsen kontuen eta ondareen konfiskazioa.

- Espekulatzaile handiei ez zaie Estatuaren zorrik ordaindu behar.

- Bankaren desjabetzea langileen eta hauen erakundeen kontrolpe demokratikoan.

- Europa osoko langileen borroken bateratzea kontinente osoko greba orokorraren prestaketarekin

- Krisian dauden enpresen desjabetzea langileen kontrolpean

- Europako nazio guztiei autodeterminazio eskubidea

Sozialismoaren aldeko borroka

Krisi kapitalista agerian uzten ari da beharrezkoa dela langile klasearen erakunde politiko eta sindikaletan eraldaketa sakon bat ematea. Maila politikoan erreformismo sozialdemokratak eta maila sindikalean “el mal menor” deitutako politikak ez dute balio gizarteko gehiengoaren interesak defendatzeko. Krisi kapitalista, hilabete gutxi batzuetakoa ez dena izango eta hurrengo garai historikoa baldintzatuko duena, behin eta berriro erakusten ari da politika errealista eta kontsekuente bakarra mobilizazioa eta programa antikapitalista baten defentsa direla. 

Ezin dira langile klasearen eskubideak defendatu sindikalgintza borrokalari bat gabe, eta ez da posible sindikalgintza borrokalari eta kontsekuente bat eraldaketa sozialistaren perspektiba politiko bat gabe, ekoizteko indarren jabego kolektiboan, langile demokrazian eta estatu burges nazional edo plurinazionalen ezabaketan oinarritutakoa. Bi alternatiba bakarrik daude: kapitalismoa edo sozialismoa.

Hau da Euskal Herria Sozialistak planteatzen duena. Lagundu ezaguzu ideia hauek Euskal Herri osora zabaltzen!!