Maiatzaren 15ean ehunka milaka pertsona kalera atera ziren Estatu espainiarreko hiri nagusietan krisi kapitalistaren, PSOEren gobernuaren neurrien eta gaur egungo kapital finantzarioaren diktaduraren aurka. Egun horretako mobilizazioek eta hurrengo egunetan jarraitutakoek erakusten dute biztanleriaren zati garrantzitsu bat prest dagoela borroka egiteko.

Deskargatu pdf formatuan hemendik eta zabaldu zure ingurua

 

 

“Democracia Real Ya” plataforma izan zen maiatzaren 15eko manifestazio jendetsuak deitu zituena. Bertan parte hartu zuten adin guztietako herritarrek, ikasle unibertsitario eta gazte langileetatik hasita langabetu eta jubilatuetara arte. Manifestazioetako kontsignak bankarien, ustelkeria eta klase politikoaren aurkakoak izan ziren. Mota guztietako kartelak ikusten ziren aldi berean etxebizitza duin baten edota osasun eta hezkuntza publikoaren alde. Nahiz eta plataformaren bultzatzaileak eta komunikabideak saiatu ziren mugimendua edozein ideologiatik kanpokoa zela esaten, agerian zegoen mobilizazio honen izaera ezkertiar eta antikapitalista.

CCOO eta UGTko agintariak behin eta berriro esaten ari dira langileek eta gazteek ez dutela kontzientzia nahikorik eta borrokarako borondaterik. Iritzi honek, ordea, ez du zerikusirik errealitatearekin. Ondoez handia eta borrokarako gogoa dago estatu espainiarreko langile eta gazteengan, baina orain arte hori guztia bidera zezaketen arduradunek (agintari sindikal, ezkerreko antolakuntzetako agintariak…) borroka saihestu egin dute euren ekintza politiko desegokiarekin. Lehenago edo beranduago, gorroto eta haserre guztia aterako da lurrazalera, eta kasu askotan gutxien espero den moduan. Grezian, Islandian, Estatu frantziarrean, Portugalen edo mundu arabiarretako iraultzetan ikusi ditugun gertakizunek erakusten dute klase arteko borroka handitzen ari dela sistema kapitalistaren krisi sakonaren ondorioz.  

Krisia hasi zenetik milioika pertsonek sufritu dituzte kaleratzeak, soldata jaitsierak eta zerbitzu sozialen murrizketak. Egoera honetan burgesiak bere benetako aurpegia erakutsi du. Azken adibidea estatu espainiarreko 40 enpresa handienek Zapaterorekin izan dituzten bilerak dira. Modu honetan, langile klasearen bizi baldintzak gehiago okertuko lituzketen neurri berrien beharraz hitz egiten den bitartean, IBEXen afiliatuta dauden enpresek ikaragarrizko irabaziak izan dituzte.  

Egoera honen aurrean, estatu espainiarreko ezkerreko erakunde politiko eta sindikaletako agintariak ez dira gai izan erantzuteko, langile klasearen eta gazteriaren artean haserre handia sortuz. Nahiz eta irailaren 29ko greba orokorrak arrakasta izan estatu espainiarrean, Galizan eta Katalunian (Hego Euskal Herrian ez gehiengo sindikalak ez baitzuen bultzatu), CCOO eta UGTko agintariek bukaera eman zieten mobilizazioei eta PSOEren Gobernuarekin eta patronalarekin pentsio erreforma sinatu zuten. “Estatu gizon” sentitzen diren Toxo eta Mendezek kapitalismoaren logika onartzen dute eta horregatik murrizketak kudeatzeko lana dute helburutzat. Horrela, desmobilizaziozko politika sindikalari esker burgesiak konfiantza hartu du herritarren bizi baldintzen aurka eraso gehiago antolatzeko. Pentsioen sisteman murrizketa basati bat onartu ondoren, orain Negoziaketa Kolektiboaren erreforma eztabaidatzen ari dira CCOO eta UGTko agintariak patronalaren aurrean kontzesio gehiago eginez.  

Beste aldetik, Izquierda Unidako agintariak ere, erasoen aurkako borroka antolatu beharrean, parlamentua hartu dute herstura planak atzera botatzeko borroka gune bakartzat. CCOO eta UGTko agintarien desmobilizazio politikaren aurrean isilik geratuz eta langileak mobilizatzeari uko eginez, IUko agintariek ez daukate gaitasunik gazterian eta langilerian dauden elementu borrokalarienak erakartzeko.  

Zer egin mugimendua zabaldu eta indartzeko?

“Democracia Real Ya”ko bultzatzaileek behin eta berriro esan dute “apartidistak” direla eta ez dutela nahi erakundeek eta sindikatuek bertan parte hartzea. Plataformaren manifestuan bertan honakoa irakur daiteke: “Unos nos consideramos más progresistas, otros más conservadores. Unos creyentes, otros no. Unos tenemos ideologías bien definidas, otros nos consideramos apolíticos… Pero todos estamos preocupados e indignados por el panorama político, económico y social que vemos a nuestro alrededor”. Azken finean, horrelako ideiek aurreiritzi kontraeraginkorrak sortzeko balio dute mugimenduan nahasmena sortuz. Ideia “apolitiko” eta “apartidisten” aurrean langileek eta gazteek antolakuntza eraginkorrak behar dituzte, modu kolektiboan eta kontzientean borroka egiteko. Hala ere, beharrezkoa da berriro esatea manifestazioen eta bertan erabiltzen diren kontsignen izaera ezkertiarra dela.

Biztanleriaren gehiengoak bizi dituen arazoen arduraduna sistema kapitalista da. Horregatik, beharrezkoa da borroka zentzu antikapitalista batean zuzentzea, burgesiaren, bankaren eta enpresari handien botereari aurre eginez. Maiatzaren 15ean hasi zen mugimenduak, bere aldarrikapenak lortzeko (pentsio erreforma atzera botatzea, bankuei diru publikoa ez ematea…), oinarrizkoa da langile klaseak bertan parte hartzea. Aldarrikapen minimo horiek ere errebolta sozial sakon batekin soilik lortuko dira eta honetarako beharrezkoa da langile klasearen babesa lortzea. Manifestazioak, garrantzitsuak izan arren, ez dira nahikoa, beharrezkoa da langile klasearen parte hartzea eta greba orokorren deialdiak bilduko dituen borroka plan eraginkor bat martxan jartzea.   

Iaz ikusi genuen Estatu frantziarrean esaten ari garen hau. Greba prozesu batekin Estatu frantziarra erabateko paralisian geratzear egon zen. Beste adibideak mundu arabiarreko iraultzak ditugu, bertan langile klaseak, Tunisia eta Egipto bezalako herrialdeetan, oinarrizko papera jokatu duen diktaduren aurka grebak antolatu baititu. CCOO eta UGTko agintariak okerreko politika bat defendatzen ari diren arren, akats handia litzateke mugimendu sindikal antolatura ez zuzentzea. Oso garrantzitsua da mugimendu honek CCOO eta UGTko agintariak presionatzea, beren politika erabat aldatzeko eskatuz eta greba orokor berri bat deitzea exijituz. Honek, harrera oso ona izango luke CCOO eta UGTko delegatu eta afiliatuetan, hauetako asko ere oso haserre baitaude euren agintarien politikarekin. Langile mugimenduaren parte hartzeak ikaragarrizko bultzakada emango lioke hasitako borrokari. Hau da Greziako eta Portugaleko esperientziek erakutsi dutena.     

Badago alternatiba, baina ez kapitalismoaren barruan. Eta alternatiba horren alde borrokatzeko beharrezkoa da aldarrikapenak eraldaketa sozialaren aldeko borrokarekin lotuko dituen programa argi bat, gizarteko baliabideak langileen kontrolpean jartzea defendatuko dituena eta, lehen pausoa, banku eta multinazionalen desjabetzea izango dena. Modu honetan, posible izango litzateke langabeziarekin bukatzea, gazteriarentzat etxebizitza duin bat lortzea, denek kalitatezko osasun eta hezkuntza publiko bat izatea… Esperientziak erakutsi du: ez dago kapitalismo gizatiarrik. Sistema hau ezin da erreformatu, suntsitu egin behar da eta horretarako borroka partzialek, manifestazioek eta grebek helburu garrantzitsu bat izan behar dute: langileak, gazteak eta langabetuak gehiago eta hobeto antolatzea, hauen kontzientzi maila igoz eta kapitalismoaren aurkako programa iraultzailea defendatuz.     

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.