“Bankarien eta politikarien merkantzia bat ez gara” lemapean maiatzaren 15ean deitutako mobilizazioetan milaka eta milaka pertsonek hartu zuten parte Estatu espainiar osoan zehar, Katalunian, Galizan eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Data hartatik, milaka gazte eskenatoki politikoan sartu dira, kaleak hartzeko erabaki garbiarekin, bizi baldintzetan aldaketa erradikal bat eskatuz. Zentzu honetan, Ekainaren 19ko mobilizazioek ere jarraipen handia izan zuten.
Babes handia jaso duen mugimendu honek frogatu du gai dela adierazteko eta manifestatzeko eskubidea urratzen dituzten erabaki antidemokratikoei borrokarekin aurre egiteko. Horren adibide dira Madril, Valencia eta Bartzelonan poliziaren errepresio basatiari eta hauteskundeen aitzakian manifestatzeko debekuei aurre egin izana.
Asteetan zehar parte hartzeko, eztabaidatzeko eta mobilizazioa indartzeko gogo ikaragarria egon da. Garbi geratu da sistema honek itota dituen milaka gazteren abilezia, iniziatiba eta talentua. Plazak hartzeko, akanpadak antolatzeko eta bertan batzarrak egiteko erabakiak, paper oso positiboa jokatu du protesta hau gehiago ikustarazteko. Mugimendua gainera munduko beste hainbat tokitara ere zabaldu da, batik bat Estatu frantziarrera eta Greziara.
Zergatik ez zen lehenago lehertu?
Burgesiaren komunikabideek, ustez intelektual “aurrerakoiak” diren batzuk eta langileen erakundeetako agintari batzuk galdera hau egiten zioten beren buruari: zergatik ez da leherketa sozialik egon Estatu espainiarrean, hainbesteko eraso sozialak eta aurrekaririk gabeko langabezia daudenean?
Azkeneko urteetan, Estatu espainiarreko milioika gazte eta langileren borondatea ere, krisia eta enpresarien diru gosea geratzeko erantzun eraginkor bat ematea izan da. UGT eta CCOOko agintarien harresiarekin topo egitea izan da oinarrizko arazoa. Hauen estrategiak, bake sozialean eta PSOEren gobernuarekin eta patronalarekin eginiko etengabeko akordioetan oinarritutakoa eta mota guztietako kontzesioak egiteko konpromisoa duena, mobilizazioaren bidea ixten zuten. Gazte eta langileek borrokarako borondatea dutela ikusi genuen Hego Euskal Herrian, euskal gehiengo sindikalak deitutako hiru greba orokorretan. Jarraipen handia izan zuten greba hauek, manifestazio masiboekin eta milaka langile gaztek eta ikaslek ere kaleak hartuz.
CCOO eta UGTko zuzendaritzek irailaren 29ko greba orokorra deitzera behartuta ikusi zuten euren burua, langileengandik jasotzen ari ziren presioaren ondorioz. Hego Euskal Herrian ahula izan bazen ere, estatu guztian zehar oso indartsua izan zen, eta batik bat Katalunian. Honek erakusten zuen Estatu espainiarrean ere baldintza guztiak zeudela PSOEren gobernuaren neurrien aurka mugimendu indartsu bat sortzeko. Bazegoen indarra mobilizazioa zabaltzeko, gogortzeko eta masiboagoa egiteko, baina 2010eko abenduan CCOO eta UGTko agintariek desmobilizazioaren bidera itzultzeko erabakia hartu zuten. Publikoki onartu zuten krisi kapitalistak inposatutako logika, banku handien mehatxuen aurrean makurtu egin ziren eta pentsio publikoen aurkako eraso historikoari babesa eman zioten beren sinadurarekin. CCOO eta UGTko zuzendaritzak inposatutako desmobilizazio sozial honek talka egiten zuen oinarriko milaka sindikalisten eta gizarteko gehiengoaren helburuekin. Baina lortu zuten bakarra borroka atzeratzea izan zen, krisi kapitalista pilatzen ari den haserrearen ondorioak lehenago edo beranduago adierazi egingo baitziren.
Haserrearen arrazoiak bistakoak dira: 5 milioi langabetu daude estatu guztian, %50eko langabezia 25 urtetik beherakoengan, 1.300.000 etxetan pertsona guztiak langabezian daude, familia behartsuenen aurka etxe kanporatzeak izan dira, oinarrizko produktuen prezioak igo dira (elikagaiak, ura, elektrizitatea)… Gainera, lan munduan langileak eskubide historikoak galtzen ari dira behin eta berriro, lanpostuetan presioa handitu egin da eta baita milaka kaleratzeren eta fabrika itxiera masiboen mehatxua ere. Bitartean, diru publikoko ehunka mila milioi euro erabiltzen dira aberatsak aberatsago egiteko.
Beste arrazoi politikoagoa mundu arabiarretako iraultzak eta Estatu frantziarreko, Ingalaterrako, Irlandako, Italiako, Portugalgo eta Greziako borroka, mobilizazio eta greba orokorrek milaka gazte eta langileren kontzientzietan izandako eragin handia da. Ez da kasualitate bat izan hirietako plaza publikoak okupatzea eta bertan batzar masiboak antolatzea. Mugimendua herri arabiarrak diktaduren aurka garatutako metodo iraultzaileetan inspiratu da eta mahai gainean jarri da mundu mailan izaten ari den klaseko borrokaren izaera internazionalista.
Politika iraultzaile bat behar duen ezkerreko mugimendua
M15eko mobilizazioen bultzatzaileek azpimarratu dute beren ekintzek izaera “apartidista” eta “apolitikoa” zutela, eta bertan denek tokia dutela, bai ezkertiarrek bai eskuindarrek. Orokorrean “politikaren” aurka ere egin dira adierazpenak batzarretan. Aurreiritzi hauek politika ofizialak sortutako haserrearen eta mugimendua manipulatua izateko beldurraren ondorio dira. Baina mugimendu honetan badaude ondo antolatutako sektoreak eta, gainera, politikoki antolatuta daudenak. Aurreiritzi horiek inposatu nahi dituzte beren benetako siglak gordez eta, azken finean, mugimendua modu burokratikoan kontrolatu nahirik. Estrategia honek borroka ahultzen du eta ondorio oso atzerakoiak ditu.
Hasieratik, antolatu ziren manifestazioetan bankarien, botere finantzarioaren, ustelkeriaren eta “klase politikoaren” aurkako kontsignak oihukatzen zituen jendeak. Pankarta eta kartelek erakusten zituzten lemak langabeziaren aurkakoak eta milioidunen irabazien aurkakoak, etxebizitza duinaren aldekoak edo osasun eta hezkuntza publikoaren aldekoak ziren. Honek guztiak erakusten du mobilizazioen izaera ezkertiarra eta antikapitalista dela oinarrian. Politika iraultzailearen egarria dago atzean. Hori ondo daki burgesiak eta horregatik PP eta CiU bezalako bere antolakuntzek errepresioa bultzatu dute eta poliziak infiltratu dituzte mugimenduan. Hori agerian geratu zen ekainaren 16an Katalunian Parlamentaren aurrean egin zen kontzentrazioan izan ziren gertakarietan. Egun hartan 20.000 langile publikoren kaleratzea ekarriko duen gastu sozialen murrizketaren alde bozkatu behar zuten parlamentariek.
Lehenengo mobilizazio eta ekintzen ondoren, M15 mugimenduak aurrera egin dezan, beharrezkoa da antolakuntza handitzea eta aldarrikapenak zehaztea. Programak eta taktikak mobilizazioari jarraipena emateko oinarrizko puntuak dira. Batzar askotan onartu diren aldarrikapen plataformek sistema kapitalistaren aurkako borrokaren alternatiba suposatzen dute. Hau da Bartzelonako batzarraren kasua, baina batik bat Malagakoarena.
Aldi berean, Madrilgo Puerta del Soleko batzarretan “adostasunera” heldu zen mugimenduaren eskaerak puntu gutxitara mugatuz: hauteskunde erreforma, ustelkeriaren aurkako borroka eta ardura politikoa eskatzeko herritarren kontrola egiteko mekanismoen sorrera. Plataforma honetan ez dira aipatzen kapitalisten eta bankaren erasoak, zerbitzu sozialen murrizketa eta mugimendua zabaltzea, nahiz eta manifestazio handietako pankarta eta kontsignetan hori azaldu. Hau erabiltzen diren metodoen ondorioz gertatu da: “kontsentsua”. Masen mugimendua borroka antikapitalistara zuzentzea nahi ez dutenei oso ondo etortzen zaie metodo desegoki hau.
Batzarretan erabakiak hartzeko denen kontsentsua beharrezkoa dela planteatzea, proposamenak bozkatu eta gehiengoz onartu beharrean, “ulermen gehiagora” joatetik urrun, jarrera erabat antidemokratikoa defendatzea da. “Kontsentsuaren” metodoarekin gutxiengo batek (baita pertsona bakar batek ere) beto eskubidea du praktikan, milaka pertsonen aurrean. Eta bere emaitza, azkenerako, mota guztietako borroken paralizazioa izaten da, eta honek desmoralizazioa ekarri eta sektore borrokalarienek bertatik alde egitea eragiten du. Gutxiengo batek erabaki dezake (adibidez infiltratutako poliziek) mobilizazio bat ez antolatzea edo kapitalisten aurkako aldarrikapenak ez defendatzea, horrela bere borondatea inposatuz batzarrean. “Kontsentsua” gehiengoaren aurkako gutxiengoaren diktadura da.
Sistema kapitalista sostengatzen duten instituzioetan egin daitezkeen erreforma batzuk eginda baino haratago joanda lortuko da benetako demokrazia. Kapitalismopean ez da posible benetako demokrazia lortzea, azken hamarkadetan ezker abertzaleak sufritu duen errepresioak erakusten duen bezala. Horregatik, M15 mugimenduak bere aldarrikapenekin koherentea den programa bat defendatu behar du, banku eta enpresari handien diktaduraren aurkakoa. Ekonomiako oinarrizko palanken, bankaren eta monopolio handien nazionalizazioa langileen kontrolpe demokratikopean. Langabeziari aurre egiteko: nazionalizazioei esker lortutako baliabideen inbertsio plana milioika langabetu lanean jartzeko zerbitzu sozialetan, hezkuntza zentroetan, osasungintzan eta etxebizitza publikoan. Honekin batera, lana banatzeko lan astea 35 ordutara jaistea inolako soldata murrizketarik gabe. Enpresa konstruktoren nazionalizazioa milioika etxebizitza huts desjabetuz eta etxebizitza publikoak alokairuan jarriz. Honi esker posible izango litzateke etxebizitzaren alokairuak bertan bizi direnen soldaten %10 bakarrik hartzea. Martxan dauden erreformen kontrako borroka: lan, pentsio eta hitzarmen kolektiboaren erreformak. Eta azkenik, Euskal Herriarentzat eskubide demokratiko guztiak, ezker abertzalearen legalizazioa eta autodeterminazio eskubidea nazio zapaldu guztientzat.
Langile mugimendua, aliatu onena
M15 mugimenduak aliatuak behar ditu indartzeko eta mobilizazio zabal eta indartsuago bat lortzeko. Hau posible izateko beharrezkoa du langile mugimendura zuzentzea. Honek ez du esan nahi gazteriak indarrik ez duenik, justu kontrakoa erakutsi baitu. Beharrezkoa dena da gazteriaren eta langile klasearen indarrak elkartzea eta geldiezinezko mugimendu batean bihurtzea, milioika herritarrek helburutzat dituzten aldarrikapenak inposatzeko gai izateko.
Langile klaseak borrokarako tresna oso indartsuak ditu. Hauetako bat greba orokorraren bidez ekoizpena geldiaraztea da, honek erakusten du gizarte hau funtzionarazten duena zein den eta krisiaren benetako arduradunak zailtasunetan jartzen ditu. Enpresari horiek, nahiz eta enpresen jabe izan, ezin dute ezer egin langile klaserik gabe. Horregatik, hainbat batzarretan bultzatu den moduan, oinarrizkoa da greba orokorraren deialdia.
Baina greba orokorraz gain, langileek badituzte oso baliagarriak diren beste borroka metodo batzuk: lantokien okupazioak, gehiengoaren erabakietan oinarritutako batzar demokratikoak eta kapitalismoarekin bukatzeko programa sozialista eta internazionalista. Horregatik, gazteriaren aliatu onenak eta leialenak dira borroka honetan.
Zer egin dezakegu Euskal Herritik?
Euskal Herritik ere ekarpen garrantzitsuak egin diezazkiokegu mugimendu honi, gure indar, antolakuntza eta borroka tradizioekin. Euskal Herrian ere M15 mugimenduak ilusioa sortu du milaka gazte eta langileren artean. Mugimendu honi gure indarrak elkartzeak, ezker abertzalearenak eta euskal gehiengo sindikalarenak, bereziki LAB sindikatuarenak, M15ari laguntza emango lioke lehen azaldutako programa eta taktika defendatzeko.
Ezker abertzaleak eta euskal gehiengo sindikalak beren eskuetan hartzen badute erronka hau, biztanleriaren aurkako eraso berriak datozen honetan (hitzarmen kolektiboaren erreforma), posible izango litzateke mugimenduak klaseko perspektiba bat eta beharrezkoa duen indarra hartzea. M15 mugimenduarekin koordinatuta Euskal Herrian beste greba orokor bat deituz, borrokak pauso kualitatibo bat emango luke. Gainera, sindikatu estataletako delegatuak eta afiliatuak erakartzeko aukera ezin hobea litzateke, hauetako asko oso kritikoak baitira CCOO eta UGTko agintariak egiten ari direnarekin.
Horrelako greba batek ikaragarrizko eragina izango luke Estatu espainiarrean eta erasoak geratzea lortzeko oso garrantzitsua izango litzateke eta, aldi berean, gure aldarrikapen demokratiko nazionalen alde babesa lortuko genuke. Bizitzen ari garen garai hauetan, borrokak internazionalki elikatzen dira. Iraultza arabiarra izan da honen adierazpen onena baina baita M15 izena hartu duen mugimendua ere. Euskal Herritik, langile mugimendua gazteriara elkartuta ekarpen handia egin genezake kapitalismoaren aurkako mundu mailako borroka honetan.