Otsailaren 15ean, hezkuntzako murrizketen aurka protesta egiteko, Lluis Vives institutuko ikasleek 10 minutuz ikastetxearen aurreko bidea moztea zuten helburu. Hainbat aste zeramatzaten bidea mozten, beste ikastetxe askotan bezala. Mugimendua suntsitzeko asmoarekin poliziak aurrera emandako eraso basatiak inflexio puntu bihurtu zuen egun hura. Ikasleek, irakasleek eta gurasoek hilabete asko zeramatzaten hezkuntza publikoaren defentsan borrokan.
Hurrengo egunean, otsailaren 16an, Sindicat d’Estudiants ikasle erakundeak País Valencià-n murrizketen aurka deitutako greba arrakastatsua izan zen: 20.000 ikasle atera ziren Valentziako kaleetara.
Otsailaren 16ko eguerditik aurrera, 17 ostiralean, eta 20 astelehenean, poliziaren errepresioa handitu egin zen, literalki Valentziako erdiguneko kaleak hartuz. Zenbat eta indar gehiago erakutsi ikasleen borrokak, modu baketsuan kaleak okupatuz, orduan eta handiagoa zen polizien eta hauen buruen gorrotoa. Biztanleriaren haserrea gero eta handiagoa zen. Polizi buruen adierazpenek zalantzan jarri zuten polizia izan zela zaurituen arduraduna, eta erorketak eta autolesioak egon zirela argudiatu zuten. Adierazpen hauek giroa are gehiago berotzeko bakarrik balio izan zuten. 21 asteartean, ezkerreko erakundeek deituta, 15.000 pertsona manifestatu ziren poliziaren errepresioaren aurka. Manifestazio honek Paula Sanchez de Leon Gobernuaren ordezkariaren eta ikasleak “etsaia” zirela esan zuen polizia buruaren dimisioa eskatu zuen.
21etik aurrera poliziaren errepresioa gutxitu egin zen, baina hala ere oraindik jarraitu egiten zuen. PPk, errepresioaren bidez, ikasleak kriminalizatzea eta hauen borroka isolatzea nahi zuen. Modu horretan, ikasle mugimenduak babes soziala galtzea eta hauek errazago garaitzea zuen helburu. Baina jokaldia gaizki atera zitzaion. Hau, eta horretan ez dago zalantza izpirik, ikasleen ikaragarrizko borroka borondatearen ondorio izan zen, baina baita borroka hezkuntzako eta beste sektoreetako langileengana zabaltzegatik ere.
Otsailaren 23an 2.000 ikasleko beste kontzentrazio handi bat egin zen Conselleria d’Educació-ren aurrean. Mobilizazioa Sanchez de Leonen dimisioa eta salatutako manifestarien kargu guztien erretiratzea eskatzen zuen batzar bihurtu zen.
Egoera honen aurrean, sindikatuek errepresioaren eta murrizketa sozialen aurkako mobilizazio orokorra deitu zuten otsailaren 25erako. Manifestazio historikoa izan zen, Irakeko gerraren aurkakoa egin zenetik handiena: 350.000 pertsona Valentzian eta beste hamarka mila Alacanten eta Castellon.
Milaka gazte eta langilerentzako borroka eredugarri ari zen bihurtzen, eta horrek asko beldurtu zituen PPren gobernu valentziarra eta estatala. Mugimendu hark sortutako begikotasunaren adibide izan zen estatuko institutu askotan milaka eta milaka gaztek parte hartu izana. Sindicato de Estudiantes-ek deituta ikasle valentziarrei elkartasuna adierazteko jendetza bildu zen: 60.000 Valentzian, 10.000 Madrilen, 60.000 Bartzelonan (deialdia unibertsitateko irakasle eta langileen greba orokorrarekin batera egin zen), ehunka pertsonako manifestazioak Oviedon, Gijonen, Sevillan, Malagan, Guadalajaran… Galizako Vigon, Ferrolen eta A Coruñan, Euskal Herriko Gasteizen, etab. Beste ehunka herri txikitan ere mobilizatu ziren ikasleak bideak moztuz eta plaza eta kale garrantzitsuenetan mobilizatuz.
Urte askotako ondoez soziala
Urteetan zehar eskuinak proiektu faraonikoak (Terra Mitica etab.) egin ditu lurralde honetan. Helburua diru publikoa esku pribatuetara pasatzea izan da, zerbitzu publikoen kalitatea suntsitzen zen bitartean. Hezkuntza publikoa etengabe hondatuz joan da. Hau erakusten dute ikastetxe modura erabiltzen diren ehunka barrakoiek, ikasleen masifikazioak eta ikastetxeetako baliabide gabeziak. Egoera hain da larria ezen institutu askok argi mozketak, berogailu gabezia, eskolaz kanpoko ekintzak eta LHko klase praktikoak ezabatzea, bajan dauden irakasleak ez ordezkatzea eta klariona edo inprimagailuen tonerrak bezalako oinarrizko materialen falta… sufritzen dituztela.
Honi pasa den urtarrilean PPk onartutako dekretua gehitu behar zaio: aldi baterako irakasleen soldata %33 murriztuko da (gainera opor garaietan kaleratu egingo dituzte hauek ordaindu beharrik ez izateko); lan bajetan soldaten %100aren estaldura galtzen da; milaka aldi baterako irakasleak kaleratuko dira; eguneko lanaldia handituko da; osasun zentroak eta oheak itxiko dira; larrialdietako ordutegiak murriztuko dira; osasun txartela kobratzen hasiko dira, etab. Sektore publikoko langileen eskubideen eta lan baldintzen aurkako plan basatia da, eta honek hezkuntza eta osasun publikoa hondatzea eragingo du.
Honek guztiak langile klase valentziarraren bizi kalitatea okertzen duen bitartean, Camps bezalako politikari ustelen inpunitatea mahai gainean jartzen da beste behin, eta horrek egur gehiago botatzen dio haserre sozialaren suari. Are gehiago, inpunitate horri esker lortu du eskuinak Brigada Politiko Sozialeko kide frankista bat Valentziako polizia buru mantentzea, publikoki España 2000 talde ultraeskuindarrari lotuta dagoena. Hori bera izan zen gazteak “etsaia” zirela adierazi zuena.
Gauza hauen guztien ondorioz giro soziala berotzen joan da, batik bat hezkuntzan. Urtarrilaren hasieratik ikastetxeetan ekintza asko antolatu dira: itxialdiak, bide-mozketak institutuen aurrean, beste ikastetxeekin koordinatutako batzarrak, etab. Urtarrilaren 21ean manifestazio masiboak egon ziren Valentzian 100.000 pertsonarekin eta Alacanten 60.000rekin. Bost egun beranduago 200.000 manifestatu ziren sektore publiko osoko murrizketen aurka. Lan erreformaren aurka otsailaren 19an Valentzian izan zen 100.000 pertsonako manifestazioa etorri zen ondoren. Bata bestearen atzetik, gazte eta langile mugimenduaren ikaragarrizko indarra agerian geratu zen.
Euskal Herriko gazte eta langileentzat eredugarri
Valentziako borrokak bere lehenengo garaipena errepresioaren amaiera izan zuen. Eskuinak ondo baino hobeto ikusi zuen errepresioak leherketa soziala orokortu besterik ez zuela egiten. Baina garbi dago, mugimendua ahultzeko zain egongo dela errepresioa erabiltzeko.
Horregatik, esperientzia honetatik ikasgai garrantzitsu bat atera behar da: borrokarekin bakarrik da posible erasoak geratzea. Hori da eskuinak eta burgesiak ulertzen duten hizkuntza bakarra, bereziki kapitalismoaren krisiaren garai historiko honetan.
Beste ondorio garrantzitsua gazteri antolatu eta mobilizatuaren ikaragarrizko indarra da. Komunikabide handietatik etengabe jasaten dituen irainen eta kriminalizazioaren aurrean, gazteriak badu gaitasuna borrokarako. Bestetik, mugimendu honek erakutsi du borroka zabaltzea irabazteko oinarrizko estrategia dela. Ikasle valentziarrek langileen eta euren senideen babesa irabazi zuten, eta horri esker mobilizazio masiboak antolatu, borroka indartu eta eskuina ahuldu zituzten. Garrantzitsua izan zen ere borroka estatuko beste puntuetara zabaltzea, elkartasunezko mobilizazio masiboak lortuz eta PPri interesatzen zitzaion isolamenduarekin puskatuz. Azkenik, ikasle valentziarrak gai izan badira Valentziako PPren gobernua egoera oso zailean jartzeko, langile klase mobilizatu eta antolatuak egin dezakeena geldiezina izango litzateke.
Zentzu honetan, gazte valentziarren esperientzia eredu bat da Euskal Herriko gazteentzat, eta noski langileentzat. Beharrezkoa da, beraz, ikasgai hauetatik ikastea eta hemengo borroketan erabiltzea.
Eskuinak ez dauka ezer eskaintzeko. Beren krisia guk ordaintzea nahi dute kapitalistek, baina ezker mobilizatuaren indarrarekin, erasoen aurkako langile eta gazte antolatuek egoera aldatzeko gaitasuna dute. Funtsezkoa da antolakuntza, hori da erasoak atzera botatzeko gure armarik onena. Kaleetako mobilizazio masiboa eta antolakuntza ikastetxeetan eta fabriketan; metodo hauei esker lortu zituen langile klaseak orain kapitalistek kendu nahi dizkiguten eskubideak eta bizi baldintzak. Metodo horiekin lortuko dugu beraz, erasoei aurre egitea eta gizarte sozialista bat eraikitzea.