Sortuk benetako programa sozialista eta iraultzailea defendatu behar du

 

Euskal Herrian Bilboko presoen alde izandako makromanifestazioarekin hasi zen 2012 urteak mobilizazio sozialen errekorra lortu zuen. Lehen aldiz, urte batean hiru greba orokor deitu ziren Hego Euskal Herrian: martxoaren 29koa, jendetsuena izan zen indar sindikal guztiek babestu baitzuten; irailaren 26koa gehiengo sindikalak deitua, babes handia izan zuen eta manifestazio oso jendetsuak egin ziren, eta azaroaren 14koa UGT, CCOO, CIG, CGT, CNT, ESK eta beste eragile batzuk deituta. Azken honek oihartzun gutxi izan zuen Hego Euskal Herrian, baina manifestazioak nahiko jendetsuak izan ziren. ELA eta LABek A14ko mobilizazioa ez babestu izanak eztabaida eta kritika gogorrak eragin ditu lantegietan, batetik UGT eta CCOOk aurrera eramandako hitzarmen sozialen politika dela eta, bestetik ELA eta LABek ez zutelako Europar Batasun mailan egindako mobilizazioa babestu, kontuan izanda gainera, Portugal, Grezia, Italia eta beste herrialde batzuetan mobilizazio ikaragarriak izan zirela.

2013 urtean beste mobilizazio ikaragarri batekin hasi da, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aldarrikapenak babesten dituen Bilboko urtarrilaren 12koa alegia. Era berean, krisia gehiago sakonduko da eta euskal zein espainiar eskuinak gogor erasoko du. Eraso hauek gogor erantzutea, borrokan ekintza batasunaren taktika erabiltzea eta benetan sozialista eta iraultzailea den alternatiba defendatzea eskatzen dute.

Urkulluren gobernua

                              

Hainbat talderekin hitz egin ondoren, EAJk lehendik hartua zuen erabakia baieztatu du, alegia gobernua gutxiengoan osatzea. Urkulluk Josu Erkoreka (EAJko eledun ohia estatuko parlamentuan) izendatu du Mariano Raxoiren gobernuarekiko harremana erraztuko dituen gizon indartsu. Baina, zein dira Urkullu eta EAJren helburu estrategikoak?

Urkulluk lehentasuna eman dio bere agintaldiaren lehen zati honetan lehiakortasunari eta euskal ekonomia 2015 urterako errekuperatzeari. Hau guztia herstura gogorren, sakrifizioen eta murrizketen prozesuaren ondoren, ETAren su-etenaren osteko “bakea finkatzearekin” batera. Agintaldiaren bigarren zatian “hitz egingo dute”, hala diote behintzat, eraiki nahi duten herrialdearen ereduaz. Edonola ere, Urkulluk proposatzen duen hazkuntza ekonomikoaren eta lehiakortasunaren ereduak gutxiengo bati bakarrik egiten dio mesede.

2008an krisia hasi zenetik, ekoizpen egituraren %10 desagertu da EAEn, 6.100 enpresa itxi dira, hauetatik 2.000 2012an; pobrezia kapa ertainetara iritsi da. Langile klasea, gazteria, emakumeak, langabetuak, etorkinak dira egoera hau gehien sufritzen dutenak. Langabezia 180.000 langileengana iritsi da, eta kalkulatzen denez 2013an 21.000 lanpostu gehiago suntsituko dira. 35.000 euskal langile baino gehiago eragin diete erregulazio espedienteek pasa den urtean, eta hauei milaka kaleratze indibidual gehitu behar zaizkie.

Pobreziari buruzko azken galdeketaren datuen arabera, EAEn 157.600 pertsona baino gehiago (biztanleriaren %7,3) dago pobrezia arriskuan, 46.122 pertsonak izan dute gosea, 2008ko datuekin konparatuta %116,8 gehiagok. Datu hauek langabeziaren, prekarietatearen, soldaten eta laguntza sozialen murrizketen, politika neoliberalen eta sozialdemokraziaren porrotaren ondorio dira. Kaltetuenentzat eta behar gehien dutenentzat ez dago alternatibarik Urkulluk babesten duen sistema kapitalista honetan.

Langile klasearentzat dramatikoak izan dira azken urteak, baina pagotxa izan dira euskal burgesiarentzat. Euskal esportazioak indartsu hazi dira krisi hau hasi zenetik, 21.077 milioi euroko errekor historikoa erdietsi zuen 2011n (urteko %20ko hazkundea), eta honek superabit komertziala 4.000 milioi eurokoa izatea eragin du. 1995 urtean 6.127 milioi euro esportatu  baziren, hau da BPGaren %22, 2011n BPGaren %32ra igo zen. Noski, zifra hauek 2012 eta 2013an okertu egingo dira mundu mailako ekonomiaren geldialdiak eraginda: euskal ekoizpenen herena hazkuntza negatiboa edo ahula duten eremuetan saltzen dira; honek ziurrenik ekonomiaren atzeraldia eragingo du, eta aditu batzuek 2013ko lehen seihilekorako BPGren % -2koa aurreikusi dute.

 

Euskal burgesiaren aldeko politika

 

EAJk gobernu ahula osatu du, gutxiengoan, eta ez da gai bizi ditugun oinarrizko arazoak konpontzeko. Horregatik euskal burgesiaren interesen arabera aldatzen diren itun aldakorren eta oportunisten alde egin du.

Urkulluri gustatuko litzaioke, eta halaxe esan du, PPk gutxienez eserleku bat gehiago lortu izana berarekin guraizeekin jarraituko lukeen eskuineko aurrekontuak inolako arazorik gabe sinatu ahal izateko, eta bide batez, azken hogeita hamar urteetan aurrera eraman duen politika neoliberalarekin jarraitzeko. Hain zuzen ere, hauteskunde aurretik Urkulluk adierazi zuen PSEk administratutako kontu publikoen egoera “oso txarra” zela, eta auditoria pribatu bat egingo zuela hitz eman zuen Patxi Lopezen gobernuarekin zuen harremana okertuz. EAJk Raxoyk Madrilen erabili duen estrategia berbera erabili nahi izan du, errua jasotako herentziari bota dio horregatik baitaude “behartuta” murrizketa sozialak egitera.

Jakina, EAJren eta euskal kapitalaren beste frontea klase arteko borroka gutxitzea da, gatazka sozialak desaktibatzea. Ez da kasualitatea Enplegu eta Gizarte Politiketarako kontseilari berriak, Juan Maria Aburtok, egindako lehen gauza Confebaskeko presidente den Miguel Angel Lujuarekin elkartzea izatea. Eta Confebaskek, enpresei laguntzeko funtsa sortzea eta CCOO eta UGTrekin euskal langile klaseari sakrifizio gehiago ekarriko lizkiokeen hitzarmen soziala sustatzea eskatzen du.

Sozialismoa eta autodeterminazioa: Ezker Abertzalearen bidea

Noski, EAJ egonkortasuna irabazten ahaleginduko da ezker abertzalearen kontura, eta euskal gehiengo sindikalarekin eta EHBildurekin Moncloako itunen antzeko hitzarmen soziala sinatzen saiatuko da. Bake soziala murrizketen kontura, legealdiaren bigarren zatian presoen gaiarekin eta eraiki nahi den herrialdearen ereduarekin Madril presionatuko duela hitz emanda. EAJrekin izandako elkarrizketaren ostean, Laura Mintegik halaxe esan zuen: “larrialdi ekonomikoko egoeran gaude, halako egoeren aurrean beharrezkoa da indar politiko eta sozial guztiek esfortzua egitea egoera ekonomiko honen irtenbide sozialak aurkitzeko”.

Gure ustez akatsa litzateke ezker abertzaleak ERCk Catalunyan CiU babestuz hartu duen bide berbera hartzea, hau da, CiUren aurrekontu politikak babestea promesa soberanisten truke. EAJk hartzaren besarkada eman nahi dio ezker abertzaleari, langile klasearen aurkako herstura politiketan eta erasoetan inplikatu nahi du, parlamenturako itzulerak “instituzionalizatu” eta kapitalismoaren oinarriak zalantzan jarriko dituen borroka erakunde bezala desaktibatzea. Okerra da, halaber, euskal burgesiak arazo nazionala konpon dezakeela eta autodeterminazio eskubidea lor dezakeela pentsatzea. EAJk ez du espainiar merkatutik bereizi nahi bertatik gainbalio eta onura ugari lortzen baititu; aitzitik, harreman hau estutu nahi du, baina, bere interesen alde. Euskal barne merkatua oso apala da, EAEk bere ekoizpenen %21a bakarrik kontsumitzen du, espainiar merkatuan %45 saltzen du eta %34 esportatzen du beste herrialdeetara (%21 Europako Batasunean, %4 OCDEko beste herrialdeetan eta %9 gainerako herrialdeetan). Datu hauek erakusten dute EAJren “soberanismoak” mugak dituela, euskal burgesiak argi baitauka Madrilgo gobernuarekin, zeinahi dagoela ere, harreman ona izan nahi duela emaitza onak izaten jarraitzeko.

Sorturen eratze eztabaidan, EANMaren ildoa jarraitu eta ezker abertzalearen adierazpen politiko-organizatibo bezala eratu delarik, ekarpen eta emendakin ugari jaso dira. Agerian geratu da milaka militantek eztabaida politikoan parte hartzeko duten nahia eta ildo estrategiko, programa eta aliantza politika argia ezartzeko beharra. Eztabaidarako gogoak denbora motz utzi du, eta ez da gaian sakontzeko astirik izan, beraz, beharrezkoa izango da Eratze Kongresuan dokumentuan esaten den barne demokrazia eta berrarmatze ideologikoa sustatzea. Ezker Abertzaleak instituzioetan duen presentzia indartsuak bigarren mundu gerra geroztik kapitalismoak bizi duen krisi garrantzitsuenari alternatiba eskaintzeko erreferentzi puntu bilakatzen du.

Gaur inoiz baino gehiago, argi jaso behar da sozialismoaren bandera. Eztabaidatutako dokumentuan zuzenki esaten zen bezala neoliberalismoak sortu duen kutsadura ideologikoari aurre egin behar zaio; hala ere, ez da garbi esaten nola aurre egin. Esaten denez modu asko dago sozialismoa ulertzeko eta Sortun “ezkerra eta sozialismoa ulertzeko modu guztiek lekua ezan behar dute bertan”. Gure kritikan, umiltasun osoz, esaten dugu modu honetako baieztapenak gauzak argitzetik urrun daudela eta nahasmena eragiten dutela. Egia da sozialismoa ulertzeko modu asko daudela: sozialismo kristaua, utopikoa, PSOEko agintari sozialdemokraten “sozialismoa” edo marxismo iraultzaileak aldarrikatzen duen sozialismo zientifikoa. Eredu hauek guztiak gure eredu direla esatea anbiguotasunean igeri egitea da, ez du laguntzen kapitalismoaren ordez eraiki nahi dugun gizartea zein den argitzen.

Sozialismoaren aldeko borroka eguneko gai ordenan sartuta dago. Klase arteko borrokak duen maila ikusita, ezin esan liteke korrelazio indarrak gure aurka daudenik edo ezin defenda liteke etapen teoria, zeinaren bidez lehenik EA eta EAJrekin aliantza interklasista eginda askapen nazionala lortuko litzatekeen eta ondoren sortuko lirateke sozialismorako baldintzak. Etapen teoria behin eta berriz kondenatu du historiak. Gerra Zibilean lehenik gerra irabaztea eta ondoren, etorkizun zehaztu gabean, iraultza sozialista egitea izan zen kontsigna eta ez zen egoera aprobetxatu: euskal burgesiak nahiago izan zuen ejertzito frankistaren aurrean amore eman jabetzak mantentzeko; hirurogeita hamarreko hamarkadan, sozialdemokraziak eta estalinismoak lehenik burgesia aurrerakoiarekin hitzartu behar zela defendatu zuen demokrazia finkatzeko eta ondoren borrokatuko zela sozialismoaren alde. Eta horrelaxe joan zen: monarkia, depuratu gabeko estatu aparatu frankista, autodeterminazio eskubidearen ukazioa etab. Ikusmolde etapista hau jarraituz, euskal burgesiarekin aliatzea defendatu ohi da independentzia lortzeko, eta ondoren, behin hau lortuta, izango genukeela marko egokia sozialismoaren alde borrokatzeko. Baina euskal burgesiak interes bakarra du: bere irabaziak, gainerakoak osagarriak besterik ez dira.

Dokumentu berean Sorturen oinarrizko minimoak ezartzen dira: klase arteko borroka onartzea, lanaren banaketa eta ekoizpen baliabideen eta sektore estrategikoen jabetza publikoa. Hau da jarraitu beharreko bidea. Sozialismoak langile klasearentzat gizartearen kontrol demokratikoa izatea esan nahi du, bankaren, monopolio handien eta industria estrategikoaren desjabetze eta nazionalizazioarekin, demokratikoki planifikatu eta ekonomia gizartearen beharrak asetzera bideratzeko, ez gutxi batzuen irabaziak mantentzeko. Sozialismoak ekoizpen baliabideen jabetza kolektiboa eskatzen du gizartearen beharrak asetzeko, ez kapitalismoak onura pribatua mantentzeko oinarri duen jabetza pribatua. Ez dugu inperialismoaren, nazio ahulenen zapalkuntzaren eta militarismoaren Europan eta munduan bizi nahi, Europa eta mundu sozialista defendatzen dugu. Eratze dokumentuan baieztatzen den bezala, Sortu internazionalista da eta “XXI. mendean kapitalismoa errotik erauztea ahalbidetuko digun Euskal Herria sozialista aldarrikatzen dugu, euskal langileriak eta herri klaseek gaur egungo zapalkuntza eta esplotazioa behin betiko gaindi ditzaten, horrela bizimodu berriak eta pertsonen arteko harreman molde berria sorraraziz”. Hau da jarraitu beharreko bidea.

 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.