Eratu berri den Eusko Jaurlaritzak, EAJ buru duela, “zerbitzu publikoak mantenduko dituela” esan du, eta bereziki osasun alorra “baliabide gutxiagorekin”. Horrela, beste behin ere, “gutxiagorekin gehiago” egingo dutela jakinarazi nahi dute, eta estatu espainiar osoan zehar zabaltzen dabilen pribatizazio oldearen bidea jarraituko ez dutela erakutsi. Adierazpen hauek, hala ere, gobernu berriaren ahultasunaren ispilu dira, kontu handiz ikusten baitituzte mobilizazio guztiak, eta ez EAJk zerbitzu publikoengatiko duen begiruneagatik.
EAJ: osasungintzaren pribatizazioan aitzindari
Aspaldi hasi zuen euskal eskuinak pribatizazio prozesu hau, osasungintzako murrizketen eta “zero defizitaren” aitzindari izan da, eta ez krisi garaietan, goraldi ekonomiko betean baizik. EAJ izan da, Iñaki Azkuna Osasun Kontseilari zuela, 1991. urtetik pribatizazioaren abangoardia, ospitale publikoak Fundazio bihurtuz, kudeaketa pribatua sartzeko elementu erreferentzial bezala. EAJk berak sartu zituen osasungintza publikoan “kudeaketa pribatua” zuten Osatek bezalako erakundeak. Geroago, Aznar espainiar estatuko lehendakari zela, Madrilgo diputatuen kongresuak 15/97 legea onartu zuen PSOE, CC, CIU eta, nola ez, EAJren babesarekin; lege honek edozein osasun zentro enpresa pribatuen eskuetara pasatu eta hauek kudea zitzaten uzten zuen, “publiko-pribatuaren kolaborazioaren” aitzakiapean.
Iñaki Azkunaren ondoren, Gabriel Inclanek hartu zuen lekukoa, jeltzalea bera ere, eta honek sektore pribatuarekiko harremana jarraitu eta sakondu egin zuen “itxarote zerrendak murrizteko”, osasun publikoa deskapitalizatuz. 1992az geroztik, inbertsioak, langile plantilak eta soldatak izoztu egin ziren. Langileen artean gero eta ondoez handiagoa eragin zuten langileen plantila txikiegiak, lan kargek eta lan baldintza orokorrak eta asistentzialak okertzeak. 1996 urtetik 2006 urtera osasun kontseilaritza bere kudeaketaren inguruko akusazioz zikinduta egon da. Ezagunenetako bat “Margüello kasua” izan zen. Bere garaian Gurutzetako ospitaleko Kalitatearen Unitateko burua izandakoak, prentsako informazioen arabera, bere enpresak Osakidetzako itxarote zerrendan zeuden gaixoei eginiko interbentzioetatik irabazitakoaren %30eko komisioak jasotzen zituen.
Medical Dom S.L, Gestión de Servicios Sanitarios XXI, UTE (Unión Temporal de Empresas), eta Progenika Biopharma (Miguel Retolaza lehendakari duena eta EAJko militantea dena) bezalako enpresak 1996 eta 2009 urteen artean kontratazio irregularrak izan zituztenen artean daude.
Langileen borrokarako grina
2007an, Inclan Osasuneko kontseilari zela, dekretu bidez langileei hiru urterako lan baldintzak inposatu zitzaizkien; horrek azken urteetako gatazkarik handiena ekarri zuen. Sindikatu guztien babesa izan zuen, medikuena izan ezik, eta soldata igoera sinatzea lortu zen. Inclanek sindikatuak ezer ez balira bezala tratatu zituen eta egunkari printzipaletan orri oso bat atera zuen (diru publikoarekin noski) langileek irabazten zutena manipulatuz eta “pribilegiatu eta pesetero” deituz. Bere harropuzkeriak 5 hilabete iraun zituen mobilizazio bateratu eta borrokalaria eragin zuen.
PPren babesarekin Patxi Lopez gobernura iritsi zenean, gauzak ez ziren batere hobetu. Raxoyk osasungintzan planteatzen zituen murrizketen oposizio bezala aurkeztu zen arren, murrizketak izan ziren lan baldintzetan, oposaketetarako postuetan, laneko bajen baldintzetan, prestazio ginekologikoetan eta minbiziaren detekzio goiztiarrean. Bestalde, anbulatorioak itxi ziren asteburuetan, aldibatekotasuna handitu zen langileen %43 ingururentzat, etab.
Nolakoa izango da osasun kontseilari berriaren kudeaketa?
Osasun kontseilari berria, Jon Darpon, EAJk izendatua, Osakidetzako kargu altu bat izan zen Ibarretxeren gobernuan. PSOE Ajuria Enera iritsi zenean sektore pribatura pasatu zen, Euskal Autonomi Erkidegoko klinika pribaturik handieneko zuzendari orokor bezala, Zorrotzaurren, IMQ taldekoa.
Osasun Publikoa gutizia handia da osasun pribatuko Capio, Ribera Salud, Quiron, IMQ eta beste hainbat enpresarentzat hauen etekinen %75 inguru sortzen baititu funts publikoei esker. Hori dela eta, berehala putreak zirkuluan hegan egiten hasi dira “biktima” nork jango. Urte hauetan guztietan, EAJk egindako murrizketak osasun publikoa ahultzeko estrategia izan dira. Azken helburua sistema publikoaren gaitasuna murriztea da osasun pribatuko aukera guztien mesedetan, horrela koste baxuko osasun publikoa utzi nahi dute orain gehiengoa garen gizarteko sektore behartsuenontzat. Zirkunstantzien eta, batez ere, langileek borrokan erakusten duten erresistentziaren arabera, intentsitate ezberdinez aplikatzen ari diren estrategia orokorra da. Horregatik, langileok ezin dugu espero euskal eskuinak osasun publikoa defendatuko duenik, guztiz kontrakoa baizik.
Sektore publiko osoaren borroka batu behar da ahalik eta maila zabalenean pribatizazioen aurka
Madrilgo osasuneko langileen borroka, “marea zuria” bezala ezagutzen dena, eredugarria da. Greba mugagabea; ospitale eta osasun zentroen okupazioa eta beste erkidegoetara zabaltzeko egindako deia, azpitik sortu den mugimendua da, eta aurre egiten dio hainbat arduradun sindikalek grebek balio duten ala ez egunero zabaltzen dituzten aurreiritziei eta eszeptizismoari. Beraiek aukeratu dute lema: “Bai, ahal dugu”, “Osasuna ez da saltzen, osasuna defendatu egiten da”. Eta hala da, murrizketa hauek ez dira beharrezkoak eta are gutxiago saihestezinak, gainera geldi ditzakegu. Ez da osasun publikoa soilik, dudarik gabe ezinbestekoa dena, beste hainbat eta hainbat sektore ere badira: hezkuntza, era basati batean erasotua, funtzionarioak, pentsiodunak… Ez dago libratzen den sektorerik. Tolosaldean ospitale publikoaren eta honen kudeaketa publikoaren alde borrokan jarraitzen dugu TOPA plataformarekin eta Gasteizko Santiago Ospitalean ere berdin dabiltza honen itxieraren aurka. Beharrezkoa da eraso hauei erantzuna ematea osasun sistema publikoa defendatzeko, borroka ahalik eta maila zabalenean antolatuz. Lokalki, era isolatu batean ezinezkoa da pribatizazioak gelditzea, baina elkartuta eta sektore publiko osoa batuz, eskualde mailan, nazio mailan, estatu mailan eta Europa mailan oso indartsu egingo ginateke. Egokia litzateke eskualde guztietan sektore publikoa defendatzeko plataformak antolatzea; langileak eta erabiltzaileak batera eta parte hartze demokratikoaren bidez arduradun sindikalei sektore publikoa defendatzeko borroka guztiak batzea eskatuz.
Osasun publikoaren defentsan:
- Murrizketarik ez, kopagorik ez.
- Osasun publikorako aurrekontuetan %20 gehiago, epe motzean itxarote zerrendekin amaitzeko eta osasun zerbitzuak hobetzeko.
- Inbertsio planak ospitale publikoetan eta osasun baliabideetan.
- Menpekotasun Legearen garapen erreala eta osasun publikoko lanpostuak gehitzea gaixoei arreta duin bat eskaintzeko.