Langile klasearen eta gazteriaren tresna izan behar dute sozialismoaren aldeko borrokan

 

Pasa den otsailaren 23an izandako Sorturen Eratze Kongresuak eta martxoaren 2ko Ernairenak aukera ematen dio ezker abertzaleari Europa eta mundu mailako krisi kapitalista bete-betean tresna legalekin Euskal Herri sozialistaren alde bere indarrak antolatzeko. 

Euskal Herrian ez da inolako erakunderik gai izan, Sortuk egin duen bezala, eztabaida prozesua aurrera eraman eta 250 batzarretan 6.000 pertsonatik gorako parte hartzea izateko. Bataz beste, lau bilera eta erdi egin dira auzo eta herrietan eta guztira 16.000 eztabaida ordu izan dira. Hauetan agerian geratu da gazteen artean dagoen ideien egarria eta parte hartzea; izan ere, batez besteko adina 35 urtekoa izan baita. Aste betera, antzeko prozesua izan ondoren, gazteenek Ernai sortu zuten, ezker abertzaleko gazte erakunde berria.

Kongresuaren ostean, herri eta auzoetan militantzia taldeak sortzeak Sortu indartzeko aukera emango du, bai maila ideologikoan, bai erakunde mailan eta bai masen borroka mailan Euskal Herria sozialistaren aldeko borrokatzeko tresna bihur dadin.

Kapitalismoaren krisia luze joango da

Mundu mailako kapitalismoaren krisi organikoaren, iraultzaren eta kontrairaultzaren garaia bizitzen ari gara Amerika Latinan, herrialde arabiarretan eta Europan ikusten dugun bezala. Grezia, Portugal eta estatu espainiarra bigarren atzeraldia jasaten ari dira, eta erakunde burgesei ere eragiten die: monarkia, Konstituzioa, estatu aparatuaren zatiketa, ustelkeria eta PPren barne gatazka. Hau guztia gizartearen gehiengoaren ongizatea, garapena, demokrazia eta askatasuna berma ezin dezakeen sistema sozioekonomikoaren ustelkeriaren ondorio da. Zapalkuntza sozialari Euskal Herrian zapalkuntza nazionala gehitzen zaio.

Aberastasuna gero eta esku gutxiagotan pilatzen den heinean, langabezia eta pobrezia gorantz doaz. Askotan salatu dugunez, burgesiak langabezia tasa historikoa darabil konkista sozialak suntsitzeko, langile klaseri eraso egiteko eta baliabide publikoak bere onurarako sakeatzeko, besteak beste, osasuna eta hezkuntza pribatizatuz.

Egoera honekin koherente, eta Eratze Kongresuan onartu zen bezala, “Sorturentzat askapen nazionalak eraldaketa sozialarekin bat eginda joan behar du, biak helburu beraren parte baitira, gizon eta emakume askeen herri askea lortzea”. Beraz, “gure proiektua sozialista da. Sistema kapitalistari aurre egiteko, mundu osoko ingurugiroa suntsitzen duen sistemari aurre egiteko, milioika pertsona miseria gorrira kondenatzen duen sistemari aurre egiteko eta azken urteetan neoliberalismoari esker egoera hau azken muturrera eraman duen sistemari aurre egiteko”.

Hala ere, ponentziaren aurkezpenean esaten den bezala, ez dago eta ez da izango kapitalismoaren azken krisirik; modu batera edo bestera aurkituko du bizirauteko bidea, eta oso garesti ordainduko dugu berarekin ez amaitzea eta sozialismoranzko bidea ez hartzea.

Eskubide sozialen eta demokratikoen aldeko borroka berbera da

PPren gobernuak ez du aurrera pausorik eman ETAk eta ezker abertzaleak emandako pausoei erantzuteko. Aitzitik, PPk behin eta berriz probokatu du prozesua desbideratu eta porrot egin dezan. EAJgandik ere ez dugu ezer itxaron behar, egoera hau bere klaseko interesak defendatzeko erabiltzen baitu posizio kalkulatuarekin: aurpegi ona jartzen dio PPri eta itunak sinatzen ditu diputazioetan, Lakuan eta Madrilen bere aurrekontuak ateratzeko eta, aldi berean, hitz goxoak ditu ezker abertzalearentzat kaleko mobilizazioak gelditzeko. Halaber, euskarari dagokionez, EAJ UPDrekin eta PPrekin akordioetara iritsi da Parlamentuan haur-eskoletako murgiltze linguistikoa murrizteko.

Gure helburuak lortzeko, gure indarrengan soilik izan behar dugu konfiantza, langile klaseak eta gazteriak osatzen duten gizartearen gehiengoaren babesa pazienteki baina modu iraunkorrean lortzeko gaitasunean alegia. Programa sozialistarekin bat egindako langile klaseak soilik konpon ditzake kapital handiak zikindutako beste kolektibo sozialen arazoak ere, besteak beste, bere kontura lan egiten duten langileenak, arrantzaleenak edo autonomoenak.

Sorturen eztabaidan parte hartu duten langile eta gazteek erakutsi dute borroka ideologikoan eta masen borrokan aurrera egiteko duten borondatea erakundeetako borrokaren laguntzaz. Euskal Herria Sozialistatik konbentzituta gaude preso eta errefuxiatuen eskubideen aldeko defentsa, hauek Euskal Herriratzea eta erabakitze eskubidea bezalako eskubide demokratikoak lortzea marxismoan eta sozialismo zientifikoan oinarritutako kapitalismoaren aurkako borrokaren ondorio izango direla, sozialdemokraziak gazteriaren eta langile klasearen borrokan beharrezko ikusi ez eta ukatu dituen arren.

Langile klasearen gehiengo zabala irabazi

 

Urkulluren gobernuak, Confebask euskal patronalarekin bat eginda, aurrekontuetatik 1.200 milioi euro murrizteko PPren gobernuaren agindua jarraituz, %4ko murrizketa iragarri du osasun arloko gastuetan, %9koa hezkuntzan eta %24koa enpleguan eta arlo sozialetan. Argi geratu da zein klase interes defenditzen duten.

Hego Euskal Herrian 234.000 langabetu daude eta ehun milatik gora (%44) lagunek ez dute inolako laguntzarik jasotzen. Era berean, gizarte laguntzak murriztu dituzte pobrezia %78 hazi bada ere. Ondorioz, egoera etsigarriak eragin dituzte, eta etxe-kaleratzeak eta suizidio kasuak igo dira. Egoera honetan, Urkulluren gobernuaren alternatiba sektore publikoko langileen 35 orduko lan astearekin berehala amaitu eta lan astea luzatzea izan da. Neurri honek 9.000 langabetu berri eragingo ditu, eta baita langile publikoen eta pribatuen pobretze nabarmenagoa ere. Horrela krisia areagotuko da, eta lanpostu gehiago suntsituko dira.

Confebask patronalaren helburua, PP eta CEOErena bezala, arka publikoak beren intereserako sakeatzea da. Oraingoan sektore publikoko langileen Pentsioen Funtsan dute jarrita begia, eta bitartean kredituak merke lortzeko, sozietateen gaineko zerga eta kotizazio sozialak merkatzeko eta lan erreforma ez ukitzeko presionatzen dute.

Krisiak eta maila historikoa lortu duen langabeziak agerian utzi du euskal burgesia ez dela Europako beste burgesien aldean desberdina. Euskal Herriko langileok datozen urteetan etorriko diren prozesuak ulertzeko begiratu behar dugun ispilua Greziaren, Portugalen eta Irlandaren berbera da. Murrizketa gehiago etorriko dira gizartearen gehiengoa are gehiago pobretu eta burgesiaren irabaziak bermatzeko, eta honek klase arteko borrokaren gorakada eragingo du.

Expropiatzaileen klasearen aurkako borroka honetan, Sortuk bere burua internazionalistatzat dauka. Hain zuzen ere, sozialismoa, esperientziak erakutsi duenez, ezin da herrialde bakar batean eraiki, garaipena lor dezan, internazionalista izan behar du. Honen arrazoia da gure aurka dagoen klase soziala ere mundu mailan aritzen dela langile klasea zapalduta mantentzeko. Iraultza bolivartarraren edo kubatarraren aurkako gorrotoa eta iraultza hauei oztopoak jartzeko inperialismoak hartu dituen neurriak honen erakusle dira.

Sortuk milaka militante bereganatu behar ditu sendotu ahal izateko, eta horretarako gai da. Hau egiteko modua egunerokoan eskubide demokratiko eta sozialen alde borrokatzeko tresna dela erakustea da, eta honek esan nahi du EAJren aurrean ez duela amore eman behar. Ez da konfiantzarik izan behar euskal burgesiarengan. Bere eraso guztiak salatu behar dira, eta borrokarako mugimendua antolatu behar da batzar, manifestazio eta greba orokorren bidez.

Beharrezkoa da EAJ-UPN-PPk ordezkatzen duten eskuinaren murrizketa politikaren aurka alternatiba eskaintzea: lan banaketa defendatzea 35 orduko lan astearen aldeko kanpaina batekin, erretiro adina 60 urtetan ezartzearen alde egitea, gutxieneko soldata interprofesionala hileko 1.200 eurotan finkatzea defendatzea, laguntza mugagabea eskaintzea langabezian daudenentzat, familien errentaren %15a gaindituko ez duen alokairu soziala defendatzea eta krisian dauden enpresen eta bankaren nazionalizazioa defendatzea langileen kontrol demokratikopean. Era berean, PPren eta PSOEren gobernuen lan erreformak, pentsionazoa, Wert legea, Parot dotrina, etab.  indargabetzea aldarrikatu behar da.

Modu berean, beharrezkoa da borroken batasun ahalik eta zabalena defendatzea. Datozen garaietan azaroaren 14ko greba orokorraren antzeko egoerak izango ditugu, eta Euskal Herriak ezin du bazterrean geratu. Euskal langile klaseak estatu frantziar eta espainiarreko langileekin harremana estutzen badu, benetako Euskal Herri sozialistaren aldeko pausoak ematen ariko gara.

 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.