PP ahal den guztia egiten ari da Euskal Herriko gatazka politikoari irtenbidea bilatu nahi dion prozesuaren aurka. Horren adibide dira Parot Doktrina ez aldatzearren Estrasburgori egindako presioak. Beren posizioa erabat inmobilista da. Neurri batean, gai honekin murrizketa sozialen aurka estatuan izaten ari diren mobilizazioen arreta desbideratu nahi dute, eta bestetik eskubide demokratikoak zapaltzen jarraitzea justifikatu. Horregatik datoz eta etorriko dira behin eta berriro PPren probokazioak prozesuak atzerantz egiteko helburuarekin.

Euskal preso politikoak Euskal Herrira gerturatzea, kondena beteta dutenak eta gaixotasun larriekin daudenak aske uztea eta presoen eta iheslarien egoerari irtenbidea ematea bezalako eskaeren aurrean, beste aldera begiratzen du PPk PSOEko agintarien babesarekin. Ez da Alderdien Legea ukitu, ezta terrorismoaren aitzakiapean hartutako neurririk ere, eta eskubide demokratikoen eta sozialismoaren aldeko borrokan daudenentzat mehatxu izaten jarraitzen dute.

EAJ oso antzeko bidea jarraitzen ari da. Ondo dakigu zertarako erabiltzen dituen euskal kapitalisten alderdi honek gatazkaren konponbidea bezalako gaiak eta aberri eguneko parafernalia: burgesia espainiarrak eta PPk egiten duten moduan, beren helburua euskal kapitalisten interesak defendatzea da, eta eskubide demokratikoak modu demagogikoan bakarrik erabiltzen dituzte.

EAJ eta PP elkartuta murrizketa sozialetan

EAJk oso gustuko izango zukeen, eta hala aitortu dute, PPk eserleku bat gehiago ateratzea legebiltzarrean. Horrela, bien artean gehiengoa lortuta arazo gutxiago izango zituzten kapitalisten aldeko aurrekontuak edo bestelako neurriak onartzeko. Ez da harritzekoa: euskal kapitalistak eta burgesia espainiarra etengabeko aliatuak dira langile klasearen aurka.

Urkulluren gobernuak lehentasun bezala hartu ditu “lehiakortasuna errekuperatzea” eta “euskal ekonomiaren hazkuntza 2015erako”. Hau “lortzeko” eskaintzen dituen neurriak herstura gogorrak, hezkuntza eta osasuneko murrizketak eta PP estatuan aplikatzen ari den politikak dira. EAJren gobernuak bere borondate osoa azaldu zuen hasieratik PPrekin akordioetara iristeko fiskalitatean eta aurrekontuetan, modu honetan murrizketa sozialen eta pribatizarioaren bideari heltzeko.

Zalantzarik gabe, Urkulluk defendatzen dituen hazkuntza ekonomikoaren eta lehiakortasunaren ereduak gutxiengo bati bakarrik egiten dio onura. Eusko Jaurlaritzan euskal kapitalaren interesak defendatzeko daude, eta hori erabateko kontraesanean sartzen da herritarren gehiengoaren arazoak konpontzeko helburuarekin. Beren helburua ez da bizitzen ari garen egoera sozial eta ekonomiko larria konpontzea, aberatsenak aberatsago egitea baizik. 

Iraganean EAJk zuzendutako Eusko Jaurlaritzako gobernu ezberdinek erakutsi zuten euskal kapitalisten interesak ondo defendatzen dakitela. Garai haietan ere Aznarren gobernuen kolaborazio zuzena izan zuten. 1998an Ibarretxek hauxe esan zuen bere inbestiduran: “Nazio baten eraikuntza botere ekonomikoa eta finantzarioa dira. Zenbakietan eta lehiakortasunean oinarritutako subiranotasuna, eredu bezala dituena Europako herrialde garatuenak”. Oso argi geratu zen bai 90. hamarkadaren bukaeran zer den euskal burgesiarentzat “subiranotasun nazionala”.

1996an %52koak ziren enpresen irabaziak %78ra heldu ziren 1998an, baina hala ere garai berean langile klaseak 300.000 milioi pezeta galdu zituen. Langabezia igo egin zen, kontratuen %93 aldi baterakoak ziren eta bost langiletik bat ETTen bidez zegoen kontratatua miseriazko soldatekin. Babes sozialeko gastuak BPGren %12,2koak baldin baziren 1996an, %11,3ra jaitsi ziren 1998an. Langabeziako kobertura tasa 10 puntu erori zen, eta osasun eta hezkuntza publikoko gastuek behera egin zuten. EAJk, EAren laguntzarekin, kapitalisten aldeko eta langileen aurkako politikekin jarraitu zuren XXI. mendearen hasiera hasieratik. Honen ondorioz, adibidez osasun publikoari dagokionez,  1994an osasunera BPGren %4,7a bideratzen bazen, 2006rako datu hau %2,7ra jaitsita zegoen.

2008an krisia hasi zenetik, ekoizpen egituraren %10a desagertu da EAEn eta 6.000 enpresa baino gehiago itxi dira, horietatik 2.000 pasa den urtean. Langile klasea, gazteria, emakumeak, langabetuak, pentsionistak eta etorkinak ari dira gehien sufritzen. Pribatizazioen eta murrizketa sozialen ondorioak dira, eta ez dago alternatibarik Urkulluk defendatzen duen sistema kapitalistan, berak dioen hazkuntza ekonomikora iristeko murrizketa sozial eta sakrifizio gehiago eskatuko baititu.

Hauteskunde garaian sarritan esan zuen Urkulluk PSEk oso egoera larrian utzi zituela administrazio publikoetako kontuak. Hain zuzen ere, EAJk Raxoik Madrilen erabilitako estrategia berbera erabili nahi zuen. Aurrera eraman nahi zituzten murrizketa sozialak ez zituztela gustukoak, baina aurreko gobernuaren erruz nahitaezkoak zirela adierazi zuen. Hala ere, PP jasaten ari den esperientzia ikusita, hau da, hartutako neurrien ondorioz herritarrengan hazten ari den ondoeza eta haserrea ikusita, EAJk ere badaki ez dela hain erraza izango langile klasea nahi duten adina erasotzea.   

Hori dela eta, kapitalisten helburuak aurrera eramateko EAJ PSErengana hurbiltzen saiatzen ari da, honen babesa lortu nahian. Katalunian CiUk PSCrekin egin izan duen bezala, bere sarean harrapatu nahi ditu PSEko agintariak. Modu berean, garbi dago EAJk antzeko saiakerak egingo dituela ezker abertzalearekin, hau murrizketetan eta langile klasearen kontrako erasoetan inplikatzeko helburuarekin. Jakina da kapitalismoaren aurkako borroka alde batetara utziko lukeen ezker abertzale instituzionalizatu bat amesten duela burgesiak.

Zalantzarik gabe, ezker abertzaleak eginkizun garrantzitsuak ditu garai hauetan. Honek ERCren bidea hartzea, hau da, CiUren politika antisozialari babesa ematea benetako autodeterminazioarekin zerikusirik ez duen erreferendum baten izenean, nahiko du EAJk. Langile klaseak behar duen ezker abertzaleak, ordea, euskal burgesiaren aurkako borroka zuzendu behar du, horretarako langileak, zapalduak eta krisi kapitalistak kolpatutako herritarrak askapen nazionalaren eta sozialismoaren aldeko programa iraultzailearekin elkartuz.

Euskal burgesiaren helburua ez da gatazka konpontzea, ez da autodeterminazio eskubidea lortzea. Aitzitik, EAJk ez du nahi merkatu espainiarretik banatu, irabazi handiak ateratzen baititu bertatik. Hain zuzen ere, harremanak estutu nahi ditu burgesia espainiarrarekin, euskal kapitalisten interesak defendatzeko.

Langileria eta autodeterminazio eskubidea

 

Krisi kapitalista okertzearekin eta klase arteko borrokaren gorakadarekin, historiako krisi guztietan gertatu den bezala, arazo nazionala egoera politikoaren lehen lerroan jartzen ari da. Kataluniako gertakizunak dira horren adibide. Burgesiarentzat oinarrizkoa da sentimendu nazionalak erabiltzea langileak maila nazionalean zatitzeko eta bere politika ekonomiko eta sozialaren arreta desbideratzeko. Hor ikusten da, argi eta garbi, klase arteko borrokaren eta arazo nazionalaren arteko lotura.

Honegatik guztiagatik, beharrezkoa da langile klasearen erakundeek burgesiak (espainiarra, kataluniarra edo euskal herritara) arazo nazionalarekiko egiten dituen maniobra horiek agerian uztea eta langileen batasuna defendatzea klase dominatzailearen aurka, hau nazio zapaltzailekoa edo zapaldukoa izan.

Honek ez du esan nahi, hainbat “ezkertiarrek” egin duten bezala, arazo nazionala existitzen ez dela defendatu behar denik. Erabateko akatsa litzateke hori. Nazionalismo espainiarraren izaera zapaltzailea ez ikustea eta nazio zapalduetako herritarren sentimendu demokratiko nazionala ez ulertzea itsua izatea da. Estatu espainiarraren zapalkuntza nazionalari garrantzia kenduz langileen batasunaren alde egitea praktikan nazionalismo espainiarraren eta erreakzioaren eskuetan erortzea da.

Zapalkuntza nazionalaren aurkako borroka zapalkuntza sozialaren aurkako borrokari lotuta dago, eta alderantziz. Zapalkuntza nazionalaren edozein arlok zutabe nagusi bezala du klaseko zapalkuntza. Arazo nazionala eta soziala bereizteak ekartzen duen ondorioa burgesiaren eta bere maniobren sarean erortzea da.

Euskal burgesiak eta bere ordezkari politikoek erabili izan ohi duten autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena hipokresiaz eta demagogiaz beterik dago. Langile klasearen aurkako erasoak estaltzeaz gain, euskal burgesiak errebindikazio hau erabiltzearen arrazoia bere pribilegioak eta boterea handitzea da: alde batetik, euskal herritarrak hobeto zapaltzeko eta erreprimitzeko eta, bestetik, sistema finantzario espainiarrarekin, frantziarrarekin, europarrarekin eta internazionalarekin harremanak sendotzeko. Eta noski, euskal burgesiak ez du inolako asmorik burgesia espainiarraren eta estatu aparatuaren aurkako borrokarik antolatzeko. Badakite gainera, estatu aparatu espainiarraren laguntza ezin hobea izango dutela klase arteko borrokaren gorakadaren aurrean errepresioa erabiltzeko. 

Autodeterminazio eskubidearen defentsa, beraz, langile klasearen oinarrizko eginkizuna da, eta defentsa hau da benetan kontsekuentea den bakarra. Autodeterminazio eskubidearen aldarriak estatu aparatu burges espainiarraren eta frantziarraren suntsiketari lotuta joan behar du, baita kapitalismoaren ekoizpen eta jabego harremanen suntsiketarekin estuki elkartuta ere. Estatu aparatu hauek eta sistema kapitalista hau dira euskal burgesiak eta EAJk defendatzen dituzten ereduak.

EAJk egiten duen autodeterminazio eskubidearen defentsa abstraktu eta faltsuak ez gaitu engainatu behar. Euskal burgesiarekin eta bere ordezkari politikoekin “frente nazionala” eraikitzeak ez du ezer aurrerakoirik. Horrelako frente bat osatzeko EAJk egin ditzakeen eskaintzak atzera bota behar dira, eta inoiz baino indar gehiagorekin utzi behar da agerian bere benetako asmoa.

Langile klasearen, gazteriaren eta herriko sektore zapalduen borrokarekin bakarrik lor daitezke autodeterminazio eskubidea, euskal preso politikoen askatasuna eta gainontzeko eskubide demokratikoak. Eta borroka honetan, euskal herriko langile klasearen aliatu bakarrak estatu espainiarreko, estatu frantziarreko eta Europako langileak dira. Langile klasearen batasunarekin, eskubide demokratikoen aldeko borroka kapitalismoaren aurkako borrokaren lotuz posible da langabeziari, murrizketa sozialei, pobreziari, desberdintasun sozialei eta zapalkuntza nazionalari aurre egitea.

Ezker abertzaleak aukera bikaina du Sorturen bidez programa sozialista eta internazionalista hau defendatzeko eta langileria antolatzeko. Ezkerreko erakunde sindikal eta politiko guztiek babestutako iazko martxoaren 29ko greba orokor bateratu arrakastatsuak erakutsi zuen bidea. Trantsizio deitutako garai haietatik ez da egon maila hartako mobilizaziorik.

Langile klaseak batasuna nahi eta behar du, baina lehenago esan bezala horrek ez du esan nahi Euskal Herriaren eskubide demokratiko nazionalen aldeko borroka alde batera utzi behar denik. Eta noski, oinarrizkoa da estatu mailako ezkerreko erakundeek eta sindikatuek nazio zapalduen autodeterminazioa eskubidea defendatzea. 

Eskubide honen aldeko borroka indartzearen eta langileen batasuna handitzearen bidean oso garrantzitsu izango litzateke Sortuk eta euskal sindikatuek PPren gobernuaren aurka estatu osoan zehar antolatzen ari diren mobilizazioei babesa ematea. Horrela posible izango litzateke estatuko langile klaseari eta gazteari autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka azaltzea eta iraganean bezala estatuko langileen gehiengoak aldarrikapenari babesa ematea. Politika honi esker autodeterminazio eskubidea bakarrik ez, euskal preso politikoen eta iheslarien behin betiko askatasuna lortzeko bideak irekiko lirateke. Eskubide demokratikoen eta sozialismoaren aldeko borroka berbera da, eta langile klasea da kapitalisten aurkako borroka hori zuzendu dezakeen bakarra.

 
Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.