Maiatzaren 25ean Eibarren euskal gehiengo sindikala osatzen duten eragile eta sindikatuen 56 ordezkariek nazio batzarra egin zuten Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaz eztabaidatzeko. Ekimen honen arrazoiak eta helburuak azaltzean hauxe esan zen: “botere ekonomikoa politika publikoei dagozkien erabakiak hartzen dituen bankaren eta kapital finantzieroaren eskutan pilatzeak eragin duen eskubideen etengabeko higadura”… “demokrazia lobby finantzieroen eta patronalaren boterea hazi ahala desagertzen da”.
Hain zuzen ere, edonork daki eskubide sozialak galtzearekin batera, eskubide demokratikoen aurkako erasoa jasaten dugula: gastu soziala murrizten da, baina istiluen aurkako materialetarako gastua hazten da; pentsioak, osasuna eta hezkuntza publikoa zalantzan jartzen dira, baina estatuaren errepresioa eta protesta sozialaren kriminalizazioa areagotzen da; “legalitatea” errespetatzeaz dihardute, baina atxiloketa “arbitrarioekin” jarraitzen dute, polizia-etxeetan torturatzen dute eta PPk ezezko borobila eman dio euskal preso politikoen gatazka konpontzeari.
Ez dute aski eragin duten sufrimenduarekin, gehiago nahi dute
Aktan esaten denez, “gobernu neoliberalen esku dagoen ekonomia bankari eta espekulatzaileen zerbitzura dago, eta honek aberastasunaren banaketa bidegabea ekartzen du”.
Murrizketa politika hauek gobernu neoliberal eta sozialdemokratek ezartzen dituzte, nahiz eta keynessiar izenaren atzean ezkutatzen diren. Kapitalismopean, gobernuak “klase agintariaren komite exekutiboa” besterik ez dira; burgesiak bere diktadura ezartzen du estatu burgesaren aparatua kontrolatuz: epaileak, polizia, telekomunikabideak… Aktan esaten den bezala, “Euskal Herriko gobernu neoliberalek estrategia honekin bat egiten dute”, EAJk, PPk eta baita PSEk ere murrizketa sozialen politika egin dute.
Ekainaren erdialdean NDFk gobernu espainiarri eskatu zion berehalako neurriak hartzeko hazkuntza eta lanpostuak sortzeko eta lan erreformarekin “haratago joateko”. Zehazki, Raxoyri eskatzen dio kaleratzeak merkatzeko eta kontratu kopurua murrizteko, negoziazio kolektiboa sinplifikatzeko eta soldatak “nabarmen” jaisteko.
Mundu osoan NDF, MB eta EBren bidez agintzen duen kapital handiaren diktadurak ofentsibara pasatzea erabaki du: milaka milioi bankuei oparitzea gastu sozialen kontura (honengatik konstituzioa azkar batean aldatu zuten bankaren interesak ordaintzea bermatzeko); negoziazio kolektiboa suntsitzen duen lan erreformaren bidez, konkista sozialak ezabatzea; soldatak jaistea eta zerbitzu publikoak pribatizatzea enpresa pribatuen mesedetan, gehiengoa pobretuz gutxiengo bat aberasteko. Agindu hauek betetzen ez dituztenek merkatuen boikota jasaten dute.
Kapital finantzieroaren domeinua, kapital monopolistaren domeinua da, bankuek energiaren, ekoizpenaren eta merkantziaren banaketaren monopolioekin duten fusioaren adierazpena da, kapitalismoa mundu osoan hedatu denaren eta krisia mundu osokoa denaren erakusle da. Horregatik, kapitalismoaren krisitik gehiengoaren alde ateratzeko expropiatzaileak expropiatu behar dira, ekoizpen baliabideak, banka eta monopolio handiak nazionalizatu behar dira kalte-ordainik gabe eta langile klasearen kontrol demokratikopean ezarri, aktan esaten den bezala, gehiengoaren onurarako jartzeko ekonomiaren planifikazioa demokratikoa izan dadin. Eta, jakina, estatu burgeseko mugak suntsitu eta herriak elkartuko dituen programa internazionalista defendatu behar da.
Eskubide sozialen murrizketak
2007-2008tik sufritzen dugun atzeraldi handiak eragin du kapitalaren diktadura azalera dadin eta milioika pertsonen begien aurrean ikus dadin. Hazkunde garaian demokrazia burgesaren, botoaren eta “instituzio ordezkatzaile” izenekoen azpian ezkutatzen da diktadura hau.
70. hamarkadan, diktadura frankistaren aurka milioika langilek eta gaztek borrokatu zuten odolez zipriztindutako gudan, eta horrela lortu ziren hainbat askatasun demokratiko eta erreforma. Baina ezkerreko agintari erreformistek desertatu eta amore eman zuten; urte haietan Felipe Gonzalez eta Santiago Carrillok adierazi zuten pixkana egin behar zela aurrera; lehenik eta behin, “burgesia aurrerakoia” erakarri behar zela askatasuna kontsolidatzeko eta geroago hitz egingo zela sozialismoaz. Honela, diktaduraren krimenak zigorrik gabe gera zitezen utzi zuten, eta elementu frankista hauek estatu aparatuan txertaturik pribilegioez gozatzen jarraitu zuten.
Orain, krisia kontraesan sozialak areagotzen ari da klase arteko polarizazioa areagotuz: burgesiak eskubide demokratikoak murrizten ditu, banda faxistak armatzen ditu Grezian eta Frantzian ikusi dugun bezala eta mahai gainean jartzen du iraultza sozialaren beharra Brasil eta Turkian ikusi dugun bezala, mundu osoa astintzen ari den prozesuaren baitan: Amerika Latina, herrialde arabiarrak, Europa, Afrika, Asia…
Eskubide Sozialen Gutunak neurri zehatzak hartu behar ditu
Hego Euskal Herrian grebengatik galdutako lan egunak biderkatu egin ziren 2013ko lehen hiruhilekoan. Euskal Herriko langile klaseak langabeziaren gorakadari eta PP eta UPNk, Confebask euskal patronalak eta EAJk Lan Erreforma aitzakiatzat hartuta egindako erasoei eman dieten erantzuna da. Guztia maiatzaren 30eko greba orokorrean eta ekainean negoziazio kolektiboaren alde izan diren greba gorakadan eta mobilizazioetan gorpuztu da. Preso eta errefuxiatuen eskubideen aldeko borroka, Garoñaren, langabeziaren, franking-aren, genero indarkeriaren aurkako borroka eta sektore publiko zein pribatuko langileen aldeko borroka ere haziz doa, eta gainera beheko klase ertaina pobretzen ari da.
Dena dela, nahiz eta patronalak eta euskal burgesiak zailtasunak izan beren interesak langile klaseari inposatzeko, ekintza batasunaren faltak eta programa sozialistaren gabeziak langileen borroka ahuldu dute. Maiatzaren 30eko greban parte hartzeari uko eginez CCOO, UGT eta PSE-PSOEko agintari erreformistak, akordio sozialen aldeko beren politikarekin, eskuineko gobernuen sostengu bihurtu dira Madrilen, Iruñan eta Gasteizen. Kapitalismoaren krisia sozialdemokraziaren krisia da. Ezinezkoa da klase agintariaren interesek gizarteko gehiengoa den langile klasearen interesekin bat egitea.
Euskal gehiengo sindikalak, ezker abertzaleak eta eragile sozialek aukera dugu egoera aldatuko duen programa lantzeko. Horregatik Gutun Sozialak aurrerapauso izan behar du, proposamen zehatzak egin behar ditu Euskal Herriko langileria eta gazteria bereganatzeko:
- Langabeziaren aurka eta lanpostuen alde: hileko 1.200 euroko langabezia laguntza mugagabea, 35 orduko lan astea soldatak murriztu gabe eta erretiro adina 60 urtetan. Krisian dauden enpresen nazionalizazioa eta nagusiek itxi dituzten fabriken desjabetzea kalte-ordainik gabe.
- Eros ahalmena mantendu. Inflazioa kontrolatzeko prezioen eta soldaten eskala mugikorra hiru hiletik behineko igoera eta errebisioekin batzorde sindikalen, kontsumitzaile elkarteen eta gobernuaren kontrolpean. Behin-behinekotasunaren eta prekarietatearen aurka, hamabost egunetan lanpostu finkoa. ETTrik ez. Lan erreformari ez.
- Emakumearenganako diskriminazioaren aurka. Lan eskubide guztiak gizon eta emakumeentzat, etorkinentzat eta bertakoentzat egungo Atzerritarren Legea ezabatuz.
- Espekulazioaren eta iruzurraren aurka. Fortuna handiei zerga progresiboa eta ogasunari iruzur egiten dieten kapitalista handien desjabetzea. Ordezkari politikoek ez dezatela kobratu langile kualifikatu baten batez bestekoa baino gehiago.
- Etxebizitza duin eta eskuragarriaren alde. Hiri lurren munizipalizazioa eta eraikuntza enpresen nazionalizazioa langile kontrolpean. Etxebizitza eskubidea da, ez espekulatzaile eta ustelen negozioa. Hipoteken ondorio diren langile familien etxebizitzen eta ondasun familiarren enbarguak berehala geldiaraztea. Familia bakar batek ere ez du ordaindu behar etxebizitzagatik diru-sarreren %10a baino gehiago. Urte bete baino gehiagoz hutsik, utzirik edo erabilerarik gabe dauden etxebizitza eta eraikinak desjabetzea etxebizitzarik eta baliabiderik gabeko familientzat edo kultur gune bezala erabili ahal izateko.
- Osasun publikoaren defentsa. Murrizketei, pribatizazioei eta kopagoari ez. Osasun publikoaren aurrekontuan %20ko igoera, itxaron zerrendekin amaitu eta osasun arreta hobetzeko. Inbertsioak ospitale publikoetan eta osasun baliabideetan. Ospitale pribatu eta kontzertatuen publifikazioa langileen kontrolpean.
- Hezkuntza publiko eta euskaldunaren defentsa. Murrizketarik ez, irakasleen kaleratzerik ez. Doakoa, laikoa, zientifikoa, demokratikoa eta euskalduna den sare publiko baten alde. Erlijiorik ez ikasgeletan. Bolognari eta LOMCEri ez. Zentro pribatu guztiak sare publikoan sartzea. Eskola eskubide bat da, ez negozioa. Euskararen defentsa. Euskarak izan behar du Euskal Herri osoko eskola publikoetako hizkuntza eramailea. Hezkuntzarako baliabideak gehitzea. Ikastolak sektore publikoan sartu eta baliabideak nabarmen igotzea, irakasle eta langileen lan baldintzak hobetuz.
- Lege antidemokratiko guztiak ezabatzea, bai alderdien legea, bai zigor kodea gogortu duten gainerakoak. Euskal preso politikoak Euskal Herrira berehala ekartzea eta dispertsio neurriak indargabetzea. Euskal preso politikoen amnistia. Euskal Herriarentzako autodeterminazio eskubidea, langile klasearen batasuna muga nazionalen gainetik, Europako eta munduko federazio sozialistaren alde.
- Bankaren, finantza sistemaren eta enpresa handien nazionalizazioa kalte-ordainik gabe, beharrezko kasu frogatuetan salbu, eta langile klasearen eta bere erakundeen kontrol demokratikopean ekonomia demokratikoki planifikatzeko.
Gutun sozial honekin eta gizarteko zapaldu guztien antolakuntza demokratikoarekin gizarte sozialista berri bat eraikitzen hasiko ginateke, eta herritarrek ekonomiaren, kulturaren eta gizartearen gestioan parte hartze zuzena izango lukete; herri, probintzia eta Euskal Herri osoan koordinatutako lantokietako eta herri eta auzoetako batzordeen eta batzarren bidez herritarren parte hartzean eta kontrolean oinarritutako langile demokrazia izango litzateke, eta ordezkariak edozein unetan hautatu eta alda litezke. Hau da gizarte demokratiko eta biziraupenerako borrokarik eta zapalkuntzarik gabeko gizarterantz joateko bide bakarra; baliabide ekonomiko, sozial eta kulturalak gizartearen esku uztea, alegia. Hau izango litzateke Euskal Herria sozialista.