Euskal Herrian arrazoiak soberan daude greba orokor baterako deialdia egiteko, eta LABek lan istripuen aurka apirilaren 27rako konbokatutako ordu beteko paroa aurrerapauso bat izan da borrokak orokortzeko eta batzeko bidean, hau baita euskal langile klaseak pairatzen ditugun erasoentzako irtenbide posible bakarra.

Murrizketa sozialak, lan prekarietatea, kaleraketaren merkatzea edota soldaten izozte askitan errepikatua, eguneroko ogi bilakatu dira Euskal Herriko langileen eta gazteen gehiengo handi batentzat. Baina ugazaben ofentsiba eremu guztietan ematen da, oinarrizkoak diren sektoreetan konbenio kolektiboak negoziatzeko bere ukapenak frogatzen duen bezala, Bizkaiko eta Arabako metalean bezala, 2003tik konbenioa berrikusi gabe baitaude. Une honetako egoera zera da, 570.000 langileetatik, 260.000 langile baino gehiagok ez dutela konbenio kolektiboa berritu.

Gipuzkoan negoziatzen ari diren 2007ko konbenioetan, metalaren, arte grafikoen edota eraikuntzaren kasuetan esaterako, Adegi patronal gipuzkoarrak lan-egunaren luzatze bat planteatu du, azken sektore honentzat adibidez 24 orduko luzatzea hurrengo lau urteetarako. Ordu gehiago lan egitea soldata txikiagoarengatik, nahiz eta Euskal Herrian orduko eta langileko kostu laboralak askoz ere baxuagoak diren Europar Batasunaren osotasunean baino: industrian 16,47 eurokoa da orduko, batezbesteko europarra 26,02 euro den bitartean. Egoera honek ekintzarako batasuna eta borroka estrategia sendo bat exijitzen du erakunde sindikalen eskutik.

 

Bizi-baldintzak okerrera doaz milaka familiarentzat

 

Familien zorpetze masiboa, eta batez ere gazteriarena, funtsean azken urteetako etxebizitzaren prezioaren garestitzeak eta interes tipoen igoerak eragin duena, pobrezia indizeak igoarazten ari da. Euskal Herriko etxeen %4,9ak pobrezia larriaren arriskua du, portzentaia handienak Bizkaian aurkitzen direlarik 25 urte baino gutxiagoko gazteen artean eta emakume bakar bat buru duten etxeetan. Hego Euskal Herrian hilabete amaierara iristeko zailtasun maila %2,5 hazi da azken urtean eta zifra honek ez dio hazteari uzten desberdintasun sozialen handitzeak ere uzten ez dion bezala. Gutxi batzuek dena eramaten dute gehiengo handiaren kontura, PNVren oniritziarekin, zeinak patronalari gero eta diru laguntza gehiago eta zerga-itzurpen edo ebasio fiskalerako erraztasunak ematen dizkion bitartean sozietateen gaineko zerga murrizten dien.

1993tik sortutako aberastasuna %146 eta kapital errentak %166,7 handitu diren bitartean, soldatapekoen ordainketa %118,7 bat bakarrik handitu da, aberastasunaren banaketa geroz eta bidegabeago baten ondorio bezala. Lan errentak Barne Produktu Gordinaren %54,7 izatetik %48,6 izatera igaro dira 2005ean. 1993ko eroste ahalmena mantentzeko langileko soldata diru-sarrerak 4.400 euro handitu beharko lirateke batez beste.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak ezagutzera eman  du nola enplegu estatistiken “hobetze esanguratsu” bat eta sektore publikoaren diru-sarreren handitze bat eman baldin bada ere, Euskal Autonomi Erkidegoko babes soziala (19,2) Irlandarekin batera (16,5) Europako baxuena dela (28,3 15en Europar Batasunean). Eta honi denari prekarietateak eta lan eskuaren esplotazio erritmo handiek elikatutako lan istripuen izurritea gehitu behar zaio. Iaz, Euskal Herrian, 129 pertsona hil ziren lan istripuetan eta honi 529 istripu larri eta 64.897 arin gehitu behar zaizkio, estatistika ofizialetan agertzen ez diren gaixotasun profesionalez gainera.

 

Euskal burgesia eta bere gobernua Euskal Herriko langileen aurka

 

PNVren gobernu burgesen eskutik langile klasearen aurka burutu diren erasoak bereziki garrantzitsuak izan dira osasun-laguntzaren eta etxebizitza arloan. Azken eremu honetan, etxebizitza publikoari begirako inbertsioa EAEn, BPGaren %0,3 miserable bat da, 2002tik aldatu gabe dirauen zifra.

Datu honek, Ezker Batuak Sail honen buruan duen presentzia erabateko porrota dela erakusteko balio du, PNV-EAren aurrekontu politikak erabat mugaturik aurkitzen baita.  Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren aurrekontuan (%7) bi bider baino gehiago gastatzen du, etxebizitzan eta arazo sozialetan baino (%3,3). Hezkuntzarako gastu publikoa BPGaren arabera azken hamarkadako baxuena da %3,35 batekin, eta 2007ko aurrekontuek osasunerako gastuen errekorteak begiztatzen ditu.

Datu hauek ezkerreko erakunde ezberdinek hamarkadetan zehar euskal burgesiarekin eginiko paktu eta akordio politikak dakartzan ondorio kaltegarriak erakusten dituzte. Zer gertatuko da etorkizunean burbuila inmobiliarioa lehertzen bada edota estankamendu ekonomiko bat baldin badago milaka kaleraketekin 1994ean bezala? Erantzuna Estatu frantziarrean ikus dezakegu 2006ko haseran eztanda egindako borrokekin edota Amerika Latinoan, astinaldi, leherketa sozial eta iraultza jarraiekin.

Enpresarien irabazi ikusgarrien garai honetan, langile populazioaren gehiengoaren aurkako eraso eta errekorteen aldi honetan, espainiar eta euskal burgesiak “bake prozesua” kezko gortina bat bailitzan erabili dute. Zapateroren Gobernua geroz eta jarrera kontserbadoreagoetara biratuz joan da CiUrengan eta PNVrengan babestuz langile klasearen eskubide garrantzitsuenak erasotzeko. Eta, panorama honen osagarri bezala, eskubide demokratikoen aurkako errepresioaren areagotze bat eman da PSOEren eta PNVren gobernuen eskutik.

 

Sozialismoaren aldeko borroka alternatiba bakarra

 

Kapitalismoak, egungo krisi organikoko garai honetan, eskubide demokratikoak murrizten ditu desberdintasun sozialak azeleratzen dituen aldi berean Euskal Herrian, munduaren gainerako herrialdeetan egiten ari den bezala. Errepresioarekin oso modu desberdinetan adierazten diren protestak eta ondoeza isilaraztea eta geldiaraztea lortu nahi dute. Bere goraldi garaian burgesiak erakutsi ahal izan zituen forma demokratikoak, pixkanaka ordezkatuak izaten ari dira modu autoritarioago eta errepresiboagoengatik bere dekadentzia aroan. Masen erantzun prozesuak iraultza sozialistaren forma hartu duen leku haietan, hala nola Venezuelan, Mexikoko Oaxakako estatuan, Bolivian, etab., indarren arteko korrelazioa hain aldekoa da langile klasearentzat eta zapalduentzat ezen masen mugimendua zapaltzeko saiakera guztiak porrot bilakatu diren. Baina iraultzak garaipenean amaitzen ez badu, ez dago zalantzarik burgesia forma demokratikoetatik askatuko dela modu zakar batean bere benetako aurpegia erakutsiz. Gutxi batzuen jabego pribatuaren defentsak benetan merezi du masen eta herrien aurkako gerrak, estatu kolpeak, hilketak, tortura eta biolentzia erabiltzea, inperialismoak eta burgesiak Palestinan, Iraken eta Afganistanen erakutsi duten bezala.

Iraultza eta kontrairaultza txanpon beraren bi aurpegi dira. Burgesiaren usteldura estatu nazionala bera zatikatzeko mailetaraino iristen da prozesu iraultzaileak suntsitzeko saiakeran, Boliviako Santa Cruzen kasuan edota Venezuelako Zuliako estatuarenean ikusi den bezala, bi zonaldeak bi herrialdeetako gune aberatsenak direlarik. Boliviari dagokionean, oligarkia cruztarra Gazteen Batasun Cruztarra bezalako talde paramilitarrak entrenatzen ari da inperialismoaren laguntzarekin. Eta gero demokraziaz hitz egiten dute! Burgesiak zentralismoaren edo independentziaren defentsa bere klase interesen arabera erabiltzen du.

Soilik sozialismoak konpon ditzake milioika behartsuren arazo etsigarriak eta demokrazia kontsekuente bat lortu nazio zapalduentzat. “Etapakako iraultzaren” teoria stalinista, lehenengo demokrazia eta honek burgesia nazionalarekin dakarren aliantza, eta gero sozialismoa, erabateko porrota izan da.

Venezuelaren adibidea, sozialismorantz aurrera eginez eta eguneko ordenean sektore estrategikoen nazionalizazioa, iraultzaren sakontzea, sektore erreformisten aurkako borroka eta langile kontrola ipiniz, erreferente bat da mundu osoko masa zapalduentzat. Iraultza venezuelarra, sozialismorantz aitzinatzen ari dena, kontinente latinoamerikarraren batasuna proposatzen ari da, Bolivarren ideia izan zena, pobreziarekin amaitzeko eta potentzia inperialistei arrakastaz aurre egiteko, herrialde ezberdinetako burgesia nazional ustela “muga nazionalak” mantentzen saiatzen ari den bitartean, biztanlegoaren gehiengoaren esplotazio kapitalistarekin jarraitzeko.

Europa osoa gatazka sozialetako garai baterantz doa. Soilik langile klaseak, sozialismoaren banderarekin eta sistema honen aurka, greba orokorra eta matxinada bezalako proletalgoaren metodo tipikoekin, eskaintzen die irtenbide bat pairatzen ari garen arazo hauei. Marxismo iraultzailearen ikuspuntuaren arabera, Amerikako edota Europako herri ezberdinen eskubideek herri guztien berdintasun egoera bateko Federazio Sozialista baten markoan aurkituko lukete euren asetzea, Munduko Federazio Sozialista batean. Kapitalismoaren krisiarekin sozialismoaren aldeko borroka eguneko ordenaren lehen puntuan ipintzen da. Hauxe da Euskal Herrian ere klase independentziako politika bat eta programa sozialista bat hartzeko momentua.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.