Itunik ez euskal burgesiarekin!

PPk aurrera daraman errepresioaren gorakada eta 197/2006 doktrinari buruz Estrasburgoko epaitegiak Ines del Rioren kasua dela eta hartutako erabakiaren aurkako jarrera, 40 militante gazte independentisten eta Batasuna, EH eta HBko 36 agintari ohien aurkako makroepaiketa, ETAren desarmeaz negoziatzeari emandako ezezkoa eta Oslotik horretarako ordezkaritza bidaltzea, Josu Urrutikoetxea atxilotzeko eskatzea, Eusko Jaurlaritzaren bake ponentziari PPk egindako boikota eta ETAren desarmeaz hitz egiteko nazioarteko bitartekariekin elkartzea ukatzea, euskal preso politiko eta errefuxiatuen aurkako politika ankerra... Honek guztiak ezker abertzaleak masa borrokan oinarritzeko duen estrategia suntsitzeko probokazio programa kontziente eta konstantea islatzen du.

 

PPren jarrerak ez du indarra erakusten, ahultasuna baizik. Diktadura frankistaren garaiaz geroztik depuratu ez den estatu aparatuaren presioari, gobernuak duen deslegitimizazio sozialari eta PPk bizi duen eta Barcenasena bezalako ustelkeria kasuek areagotu duten barne krisiari erantzuten die. Hori dela eta, PP arreta desbideratu nahian dabil eta bere babes tradizionala mantendu nahi du Euskal Herriaren eta Catalunyaren eskubide demokratikoak ukatuz eta errepresiora joz.

Kimu berdeak?

Gobernuak kimu berdeak datozela esanagatik, Txinaren hazkundea gelditu izanak Amerika Latina eta herrialde emergenteak berarekin eraman ditu. Ekonomia handien hazkundea gelditurik dago eta ez da desoreka bat bera ere egonkortu. Bien bitartean, hegoaldeko Europak benetako depresio ekonomikoa bizi du. Espero zitekeen bezala, erabateko konexioa dagoen mundu honetan eta burgesia leku guztietan murrizketa sozialen politika berbera aplikatzen ari denean, Euskal Herria ere gogor jipoitzen ari da kapitalismoaren krisia.

Irail hasieran EAEn 865.467 afiliatu zeuden Gizarte Segurantzan, atzeraldi hasieran zeuden milioi bat langiletik aski urrun. Nafarroako egoera antzekoa da: 50.000 langabetu daude eta beste hainbeste pobrezia larrian.

Euskal burgesiak, Madrilgo, Catalunyako, Portugalgo, Italiako edo Greziako bere kideek bezala, langile klaseari ordainarazi dio eragin duen krisia. Abuztuan langabezian 1.500 pertsona gehiago zeuden. Udal asko dirurik gabe gelditzen ari dira Gizarte Larrialdietarako Laguntzak ordaindu ahal izateko eta Urkulluren gobernuak ziurtatu du ez duela honetarako diru gehiago emango. Lakuako gobernuak Gizarte Larrialdietarako Laguntzarako aurreikusitako 17,3 milioi euroak motz geratu dira; 2010 urteaz geroztik ez da igo eta urte erdian amaitu izanak zifra hauen atzean ezkutatzen den drama soziala erakusten du.

Polarizazio sozial eta politikoa

 

Kapitalismoaren krisi sakon honetan, aberastasuna gizartearen mutur batean pilatzen da gizartearen gehiengoaren sufrimenduaren eta txirotzearen kontura, eta honek klaseen arteko polarizazio sozial eta politikoaren prozesua eragiten du. Ezker abertzaleak hauteskundeetan izandako hazkunde ikaragarriak erakusten du langile klaseak, gazteriak eta klase ertainak duen borrokarako beharra, baita arlo politikoan ere. Burgesia ere prestatzen ari da indartsu erantzuteko. Hamahiru bider handiagotu du istiluen aurkako materialetarako gastua. Defentsa Ministerioak aurten 7.396 milioi gastatu ditu, aurreikusitakoa baino %24 gehiago. Garai berean, osasunerako, hezkuntzarako eta ikerketarako partidek %50erainoko murrizketak jasan dituzte. Defentsarako partida igo izana mehatxu zuzena da nazio zapalduentza, Catalunyarentzat, Galiziarentzat, Euskal Herriarentzat eta langile klasearentzat.

Klase arteko borrokaren gorakada

 

PPren, Barcinaren, EAJren eta CiUren gobernuen ahultasuna kapitalismoaren krisi organikoaren eta langile klasearen indarraren adierazle da. Iaz bakarrik hiru greba orokor antolatu ziren Euskal Herrian. Marea zuri, berde, meatzarien beltza, metaleko langileen borrokak Gipuzkoan, presoen aldeko mobilizazioak… etorriko denaren erakusgarri besterik ez dira.

Mobilizazio prozesua oso indartsua da Nafarroan, eta krisian utzi du PSNren zuzendaritzarengan bakarrik oinarritzen den Yolanda Barcinaren gobernua. Maila apalagoan bada ere, EAEko gobernua ere krisian dago bere politika eta aurrekontuak aurrera eramateko dituen zailtasunek erakusten duten bezala. Argi dago PPren, EAJren eta UPNren gobernuek dituzten sostengu nagusiak PSOEko, UGTko eta CCOOeko agintariek emandako babesa dela, burgesiarekin egindako itunen politikaren defendatzaile baitira.

Eskuineko zein sozialdemokraziako agintariek espero duten bakarra denborarekin krisia konpontzea da. Sozialdemokraziak sistema zalantzan jarri beharrean, klase arteko kolaborazioaren defendatzaile sutsua da. EAJ eta PSEk sinatu duten bezalako itun fiskalek euskal burgesiari bakarrik egiten diote mesede eta langile klaseari ordainarazten diote krisia. Burgesiak paradisu fiskalak bezalako ihesbide ugari ditu zergak saihesteko, eta orain gainera lanpostuak sortzeko partidek kreditu merkeagoak eta laguntzagoak zukutsuaizango dituzte enpresari eta bankarientzat.

Zer nolako politika behar dugu?

 

Sortuk eratze eztabaidan azpimarratu zuen irabaziak eta pribilegioak bilatzen dituen nazionalismo burgesaren eta Euskal Herriaren askapen sozial eta nazionalaren alde borrokatzen duten langile eta gazteen nazionalismo internazionalista eta sozialista. Catalunya eta Eskoziaren kasuan, bi nazioetako burgesiak saiatzen ari dira oinarri sozial bat mantentzen langile klasearen aurkako ezohiko murrizketak ezartzen dituzten bitartean. CiUren kasua oso eskandalagarria da: herri kataluniarra erabili du Madrilekin negoziatzeko eta aldi berean bere diskurtsoak estali egin nahi ditu hezkuntzaren, osasunaren, eskubide sozialen eta eskubide demokratikoen aurkako erasoak.

Euskal Herri eta Catalunya independente batek, kapitalismopean, ez lituzke arazoak konponduko. Euorpako Batasunaren barruan honen aginduen menpe jarraituko genuke eta EBtik aterako bagina nazioarteko merkatu kapitalistaren eta potentzia handien jokoaren aginduen eta erabakien menpe jarriko ginateke. Askapen nazionalaren aldeko borroka eta sozialismoaren aldekoa borroka berbera dira, eta honek eskatzen du EA eta EAJ bezalako alderdiekin klaseko izaera sakona markatzea, itxuraz kontrajarriak diren ikuspuntutik bi alderdi hauek klase agintariaren etekin maximoa eta pribilegioak defenditzen baitituzte.

Euskal hitzarmenak babesten dituen eredu propioaz negoziatzeko orduan Confebask euskal patronalak erakutsi duen jarrera gogor eta intrasigenteak EAJren babes osoa dauka, nahiz eta adierazpen demagogikoak ere egiten dituen patronalaren eta sindikatuen arteko akordioak eskatuz. Argi dago helburu bakarra langile klasea desmoralizatzea dela. EAJk murrizketa sozialak aplikatu ditu, aplikatzen ditu eta aplikatzen jarraituko du bere demagogia salatzen ez den bitartean eta murrizketen kontrako borroka serio eta indartsu bat antolatzen ez den bitartean.

Burgesiak bere interesak babesteko muga nazionalen gainetik elkartzeak lehentasuna du, ezinbestekoa du, edozein nazio, hizkuntza, arraza edo erlijiotako langile klasearen batasunari aurre egiteko. Langile klasea atzerakada ikaragarria jasaten ari bat batasun hau ez dagoelako. Espainia hondora doala esaten denean, espainiar burgesiak hondoratzen gaituela esan behar da, ez borrokatzen duten ikasleek, ez pentsionistek, ez osasun arloko langileek, ez borrokan dauden meatzariek. Beharrezkoa da hauen arteko zubia eraikitzea eta batasunaren alde borrokatzea sufritzen ditugun erasoekin eta kapitalismoarekin amaitzeko.

Ezker abertzaleak masen mugimenduaren buruan jartzeko egin duen pauso erraldoiak eragin du lehen aldiz lehen indar politiko izateko aukera, kapitalismoaren krisitik ateratzeko mugimendua gidatzeko aukera eta Euskal Herriaren aldarrikapen demokratiko nazionalei erantzuna emateko aukera. Honek guztiak mahai gainean jarri du alternatiba eta erantzunen beharra, hemen eta orain. Ezker abertzaleak programa sozialista, iraultzailea eta internazionalista behar du. Tribuna publikoak bozgorailu bezala erabili eta kaleko, fabriketako, auzoetako, herrietako, ikastetxeetako borrokaren bidez da posible egoera errotik aldatuko duen antolakuntza eta borroka sortzea.

Enpresari, bankari eta parasito gutxi batzuen mesedetan eta gehiengoaren kaltetan, kapitalismoa da gizateriak garai moderno honetan pertsonen ongizatean aurrerapauso ikaragarria ekarriko luketen baliabideak, teknologia berriak, robotika, nanoteknologia, material eta energia alternatiboak ez erabiltzearen arduraduna.

Kapitalismoak mahai gainean jarri duen egoerak eskatzen duen mailan egon eta Euskal Herria sozialista baten alde eta Europa mailako eta nazioarteko federazio sozialista baten alde borrokatu behar dugu.