LOMCE atzera bota arte, borrokak jarraitu egin behar du!
PPren LOMCE legeak mobilizazio handiak izan ditu aurrean ikasleen, hezkuntza komunitatearen eta orokorrean gizartearen aldetik. LOMCEk zuzenean erasotzen ditu nazio zapalduetako hizkuntzak (euskara, katalana eta galegoa) eta frankismo garaiko eskolara itzuli nahi du, hezkuntza balio atzerakoietan adoktrinatzeko elizaren pulpitu zen egoerara, langileen seme-alabei goi mailako hezkuntzarako eskubidea ukatua zitzaien garaira.
Beharrezkoa da ezkerreko fronte bat osatzea LOMCEren aurka
Ikasleen borrokek Jose Ignacio Wert gobernuko eta, ziurrenik, historiako okerren baloraturiko ministro bilakatu dute. PPren gobernua gobernu erabat ahula eta isolatua da, eta ez du Wert kentzen badakielako bere amaieraren hasiera izan daitekeela eta ministroak bata bestearen atzetik erortzen hasiko liratekeela. Behin pitzadura eginik beste guztia erortzearen arriskua dago. Gauza bera gertatzen da Urkulluren eta Barcinaren gobernuekin. Gobernu ahulak dira, PSEn, PSNn eta PPn oinarritu beharra dute euskal kapitalisten planak aurrera ateratzeko (2014ko aurrekontuak, EAJren enplegu plan berria...) eta Euskal Herriko mobilizazioak paralizatzeko.
Euskal Herria Sozialistatik, babes oso eman nahi diegu Ikasle Abertzaleakek deitutako mobilizazioei eta martxoaren 27rako deitutako greba orokorrari. Aldi berean, dei egiten diegu gainontzeko ikasle erakundeei, irakasleen sindikatuei eta ezkerreko alderdiei Ikasle Abertzaleakek deitutako mobilizazio hauek babesteko. Hezkuntza komunitate guztiaren (guraso, irakasle eta ikasle) borroka bateratu eta eraginkor batek eta, are gehiago, Greba Orokor Bateratu baten deiak, borroka egutegi serio batekin, LOMCE eta hezkuntzako eraso guztiak ezerezteko aldarrikapenarekin, babes eta indar ikaragarria hartuko luke. Martxoaren 27an hezkuntzako greba orokorra!