Eskubide demokratikoen alde eta murrizketa sozialen aurka

autodeterminazio eskubidea bai, sozialismoa ere bai!

 

Urtarrilaren 11n Bilbon izandako manifestazioa Euskal Herriaren historiako handiena izan da: 130.000 manifestari inguruk hartu zituzten Bilboko kaleak, indarrez eta konfiantzaz beteriko mobilizazio honetan. Azken atxiloketen, PPren errepresioaren eta dispertsio politikaren aurkako indar erakustaldia izan zen. Madrilgo gobernuak bahituen moduan erabiltzen ditu euskal preso politikoak eta hauen senideak, etengabeko xantaiak mahaigaineratuz. Baina, presoak eta iheslariak etxera ekartzea eskatzen dutenen babes zabala isilaraztea ez da posible. Horren erakusgarri izan zen, berriro ere, Bilbo.

 

Manifestazio hau baino aste bat lehenago Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) komunikatua egin zen publiko. Besteak beste, agirian honakoa zioten kolektiboko kideek: "Ontzat ematen dugu ETAk borroka armatua bertan behera utziz geroztik sortutako agertoki berria eta Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka aurrerantzean bide eta molde politiko eta demokratikoetatik egitea, norabide horretan hartu diren erabakiekin bat eginez. Hortaz, inposaketari, zapalkuntzari, eskubide urraketei aurre egiteko iraganean baliatu moldeari aurrera begira uko egitea berresten dugu. Eszenatoki berriarekiko gure konpromisoa erabatekoa da, berau sendotu eta errotzeko EPPKk bere ekarpena egiteko erabakia berresten du" ... "Gure etxeratzea gauzatzeko, prozesu hori egitasmo orokor baten baitan modu mailakatuan, konpromiso indibidualarekin eta denbora zuhur batean ere garatua izan dadin aztertu eta jorratzeko prestasuna dugu" ... "Gure jarduera politikoaren ondorioz gatazka politikoan izandako ondorioekiko erantzukizun osoa onartzen dugu. Gutako bakoitzaren erantzukizuna aztertzeko prestasuna ere badugu".

 

Baina, hala ere, PPk ez du asmorik bere bidea aldatzeko. Bere probokazio politikarekin jarraituz eta murrizketak, ustelkeria, langabezia eta errepresioa bezalako arazoetatik arreta desbideratzeko, ETAren gaia erabiltzen jarraitzen du. EPPKk egindako komunikatuari errepresioarekin erantzun zion Rajoyren gobernuak: EPPKren bitartekariak atxilotu eta Tantaz Tantak deitutako mobilizazioa debekatu zuten.

 

Estatu espainiarraren aparatu erreakzionarioa ez da depuratu diktadura frankistaz geroztik. Eta gaur egungo kapitalismoaren krisian, PPren politikaren aurrean erresistentzia soziala handitzen ari denean, beharrezkoa dute politika errepresiboa. "Mordaza legea" bezala ezagutu denak, estatu osoan zehar sindikalisten eta ezkerreko gazteen aurka erabiltzen ari den errepresioak edo "Grebaren aurkako legea" delakoak eskuin espainiarraren benetako asmoa erakusten dute. Garbi dute helburua: langile klasearen eta gazteriaren borroka oztopatzea. Baina Burgosko Gamonal auzoaren eredua hor dugu. Milaka bizilagunek aurre egin zioten poliziaren errepresioari eta kriminalizazio kanpaina erraldoi bati. Honek erakusten du posible dela irabaztea eta PPren politika garaitzea. Nola lortu dute? Herriaren parte hartze kontzientean oinarritutako masa borrokaren bidez, aldarrikapenen alde bukaeraraino borrokatuz, metodo demokratiko eta asanblearioak erabiliz eta elkartasun aktiboa lortuz estatuko (baita Euskal Herriko ere) langileengan eta gazteriarengan; azken finean, langile mugimenduaren tradizio onenak berreskuratuz. PPk atzera egin zuen Gamonalko eredua beste hiri eta herrietara zabaltzeko arriskuarengatik, baina beste zerbait ere lortu dute: ehunka mila pertsonek pentsatzea, irabazteko modu horretan egin behar dela borroka. Gamonalko bizilagunen garaipenak ikasgai garrantzitsuak biltzen ditu Euskal Herrian borroka egiten dugunontzat ere.

 

EAJren oportunismoa

 

PPk eta nazionalismo espainiarraren aurrean makurtzen jarraitzen duen PSE-PSOEren zuzendaritzak, EAJ kritikatu zuten ezker abertzalearekin eta gehiengo sindikalarekin batera manifestazio berri bat deitzeagatik. EAJren helburua ez da inoiz izan, eta ezta oraingoan ere, euskal preso politikoen alde edo Euskal Herriaren eskubide demokratikoen alde borrokatzea. Urtarrilaren 11ko manifestazioa deitzea, gatazka politikoaren auzian "atzean" ez geratzeko eta protagonismoa hartzeko maniobra bat besterik ez zen izan. EAJk ondo erakutsi digu bere historia guztian noren klaseko interesak defendatzen dituen (PP, UPN eta CiUk bezala), burgesiaren interesak hain zuzen ere. Manifestazioa baino egun batzuk lehenago EAJren gobernuak eta Ertzaintzak PPren gobernuarekin eta Guardia Zibilarekin kolaboratu zuten EPPKko bitartekariak atxilotzeko, Herrirako kideak atxilotu zituztenean bezala. EAJ ez da eskubide demokratikoen, euskal preso politikoen edo ezker abertzalearen aliatua, PPren eta burgesia espainiarraren aliatua baizik.

 

EAJri bost axola zaizkio eskubide demokratikoak, PPri bezala. Kapitalisten bi alderdi hauek akordioak mantentzen dituzte eta etengabeko kolaborazioa dute Eusko Jaurlaritzan eta diputazioetan. Beren klaseko interesak eta pribilegioak defendatzen dituzte. Ez da ezer berria. EAJ beti egon da kapitalaren ondoan. Horregatik aplikatzen ditu Madrilgo gobernuek agindutako neurri errepresiboak inolako arazorik gabe, eta nola ez, baita kontraerreformen politika eta murrizketa sozialak ere.

 

Eusko Jaurlaritzaren 2014rako aurrekontuak

 

EAJk beti jakin izan du maniobratzen. Poltsikoan eskua sartzen digun bitartean, estatus politiko berria 2015ean etor daitekeela esaten digu. Beste askotan bezala, euskal burgesiaren alderdi nagusia PSE eta PPrekin akordiora iritsi da bere gobernu ahula sostengatzeko eta ondasun handien onerako akordio fiskala aurrera ateratzeko. Arabako diputazioan PP babestu du eta langabezia, pobrezia eta desberdintasun sozial gehiago ekarriko dizkigun aurrekontuak atera ditu 2014rako.

 

Aurrekontu hauek murrizketa gogorra dakarte osasunean: 2014an sektore honek BPGren %5,06 bakarrik hartuko du. Zifra honek atzetik hasita laugarren tokian utziko gintuzke OCDEko herrialdeekin konparatuta. Estatu espainiarrean BPGren %6,8 gastatu zen 2011n, OCDEko bataz bestekoaren aldean. Hezkuntzan ere murrizketa berriak ditugu: 2009an baino 63 milioi gutxiago, %4,17. OCDEko hezkuntzan atzetik hasita hirugarren geundeke. Etxebizitzako gastua lotsagarria da: baliabide faltagatik 100.000 pertsona independizatu ezinik egon arren eta krisia hasi zenetik 11.000 familia beren etxeetatik bota dituzten arren, 103,9 milioi euro bakarrik gastatuko dira, 2009koaren erdia (BPGren %0,16). Larrialdi sozialetako laguntzek, berriz, 20,5 milioi bakarrik izango dituzte, eta inondik ere ez da nahikoa biztanlerian zabaltzen ari den pobrezia larriari aurre egiteko.

 

Bitartean, 792 milioi euroko zorra ordainduko zaie bankuei ondasun handiek egindako iruzur fiskalarengatik eta 365 milioi euro bideratuko dira Abiadura Handiko Trena egiteko (1.600 milioi euro xurgatu ditu obra honek 2009tik). EAJ eta bere sozioek iruzur fiskalaren aurrean beste aldera begiratzen dute eta errenta altuek, enpresek eta kapitalak gastu txikienak izatea bilatzen dute. Krisia, murrizketak egiteko aitzakia bikaina da, eta honek bat egiten du EAJren ideologiarekin: zenbat eta gehiago ahuldu sektore publikoa, orduan eta gehiago bultzatzen da negozio pribatua.

 

Eskubide demokratikoak eta sozialismoa

 

Azkeneko urteotan, Euskal Herriko langile klaseak atzeraldi ekonomikoaren ondorio gogorrak jasan ditu: prezioen igoera eta soldaten jaitsiera (160.000 langilek hitzarmenik gabe hasi dute 2014 urtea), langabeziaren izurritea hainbat eta hainbat enpresen itxieraren ondorioz, Fagorren krisia eta PP, UPN eta EAJren murrizketa gogorrak. Horrela, Euskal Herriko langile klasearen eskuetan dago, krisi kapitalistaren aurkako benetako programa sozialista autodeterminazio eskubidearen errebindikazioarekin elkartzea. Estatu espainiarraren eta frantziarraren zapalkuntza nazionalari aurre egiteko modua, gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borroka da, eta honetarako oinarrizkoa da klaseko independentzia. Beharrezkoa da, beraz, euskal burgesiarengan eta bere ordezkariengan inolako konfiantzarik ez izatea. Euskal Herriko langile, langabetu eta gazteen aliatu bakarrak bi estatuetako, Europako eta mundu mailako langile klasea, zapalduak eta behartsuak dira. Hau da gaur ezker abertzaleak daukan erronka.

 

Puntualki EAJrekin elkartuta ibiltzeak ezker abertzalea indartuko duenaren ideia erabateko akatsa da gure ustez. EAJk "hartzaren besarkada" eman nahi dio ezker abertzaleari, murrizketa politiketan eta langile klasearen aurkako erasoetan inplikatu, ezker abertzalea "instituzionalizatu" eta kapitalismoaren oinarriak joko lituzkeen borrokaren antolakuntzatik desbideratu nahi du. Euskal burgesiak Euskal Herri askea nahi duenaren ideia faltsua da, eta autodeterminazio eskubidearen lorpenean lagundu dezakeenaren ideia ere faltsua da. EAJk ez du nahi merkatu espainiarretik atera, gainbalio eta irabazi handiak lortzen baititu bertatik, kontrakoa nahi du: harreman hori indartu nahi du, baina logikoa den moduan, beren interes propioetan pentsatuz. Hamarkadetan zehar, ezker abertzalearen aurka Madrildik etorritako neurri errepresibo guztiak aplikatu dituen EAJk, bere demagogiaren bitartez, klaseko borroka geratzea du helburu. Sortu, ELA eta LAB bere eremu politikora eramaten ahaleginduko da, akordio sozialen bitartez eta "subiranotasunaren aldeko akordioen" izenean beren burua bestelako arazoetan ikusten duten bakoitzean Katalunian CiUk egin duen bezala. 

 

Ezker abertzaleak oinarrizko ardura dauka une hauetan. ERCk hartutako bidea har dezake (CiUren murrizketak eta langile klasearen aurkako neurri basatiak babesten ari da autodeterminazio eskubidearekin zerikusirik ez duen "erreferendum" baten truke) edo euskal burgesiaren eta EAJren (euskal eskuina) aurka ezkerreko oposizioaren buru bihurtu gehiengoa osatzen duten langileak, zapalduak eta krisi kapitalistak gehien kolpatu dituen herritarrak bilduz, askatasun nazionala eta kapitalismoaren amaiera defendatuko dituen programa defendatuz, hau da, gizartearen eraldaketa sozialistaren programa.

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.