Urtarrilaren 11ko manifestazioaren ondoren ezker abertzalearen zuzendaritzak behin eta berriro egin dio dei EAJri eta honek garbi utzi du bere jarrera. PPren gobernuaren murrizketa demokratiko eta sozialei aurre egiteko Sortuko zuzendaritzak "herri bezala erantzuna emateko" egindako enplazamenduari kasu gutxi egin dio EAJk. Euskal kapitalisten alderdiak ez dauka inolako asmorik ezker abertzalearekin fronte bateratu bat sortzeko.
Norekin egon zen EAJ martxoaren 3an? Gasteizen eta Bilbon langile klasearekin kalean? Edo Bilbon kapital handiaren arduradunekin? Agerikoa den bezala, EAJ Nazioarteko Diru Funtsaren, Munduko Bankuaren eta Europako Batasunaren murrizketa sozialekin eta pribatizazioekin dago aliatuta. Ezin zen beste modu batera izan, klaseko interes estuez baitaude lotuta. Hauek guztiek eredu ekonomiko eta sozial berbera elkarbanatzen dute: kapitalismoa.
Eskubide demokratikoak eta sozialak eskutik doaz
EAJk ordezkatzen dituen euskal kapitalistek ondo dakite, kapitalista espainiar, frantziar edo amerikarrek bezala, langileen aurkako murrizketa eta erasoek mobilizazio handiak eta leherketa sozialak eragingo dituztela datozen garaietan. Klase dominatzailearentzat gaur egungo eskubide demokratikoak oztopo dira beren politikak aurrera eramateko eta, horregatik, burgesia hauek murrizten ari da etengabe. CiU eta EAJren kasuan bezala, alderdi batzuk eskubide demokratikoen "defentsa" demagogikoa egiten dutenean, beren helburua babes soziala mantentzea eta hau beren intereserako erabiltzea da, bertatik irabaziren bat ateratzeko. Hemen sartzen da, noski, bere etorkizuna hautatzeko gure herriaren erabaki eskubidea. Leninek esan zuen moduan, kontsekuenteki demokratikoa den klase bakarra langile klasea da.
Otsailaren 20an Eusko Legebiltzarrean autogobernuaren ponentzia eztabaidatzen zenean, gela batean EAJ EHBildurekin negoziatzen ari zen bitartean, beste batean EAJ PSErekin akordio batera iritsi zen Gernikako Estatutua aldatzeko, albo batera utziz erabakitzeko eskubidea. Akordio hau PSErekin egindako beste askoren ildoan zihoan: aurrekontuak, erreforma fiskala, EITBko zuzendaritza...
EAJ bere sozio nagusitik (PSE) bereizi den kasuetako bat Kutxabankeko kontrola banatzeko izan da, PPrekin iritsi baitzen akordiora. Euskal aurrezki kutxen pribatizazioa beste kolpe bat izan da ezker abertzalearen zuzendaritzarentzat. Hauen fusioa onartzea (bankariazioa honen ondorioa izan zen) eta EAJri "sistema finantzario propioa" sortzearen deia egitea akatsa izan zen. EAJk, beti egiten duen bezala, nahiago izan du PPrekin elkartu. Gauza bera gertatu da Fagor, Edesa eta beste hainbat lantegirekin. Mondragoneko zuzendaritzak eta EAJk milaka lanpostu suntsitzearen alde egin dute apustu. Nolako herria eraiki daiteke euskal kapitalistekin eta hauen ordezkariekin?
Presoen eskubideak eta bake prozesua
Euskal presoen aurkako jazarpenak bere iturria PPren ahultasunean eta ezgaitasunean dago. "Arazo" ezberdinei aurre egiteko daukan modu bakarra errepresioa eta errepresio gehiago da. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak jasotako tratuak, Manikkalingan ordezkariak aipatu zuen moduan, "ez dauka aurrekaririk munduan". Talde armatu batek desarmatzea nahi eta estatuak kolaboratu nahi ez izatea eta egiaztatzaileak erreprimitzea ikaragarria da.
Baina errepresioak erreakzioa probokatzen du kontrako norabidean; eta are gehiago krisi kapitalistaren erdian. Hau da, borrokak bultzatzen eta politizatzen dituen faktore bihurtzen da. Klase dominatzaileko sektore batek beldurrarekin begiratzen du politika miope hau. Sektore honek errepresioaren ondorioz masa mobilizazio handiagoak sortzeko aukera ikusten du; eta, horregatik, estatu burgesaren aparatuan ere zatiketak sortzen ari dira. Zatiketa hauek krisi kapitalistaren eta estatu aparatuan mantentzen diren herentzia frankisten adierazpena dira. Horrela, burgesiaren sektore batek irtenbide bakarra ikusten du: langile klasearen eta nazio historikoen eskubide demokratikoen errepresioa eta ukapena. Eta sektore horrek, Jose Maria Aznarren FAESek ordezkatzen duenak, indarra izaten jarraitzen du. Gara egunkariak otsailaren 25ean argitaratu zituen Grupo de Estudios Estratégicosen informearen zati batzuk: “Se ha permitido que la herencia de Zapatero haya ido persistiendo en organismos clave de la lucha contra ETA (…) hoy el Tribunal Supremo y el Tribunal Constitucional se han constituido en elementos desestabilizadores en la lucha contra ETA poco fiables (…) El caso de la Audiencia Nacional es peor: se dedica a casos de corrupción, crímenes del franquismo… una judicatura izquierdista y hostil al fin policial de ETA”.
Horregatik da hain lotsagarria, presoek bizi behar dituzten baldintza kaxkarren eta Arkaitz presoaren heriotzaren ondoren, EHBilduk otsailaren bukaeran Eusko Legebiltzarrean espetxe politikaren konpetentzia erreklamatu zuenean EAJk izan zuen jarrera, proposamen honi mespretxu iraingarrienarekin erantzun baitzion. Ponentzia ez zela beharrezkoa esan zuen EAJk, eta galdetu zuen ea transferitzea falta diren beste hainbeste konpetentziei buruzko beste 26 ponentzia sortu beharko liratekeen. Ez da beharrezkoa presoen egoera hobetzea? Hain gai delikatuan ere EAJk ez dauka asmorik "ponentzia" bat sortzeko mugimendu txikiena egiteko ere. Baina jarrera honek, beste behin argi eta garbi uzten du EAJk izan zuen demagogia eta oportunismoa urtarrilaren 11ko Bilboko manifestaziorako deia egin zuenean.
Barcina Kanpora!
Nafarroako egoera erregimen kapitalista bizitzen ari den krisi instituzionalaren beste adibide bat da. Herritarrak nazkatuta daude pribatizazioekin, osasuneko eta hezkuntzako lapurretekin, Opus Deiren zerbitzura dagoen Caja Navarrarekin eta UPN eta PPren aliatua den patronalarekin. Eta, noski, gogoratu behar da Barcinaren gobernuak aurrera egitearen arduraduna PSNren zuzendaritza dela.
Mobilizazio indartsuak antolatu dira eta horietako bat otsailaren 22an Iruñean izan zen Yolanda Barcinaren gobernua botatzeko. Langile eta gazte nafarrek masiboki erakutsi zuten gobernu atzerakoi hau botatzeko borondatea. Hala ere, Rubalcaba buru duen PSOEren zuzendaritzak parlamentuan Barcina salbatzea erabaki zuen, iragarri zen zentsura mozioa erretiratuz. Erabili zuten argudio lotsagarria beren botoak Bildukoenekin ez elkartzea izan zen. Hauek bai dutela aurpegia hauek! Beren botoak Bildukoenekin elkartu ez, baina beren botoak Barcinarenari gehitu bai. PSOE eta PSNren sinesgarritasuna hutsaren pare dago. Nafarroako borrokak aurrera jarraitu behar du indar eta bultzada handiagoarekin amesgaiztozko gobernu honek dimititu arte.
Bai Nafarroan eta baita EAEn ere, esperientziak erakusten du gure indarretan soilik izan behar dugula konfiantza, eta honekin batera, programa iraultzaile eta sozialistaren defentsan. Gamonalko bizilagunen eta Madrilgo osasun publikoaren garaipenek erakusten dute posible dela irabaztea.
Beharrezkoa da batasun sindikala borrokarako
PP gutxiengo absolutuan geratu da kalean, mobilizazio sozial erraldoi batek inguratuta. Baina hala ere, legislatura amaitzea dute helburu. Zein da beste bi urtetan gobernatzen jarraitzeko aukera izatearen arrazoia? Zalantzarik gabe, PSOEren oposizio kaxkarra eta bake sozialaren alde egiten duten UGT eta CCOOeko agintarien jarrera kolaborazionista.
Bake sozialaren eta akordioen politika porrotera kondenatuta dago gaur egungo krisi sakonean. Kimu berdeez hitz egiten diguten arren, urtea langabeziako datu txarrekin hasi zen Euskal Herrian. Urtarrilean 8.472 pertsonetan igo zen langabezia aurreko hilabetearekin konparatuta eta gizarte segurantza 12.348 kotizantetan jaitsi. 2008ko erdialdetik Hego Euskal Herriko enplegua %15,7 suntsitu da.
Gaur, inoiz baino gehiago, lan egin behar da batasun sindikal handiena lortzeko eta kalean erantzun eraginkor bat antolatzeko. Euskal Herrian gehiengo sindikalak deitutako sei greba orokor izan dira, baina borrokak gora egiteko plan konkretu bat falta izan da. Ez da nahikoa batasun sindikala aldarrikatzearekin, egunez eguneko lanarekin eskuratu behar da. Zoritxarrez, kontrako adibideak gehiegi izan dira. Kasu batzuetan sindikatu batzuk eta beste batzuetan beste sindikatuek, muzin egin diote indarrak elkartzeari eta langileen mobilizazio bateratuak antolatzeari.
Baina izan ditugu sindikatu guztiek beren indarrak elkartu dituzten adibideak ere. Hau da bidea. Oinarrizkoa da batasun sindikala indartzea, eta gaur egungo egoeran ezin dugu onartu bake soziala eta desmobilizazioa bultzatzen dituzten politika sindikalak, datozen sindikatutik datozela ere. Hitzarmenei edo mobilizazioei buruzko erabakiak demokratikoki hartu behar dira fabrikako langile guztien artean, batzar demokratikoen bitartez eta erabakiak denentzat binkulanteak izanez.
Beharrezkoa da gehiengo sindikalak gorantz joango den borroka egutegi bat antolatzea enplegua defendatuko duen programa argi batekin: lan astea 35 ordura murriztu soldata murriztu gabe; erretiro adina 60 urterekin eta errelebu kontratuekin eta bankaren eta ekoizteko baliabide handien desjabetzea. Euskal gehiengo sindikalak martxoaren 22an estatu mailan antolatutako duintasunaren martxan parte hartzea positiboa izan da. Eskuinaren eta alderdi kapitalisten batasunari, langileen batasunarekin erantzun behar zaio, langile internazionalismoarekin. Hau da gero eta zulo handiagora eramaten ari gaituen kapitalismoarekin bukatzeko modu bakarra.