Erabakitze eskubidearen defentsa, hau da, autodeterminazio eskubidearen defentsa, oinarrizkoa da. Eskubide hau, garai hauetan, Madrilgo PPren gobernu neofrankistak, baina baita euskal eta kataluniar burgesiak ere, inposatutako murrizketa sozialen eta askatasun demokratikoei egindako erasoen aurkako borrokarekin lotu behar da argi eta garbi. EAJ eta CiUk demagokiko erabiltzen dute "erabakitze eskubidea"  beren pribilegioak mantentzeko, Euskal Herriko eta Kataluniako langileak eta gazteak zapaltzen jarraitzeko eta herstura politika kapitalistekin segitzeko. 

 

 

Autodeterminazio eskubidearen aldeko defentsa gizartearen sektore aurreratu eta aurrerakoienak elkartzen dituen aldarrikapena da. Horregatik ezin ditugu gure banderak nahastu. Langabeziaren umilazioa jasaten dugun langabetuok, gure eskubideak eta soldatak murrizturik ikusten ditugun langileok, gazte prekariook, hezkuntza publikoa lapurtu nahi diguten gazteok, etxeetatik kaleratutako familiok, krisiaren ondorioak pairatzen ditugunok, ez dugu ezer ikustekorik martxoaren 3an Bilbon Troika komunitarioaren eta gobernu zentralaren aginduak onartu zituztenekin.

Errepresioa gelditzeko batasuna

Oraingoa bezalako krisi kapitalistaren garaietan, langile klaseak hainbat arlotan areagotzen du bere borroka. Mobilizazio soziala, grebak eta protestak orokortu egin dira eta 70eko hamarkadan izandako diktadura frankistaren aurkako mobilizazio handi haiekin konpara litezke. Horregatik, PP mota guztietako neurriak hartzen ari da, estatu aparatuko sektore atzerakoienen babesarekin, protestak isilarazteko. Iruñean izandako ikasle gazteen atxiloketak, M22ko Duintasun Martxaren kriminalizazioa, sare sozialetan beren ideiak erakusteagatik terrorismoa goratzeaz akusatuta egindako atxiloketak eta helburutzat eskubide demokratikoak kentzea duten beste hainbat eta hainbat legek erakusten dute burgesia urteetan luzatuko den borroka baterako prestatzen hasia dela.

Hau ez dator bat ultraeskuindar talde eta bandek duten mahukarekin. Erakunde eta militante aurrerakoiak erasotzen dituzte inpunitate osoz; baimen ofizial osoa dute patronal espainiarreko organismoek edo militar aktiboek adierazpen kolpistak egiteko, Kataluniaren inbasiora deitzeko eta autonomia ezabatzea eskatzeko azaroko kontsulta egiten bada. Ez gara exageratzen ari. Pedro Pitarch teniente jeneralak jakinarazi du militar aktiboak eta erretiratuak daudela Katalunian esku hartze militarra egitearen aldeko iritzia sustatu eta zabaldu nahi dutenak; disziplina eta ordenamendu legala apurtzea “publikoki eskatzen” duten militarrak badaudela. Bestalde, CEOEren mendeko den Ikasketa Ekonomikoetarako Institutuak baieztatu du Kataluniako erreferenduma egiten bada, “Kataluniako Autonomia Estatuaren suspentsioa, gobernu katalanaren destituzioa, bere parlamentuaren itxiera eta ez ohiko egoeratan normala den eskubide konstituzional batzuen murrizketak ekarriko lituzkeen ezinbesteko gatazka ireki batean sartuko” ginatekeela eta honela “sezesioa etenda, babesten duten alderdi politikoak legez kanporatu eta liderrak atxilotuta, behin-behineko garai bat irekiko litzateke, zeinetan Estatut­-a suspenditurik geratuko litzatekeen eta konpetentziak gobernuari itzuliko litzaizkiokeen”.

Euskal Herriaren kasuan, PPk presoen aurkako politika errepresiboa mantentzen jarraitzen du eta gatazkari konponbidea emateko edozein aukerari bidea oztopatzen dio. Alderdi Popularrak mendekuzko errepresio gordin eta krudelenarekin jarraitzen du ezker abertzalea zatitu eta haultzeko helburuarekin. EPPKk preso gaixoak eta 70 urtetik gorakoak gerturatzeko eskaerek PPren gobernuaren exijentzia berri eta gogorrak jaso ditu erantzun gisa. Bestalde, epaileek presoentzako legeak modurik gogorrenean interpretatzen dituzte. Presoak gerturatzetik urrun, kartzela politika gogortu dute.

PPk etengabe azaleratzen du prozesua lehengora itzul daitekeenaren ideia, Euskal Herriaren desmilitarizazioan pausorik ez emateko eta "borroka antiterroristaren" legediaren jarraitzeko. PPren gobernuak eragiten duen tentsio eta sufrimendua baliatzen saiatzen dira euskal burgesia eta honen alderdi politikoa (EAJ), aurrera eramaten ari diren murrizketetatik atentzioa desbideratzeko. Noski, EAJk PPren ikuspegi berbera du krisiari buruz eta onartu behar diren neurriei buruz: langileen eta hauen soldaten eta eskubideen aurkako erasoak.

Nor dira gure aliatuak?

Euskal kapitalistak, Madrilgo, Parisko eta Berlingo burgesiaren anai-arrebak, ez dira gure aliatuak. Inoiz ez dugu erabakitzeko eskubiderik izango beraiek kontrolatzen eta agintzen badute Euskal Herrian, Katalunian edo Europan. Beraz, beharrezkoa da argi eta garbi bereiztea, batetik, eskubide demokratikoak eta autodeterminazio eskubidea gizartearen eraldaketa sozialistarekin lotzen dituen korronte aurrerakoi eta iraultzailea, eta bestetik, murrizketa sozialen eta zerbitzu publikoen pribatizazioen programa neoliberalak aplikatuz langile klasearen borrokak zatiturik eduki nahi dituen nazionalismo burges atzerakoia.

CiUk PPren gobernuak Katalunian kontsulta egiteari emandako ezezkoa baliatu nahi du larrialdi nazionaleko gobernua osatzeko eta ERC murrizketa sozialetan barruraino inplikatzeko. Era berean, CUPeko David Fernandezek adierazi zuen “faktore exogenoak” direla eta CUPek parte hartuko lukeela Artur Mas presidente zatekeen batasun nazionaleko gobernu batean. Honela, CiUk, nortasun nazionalaren ustezko defentsa irudikatzen duela, erabat loturik izango luke ezkerreko oposizioa, eta bitartean bankari eta enpresari kataluniarren eta espainiarren aldeko neurriak hartzen jarraituko luke. Gobernu honekin, zer lortuko luke honekin langile klaseak, gazteriak eta herri sektoreak osatzen duen gehiengoak?

Euskal burgesiak Ibarretxeren plan “soberanista” erabili zuen ezker abertzalearen protestak isilarazteko legez kanpo zegoen bitartean. Esku batekin ilegalizazioaren mailua zuen eta bestean Madrilen aurkeztutako plan soberanista. Orain, EAJk sinestarazi nahi digu Kataluniako kontsultak irekitzen duen ez ohiko egoera hau baliatu nahi duela Euskal Herriak bere etorkizunaz erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzeko; baina hori bai, adierazi duten moduan, Madrilgo gobernuarekin akordioa bilatuz egingo dute, Ibarretxe planarekin gertatu bezala.

Baina errealitatea EAJk PSE eta PPrekin murrizketa sozialak eta zerbitzu publikoen pribatizazio planak hitzartzea erabaki duela da, eta gobernuan denetik, EHBilduren “herrialde politika” egiteko etengabeko eskaintzak errefusatu ditu sistematikoki. EAJk argi du zein interes defendatzen duen eta barrikadaren zein aldetan dagoen. Ezker abertzalearekin elkartzeko prest dago soilik honek bake soziala bermatzen badu. Horregatik presionatzen ditu gehiengo sindikala eta EHBilduko zuzendaritza langile klasea desmobilizatu eta atomizatu dezaten eta borrokak gelditu ditzaten. Eta hau, “erabakitze eskubidearen” aitzakiarekin egiten dute, 2015erako “Espainiarekiko bi aldeko erlazio” estatus berria lortzeko pausoak emango dituztela, “euskal herritarren borondatea” errespetatuko dutela eta Europan “euskal nazioa” onartuko dutela esanez. Beste behin, betiko hitzontzikeria eta engainua erabili ditu EAJk.

Tranpa hau burgesia espainiarrak 70eko hamarkadan PSOE, PCE, CCOO eta UGTko agintari erreformistei ezarritako berbera da. “Demokraziaren” lortzearen izenean, frankismoaren estatu aparatua ez ukitzeko eta trukean bake soziala (gogora ditzagun Moncloako itunak) bermatzeko konbentzitu zituen. Horregatik da horren arriskutsua bide hau. Eta horregatik, adibidez erabateko akatsa izan da berrikitan ezagutzera eman den eta ezkutuko erregulazio txostena den EITBren semipribatizazioa (lanean 12 urte baino gehiago daramatzaten 30 langile kaleratuko dituzte) onartu izana EHBilduk eta LABek EAJrekin batera.

Ezker abertzaleko zuzendaritzak Alderdi Popularraren gobernu zentralarekin edo Nafarroan UPNrekin akordio politika aurrera eraman ezin daitekeela salatzen duen bezala salatu behar ditu EAJ eta euskal burgesia ere. Besteek bezala, EAJk sektore pribilegiatuenaren interesen alde egiten du gehiengoaren sufrimenduaren kontura, ehun industriala suntsitzearen kontura, langabeziaren, murrizketa sozialen eta pobrezia eta desberdintasunen gorakaden kontura. Ezker abertzaleko zuzendaritzak EAJk PPrekin Kutxabanken eta Arabako erakundeetan egindako itunak salatu eta agerian utzi behar ditu eraginkortasun handiagoarekin, EAJrekin ekintza batasuna defendatu beharrean.

Garrantzi berekoa da ezker abertzalearen zuzendaritzak babesa bilatzea murrizketen aurka borrokatzen ari den Estatuko langile klasean. M22ko Duintasun Martxak erakutsi zuen bezala, Estatuko langile klasea UGT eta CCOOeko agintari sindikalen aurka matxinatzen ari da gainera. Beharrezkoa da euskal burgesiarekin aliantza politika eraginkortasunez ukatzea: bide hau jarraituz gero lortuko den gauza bakarra ezker abertzaleko oinarri sozialaren eta gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatzen duten sektore borrokalarienen desmobilizazioa izango da. Ezker abertzaleak murrizketa sozialen, kaleratzeen eta EEEn aurkako borroka kontsekuentean zentratu beharko luke presentzia duen erakundeetan, LABek ordezkaritza duen enpresa eta sektoretan... hau da, EAJren eta euskal patronalaren aurkako borroka gupidagabea antolatu behar du.

Posible da Euskal Herrian eskuina garaitzea, posible da autodeterminazio eskubidea lortzea eta posible da krisiari aurre egitea klaseko programa sozialista eta internazionalistarekin. Hau da ezker abertzalearen erronka!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.