PNV-EAJ, EA, EB, PSOE, PP, UPN, UMP, PSF politikarien eskuetan dauden administrazioen asmoa, Euskal Herrian 440 kilometro inguru AHT eraikitzeko proiektua dute datozen urteotan eta herritarren arazoak, hau da, ingurumenaren, nekazaritzaren, garraioaren, pobreziaren, prekarietatearen, etxebizitzaren... inguruko arazoak konpondu beharrean handitu egingo dituzte.

Banku handien, multinazionalen, energia, zementu-fabrika, eraikuntza eta arloko enpresariak, ingeniaritza eta proiektu kabineteak, herri-lanetako makinak alokatzen dituztenen interesak administratzeko eta defendatzeko politika egiten dute. AHTren alde daude kapitalisten interes ekonomikoak herritarren beharren gainetik jartzen dituztelako.

AHTren kalteak asko dira. AHTren eragin ekologikoa izugarria izango litzateke. Besteak beste, Euskal Autonomi Erkidegoan, “Euskal Y”-ak 600 hektarea baino gehiagoko lurrak okupatuko lituzke, tuneletatik ateratako hondakinek 518 hektarea zabortegi bihurtuko lituzkete; barrera efektu eta zarata handia sortuko luke; energia kontsumoa biderkatuko luke; zentral termiko edo nuklearrak eta harrobi berriak beharko lirateke... Guzti hau zertarako? AHT-k garraioaren arazoak ere ez ditu eta konponduko, autoak eta kamioiak errepideetatik ez baititu murriztuko modu esanguratsuan. Baina, hori bai, hiriburuen arteko lotura azkarra ahalbidetuko luke, herriak eta eskualdeak baztertuz. Euskal Herrian inoiz egin den azpiegiturarik garestiena  da. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan AHT eraikitzeko 6.000 milioi euro inguru beharko litzateke, hau da, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak azken 24 urteotan izan duen aurrekontua bezalakoa. AHT-n egingo den inbertsio ahaleginak gutxitu egingo du gizarte gastuetara bideratuko den diru kopurua eta hala, gizarte desberdintasunak areagotuko dira. Bestalde, instituzioetatik herritarrek ez dute informaziorik jaso eta are gutxiago izan dute erabakitzeko eskubidea. Horregatik, AHT inposizioaren sinonimo da.

Zertaz ari gara, ordea? AHTren proiektuak, argi baino argiago erakusten du estatuaren klaseko izaera burgesa. Klase kapitalistak agintzen du egungo merkatu globalizatuan. Kapitalaren interesak gizarteko arlo guztietan gailentzen dira eta hauen ordezkari finak diren politikoek gobernatzen dute. Gutxiengoan den klase parasito batek langile klasearen (gehiengo zabalaren) gainetik agintzen du, eta bere lanetik aberasteaz gain hauen bizi baldintzak, lanpostuak, etxebizitza, osasuna, ikasketak, ingurugiroa... merkatuaren eta interes pribatuen menpera jartzen ditu. Beharrezkoa da borroka honekin auzitan jartzea egungo jendarte eredua, ekonomia kapitalista eta bere “demokrazia”.

AHTri masek erantzun sendo bat ematea garrantzitsua da. Gaur AHT bada, biharkoan beste proiektu faraoiko bat, pribatizazio gehiago edo deslokalizazioak izango dira. Ezinbestekoa da kapitalistak desjabetzea eta ekonomia nazionalizatzea, herritarren beharren arabera planifikatzeko. Guztientzat bizi baldintza duinak bermatzea, zapalkuntza guztiekin amaitzea, ingurumenaren mugak errespetatzea... posible da produkzioa, aberastasuna, teknologia eta zientzia langile klasearen eskuetan jartzen badira, hau da gizarte sozialista bat eraikitzen bada.

AHTren obrak Arabako Luku herrian hasi diren une honetan, zenbait herritan bultzatzen ari diren AHTren inguruko herri galdeketetan azpiegitura honen aurkako iritzia erakusten dute herritarrek. Garrantzi handikoa da borroka honetan ahal den herritar gehienak parte hartzea mobilizazio, galdeketa nahiz bestelako ekitalditan.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.