PPk eta PSOEk maiatzaren 25eko Europako hauteskundeetan jasotako emaitza kaxkarrek eta Juan Carlos I.aren abdikazioaren ondoren izandako manifestazio jendetsuek egoera politikoan inflexio puntua markatzen dute. Trantsizio garaitik kapitalista handiek erabilitako zutabeen krisia bizkortu dute, eta garrantzitsuena dena, eraldaketa politiko, ekonomiko eta soziala posible denaren ideia zabaldu dute. Egoera honek gero eta langile eta gazte gehiago eramango ditu borroka politiko antolatuan parte hartzera. 

 

Askotan entzun behar izan dugu monarkiak demokrazia ekarri zuela eta Juan Carlos I.ak 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpea geratu zuela. Hau egundoko gezurra da, noski. Eskubide demokratikoak langile klasearen borrokari esker bakarrik lortu dira, eta ehunka hildakorekin, kartzelaraturekin eta torturaturekin ordaindu dira gainera. “Tejeroren” estatu kolpea ez zuen monarkiak geratu, burgesiak langileen eta gazteriaren erantzun iraultzaileari zion beldurrak baizik.

Monarkia instituzio atzerakoia da. Horregatik, honen abolizioa eta honi buruzko erreferenduma aldarrikapen aurrerakoiak dira. Monarkia frankismoaren oinordeko zuzena da, oligarkia finantzario eta enpresarialarekin bat eginda dago eta burgesiaren instrumentu bat gehiago da langile klasea eta Euskal Herria zapaltzen jarraitzeko. Ez da instituzio neutral bat. Monarkiak legeak eta dekretuak onartzeko ahalmena, ejertzitoko burua izateko boterea eta Madrilgo Kongresua disolbatzeko aukera ditu. Bere erabakiek ez dute inolako kontrol demokratikorik.

Horregatik, sistemaren defendatzaileek arrazoi asko dituzte monarkia mantendu nahi izateko. Kapitalistek badakite sistema errepublikarraren bidez ere (Estatu frantziarrean, Portugalen edo AEBetan bezala) gizartea dominatzen eta langile klasea zapaltzen jarrai dezaketela, baina, aldi berean, ondo dakite gaur egungo testuinguru politikoan monarkiaren erorketak ondorio politiko ezegonkorrak eragingo lituzkeela. Hauetako bat kaleko borrokaren gorakada litzateke 1931ko apirilean gertatu zen bezala, monarkiaren erorketak langileen eta gazteen borroka grina hauspotuko bailuke krisi iraultzailea sortzeko aukerarekin.

Kapitalismoa defendatzeko instituzioa

Hala ere, ez da nahikoa errepublika monarkia baino aurrerakoiagoa dela esatearekin. Euskal Herriak eta Estatuko beste herriek benetako aldaketa sakona, demokrazia eta justizia soziala eskuratzeko eta Kataluniak, Galiziak eta gure herriak askatasun nazionala lortzeko, beharrezkoa da monarkiaren aurkako borroka kapitalismoaren aurkako borrokarekin lotzea.

Kapitalistentzat hau da demokrazia (monarkia edo errepublika izan): lau urtean behin herritarrek bozka dezakete, parlamentuetan parlamentariek hitz egin eta eztabaida dezakete, baina neurri garrantzitsuenen erabakiak estatu espainiarreko ehun familia aberatsenek hartuko dituzte, eta hauek ez dute, noski, inolako kontrol demokratikorik eta ez dituzte herritarrek aukeratu. Zeren bitartez hartzen dituzte erabakiak ehun familia hauek? Beren botere ekonomikoaren bidez, hau da, “demokrazia” burgesaren bitartez. Botere honek zehazten ditu hauteskunde kanpainak, erosten ditu alderdiak, diputatuak, komunikabideak, ideologoak eta “krisitik ateratzeko” kontrarreforma gehiago eskatzen dituzten pertsona “independenteak”.

Demokrazia burgesa ustelkeriarako diseinatuta dago, herritarren subiranotasuna suntsitzeko, kapital handiaren interesak defendatzeko. Goi mailako funtzionarioek eta diputatuek soldata milioidunak dituzte. “Boterea ukitzen” duten “herritarren ordezkari” gehienek bermatuta dute luxuzko bizitza. Herritarren interesekin zerikusirik ez duten baldintza materialak dituzte eta lotura sendoak egiten dituzte beren bizitza modua bermatzen duten elite ekonomikoarekin. Honek esan nahi du politikari guztiak berdinak direla? Ez, noski. Baina, langileen interesak defendatzeko asmoa duten alderdiek edo politikariek gehiengoa lortzen badute “demokrazia kapitalistak” beste mekanismo batzuk erabiltzen ditu: kapital handiari interesatzen ez zaizkion legeak inpugnatu eta izoztu daitezke justiziaren bidez (hau ere kontrol demokratikorik gabekoa) edo eguneroko praktikan mota guztietako trabak jar ditzakete; eta hau nahikoa ez bada, polizia eta ejertzitoa bezalako mekanismoak erabil ditzakete (diktadura frankistatik inolako depurazioarik izan ez dutenak).

Honek esan nahi du ez dela posible kapitalisten erresistentziari aurre egitea? Ez, noski. Langileok, gehiengo soziala garenok eta ekonomian oinarrizko papera jokatzen dugunok, antolatuta bagaude eta ideiak argi baditugu garaitezinak gara. Marxismoak dioena da eskubide demokratikoen defentsak (nazionalak, sozialak...) “demokrazia” kapitalistaren mekanismoen haustura inplikatzen duela. Hau da, banka eta enpresa handiak gutxiengo baten eskuetan badaude ez da posible benetako eraldaketa soziala. Horregatik, kapitalismoarekin amaituko duen alternatiba behar dugu langile eta gazteok: alternatiba sozialista.

Nolako sozialismoa behar dugu?

Banka eta monopolio handi estrategiko guztiak desjabetu behar dira langileen kontrolpe demokratikopean. Horrela bakarrik buka daiteke botere ekonomikoaren inposaketekin. Ekoizteko baliabide guztiak inbertsio publikoko plan bat bermatzeko erabili ahalko lirateke kalitatezko hezkuntza eta osasun publiko doako eta unibertsalean; herri eta auzoetako baliabide sozialetan; industriaren eta nekazaritzaren garapenean langabeziarekin amaitzeko. Bankuen jabetzan dauden etxebizitza hutsak alokairu merkeekin erabili ahalko lirateke etxebizitzaren arazoarekin amaituz. Zein arazo egongo litzateke, ekonomiaren funtzionamenduaren ikuspuntutik, neurri hauek hartzeko? Bat bera ere ez, bankarien eta enpresari handiek irabazi lotsagarriak izan ezik.

Bukaera jarriko litzaioke diru publikoa “zorrak” ordaintzeko eta bankuak erreskatatzeko erabiltzeari. Hezkuntza publikoak, osasun publikoak eta zerbitzu sozial duinek (langabezia, pentsioak, dependentzia...) lehentasuna izango lukete. Langileek sortutakoa den diru publikoa ez litzateke erabiliko espekulatzaileen poltsikoak puzteko.

Ordezkari politiko guztiek edozein unetan aukeragarriak eta kengarriak izan beharko lukete. Parlamentari, zinegotzi edo funtzionario politiko batek ez luke (zuzenean edo zeharka) langile kualifikatu batek baino soldata altuagoa kobratu behar. Eginkizun administratiboek txandakakoak izan beharko lukete. Beharrezkoa litzateke administrazioko eremu guztietan langileen kontrol demokratikoa egotea hauek ordezkatzen dituen erakundeen bitartez.

Neurri hauen eta autodeterminazio eskubidearen defentsa eginez eta Europako Federazio Sozialistaren alde borrokatuz posible izango litzateke Euskal Herri aske eta sozialista eraikitzea. Alternatiba sozialista hau, jendea “ikaratzetik” urrun, baliabide onena izango litzateke burgesia ideologikoki eta politikoki isolatzeko, gizarteko sektore zapalduak aldaketa sozialaren aldeko programa baten inguruan biltzeko, hurrengo hauteskundeetan EAJ eta UPN garaitzeko eta burgesiaren aurkako erasoaldiaren aldeko baldintza onenak sortzeko.

Ezin ditugu iraganeko akatsak errepikatu

Sozialismoaren aldeko alternatiba garbi defendatzen ez bada eta errebindikazioen maila jaisten bada hautesle potentzialak “ez izutzeko”, kalean borrokatzen duen mugimenduaren kontzientzia politikoa handitu beharrean mota guztietako aurreiritziei bidea irekitzen zaie eta horietako asko oso atzerakoiak izan daitezke. Sozialismoarekin anbiguotasuna erabiltzea edo etorkizuneko borroka bat bezala aurkeztea ikaragarrizko akatsa da eta ondorio larriak eragiten ditu. Gaur sozialismoaren alde, hau da, goian aipatutako neurrien alde borrokatzen ez badugu, zeren alde borrokatu behar dugu? Burgesiarekin (hau espainiarra, frantziarra edo Euskal Herrikoa izan) akordio batera iristearen alde?

Burgesiarekin akordioa bilatzearen bidea, politika egiteko modu berri bat izatetik urrun, erreformismo sozialdemokrataren aspaldiko programa da, gaizki deitutako Trantsizioa delakoan gailendu zena hain zuzen. Sozialdemokraziaren krisiaren eta gainbeheraren ikasgai nagusia horixe da hain juxtu: ez dago erdibiderik kapitalismoaren eta sozialismoaren artean, burgesiaren eta langile klasearen artean. Garapen historikoaren gaur egungo bere fasean, kapitalismoaren ezaugarriak kapital finantzarioaren eta monopolioaren dominazioa, honen gose suntsitzailea eta espekulazioaren kaosa dira. Ez dago beste kapitalismo posiblerik.

Eskubide demokratiko nazional, sozial edo politikoen defentsa ez bada sozialismoaren aldeko borrokarekin lotzen, lehendabizi erdibideko etapa bat behar dugunaren argudioa erabiliz, orduan Trantsizio garaian PSOEko eta PCEko agintariek egindako akatsak errepikatuko dira. “Ezkerreko” agintari hauek burgesiarekin egindako akordioak badakigu zer ekarri zuen: frankismoaren oinordekoa zen Juan Carlos I.aren erregimena. Bankaren eta enpresari handien boterearekin ez bada amaitzen, frustrazioa zabalduko litzateke beste behin gizartean eta egoera honek abantaila emango liekete burgesiari eta erreakzioari.

Sistema kapitalistaren aurkako borroka erabakigarria antolatzeko aukera historikoaren aurrean gaude. Iraganeko akatsetatik ikasten badugu, garaipena lortzeko aukera izango dugu. Programa eta estrategia iraultzaile eta sozialista defendatzea beharrezkoa dela uste dugun langile eta gazteok antolatzen jarraitu behar dugu. Sozialismoa beharrezkoa da baina ez da zerutik eroriko. Langile klasearen ekintza kontzientearen ondorioa izango da. Euskal Herria Sozialista aldizkariaren bitartez ideia hauek defendatzen ditugu egunero langile mugimenduaren eta ikasle mugimenduaren borroketan parte hartuz. Parte har ezazu gurekin beharrezkoena den eta gehien merezi duen eginkizunean: gizartearen eraldaketa sozialistan.