EAJk eta UPNk, PPrekin batera, osasun publikoa suntsitu nahi dute osasuneko enpresa pribatuen mesederako. Osasun publikoa pribatizatuta eta osasun publikoko langileen lan baldintzak okertuta eta hauetako asko kaleratuta, kalitatezko osasun unibertsal eta doakoaren eskubidea deuseztatzen ari dira kapitalisten alderdi hauek. Osakidetzako langileak egiten ari diren bezala, borroka da eraso basati honi aurre egiteko modu bakarra. 

 

EAJ eta UPNren osasun politikak ondorio larriak ditu: kolapsoa osasun zentroetan, pertsonal falta, kaleratzeak, osasun langileen lan baldintzak okertzea, dirua duten gaixoek lehentasuna izatea ez dutenekiko, osasun unibertsala desagertzea...

Beti bezala, krisi ekonomikoaren ondorioz saihestezin bezala aurkezten dituzte murrizketak eta pribatizazioa. Osasun publikoa defendatzeko egiten omen dute! Baina demagogia honen atzean, multinazionalen eta inbertsio funtsen interes ekonomikoak eta negozio gozoak daude. Gainera, EAJ eta UPNko hainbat kidek muturra sartuta dute negozio bikain honetan. Bi alderdi hauen eta osasunaren negozioan dauden kapital pribatuen arteko harremana oso estua da. Helburu bakarra dute: irabazi maximoa. Hau da edozein enpresa kapitalistaren xede eta motorra. Ez da desberdina osasun pribatuaren enpresetan.

Osakidetzako langileak borrokan, sindikatuen ekintza batasunean!

Satse, ELA, LAB, SME, FFHE, CCOO UGT eta ESK sindikatuek, ekintza batasunean, mobilizazio berriak iragarri dituzte Osakidetzan. Apirilaren 29 eta 30ean bi greba jardunaldi egingo dituzte osasun zerbitzuko zuzendaritzak beren eskaerak onartzen ez baditu.

Azkeneko urteetan atzera pauso nabarmenak izan dira Osakidetzan. Pertsonala murriztu da, soldatak jaitsi dira eta lan kargak handitu dira. Honek guztiak, noski, ez die langileei bakarrik eragiten, gaixoen zaintzaren kalitateari bete-betean eragiten dio. Horregatik, eskaera hauekin jarraitzen dute sindikatuek: 2010eko plantillara itzultzea (3.000 langile kontratatzea 2015erako), urte hartako lan jardunaldia berreskuratzea, galdutako eros-ahalmena berreskuratzea eta lan karga onargarriak izatea. “Zigorrik jaso gabe gaixotzeko eskubidea” izatea ere eskatu dute. Honek erakusten du zein mailatako jazarpena jasaten ari diren gure osasuna zaintzeaz arduratzen direnek.

Datozen asteetan sinadura bilketak, manifestazioak, kontzentrazioak eta osasunaren pribatizazioaren aurkako protestak antolatuko dituzte, besteak beste. Eta osakidetzako zuzendaritzak eta EAJren Eusko Jaurlaritzak egindako eskaerei muzin egiten jarraitzen badute, “mobilizazio fase” hau apirilaren 29 eta 30eko grebekin bukatuko dela iragarri dute. Milaka lanpostu berri sortu eta lan baldintza duinak lortu kalitatezko zerbitzua emateko, hauxe da sindikatuak planteatzen ari direna. Euskal Herria Sozialistatik gure elkartasun eta babes osoa eman nahi diegu antolatzen ari diren mobilizazioei.

 

 

OSASUN PUBLIKOAREN PRIBATIZAZIOARI EZ!!

-Osasuneko murrizketen eta pribatizazio plan guztien berehalako erretiratzea.

-Diru publikoko eurorik ez osasun pribatuarentzat.  Denon dirua, osasun publikoa eta denon bizi baldintzak defendatzeko.

-Kalitatezko osasun publiko unibertsala bermatzeko beharrezko diren osasun zentro pribatu edo kontzertatuen publifikazioa (Donostiako Onkologikoa, Tolosako Asunción Klinika...).

-Osasun berrordainketari ez.

-Osasun publikoko langile guztientzat lan baldintza duinak. Azpikontratazioari ez.

-Kaleratutako langile guztien berkontratazioa. Kalitatezko osasun publiko unibertsala bermatzeko beharrezkoa diren langile guztien kontratazioa.

 

Indarrak batuta eta antolatuta, borroka sendoarekin, EAJ eta UPNren planak atzera bota ditzakegu!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.