Maiatzaren 18an Gasteizko Andra Maria Zuriaren plazako herri harresia modu basatian desegin eta Aiala Zaldibar eta Igarki Robles gasteiztarrak eta Ibon Esteban iruindarra atxilotu zituen Ertzaintzak EAJren aginduz. Ertzainen kolpe eta ukabilkadek 70 zauritu baino gehiago eragin zituzten. Beste behin, EAJk bere benetako aurpegia erakutsi du.
EAJren eta Ertzaintzaren basakeriak eragindakoa ikusi ahal izan da hainbat irudi eta argazkitan. Euskal kapitalisten alderdiak eta poliziak beste behin erakutsi dute Estatu espainiarraren eta PPren aginduak betetzeko prestutasuna. Burgesia espainiarraren eta euskal herritarraren interesak berdinak dira gazteriari eta langile klaseari aurre egiteko garaian. Biek indartzen dute Estatuaren aparatu errepresiboa, batek Guardia Civil eta Polizia Nazionalarekin eta besteak Ertzaintzarekin. Biek zapaldu nahi dituzte eskubide demokratikoak eta sozialak.
Euskal Herria Sozialistatikaskotan esan dugun bezala, begirada atzera bota eta azterketa egoki bat egiten badugu, garbi dago euskal burgesiak eta bere alderdi nagusiak, EAJk, burgesia espainiarrarekin eta burgesia frantziarrarekin modu estu batean kolaboratu dutela: alde batetik, zapalkuntza handitzeko eta hobetzeko balio zuten mota guztietako lege eta neurriak martxan jartzen, langileei ahal den gainbalio kantitate handiena ateratzeko helburuarekin, eta beste aldetik, praktikan eskubide demokratikoen errepresioa babesten. Burgesia espainiarrarekin eta merkatu espainiarrarekin dituzten loturak Aberri Egunean egiten dituzten adierazpenak baino askoz garrantzitsuagoak dira.
EAJk oso ohikoa du hizkera bikoitza erabiltzea auzi nazionalari dagokionez. Hor ikusten da bere zinismoa. Adibidez, Zapateroren Gobernuaren garaiean ere, Alderdien Legearekin bukatzea “eskatu” zuten, baina bitartean, eta hau da puntu erabakigarria, tinkotasunez aplikatzen zituzten Eusko Jaurlaritzaren eta Ertzaintzaren bitartez aparatu judizialak hartutako neurri errepresibo guztiak, ezker abertzalea ahal zen gehiena ahultzeko helburuarekin. Behin eta berriro, euskal burgesiak garbi utzi izan du Euskal Herriaren eskubide demokratikoen defentsa iruzur bat besterik ez dela bere benetako klaseko interesak ezkutatzeko. Guztiaren gainetik, euskal burgesiak eta bere ordezkariek kontzesio “instituzional” gehiago eskatzen dizkiote Madrili, Euskal Herriko langileak eta gazteak zapaltzen jarraitzeko eskubidea indartzeko.
Horregatik, Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aldeko borrokan euskal burgesia aliatu bat denaren ideia erabat okerra da. Gure esplotatzaileekin euskal fronte nazional bat sortzearen aldeko estrategia, gure herriko gehiengoaren interesen aurka itzuliko den estrategia da. Horregatik, Sortuko Hasier Arraizek astelehenean bertan egindako adierazpenak desegokiak direla iruditzen zaigu. Herri harresiaren aurkako errepresioa kritikatu ondoren honakoa esan zuen EAJri zuzenduta: “Oraindik aukera bat dute jarreraz aldatzeko eta gure eskua luzatzen diegu horretarako”.
Maiatzaren 24ko hauteskundeei buruzko idatzian genion bezala, aukera handiz betetako urtea izango da ezkerrarentzat, eta bereziki ezker abertzalearentzat. Antolakuntzarekin eta hauteskundeetan lortutako babesarekin, kaleetan sakabanatuta dauden mobilizazioak bateratuta, etorkizuna aldatzeko aukera garrantzitsua dago. Borroka honetan langile klaseak eta bere erakundeek funtsezko papera jokatu behar dute, bere zigilua jarri behar dute. Langileok gure indarretan bakarrik izan behar dugu konfiantza Euskal Herriaren eskubide demokratikoak lortzeko eta gizartearen eraldaketa soziala eskuratzeko. Horregatik, gure ustez beharrezkoa da ezker abertzaleak alde batera uztea EAJri luzatutako eskua. Gehiengo sozialaren babesa lortzeko modu bakarra kapitalismoari aurre egingo dion programa da, EAJk sekula defendatuko ez duena. Kapitalismoaren markoan eta euskal burgesiarekin akordiora iritsita, ez da posible Euskal Herriaren eskubide demokratikoak lortzea, autodeterminazio eskubidea barne. EAJ ez da irtenbidearen zati, arazoaren erantzule nagusi baizik.
Euskal Herrian eta Europa osoan "demokrazia" deitutako hitz eder horren atzean kapital handiaren diktadura dago, banku eta multinazionalen agintea, EAJk, UPNk, PPk eta PSE-PSNko agintari sozialdemokratek defendatzen duten berbera. Eskubide demokratiko nazionalen aldeko borroka, autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna barne, gizartearen eraldaketa sozialistari lotuta daude, ezin dira bereizi: langile klase bateratuak, herriko sektore zapalduek eta gazteriak bakarrik aurrera eraman dezaketen borroka berbera dira.
Konfiantzarik ez EAJrengan!
Aliantzarik ez EAJrekin!
Gazteriaren eta langileriaren borroka da bide bakarra!