Mendeetan zehar, garai bakoitzeko klase dominatzaileak gezurra, demagogia, manipulazioa eta errepresioa erabili izan ditu bere boterea mantentzeko. Gaur egun ere gauza berbera dugu. Eta noski, berdina gertatzen da euskal kapitalisten eta EAJren kasuan ere. Botere ekonomikoa dute, kapitalisten eskuetan baitaude bankuak, multinazionalak, enpresa handiak eta sektore estrategikoak. Komunikabideen kontrola dute, kapitalistenak baitira telebista kate, egunkari eta irrati nagusiak. Estatu aparatua erabiltzen dute, horretarako eraiki baitzuten bere eskubideen eta bizitza duinago baten alde borrokatu nahi dutenak erreprimitzeko.

 


Nola defendatu daiteke bestela aberatsak aberatsago izatea gezurra, demagogia, manipulazioa eta errepresioa erabili gabe? Nola defendatu daiteke bestela langile klasearen lan baldintzak okertzea, jendea bere etxetik botatzea, osasuna eta hezkuntza pribatizatzea edo eskubide demokratiko nazionalak zapaltzea? Zalantzarik gabe, gezurra eta demagogia EAJren eguneroko ogi dira. Azkeneko hauteskunde kanpainan beste behin, bereziki zaborraren gaian oinarrituz, sektore kontserbadoreenetako aurreiritzi atzerakoienak astintzen oinarritu da EAJ, PPko Marotok Gasteizen etorkinen aurka egin duenean bezala.


Hala ere, sinpleegia litzateke esatea ezkerrak emaitza onak lortzen dituenean lan onari esker izan dela eta eskuinak irabazi duenean gizartean herritar askok kontzientzia baxua duelako gertatu dela. Zein da beraz ezkerrak herritarren gehiengoa irabazteko eta EAJ garaitzeko hartu beharreko bidea? Gure ustez bi gako daude: EAJren benetako aurpegia zein den argi eta garbi esatea eta sozialismoaren aldeko alternatiba defendatzea (baita hauteskundeetako programan ere noski).


Beharrezkoa da ezker abertzaleak, sindikatuek eta orain Podemosek ere EAJ benetan zer den esatea. EAJ euskal kapitalisten eta aberatsen alderdia da; EAJ bankuen, multinazionalen eta kapital internazionalaren instrumentu politikoa da; EAJ euskal patronalekin batera langile klasea zapaltzeko eta honen lan baldintzak ahal den guztien okertzeko tresna da; EAJ osasun eta hezkuntza publikoa suntsitu eta pribatukoen negozioa areagotzeko baliabidea da; EAJ eskubide demokratikoak ukatzeko eta euskal preso politikoak kartzelan eta urruti mantentzeko sostengua da; EAJ PPren, eskuin espainiarraren eta IBEX 35aren aliatua da; eta bereziki honakoa defendatu behar da, EAJ ez da Euskal Herriko eskubide demokratikoen, langileen, langabetuen, pentsionisten, sektore behartsuenen eta gazteriaren aliatua, ez, guzti hauen etsai nagusia da. Horregatik, gure ustez akatsa da adibidez ezker abertzalearen zuzendaritzak EAJ aliatu posible gisa aurkeztea. Jarrera honek, konfusioa sortzen du herritar askotan, EAJrengan esperantza izaten jarraitzera bultzatzen baititu.

Honekin batera, oinarrizkoa da langabeziarekin, prekarietatearekin, etxe kaleratzeekin, pobreziarekin edo zapalkuntza nazionalarekin amaituko duen alternatiba defendatzea. Eta bai, kapitalismoarekin amaitzea eta gizarte sozialista bat eraikitzea da arazo guzti hauekin bukatzeko modu bakarra, ez dago inolako erdibiderik ezkerrean kokatzen diren erreformistek bestelakorik esan arren. Hauteskundeak baino lehenago esan genuena esaten dugu: EHBilduren aldeko boto bakoitza kapitalismoaren aurkako borroka indartzeko izan dadila!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.