Askapen nazionalaren eta sozialismoaren aldeko borroka ezin dira bereizi

Pasa den otsailean Sortuk abiatutako Iratzar Fundazioak Ezker Abertzalearen egokitzapena dokumentua argitaratu zuen. Orain arte Ezker Abertzaleak independentziaren eta sozialismoaren aldeko borroka batera zihoazela defendatu du, baina dokumentu honetan independentziari lehentasuna ematen zaio. Gure ustez, ordea, sistema kapitalistarekin amaitzeak lehentasuna izan behar du honek sortzen dituen zapalkuntza nazional eta sozialarekin amaitzeko. Era berean, euskal burgesiarekin aliatuta, lehendabizi independentzia lortzearen planteamentua desegokia dela defendatzen dugu.

Dokumentu honetako sozialismoari buruzko atalean zati hauek daude, besteak beste: "Bere proiekzio sozialistan, Ezker Abertzaleak oso argi dauka zer ez duen izan nahi, eta, sozialista izanik ere, ez hain argi zer izan behar dugun espazio ideologiko horretan. Ez dugu "ezker zaharra" izan nahi, ezta herri klaseei traizio egingo dien indar politiko erreformista bat ere. Bi espazio horien artean garatu nahi dugu gure sozialismo eredua” (...) “Ezker Abertzaleak inoiz ez du onartu, eta orain ere ez du onartzen, Historiak gainditu dituen metodoak, garabideak eta azterketak erabiltzen dituen sozialismo eredu bat" (...) "Aurreko etapan, orduko konfigurazioaren ondorioz, independentzia eta sozialismoa denbora plano berean kokatzeak ez zigun kontraesanik sortzen. Gaur egun, ordea, komenigarria izango litzateke helburuak argitzea eta zein ordenatan uztartzen diren zehaztea" (...) "Hitz batean, independentzia euskal sozialismoaren garapenaren lorpen gisa planteatu beharko litzateke. Horrenbestez, euskal eredu sozialistaren garabideek aintzat hartu beharko lituzkete proiektu independentistaren beharrak (aliantzak, metodoak, diskurtsoak, mezuak...). Hau da, proiektu iraultzaile demokratiko sozialistaren barruan independentzia izango da lehen geltokia".

Noski, hau ez da eztabaida berri bat. Ezker Abertzalea sortu zenetik, eztabaida hau beti egon da maila altuago edo baxuagoan. Euskal Herria Sozialistatik gure ekarpena egin nahi dugu ikuspuntu marxista, internazionalista eta iraultzaile bat eskainiz. Gure ustez, askapen nazionalaren eta sozialismoaren aldeko borroka ezin dira bereizi, ez daude erdibideko etapak. Zapalkuntza kapitalistan oinarritutako eta euskal burgesiaren menpeko Euskal Herria eraikitzea ezin da izan inolako alternatiba edo "etapa".

Beharrezkoa da Euskal Herriko klase dominatzaileko sektore horiekin mota guztietako aliantzak edo fronteak puskatzea. Euskal burgesiak behin eta berriro traizionatu du Euskal Herriko langile herria, eta nahiago izan du burgesia espainiarrarekin eta frantziarrarekin elkartu beraien artean dituzten interes eta pribilegio berdinengatik. Gure aliatuak ez dira euskal kapitalistak, langileria eta gazteria baizik, gizartea eraldatzeko eta mota guztietako zapalkuntzekin amaitzeko indarra eta borroka gaitasuna duten berberak.

Krisi kapitalista gogortzen ari da, errebolta sozialak ere bai

Herrialde garatuetan, eta Euskal Herriaren kasuan ere bai, krisiaren ondorio larriak ikusi dira: fabrika eta enpresen itxierak, langabeziaren gorakada, soldaten jaitsierak, murrizketak eta pribatizazioak hezkuntzan, osasunean eta oinarrizko zerbitzu sozialetan, desberdintasun eta polariazio soziala... Azken berrogei urteetako ekoizpen iraultzak, informatikako adar berrien hedapenak (Internet, zuntz optikoa...), eta harreman sozial eta ekonomikoen globalizazioak ez dute saihestu gizartearen pobretzea. Miseriaz betetako ozeano honetan, ordea, luxu eta pribilegio guztiak dituen irla txiki bat dago, kapitalistek osatzen dutena.

Hau da mundu osoan klaseko borroka elikatzen duen erregaia. Herrialde osoak txikituak izan dira, milioika pertsonari edozein esperantza kendu zaie eta amildegira bultzatu dituzte. Kapitalismoaren krisi organikoaren elementu guztiak lurrazalera atera dira: militarismoa, gerra basatienak, mota guztietako integrismo erlijiosoa edo auzi nazionalaren larriagotzea. Krisiak zapalduen, langile klasearen, gazteriaren eta erdi mailako sektore zabalen kontzientziak kolpatu ditu. Sistemarengan zegoen konfiantza larriki zauritua izan da. Lana gogor eginda bizi hobea lortuko denaren eta etorkizuneko belaunaldiek garapena bermatuta izango dutenaren ideiak haizea hartzera joan dira.

Errekuperazio ekonomikoa ez da zehazten. Herrialde kapitalista garatuek zailtasun handiak dituzte oraindik, eta hodei beltzak ez dira desagertzen. Europako hegoaldeko herrialdeetan egindako sarraskiaren ondoren, Euroguneko ekonomiak gaixo jarraitzen du. Atzeraldiaren larritasunak eta sakontasunak erakusten dute depresio orokor batetik gertu gabiltzala. Estatu frantziarraren, Alemaniaren, Britainia Handiaren eta Italiaren txanda da orain. Egoera are gehiago okertu da Txinako desazelerazio ekonomikoaren ondorioz. Japoniako ekonomiak berriz estankatuta jarraitzen du. Lehengaien prezioen erorketak, bereziki petrolioarenak, erakusten dute eskaera industrialaren gainbehera eta petrolioa eskuratzeko norgehiagoka basatia. Faktore hauek, burbuila espekulatibo berriek edo Europa eta Ekialde Hurbileko borroka interinperialistek azaltzen dute Errusia, Brasil eta beste herrialde "emergenteen" erorketa gogorra.

Suntsiketa sozialaren haizeteak gertakizun politikoetan parte hartzera bultzatu ditu masak eta ez dute utziko hain erraz hartu duten eskenatokia. Hau da zalantzarik gabe faktore garrantzitsuena. Ez da Europako hegoaldean bakarrik izan, Estatu frantziarrean, Britainia Handian, Belgikan, erritmo ezberdinekin, langile klasea bere zigilua jartzen hasi da gertakizunetan. Greba orokor arrakastatsuak izan ziren 2014ko abenduan Belgikan eta Italian, sektore publikoko mobilizazioak Britainia Handian... Gorakada berriaren zati dira, Grezian bizi den egoera aurreiraultzailearekin gertatzen den moduan.

Syriza gobernura iritsi da Grezian, 36 greba orokor eta sektore eta enpresetako borroka (fabrika okupazioak barne) askoren ondoren. Honek guztiak erakusten du kontzientzia iraultzailea eta antolakuntza mailak modu esanguratsu batean egin duela aurrera. Baina Syrizaren garaipena, lehendabiziko pausoa bakarrik da eraldaketa sozial sakonaren bidean. Kapitalista greziarrek botere iturri nagusiak mantentzen dituzte: sektore finantzarioaren eta ekoizteko baliabide handien jabego pribatua eta estatu aparatuaren kontrola. Txilen Allenderekin edo Venezuelan Hugo Chavezekin gertatu bezala, burgesiak bere botere ekonomiko osoa eta estatu aparatua erabiliko ditu masen alde eta interes kapitalisten aurka neurriak hartu nahi dituen gobernua saboteatzeko, ezegonkortzeko eta botatzeko.

Tsipras masen mobilizazio iraultzailean bakarrik oinarritu daiteke kapitalista greziarrei eta europarrei aurre egiteko. Erreakzioaren erasoak atzera botatzeko modu bakarra benetako alternatiba sozialista da, langile klasea botere politikoaren eta ekonomikoaren palankak hartzera deituaz. Grezian jokoan dagoena gizartea nork kontrolatzen duen da, kapitalistek edo langileek. Sabotajeari, inbertsioen grebari edo kapitalen ihesari, banku eta enpresa handien nazionalizazioarekin erantzun behar zaie, ekonomiako oinarrizko sektoreak langile klasearen kontrolpean jartzeko. Europako eraso finantzarioei aurre egiteko, berriz, beharrezkoa da langile klase europarraren elkartasunari dei egitea, kontinente osoan Greziako ereduari jarraituz langileen alde egingo duten gobernuak ezartzeko. Kapitalista europarren mehatxuei aurre egiteko Europako Federazio Sozialistaren alternatiba altxa behar da.

Podemos eta bere programa

Euskal Herriko komunikabide askok gorde egin nahi izan duten arren, Greziarekin batera Estatu espainiarra izan da klaseko borrokaren gorakada gehien bizitu duena. M15 mugimendua inflexio puntua izan zen; ondoren Marea Herrikoiak sortu ziren (Zuria, berdea, gorria...), greba orokorrak, etxe kaleratzeen aurkako PAH plataformaren borroka, duintasun martxak, meatzarien martxak, langile publikoen mobilizazioak, Sindicato de Estudiantesen 19 ikasle greba orokorrak, Gamonaleko altxamendua, pribatizazioaren aurkako osasun publiko madrildarraren garaipena, Coca Colako langileen borroka eta garaipen eredugarria... Gatazka sozialaren maila pasa den mendean 70eko eta 30eko hamarkadetan izandakoaren bakarrik konparatu daiteke.

Borroka hauek guztiek autoantolakuntza handia eta oinarriaren parte hartze zabala izan dute, iniziatiba eta adore bikainarekin eta kontrol demokratikoaren eskaerarekin. Ezkerreranzko erradikalizazio politikoaren seinale izan da. Urte askoren ondoren, Estatu espainiarrean langile mugimenduaren borroka tresna garrantzitsuak berreskuratu dira: batzarrak, gatazkak zabaltzea, erresistentzia kutxak, klaseko aldarrikapenak... Noski, Podemos erregai honetatik elikatu da. Kapitalismo espainiarraren krisi basatiak, eskuinaren lapurreta politikak, murrizketa sozialek eta ustelkeriak, desberdintasun sozialek, UGT, CCOO eta PSOEko agintarien politika erreformistek, Izquierda Unidaren blokeo burokratikoak; eta pasibitatea azaldu duten aparatuak gainditu dituen kaleko erantzunak bidea ireki diote Podemos fenomenoari.

Baina Syrizaren kasuan bezala, egin behar dugun galdera honakoa da: Podemos gobernu espainiarrera iristen bada, nola emango die irtenbidea etxe kaleratzeei, langabeziari, pobreziari, hezkuntza eta osasun publikoari eta Euskal Herriaren, Catalunyaren eta Galizaren eskubide demokratikoei?

Esperientziak erakusten duen bezala, kapitalistek presio handia egingo dute murrizketek eta herstura politikek aurrera jarrai dezaten. Horregatik, ezkertiarra den edozein antolakuntzak, sufritzen ari garen arazoak konpondu nahi baditu, errealitate gordin honi egin beharko dio aurre. Eta lehenago esan dugun bezala, modu bakarra benetako politika sozialista aplikatzea da. Estatu espainiarraren kasuan, Podemosen balizko gobernu batek honelako neurriak hartu beharko lituzke: botere finantzieroen (banka, aseguruak) eta ekonomiako sektore estrategikoak kontrolatzen dituzten talde enpresarial handien desjabetzea (elektrikak, telekomunikabideak, altzairua, zementua...), gizarteak berak sortzen dituen errekurtso erraldoi hauek beharrak eta gabeziak konpontzeko erabiltzeko, justizia sozialarentzako oinarri objektibo bakarra den berdintasuna eta ongizatea bermatuz. Gaur egungo estatu aparatua herri antolatuak demokratikoki kontrolatu eta kudeatutakoaz ordezkatu beharko litzateke, borroka ausarta planteatuz Elizako hierarkiaren, ejertzitoaren eta burokrazia politiko, judizial eta polizialaren aurka (hauek baitira kapitalista handien indar laguntzaileak). Eta nola ez, auzi nazionalari aurre egiteko, Podemosek praktikan jarri beharko luke Estatu espainiarrak zapaltzen dituen nazioen autodeterminazio eskubidea.

Gehiengoaren, zapalduen eta langileen zerbitzura egon nahi duen gobernu batek, neurri hauek praktikara eramateko masen mobilizazio eraginkorrean eta parte hartze aktiboan oinarritu beharko du. Horrelako politika batek bakarrik irekitzen die bidea benetako demokraziari eta sozialismoari.

Euskal Herria: erreformismoa edo sozialismoa

Europako beste herrialdeetan bezala, Euskal Herriaren kasuan ere krisi ekonomikoak ondorio oso gogorrak izan ditu milaka langile familiatan. Euskal langileen eta erdi mailako sektoreen gehiengoa egoera hau jasaten ari garen bitartean, batzuk urrezko egiten ari dira gure sufrimenduaren kontura. Hauek kapitalista handiak dira, bai internazionalak eta baita euskal herritarrak ere. Neurri guztiak bultzatzen ari direnak dira, eta ondoren gobernuek onartu egiten dituzte, Eusko Jaurlaritzakoa, Nafarroakoa edo Europakoa izan.

Eta Europako kasuan bezala, Euskal Herriko langileek eta gazteek erakutsi dute borrokarako borondatea krisia hasi zenetik. Euskal gehiengo sindikalak 2009ko maiatzaren 21ean deitutako greba orokorretik hasita, langile klaseak frogatu du bere borrokarako borondatea mobilizazio eraginkorretara deitua izan denean. Greba orokor eta mobilizazio eraginkor gehiago ez egotearen arrazoia zuzendaritza sindikalen jarrera izan da. Ez diete jarraipena eman orain dela urte batzuk antolatu ziren greba orokor arrakastatsu eta masiboei. Beraz, funtsezkoa da zuzendaritza sindikalek denboran luzatuko den borroka egutegi eraginkor bat antolatzea, langileen eta gazteriaren borroka gaitasun guztia benetako errebolta sozial bihurtzeko eta gizartea eraldatzeko nahikoa indar mobilizatzeko.

Eta Syriza eta Podemosen kasuan bezala, ezker abertzalea ere bidegurutze berberean dago. Gure posizioa argi dago: ez dago erdibiderik, edo langileekin programa sozialista defendatuz, ekonomiako funtsezko palankak eta botere ekonomikoa gehiengo zapalduaren eskuetan jartzeko, edo kapitalistekin eta hauen murrizketa planekin.

Zoritxarrez, Ezker Abertzalearen egokitzapena dokumentuak bigarren maila batean uzten du sozialismoa. Eta noski, dokumentuan planteatzen denak bere isla du egoera politikoan. EHBilduren programan eta Euskal Bidea eskaintza politikoan sozialismoa hitza azaldu ere ez da egiten.

Langile mugimenduaren historian, mota guztietako justifikazioak jarri dira mahai gainean sozialismoaren eta marxismoaren ideiak alde batetara uzteko. XIX. mendean dagoeneko, Eduard Berstein teoriko erreformista alemaniarrak ideia iraultzaile sozialistak zahartuta zeudela defendatzen zuen. Bere ustez, instituzioetako, parlamentuetako eta udaletxeetako lanarekin bakarrik, pixkana-pixkana erreformak eginez, posible litzatekeela kapitalismoa langile klasearen aldeko sistema bihurtzea, eta baita egunen batean sozialismora iristea ere. Klaseko borroka eta iraultza sozialista mespretxatzen dituzten teoria hauek zoritxarrez gaur egun ere jarraitu egiten dute, eta ezkerreko antolakuntzetako zuzendaritzetan pisu handia dute.

Bersteinen garaietatik gaur arte, "teoriko" horiek gobernatzeko aukera izan dutenean, sozialdemokraziaren kasuan gertatu den bezala, beti errespetatu izan dute kapitalaren logika, hau da, ez dute auzitan jarri bankuen eta monopolioen boterea. Baina botere eta logika horrekin hausten ez den bitartean, diskurtso "aurrerakoiek" ez dute ezertarako balio. Kapitalismoak ez du funtzionatzen sen onaren, logikaren edo gehiengoaren onuraren oinarriaren arabera. Kapitalaren eta ekoizteko baliabideen jabeen aberastasunaren arabera funtzionatzen du, hauek baitira botere ekonomikoaren, botere politikoaren eta Estatuaren palankak kontrolatzen dituztenak. Ez da posible kapitalismoa demokratizatzea, ez da posible aurpegi gizatiarragoa duen kapitalismoa, jendearekin, behartsuekin, ingurumenarekin eta eskubide demokratikoekin borondatetsua eta errespetagarria izango dena. Gaurko "demokraziaren" atzean, errekurtso publikoak lapurtzen eta instituzioak bere onurarako erabiltzen dituen kapital finantzarioaren diktadura krudela gordetzen da.

Badago krisi kapitalistaren alternatiba, eta hondamendia eragin duenaren desberdina den beste eredu ekonomiko bat, baina alternatiba hori ez da posible kapitalismoaren barruan. Kalitatezko enplegua sortuko duen, biztanleriaren bizi maila etengabe igoko duen eta gaur egun dauden errekurtso ekonomiko eta teknologiko ikaragarriak gehiengoaren beharrak konpontzeko erabiliko dituen ekonomia bat posible da. Baina ekonomia hori langileen kontrolpean dauden ekoizteko baliabideen planifikazioarekin eta kontrol demokratikoarekin lor daiteke soilik, hau da, ekonomia eta gizarte sozialista baten oinarriak jarrita. Orain dela 150 urte baino gehiago sozialismoaren aldeko borroka piztu zuten eta langile mugimenduari oinarri politiko bat eman zioten arrazoiek gaurkotasun osoa izaten jarraitzen dute. Helburu honek lehen unetik txertatu zuen bere banderan mota guztietako zapalkuntzen aurkako borroka, zapalkuntza nazionala barne.

Klaseko alternatiba sozialista eta internazionalista defendatzeak Euskal Herriaren kausa defendatzea esan nahi du, bere benetako askatasun nazionala, burgesia euskal herritarrak, espainiarrak edo frantziarrak sekula bilatuko ez dutena. Ez da posible askatasun nazionalaren lehen etapa bat izatea eta sozialismoaren beste bat ondoren. Euskal burgesiaren gidaritzapean, edo kapitalista den Euskal Herria "independente" baten barnean, aurrean ditugun arazo guztiek jarraituko lukete.

Kapitalismopean, burgesiaren menpe, hau espainiarra, euskal herritarra edo frantziarra izan, ez dago aukerarik Euskal Herriaren eskubide demokratikoak beren osotasunean lortzeko, horien artean autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna. Sistema kapitalista bera da munduko nazio askok uneren batean izan zezaketen subiranotasun apurra suntsitzen ari dena. Ez da posible subiranotasun politikoa kapitalaren diktaduraren oinarripean.

Autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna sistema kapitalistaren aldean erabat ezberdina den marko politiko eta ekonomiko batean bakarrik ase daitezke erabat. Aldarrikapen demokratiko hauen aldeko borrokak arrakasta izan dezan, beharrezkoa da gizartearen aldaketa sozialistari lotuta joatea eta honen motorra Euskal Herriko langile klasea izatea Estatu espainiarreko, Estatu frantziarreko eta Europako klaseko anai-arrebekin batera.

Horregatik, funtsezkoa da ezker abertzaleak sozialismoaren bandera altxatzea inoiz baino indar handiagoarekin. Ezker abertzaleak langile klasearengan eta gazteriarengan bakarrik izan behar du konfiantza, hauen borroka gaitasunean. Ezker abertzaleak gehiengoaren babesa politika iraultzailea defendatuz irabazi behar du, eta irabaz dezake: langile klasearen batasuna mota guztietako zatiketen gainetik; autodeterminazio eskubidearen defentsa eta konplexurik gabe enpresa handien eta bankaren desjabetzea planteatuko lukeen programa sozialista, langileok gure izerdiarekin sortzen dugun aberastasuna biztanleriaren gehiengoa, enpleguak, hezkuntza, osasuna, hizkuntza, kultura eta gure familien etorkizuna defendatzeko izan dadin. Gizakiaren sormen guztia erabiliko lukeen alternatiba horren izena sozialismoa da, eta bera da Euskal Herriaren benetako askatasuna errealitate bilakatu dezakeena.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.