Antolatu zaitez EZKER IRAULTZAILEAn!
Kapitalismoaren, zapalkuntza nazionalaren, murrizketen eta gure eskubideen errepresioaren aurka
Gizateria irtenbiderik gabeko bidegurutze batera bultzatzen ari dira. Gerra inperialistek eragindako suntsiketa eta heriotza, Europara iritsi eta kontzentrazio esparruetan pilatzen dituzten milioika errefuxiaturen aurkako errepresioa, gure eskubide demokratikoen aurkako erasoak, zapalkuntza nazionala edo ingurumenaren hondamena… adibide batzuk besterik ez dira. Honek guztiak erakusten du munduan zabaltzen ari den basakeria, eta hori guztia aberastasuna, teknologiak edo baliabide materialak soberan daudenean biztanleriaren gehiengoaren bizitza duina bermatzeko.
Errealitate honek kolpatzen gaituen bitartean, kapitalismoaren logika onartzen duten gobernuek, hauek eskuinekoak izan edo “sozialdemokrata” deitu, aurrekaririk gabeko murrizketa sozialen politika basatiak, langabezia kronikoa, prekarietatea eta desberdintasuna inposatzen dizkigute. “Demokraziaz” hitz egiten digute, baina luxu handienean murgilduta dabiltzan pribilegiatuen gutxiengo hori da erabakiak hartzen dituena. Demokrazia deitzen diote, baina errealitatean kapital finantzarioaren diktaduraren menpe bizi gara.
Hala ere, kapitalismoaren krisiak beste aurpegi bat ere badu: milioika langile eta gazteren kontzientziak kolpatu ditu, hamarkadetan ezezagunak izan diren errebolta sozial handi bat, greba orokorrak eta masa manifestazioak bultzatuz eta herrialde askotan ezkerreranzko joerak eraginez.
Langile klaseak eta gazteriak osatzen dugu indarrik boteretsuena, eta gure baimenik gabe ezinezkoa da gizarte honetan ezerk funtzionatzea. Baina indar horrek antolakuntza bat eta programa iraultzaile bat behar ditu. Kapitalismoa ezin da eraldatu borondate onaren bitartez bakarrik. Errealitate gordinak erakusten du burgesia eta monopolio handiak ez daudela prest kontzesio txikienak ere egiteko irabaziak pilatzeko beren helburuan, hori milioika pertsonen sufrimenduaren kontura izan arren. Zentzu honetan, Greziako esperientzia erakusgarria da: herri greziarrak Syriza gobernuan jarri zuen, masiboki eman zuen bozka Troikaren inposizioaren aurka erreferendum batean, baina Tsiprasek bizkarra eman zion indar guzti horri eta amore eman zuen botere ekonomiko handien aurrean. Aukera hau ez zen inolaz ere posible zen bakarra. Syrizaren gobernua langileengan eta gazteriarengan oinarritu izan balitz, Greziak bizi duen hondamendiari amaiera emateko neurri eraginkorrak planteatuz, banka eta monopolio handiak nazionalizatuz, eta gizartearen aberastasuna herri greziarraren kontrolpe demokratikoan ezarriz, adibide honek ikaragarrizko elkartasuna sorraraziko zukeen Europan eta mundu osoan.
Euskal Herria eta sozialismoa
Kapitalismoak ez du funtzionatzen zentzu komunaren, logikaren edo gehiengoaren onuraren arabera. Enpresari eta bankari handien etekinak puzteko funtzionatzen du. Garbi dago euskal burgesiak eta bere alderdi nagusiak, EAJk, kapitalista espainiarrekin, frantziarrekin eta hauen ordezkari politikoekin modu estu batean kolaboratu dutela: alde batetik, zapalkuntza handitzeko eta hobetzeko balio zuten mota guztietako lege eta neurriak martxan jartzen, langileei ahal den gainbalio kantitate handiena ateratzeko helburuarekin, eta beste aldetik, eskubide demokratikoen errepresioa antolatzen. Burgesia espainiarrarekin eta merkatu espainiarrarekin dituzten loturak eta negozioak Aberri Egunean egiten dituzten adierazpenak baino askoz garrantzitsuagoak dira.
Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aldeko borrokan euskal burgesia aliatu bat denaren ideia erabat okerra da. Euskal Herriaren askapen nazionala zapalduen askapen sozialaren aldeko borrokaren zati da. Biak banatzea akats handia da. Euskal Herriko langileen eta gazteriaren sozialismoaren aldeko borroka iraultzaileak bakarrik, Estatu espainiarreko eta frantziarreko eta Europa osoko klaseko anai-arrebekin borrokan elkartuta, izango da posible autodeterminazio eskubidea eta lurralde batasuna errealitate bihurtzea. Eta borroka horrek klaseko independentziaren programa sozialista eskatzen du, ez burgesiarekin kolaboratuko duena.
Erakunde internazional iraultzailea
Euskal Herriaren benetako demokraziarik ez da izango justizia sozialik eta berdintasunik gabe. Baina horrelako gizarte bat –sozialista eta demokratikoa- ez da zerutik eroriko, antolakuntzaren eta borrokaren ondorio izango da. Horregatik, eta azken urteetako esperientzian oinarrituz, 2006an EUSKAL HERRIA SOZIALISTA aldizkaria sortu genuen langile eta gazteok EZKER IRAULTZAILEA erakunde internazionalera gehitzea erabaki dugu.
Kapitalistak garaitzea nahi badugu biztanleriaren mobilizazio masiboa behar dugu, eta borroka hau antolakuntza kontzientean bihurtu programa antikapitalista, sozialista eta internazionalista defendatuz.
· 1.200 euroko gutxieneko soldata. 1.200 euroko langabezia sorospen mugagabea lanpostu bat aurkitu arte. 35 orduko lan astea soldata murrizketarik gabe. Erretiroa 60 urterekin, errelebo kontratuekin.
· Etxegabetzeak legez debekatzea. Etxebizitza publikoen parkea alokairu sozialarekin, bankuen eskuetan dauden etxe hutsak desjabetuz.
· Hezkuntza publikoa, doakoa eta euskalduna. LOMCE eta 3+2 indargabetzea. Gure hizkuntza defendatzeko eta zabaltzeko, Euskal Herri osoan hezkuntza publikoko hizkuntza eramailea euskara izatea.
· Osasun publiko duina, doakoa eta unibertsala denentzat.
· Benetako elkartasun konkretua errefuxiatuekin: kuporik eta kontzentrazio esparrurik ez. Atzerri Legea eta Atzerritarrak Barneratzeko Zentroak ezabatzea.
· Bankaren, sistema finantzarioaren eta enpresa handien nazionalizazioa, langileen eta beren erakundeen kontrolpean, ekonomia biztanleriaren onurarako demokratikoki antolatzeko.
· Preso politikoen berehalako gerturatzea Euskal Herrira eta dispertsio politikaren amaiera. Amnistia preso politikoentzat.
· Autodeterminazio eskubidea Euskal Herriarentzat eta nazio zapalduentzat. Europako Federazio Sozialistaren markoan, Euskal Herria sozialista.
EZKER IRAULTZAILEA erakunde internazionalak borroka egingo du Euskal Herrian benetako gizarte demokratiko baterantz joateko. Biziraupenagatiko eguneroko borrokatik askatuta eta ekoizteko baliabideak gizartearen gehiengoaren kontrolpean jarrita, zapalkuntza nazionaletik eta errepresiotik askatuta, langileok eta gure familiek aukera izango genuke gizarteko erabaki politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaletan kontzienteki parte hartzeko. Gizateriaren sormen guztia erabiliko lukeen alternatiba horren izena sozialismoa da, eta bera da Euskal Herriaren benetako askatasuna lortu dezakeena.
[Deskargatu eskuorria pdf formatuan]