Inpunitaterik ez erasotzaileentzat!

Iruñeko sanferminak bukatu baino lehen dagoeneko hamar salaketa baino gehiago zeuden emakumeen aurkako eraso sexualengatik, jazarpen sexualagatik edo ukituengatik. Zalantzarik gabe, eraso hauei salatzen ez diren beste hainbat gehitu behar zaizkie. Sanferminak hasi zirenetik, ez da egun bakar bat egon festez gozatzen ari ziren emakumeen aurkako erasorik gabe. Zoritxarrez, azken urteetan bortxaketak eta erasoak festen parte direlako ideia sartu eta saihestezinak direla esan izan da. Lotsagarria!

Dena den, ez dira saihestezinak. Eraso hauen aurrean Iruñeko langile eta gazteek eta bertan festetan zeuden bisitariek emandako erantzuna irmoa izan da. Uztailaren 11n, milaka pertsona batu ziren hainbat kolektibok, peñek eta Udalak “Erasorik ez!” lemapean deitutako kontzentrazioan. Gertakariek eragindako haserrearen isla izan zen Gazteluko plaza txiki geratu izana erasoak salatzeko bildu zen jende guztiak biltzeko. Gauza bera gertatu zen uztailaren 7an, lehen salaketaren berri jakin eta gutxira. Bezperan txupinazoa bota zuten plaza berbera eta inguruak jendez gainezka zeuden protesta deiari erantzunez; txupinazo egunean baino jende gehiago bildu zen. Honek, zalantzarik gabe, erakusten du gazte eta langileengan eraso eta jarrera matxistek eragiten duten haserrea; ez baitzuten dudarik izan mobilizazioan parte hartu eta kalean salatzeko. Gertakari hauei erantzuna emateko moduaren eredu izan dira, eta eta agerian utzi dute egoera horien aurrean justiziak duen jarrera: neurri eskasak, kondena irrigarriak mozkor egotea aringarritzat hartuta! eta, azken finean, “ez da ezer larria” mezua zabaltzen dute erasotzaileentzat ez baitu ondorio larririk emakumeak erasotzeak. Horrela ez zaie eraso matxistei aurre egiten, aitzitik indarra ematen zaie. Justiziak erasotzaileen aurkako neurri eraginkorrak hartu eta iruindarrek emandako erantzun tinko berbera eman beharko luke.

Kasu isolatuak?

Aurtengoa ez da salbuespena. Iruñean ez dira berriak emakumeen askatasunaren aurkako eraso eta bortxaketak. Azken urteetan bortxaketen salaketek markatu dituzte festak. Kasu eskandalagarriena Nagore Laffagena izan zen 2008an. Erlazio sexuala izateari ezezkoa esateagatik, erail eta hatz bat moztu zion erasotzaileak.

Komunikabideek behin eta berriro errepikatzen dute eraso hauek testuinguru “berezietan” gertatzen direla, festetan alegia, eta alkoholak, drogak eta kontrolik ezak eragiten dituztela jarrera hauek. Jakina, kapitalismoak gazteoi eskaintzen digun aisi suntsitzaile horretan errazagoa da jarrera matxista lotsagabeak maila gorenera iristea. Dena den, arazoa ez da festena eta ez dira kasu isolatuak. Hala erakusten dute azken egun hauetan atera diren txostenetako zifra beldurgarriak: Estatu espainiarreko Barne Ministerioaren arabera, urtero 1.161 bortxaketa salatzen dira. Eguneko hiru bortxaketa, bat zortzi ordutik behin. Halere, bortxatutako emakumeei laguntza eskaintzen dieten elkarteen arabera, zifra hauek ez dira osoak. Tina Alarcón Federazioko presidenteak dioenez, bai Iruñeko azken datuak bai Barne Ministerioak eman dituenak errealitatearen zati baten isla dira,  “sei bortxaketatik bat salatzen baita”. Datu beldurgarri horiek oinarrizko arazo bat erakusten dute: emakumeen diskriminazioa eta askatasunaren eta duintasunaren aurkako erasoak parekidetasunetik urrun daudela, gizarte honetan pertsonak bere bizia arriskuan ikustera jartzerainoko eraso basatia jasatea, bortxatua eta tratu txar fisiko eta psikologikoak jasatea ohikoa dela, erasotuak ehunka direla eta indarkeria matxistak hildako emakumeak 57 izan zirela 2015ean eta dagoeneko 24 direla 2016an. Datu hauek erakusten dute matxismoak erro sendoak dituela.

Biktimak erruduntzat hartzen

Eskuinak eta bere komunikabideek alkoholaren gehiegizko kontsumoari egozten diote errua; edo bestela, zuzenean emakumeak dira errudunak arropa mota bat emateagatik “probokatzen joateagatik” edo “mozkor egoteagatik”. Prentsan oso adibide onak aurki daitezke Iruñeko gertakarien harira albisteetan jarritako irudietan; horietan emakumeak mozkor eta kamisetarik gabe ageri baitziren: erasoaren biktima izatearen ardura berena dela esateko modua da. Behar baino gehiago edateagatik bortxatua izatea merezi dute, ala?! Bortxatuak izan diren emakumeek behar baino gehiago edan dutela iradokitzen dute. Finean, erakustera ematen dute bortxatzaileak eraso sexualak salatzen dituzten emakumeek eragindako konfusioaren biktimak direla.

Ez da berria erasoen biktimek jasaten duten epaiketa publikoa eta erasotuak izatearen errua berena den ideia. Kasu eskandalagarri izan zen Malagako neska batena. Duela zenbait urte Malagako Ferian bost mutilek bortxatu zutela salatu zuen. Hasiera batean salatu zuenez, bost mutilok hurbildu eta neskari ukituak egiten hasi ziren; hasiera batean aurre egin ez bazien ere, geldi zitezela eskatu zien. Mutilek ez zuten jaramonik egin eta eraso sexuala behin bukatu ondoren gelditu ziren, guztia grabatu ondoren. Aurreikus zitekeenez, erasotzaileek esan zuten neskak onartutako erlazioa izan zela, ez zutela ezer egitera behartu. Espejo Público moduko audientzia altuko saioetan agertu ziren, beren buruak defendatuz eta neska salatuz euren aurkako salaketa jarri izanagatik. Biktima komunikabideen epaiketa sumarisimoan sartu zuten, jasandako erasoagatik ospitalean artatu behar izan ondoren. Horrenbesterainokoa izan zen komunikabideen presioan ezen neskak salaketa kendu eta “aitortu” behar izan baitzuen “salaketa faltsua” egin zuela. Azkenean neskari 10 hilabeteko kartzela zigorra jarri zioten, nahiz eta ez zuten kartzelan sartu.

Justizia eta indarkeria matxistaren inpunitatea

Justizia burgesaren baitan, ez da berria emakumea erruduntzat hartzea erasotua edo bortxatua izateagatik. Aurtengo martxoan Gasteizko neska bati bortxatua izan zela eta galdeketa egitean, epaileak esan zion ea “hankak ondo itxi zituen bortxaketa saihesteko”. Neskaren ezetza ez da aski, ala?

Sanferminen kasuan, are egoera okerragoa da. Lehen atxiloketen ondoren, jakin genuen erasotzaileetako bat guardia zibila zela eta bestea militarra. “Segurtasun indarretako” kide horiek tratu ezberdina jaso zuten besteen aldean, eta beren segurtasunagatik beste kartzela batera eraman zituzten. Lehen bost erasotzaileak atxilo hartu eta kartzelatzea gizartearen presio ikaragarriaren emaitza bada ere, tamalgarriak dira eman diren arrazoi formalak: “leku isolatuan egoteagatik laguntza eskatzeko ezintasuna” eta erasotzaileen eta erasotuaren arteko “desoreka fisikoa”. Honek zer esan nahi du? Bortxatua den emakume batek laguntza eska badezake edo indartsuagoa bada, erasotzaileek ez dute kartzela merezi? Haserretzeko modukoak dira erasotzaileen aurka ematen dituzten argumentuak eta hartzen diren neurri judizialak: jazarpen sexualagatik atxilotu eta berehala epaitu zituzten beste bi gizonek lau hilabeteko kartzela zigorra jaso zuten, eta kondena murriztu diete mozkor zeudelako. Ez alkohola, ez armadako edo poliziako kide izatea ez dira pribilegiorako edo kondena murrizteko aitzakia! Inpunitaterik ez erasotzaileentzat!

Eskuina eta indarkeria matxistaren aurkako bere borroka faltsua

Eskuinak emakumearen eskubidek defendatzen dituela harro-harro esan eta erailketak, bortxaketak eta erasoak gertatzen direnetan tipula-negarra egiten badute ere, eskuina bera da emakumearen aurkako indarkeria sustatzen duena. Gainera, eskuinak emakumea egiten du jasaten dituen erasoen arduradun nagusi, beren jarreragatik. Malagako Ferian jazotakoaren harira, Barne Ministroak zenbait aholku eman zituen bere webgunean; besteak beste, “txiribitoak ematea”, “gauez autobusa ez hartzea” eta “gortinak ondo ixtea” ziren Ministerioaren aholkuak bortxaketak eta jazarpenak saihesteko. Beren haserrea adierazi zuen gazte eta langileen presioari esker, Ministerioak web orria kendu eta eguneratu behar izan zuen.

Dena den, ezin ditugu ahaztu zein diren emakumeak indarkeriaren, erasoen eta desberdintasunen aurrean babesgabe uzten dituzten baldintzak, eta nork sortzen dituen baldintzok. Ezin dugu ahaztu nor izan den emakumeen aurka gehien egin duena. Estatu espainiarreko gizon eta emakumeen arteko soldata desberdintasuna Europako seigarren handiena da; hori gutxi ez eta emakumeak dira lan prekarioenak dituztenak. PPk, EAJren, CiUren eta Ciudadanosen laguntza estuarekin ez du arazorik izan osasuna, hezkuntza, mendekotasuna dutenentzako laguntza kendu eta pribatizatzeko. Neurri horien ondorioz, langile klasearen eta, bereziki, familietako emakumeen bizkarrean dago seme-alabak eta adinekoak zaintzeko ardura. Eraso hauek emakumeen bizi baldintzak okertzeaz gain, etxetik kanpo lan egitea eragotzi diete emakumeei, eta beste behin etxeko lau pareten artean daude zokoratuak, diktadura garaian bezala, independentzia ekonomikorik gabe eta abusuetatik ihes egin ezinda eta seme-alabak babesteko aukerarik gabe.

Eskuinari ongi iruditzen zaio egoera hau eta ez du ezer egin inoiz honen aurka. Erailketa bat dagoenean garrasi egiten badu ere, ez du hala egiten emakumeen eskubideak aldarrikatzeko ama ezkongabe bat etxetik kaleratzen dutenean, kaleratze merkea bermatzen duen lan erreforma onartzen dutenean, 2012ko lan erreformarekin gertatu bezala. Orduko erreforma hark adin txikiko seme-alabak zaintzeko lanaldi murriztua eskatzeko aukera kendu zuen. Tratu txarren biktimek laguntza ekonomikorik ez dutenean ere ez du ezer esaten eskuinak, ezta enpresariei nahi adina etekin eman eta horiek emakumeak nahi bezala diskriminatu eta haurdun geratzen direnean kaleratzen dituztenean. Gustura daude diru publikoa beren onurarako hartuta, nahiz eta horren ondorioz ez dagoen doako haurtzaindegirik, ezta plaza nahikorik amek beren bizita profesionalarekin behar bezala jarraitzeko. Emakumeak geure adinekoen “erizain” eta “zaintzaileak” izan daitezen nahi dute, baina doan. Hain da handia beren hipokrisia, ezen iraingarri baita.

Hori dela eta, positiboa da Cadizko Udalak hartutako erabakia, arazoa errotik konpontzen ez badu ere: %100ean ordainduko du indarkeria matxistaren biktimentzako etxebizitza. Beharrezko dira mendekotasunerako laguntzak handitzeko neurriak eta familia egokitzapena erraztuko duten politikak gurasoek beren seme-alabak zaindu ahal izan ditzaten lana galdu gabe, soldata jaitsi gabe edo lan baldintzak okertu gabe.

Kapitalismoa matxismoa da

Teoria batzuek emakumeen aurkako diskriminazioa sexuen arteko gerra dela diote, beste batzuek beren burua emakumeen eskubideen “aldekotzat” dute eta diote konponbidea emakume bankari eta enpresari handiak egotea beharrezkoa dela. Teoria horiek gogor erantzutea beharrezkoa da. Emakumeek bizi duten zapalkuntza kapitalismoaren ondorioa da. Patricia Botín, Cristina Cifuentes edo Cristina Uriate zerbitzu publikoak murriztearen aldekoak dira eta diru publikoa banka salbatzeko erabiltzea defendatzen dute, emakumeak askatu eta ekonomikoki independizatuko dituen behar sozialak asetzeko edo erasoetatik babesteko erabili beharrean. Benetako berdintasuna eta benetako independentzia ez da moral kontua, beharrezkoa da horiek lortzeko baliabide materialak garatzea. Eta hori guztia sistema honek inposatzen digunaren aurkakoa da. Horregatik, benetako berdintasuna oinarrizko beharrak ukatu eta gutxiengoaren mesedetan gehiengoa zapaltzen duen sistemaren aurkako langile klasearen borrokari esker, gizon eta emakumeen borrokari esker lortuko da.

Historiak erakutsi du emakumeen eskubideak langile klasearen borroka bateratuari esker lortu direla. Dibortziorako edo aborturako legea, esate baterako, hala lortu ziren. Beraz, matxismoaren eta emakumeen aurkako erasoen aurkako borrokak kapitalismoaren aurkako borrokarekin batera joan behar du. Horrela bakarrik lortuko dugu milioika pertsona zapalkuntza matxistatik askatzea.

Erasorik ez erantzunik gabe!

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.