Irailaren 25eko Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeek beste behin eman diote garaipena EAJri. Gainera, 2012koekin alderatuz emaitzak hobeak lortu ditu. Hasiera batean, datuek eskuineranzko mugimendu arin bat erakusten dute, EAJren eta PPren bozkak kontatzen badira; nahiz eta ikuspegi hori, berez, auzi nazionalak distortsionaturik dagoen. Bestalde hauteskundeek erakusten duten ondorio nabarmenetako bat PSE-PSOEren hondoratze elektorala da, 7 diputatu galdu baititu (16tik 9 izatera pasatzen da). EH Bildu bigarren indar gisa mantentzen da; nahiz eta 4 eserleku galtzen dituen, 21etik 17ra pasata. Elkarrekin Podemos, berriz, lehen aldiz aurkezten zelarik, 11 diputatu lortu ditu, inkestek emandako espektatiben azpitik eta, egia esan, ekainaren 26an EAEn lehen indarra izan zirela kontuan hartuz, motz samar geratzen da.
EAJk 397.664 botorekin, orain dela lau urte baino 12.898 gehiago, 27 diputatutik 29 izatera pasa da eta eskuineko nazionalismo euskaldunarekin identifikatzen diren geruza ertain zabalen bozka erabilgarria eskuratu du, baina baita sektore kontserbatzaileetakoa ere, inkestek zioten ezkerreko gehiengoa geldiarazteko mobilizatu baita. Oso esanguratsua dira Ciudadanosek porrot egin izana eta Gasteizko Parlamentutik kanpo geratu behar izatea eta PPk bozka potentzial hori ezin lortu izana, lehen UPDek egiten zuen bezala. PPko agintariek hauteskunde gauean bota zituzten hitzontzikeriek ezin dute ezkutatu 23.227 bozka galdu dituztela (107.357rekin geratzen dira) eta diputatu bat galdu dute (10etik 9ra pasatzen dira).
Eskuineranzko mugimendu partzial hau azaltzen duen faktore erabakigarriena, ekainaren 26an eta egun berean Galizian ikusi genuenaren antzera, EAJk lau urteotan egin dituen murrizketa eta austeritate politiken aurkako mobilizazio sozialaren gabezia argi eta agerikoa izan da. PSE-PSOEren zuzendaritzak Urkulluren gobernuaren egonkortasuna bermatzeko funtsezko itunak adosteak eta ezker abertzalearen zuzendaritzak lerro politiko estrategiko gisa, behin eta berriz, EAJrekin fronte nazional komun bat planteatzeak eskuin nazionalistari bakarrik egin dio mesede.
Gauzak horrela, dinamika hau abstentzioaren gorakadan islatu da, eta asko gainera: 2001etik hauteskunde autonomikoetan izandako handiena, %37,74ra irisi da. 640.000 bozka baino gehiago etxean geratu dira. Gertakari honek, bereziki, PSEri eragin dio, baina Elkarrekin Podemos ere kaltetu du, batez ere 10.000 biztanle baino gehiagoko hirigune industrialetan. Irunen abstentzioa %44koa izan da, Sestaon %43a, Barakaldon Santurtzin, Ermuan, Andoainen eta Errenterian abstentzioak batez bestekoa gainditu du; aldiz Laguardian (arabar Errioxako hiriburua, bertan PPk irabazten du) abstentzioan %31 izan da.
2012ko hauteskunde autonomikoekin erkatuz, EAJ eta PP 536.889 boto izatetik 526.383 izatera pasatu dira, 10.506 galdu dituzte. Aldiz, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSEren botoak 550.132tik 507.064ra jaitsi dira, hau da, abstentzioak 43.068 boto galdu dira.
PSOEk porrot egin du, EH Bildu mantendu egin da eta Elkarrekin Podemosek espero baino gutxiago lortu du
PSEk aurreko legegintzaldian EAJren Gobernua babestu du eta diskurtso atzerakoia erabili du euskararena bezalako oinarrizko gaietan; askotan PPren eta UPDren diskurtso berbera izan du. Beraz, berarekin ekarri du estatu mailan murrizketa sozialen arduradun izateagatik daukan karga: 212.809 boto zituen 2012an, oraingoan 126.139 lortu ditu; alegia, 86.670 boto eta 7 diputatu galdu ditu. 1980az geroztik lortu dituen emaitza txarrenak. Zifra agoniko hauek eragin nabarmena izan dute estatu mailan ere, eta PSOE barneko tentsioan antzeman da.
PSE-PSOEren krisiak eta eskuineko politikarekin duen fusioak lekua utzi diete Elkarrekin Podemosi eta EH Bilduri. Dena den, azpimarratu behar da kanpainan oso nabarmena izan dela Elkarrekin Podemoseko eta EH Bilduko agintariek EAJri fronte politikoa eskatzeko egindako aldarrikapenak. Ezker abertzalearen zuzendaritzaren kasuan, ez du aukerarik galdu eskuin nazionalistari “erabakitze eskubidea eta konkista sozialak defendatzeko murua” eraikitzeko eskua eskaintzeko. Elkarrekin Podemosen kanpainak Errejonen eragin handia izan du eta beren “transbertsalitate” eta “zentralitate” mezuekin eta “Jendearekin / Por Euskadi” lelo hutsarekin ere “euskal itun soziala” aldarrikatu dute, funtsean EH Bilduk eskaintzen zuenaren antzekoa, eduki aldetik behintzat. Noski, proposamen hauekin EAJk ez du oposiziorik izan azken lau urteetan, eta ez du oposiziorik izan hauteskunde kanpainan. Zergatik eraso egin EAJri, ezkerreko indarrek aliatutzat hartua bazuten?
Ezin dugu ahaztu Podemosek irabazi zituela abenduko eta ekaineko hauteskundeak EAEn, beraz, autonomikoetan emaitzak EH Bilduren parekoak izango zirela aurreikusten zen, baita galdeketetan ere. Egia da Elkarrekin Podemos Bizkaian indartsu mantendu dela, bigarren indarra izatea lortu baitu Bilbon, Barakaldon, Santurtzin eta Sestaon; baina baita Gasteizko langile auzo batzuetan ere, horietan EH Bilduren gainetik dago.
Galdeketen arabera, ezker abertzalearekin lehia izan behar zuen bigarren indarra izateko, baina Elkarrekin Podemosek Equo eta Ezker Anitzarekin batera lortu dituen emaitzek, 11 eserleku, ezker abertzalea lidergo sendoan jarri dute: hauteskunde orokorretan ekainean Podemosi utzitako 71.472 boto berreskuratu ditu.
Emaitza hauek azaltzeko orduan, oinarrizko faktorea izan da Arnaldo Otegiren inhabilitazio bidegabea. Hauteskundeak zirela-eta atera genuen adierazpenean esan genuen bezala, eskubide demokratikoen aurkako eraso amorratua ezker abertzalearentzat oztopo izan baino gehiago indarra eman dio. Podemosek, aldiz, izen handiko lehendakarigaia bilatu zuen, kasu honetan Pilar Zabala, hautagai independentea, Felipe Gonzalezen gobernuaren aginduak betez GALek erail eta kare bizian lurperatu zuen Joxi Zabalaren arreba. Ezker abertzaleak, Otegi aske geratu ondoren, eta Podemosek baino militantzia indartsuagoa eta aparatu sendoagoa duenez, hauteskunde orokorretan galdutako eremua berreskuratzeko borroka egin du; eta Arnaldo Otegi erabili du kapital politiko indartsu moduan. Hain zuzen ere, EH Bilduren zuzendaritza gogor saiatu da azken hilabeteetan kaleko mobilizazioa sustatzen; gainera, kanpaina honetan barne egituretara ere zabaldu da militantzia eta ingurunea astintzeko. Esfortzu honek, bestalde, zuzendaritzaren politika instituzional eta kartzeletako politikarekin oso kritiko diren militante sektore batek eragindako zatiketari ere erantzun nahi izan dio.
EH Bilduk Bilbon egin zuen kanpainako ekitaldi handiena, 6.000 lagun bildu zituen eta ezker abertzaleak erakutsi zuen Euskal Herriko gazteen erreferente izaten jarraitzen duela. Gainera, kanpainan diskurtso identitarioa izatetik desberdintasunen eta murrizketa sozialen aurkako borrokaren aldeko diskurtsora pasatu zen, eta Elkarrekin Podemosen programaren nortasuna islatzen zuena bere egin zuen.
Nahiz eta hauteskunde orokorretan galdutako boto batzuk berreskuratu dituen, EH Bilduk 53.669 boto galdu ditu 2012ko hauteskundeekin konparatuta: 277.923tik 224.254 jaitsi dira. Eskuratu dituen 18 eserlekuetatik 10 dira Sorturenak, 3 independenteenak, 3 Eusko Alkartasunarenak, 1 Alternatibarena eta beste bat Aralarrena.
Ezkerreko Fronte Bakarra altxatu behar da autodeterminazio eskubidearen alde eta murrizketen eta hersturen aurka!
Emaitza hauek ezker abertzaleko zuzendaritzari mahai gainean jarri dioten arazoa garbia da: EAJrekin aliantza estrategikoaren proposamenarekin jarraitzea edo politika honekin bukatu eta Urkulluk inposatutako murrizketa eta hersturen aurkako mobilizazio sozial tinkoaren bidea defendatzea eta borroka hau eskubide sozialen eta autodeterminazio eskubidearen eta Euskal Herri sozialistaren aldeko borrokarekin lotzea. Alegia, euskal burgesiarekin kolaboratzea edo kapitalismoa kolokan jarriko duen klaseko politika independente defendatzea.
Elkarrekin Podemosek EAJrekin inolako itunik egitea baztertu du eta oposiziora pasatu da; aldiz, EH Bilduk, eta zehazki Otegik, EAJrekin akordioak erdiestea proposatu du, izan koalizio gobernua, izan legegintzaldi ituna edo izan gobernuko sozio nagusi. Dena den, estrategia honek ez du lortuko autodeterminazioa gauzatzea, ezta euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara erakartzea edo hezkuntzako, osasuneko, zerbitzu sozialetako eta beste esparruetako murrizketak geldiaraztea eta ezta gazteen langabeziarekin bukatzea ere. EH Bilduko agintariek etorkizunerako eredutzat hartu dituzte Nafarroako Gobernuan edo Gasteizko Udalean EAJrekin lortutako akordioak. Ahaztu dute Gasteizen EH Bilduk atzera egin duela eta bigarren indar izatetik laugarren izatera pasatu dela, EAJren, PPren eta Podemosen atzetik. Egoera honetan, ez da harritzekoa Barakaldon, Portugaleten, Santurtzin edo Ermuan laugarren edo bosgarren posiziora jaitsi izana. EAJrekin akordioak lortzeko politika honek euskal burgesiari bakarrik egiten dio mesede eta ezker abertzalea ahuldu du.
EH Bildu borrokatzen duen ezkerraren erreferente eta eraldaketa sozialaren bultzatzaile izan dadin, zuzendaritzak benetan sozialista den programa jarraitu beharko luke. Bidea ez da euskal eskuinarekin aliantzak egitea; klaseko Fronte Bakarra osatzea baizik; ezkerreko erakunde politiko eta sozialekin elkartzea eta Euskal Herriaren eta langile klasearen eskubide sozial eta demokratikoak benetan defendatzea. Bestalde, Elkarrekin Podemosek ezin dezake datozen lau urteetan bere ekintza arlo instituzionalera mugatu. Azken urteetan izandako altxamendu sozialetik atera den indarra da eta kalea berreskuratu behar du, ezker abertzalearekin, autodeterminazio eskubidearen eta sozialismoaren aldeko borrokan.