Uztailaren 14an, sanferminetako azken egunean, Iruñeko Gaztelu plaza jendez bete zen Audientzia Nazionalaren aginduz bidegabeki preso hartu dituzten Altsasuko gazteei elkartasuna erakusteko, beren aurkako 50 urte baino gehiagoko kartzela zigorra eskatu baitu fiskaltzak. Mobilizazio indartsu horrek eta azken hilabeteetan Euskal Herrian izan diren beste hainbat mobilizaziok agerian utzi dute estatu aparatu espainiarraren, PPren gobernuaren eta Audientzia Nazionalaren hipokresia; inpunitate osoz hartzen dituzte ustelkeria kasuak, abusu polizialak eta talde faxistak, baina errepresioa eta kartzela erabiltzen dituzte mobilizazioak kriminalizatu eta isilarazteko eta sistemaren aurka borrokatzen dugunoi beldurra emateko.
Pasa den uztailaren 4an Audientzia Nazionaleko fiskaltzak 50 urteko zigorra eskatu zuen Altsasuko zortzi gazteetatik seirentzat, “lesio terrorista” delitua inputatuta. Gazteok, ustez, bi guardia zibilen aurkako eraso batean parte hartu zuten Altsasuko festetan, 2016k urriaren 15ean. Beste akusatuetako batentzat, Oihan Arnanzentzat, 62 urte eta erdiko eskaera egin du fiskaltzak “mehatxu terrorista” leporatuta. Aldiz, Ainara Urkijorentzat 12 urte eta erdiko eskaera egin du “izaera terrorista duten mehatxuengatik”. Gainera, biktima bakoitzari ordaindu beharreko 41.000 euroko kalte-ordaina eskatu diete.
Taberna bateko istilua terrorismotzat hartu dute. Hiru gazte bederatzi hilabetez egon dira zaintza bereziko erregimenean, terroristei aplikatzen zaien zigor handienean, Madrilgo Soto del Realeko espetxean. Senitartekoek 90.000 km egin dituzte eta 37.000 euro gastatu dituzte legez kalean egon beharko luketen kideak ikusteko.
Gobernuaren, estatuaren eta justiziaren autoritarismoa
Beste behin, eskuindar telekomunikabideek gogor ekin duten, hasieratik bertatik, kanpaina mediatiko distortsionatu batekin, gertakariak distortsionatuz. PPk, COVITE terrorismoaren biktimen elkarteak eta Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak tinko jarraitu diote bide horri. Fiskaltzaren akusazioa 1976tik abiatzen da gertakariak azaltzeko eta, uneoro, ETA protagonistatzat hartuta, nahiz eta ezin duten erakutsi akusatuak ETAko kideak direla eta erakundeak behin betiko su-etena duela bost urte iragarri zuen eta apirilean armak utzi zituen. Altsasuko gazteen gurasoek esan duten bezala, “beldurra ematen du horrenbesteko desproportzioak”. Agerian geratzen da erreakzioaren indarrei mehatxu terrorista aitzakiatzat hartzea interesatzen zaiela, gure oinarrizko eskubide demokratikoak zapaltzeko.
Altsasuko kasu berri honek erakusten du frankistez josia dagoen justiziaren ustezko independentziaren eta inpartzialitatearen fartsa. Gainera, terrorismoaren aitzakiaz maiz baliatu dira Euskal Herriko gazteen aurka egiteko. ETAren ekintza armatua bukatuta ere, “terrorismoaren” aurkako borroka mantentzea obsesio bilakatu da PPren gobernuarentzat eta aparatu polizial eta judizialarentzat. Eta obsesio horrek bere bidea bilatu du gogor erreprimituz, eta protesta edo manifestazioetan parte hartzen duen edonori isun basatiak jarrita, eta egoera hori salatzen duten edo frankismoaren biktimen aldeko borroka bere egin duten gazteak, jornaleroak, raperoak eta twiterlariak atxilotuta. Orain, Euskal Herriko taberna batean izandako istilu baten aurrean egin duten muntaia besteak bezain higuingarria da. Azken finean, dena da ETA, nahiz eta ETA ez existitzen.
Barne ministerioaren datuen arabera, Mozal Legea indarrean sartu eta lehen zazpi hilabeteetan “terrorismoari gorazarre” egiteagatik izandako epaiketak bost bider gehitu dira. Bai Euskal Herrian bai estatuan, asko dira PPren gobernuaren muntaia polizial eta judizialak: Alfonen kasua, Bódalorena, titiriteroena, Casandra gaztearena Carrero Blancori buruzko txisteak kontatzeagatik twitterren, etab. Euskal Herrian, Errenteriako hiru gaztek preso jarraitzen dute, martxoaren 11z geroztik, Iruñeko manifestazio batean eta Epaitegi Gorenak terrorismotzat hartu dituen ekintzetan parte hartzeagatik. Bestalde, 2015ko Tolosako inauterietako muntaia polizial batean oinarriturik, hiru gazteri lau eta bost urte eta erdi bitarteko kartzela zigorra eta 38.000 euroko isuna jarri nahi diete eta beste biri hiru urte eta bi hilabete eta erdiko kartzela zigorra Tolosako Gaztetxearen aldeko eserialdi batean parte hartzeagatik.
Ezker Iraultzaileak gogor salatzen du Altsasuko muntaia eta borroka soziala eta gazteen borroka kriminalizatzeko erabiltzen diren muntaia guztiak. Gure elkartasuna adierazten diegu Altsasuko gazteei eta beren senitartekoei. Halaber, gazteak berehala aska ditzaten eskatzen dugu eta terrorismo karguak ken diezazkietela. Gainera, Mozal Legea indargabetzeko eta Zigor kodean sartutako neurri errepresiboak kentzeko eskatzen dugu. Erantzun tinko eta masiboa sustatu behar da gobernuaren eta estatuaren deriba autoritario honen aurka, eta errepresioaren aurkako mobilizazioa eskubide demokratikoen, sozialen eta lan eskubideen aldeko borrokarekin uztatu behar da.